Karikaturen seriotasuna


2023ko maiatzaren 02an - 10:53
'Der Spiegel'-ek plazaratu eta ostean ezabatutako bineta, non ageri den India irudikatzen duen trena Txina aurreratzen. / Twitter

Kontu serioak –eta populazioarena ez da ganora gutxikoa, alajaina– txantxetan hartzeak, emaitza mingotsak erakar ditzake. Edo, behintzat, lotsagorrituta amai dezake norbaitek. Halako zerbait gertatu zaio arestian –eta ez da lehen aldia– Der Spiegel astekari ustetsuari karikatura baten kontura... hertsiki albiste ere ez litzatekeen zerbaiten inguruan.

Aspalditik jakina baino jakinagoa baita berandu gabe Indiako populazioaren zenbatekoak gainditu egingo duela Txinakoa, 1.400 milioi ingurukoa oraintxe bertan. Eta, bide batez, munduko herrialde populatuena izatearen “garaikurra” beretuko duela. Hala diote eredu matematiko guztiek, agerikoak diren joerak interpretatuz.

Aurreikuspena ziurrago egiaztatzeko, ordea, itxaron egin beharko da. Txinako azken errolda 2020ko azarokoa da eta hango biztanleria-datuak, urteroko zenbatespenarekin, doi samarrak direla esan dezakegu. Baina Indiako datuak ere ziurtasun bertsukoak izan daitezen, 2021ean egin behar zen zentsua, pandemiagatik atzeratua, oker berririk ezean, aurtengo urrian egin eta emaitzak taularatu arte itxaron beharko da. Gutxi gora behera hemendik urtebetera izango ditugun emaitza horiek aurreikuspena berretsiko dutela ez dago zalantzarik, edonola ere.

Agian ziurtasun horregatik, eta “albistea” bere garaian iraungita etor ez dadin edo, hala moduzko proiekzio baten gainean eraikitako kalkulu bat argitaratu da munduko hedabide gehienetan, entzutetsuenak buru direla: sorpassoa oraintxe arituko omen litzateke gertatzen. Esan gabe doa seriotasun eta baliagarritasun desberdineko hausnarketak eta iragarpenak egiteko aprobetxatu dela abagunea, han eta hemen; merezi dute irakurtzea batzuek. Eta, ia salbuespenik gabe, Indiako zenbait lekutan lortzen zailak izan behar ez duten jendetza-argazkiekin “jantzi” dute berria, noski.

Bada “originaltasun” apur baten bila edo, Der Spiegelek, gainerakoan okerrena ez litzatekeen erreportajea janzteko, topiko traketsenari heltzen zion bineta bat argitaratu zuen harekin batera: jendez gainezka doan trentxo indiarra eta, alboan, abiadura handiko itxura duen tren txinatarra.

Ez da aparteko imajinazioa behar pasadizoak Indian izan duen harrera sumatzeko. Erresumin politiko nabaria sutu du jada munduko herrialde populatuena omen denaren eliteetan behintzat. Txinan ere ez du txalorik jaso, noski. Astekariak, jakina, erretiratu egin du karikatura, baina kaltea eginda geratu da.

Ez da txantxa. Inork ez du, oraingoan, adierazpen-askatasuna aipatu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: India
Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Indiako nekazariek hiribururako martxari eutsi diote

Indiako Poliziak bonba negar-eragileak jaurti dizkiete New Delhira bidean diren milaka nekazariei, gobernuak egin dien eskaintzari uko egin ondoren.


Eguneraketa berriak daude