Kolonbiako Gobernua ez da Habanako bake akordioa betetzen ari

  • FARC-EP gerrillako buruek, Bogotan egindako prentsaurrekoan, salatu dute Kolonbiako Gobernua ez dela betetzen ari Habanako bake akordioetan adostutakoa. Ez ditu eraiki desmobilizaziorako eta armagabetzeko beharrezko azpiegiturak, eta horrek prozesua atzeratzea eragin du. Gainera, FARC-EPren erretiratzearekin paramilitarren ofentsiba gogortzen ari da, eta gobernuak ezikusiarena egiten du horren aurrean.


2017ko martxoaren 07an - 10:29
Icononzoko kontzentrazio gunean gerrillariak azpiegiturak eraikitzen. (Arg.: Colombia Informa)

Adostutako akordioaren barnean, FARC-EPren gerrillariak kontzentratzeko 26 gune —Zona Veredal Transitoria de Normalización— zehaztu zituzten gerrillak eta gobernuak Habanan. Gobernuak zuen gune horiek bizileku egoki bilakatzeko ardura. Duela hilabete eta erdi bildu ziren gerrillariak gune horietan, eta ordurako prest behar zuten guneek; salatu dute %20 soilik dagoela eraikita. Azpiegituren faltan, gerrillariek eskura dauzkaten materialekin eraiki dituzte kanpamentuak.

Gizarte zibilera itzultzeko guneak

Contagio Radio-k jaso duen adierazpenetan, FARC-EPren delegazioak esan zuen ez dela egia guneak armak uzteko leku hutsak direla, baizik eta gerrillariak gizarte zibilera itzultzeko prozesua egingo dutela bertan. Horretarako azpiegitura egokiak beharrezkoak direla azpimarratu dute.

Guneetako zerbitzu publikoen %23 dago bakarrik ezarrita, jaso beharreko arropa eta  oinetakoen %20 iritsi zaie, janarien gastuetan irregulartasunak atzeman dituzte, eta amnistiatutako presoak jasotzeko eraiki beharreko guneetako bakarra hasi dira eraikitzen.

 

Urdinez adierazten da gobernuak bidaltzen ez duen portzentaia.

Hain zuzen, Popayango kartzelako 97 gerrillari presok gose greba hasi dute gobernuaren arduragabetasuna salatzeko. Hainbat baldintza ezarri dituzte greba uzteko: adostutako amnistia legea bete dezala, guneak ahal bezain laster eraikitzea, eta kartzeletako osasun baldintzak hobetzea.

Kartzelatik kanpo ere ezinegona zabaldu da akordioen betetze ezagatik. Kronograma aurrera doa, eta martxoaren 1ean hastekoa zen gerrillarien armagabetzeko lehenengo fasea. Haatik, Tumacon dagoen guneko komandante gerrillari Jairo Salcedok ¡Pacifista! medioari esan dio ez dagoela bizitzeko baldintzarik, are gutxiago armak uzteko. Armak biltzeko edukiontziak ez dira oraindik iritsi gunera. Komandantearen esanetan gunea prest egon arte ez da armagabetzerik egongo, eta kronograma berrikusi beharko dute. ¡Pacifista!-k esan du beste hainbat gunetan antzeko egoera dutela, eta horietan ere ez direla hasiko armagabetze prozesuarekin.

Paramilitarren ofentsiba

Gai teknikoetatik harago baina, arazo handiagoak eragin ditu gobernuaren utzikeriak. FARC-EP antzina kontrolatzen zituen eremu zabalak uzten ari da, eta eremu horietan indar paramilitarrak sartzen ari dira. Horrela, paramilitarismoaren berrindartzen ari da herrialde osoan. Azken hilabetean jazotako bi gertaeratan soilik —ez baitira bakarrak—, gutxienez 1.200 familia lekualdarazi ditu ofentsiba paramilitarrak.

Chocón, herrialdearen mendebaldean, Kolonbiako Autodefentsa Gaitanisten besokoa zeramaten 200 uniformedunek Peña Azuleko herritarrei tiro egin zieten, eta 700 pertsonak ihes egin zuten. Catatumbon berriz, paramilitarren mehatxuengatik ehun familia igaro dira Venezuelara, eta beste 600 FARC-EPren kontzentrazio gune batera inguratu dira.

Colombia Informa-ren arabera, Catatumborekiko Elkartasunerako Batzordeko kideek salatu dute Ejertzitoak hainbat traba jarri dizkiola FARC-EPren desmobilizazio prozesuari han, eta herritarrak paramilitarrengandik babestu beharrean, jarrera oldarkorra eduki dutela haiekin.

Icononzoko kontzentrazio guneko irudiak (Arg.: Colombia Informa):

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kolonbiako bake prozesua
2023-01-04 | Leire Artola Arin
ELNk ukatu du Kolonbiako Gobernuarekin aldebiko su-etena adostu zuenik

ELNk azaldu du aldebakarrekoa dela Kolonbiako presidenteak urtarrilaren 1ean iragarri duen aldebiko su-etena. "Ez da horrelako akordiorik eztabaidatu gobernuarekin", baieztatu dute. Gustavo Petrok atzera bota du su-eten ituna, eta gerrillari taldeari eskatu dio... [+]


2023-01-02 | Leire Artola Arin
Su-etena adostu dute Gustavo Petrok eta bost talde armatuk ekainaren 30era arte

Kolonbiako presidentetza hartu zuenetik “erabateko bakea” izan du helburu Petrok, eta 2023 urtea su-etena sinatuta hasi dute herrialdean: ELNrekin, FARCeko disidentziekin, eta zenbait talde paramilitarrekin hitzartu dute. Ekaina amaitu arte egongo da indarrean,... [+]


2022-09-19 | ARGIA
“Erabateko bakerako” elkarrizketak hasi dituzte Kolonbiako Gobernuak eta FARCeko disidentziek

Lehen bilera egin dute ordezkariek Caqueta departamenduan, NBEko eta Norvegiako begiraleekin. “Erabateko bakerako” elkarrizketen bidea ireki dute asteburuan, eta azpimarratu dute beharrezkoa izango dela bi aldeek su-etena errespetatzea bitartean.


2022-05-29 | Xuban Zubiria
Alberto Pinzón eta Alexander Ugalde
"Tamalez, askotan errazagoa da gerra egitea"

Kolonbiak pasa den urtean bizitako eztanda sozialaren erdian argitaratu zuen Alberdaniarekin Freytter elkarteak Confieso que he cumplido con la amistad (Aitortzen dut, laguntasunarekin bete dut). Alberto Pinzón mediku eta militante historikoaren ibilbidea laburbiltzen... [+]


2021-05-19 | ARGIA
Jesus Santrich FARCeko buruzagi ohia hil dute Kolonbian

Venezuelako mugan Kolonbiako Armadak egindako segada batean hil dutela adierazi du FARC-Segunda Marquetalia izeneko taldeak, FARC-EPk bultzatzen duen bake prozesutik aldendu eta gerrila borrokara itzuli den talde armatuak.


Eguneraketa berriak daude