Espainiako Gobernuak "aurreko egoera bortitza mantendu" nahi duela salatu du Sarek

Sare Herritarrak ere oharra kaleratu du: "Urteetako sufrimenduarekin amaitzeko une historiko baten aurrean gauden honetan, aurreko egoera bortitza mantendu eta hain beharrezkoa dugun elkarbizitza egoera zapuzteko ekintza gisa baino ezin ulertu genezake Apeztegiaren espetxeratzea. Espainiarko Gobernu berriari aurrekoak hasitako mendekuan oinarritutako politikarekin ez jarraitzeko eskatu diogu behin eta berriro, jendartearen gehiengoaren behar eta nahiei erantzuteko ordua dela eta giza eskubideen errespetuan, bakearen eta elkarbizitzaren alde zein konponbide bidean aurrera urratsak emateko balentriaz jokatzeko garaia dela azpimarratuz".

Apeztegiak aurkako inolako sententziarik ez duela eta espetxeratzeko akusazioa baliatu izana salatu du Sarek. Babesa adierazi die senide eta lagunei, eta Orain Presoak dinamikak larunbatean Donostian deitu duten manifestazioan parte hartzera deitu ditu herritarrak,"espetxe politika aldatu eta halako gertakariekin amaitzea ezinbestekoa baita elkarbizitza eta bakearen oinarriak eraikitzeko".