Iragan astean sexu erasoak salatu dituzte Bilbon. Tartean asaldura handia eragin duen Etxeberria parkeko talde bortxaketa. Bilbo Feminista Saretzen-en hainbat mugimendu feminista, kolektibo eta sindikatu elkartzen dira, Oiane Menika Lauzirika sareko kidea da. Berarekin mintzatu gara prebentzioaren eta heziketaren garrantziaz, fokua zigorrean eta biktiman jartzearen arriskuez, eta beste.
Diskurtso ezberdinak azaleratu dira Bilbon azken astean, bereziki talde bortxaketaren harira. Batzuek espetxea eta zigor gogorrak aldarrikatu dituzte. Zuek prebentzioan eta heziketan kokatu duzue lehentasuna.
Argi dugu erantzuna ez dela punitibismoa. Heziketarik gabe ez dugu errealitatea aldatuko. Garrantzitsua da legeak betearaztea, baina ez diogu inori errugabetasun presuntzioa ukatuko. Garrantzizkoena ez da erasotzaile guztiak espetxera sartzea eta ahalik eta zigorrik handiena jartzea. Heziketarik gabe ez dugu errealitatea aldatuko. Heziketa, txikitatik eta espazio orotan.
Justiziari buruzko jardunaldi feminista batzuk egin ziren behin, eta hor agerian geratu zen justizia birpentsatu beharra dugula. Horretan gaude mugimendu feministan. Heziketa eta prebentzioa: baina gizonengan zentratua, ez emakumeengan.
Heziketaren helburu nagusia maskulinitate eredu hegemonikoak eraldatzean kokatu duzue.
Gaur egungo maskulinitate ereduek gizonei ere ez diete onik egiten. Oso eredu gogorrak, finkoak izan ditugu, eta hori aldatu beharra dugu. Gure gainetik daudela ez pentsatzeko. Maskulinitate berriak eraikitzea eta horiek txikitatik indarrez lantzea ezinbestekoa da.
“Bortxaketaren kultura” amaitu behar dela zenioten iragan astean argitaratutako komunikatuan.
Pelikuletan, telebistan edo pornografian, esaterako, emakumearen gorputzari askotan ematen zaion erabilera edo sexualitatea lantzeko moduak gauza jakin batzuk normalizatzen dituzte. Sexu harreman batean emakumea mintzea, adibidez. Plazera beti gizonaren inguruan eraikitzen da, hori ere aldatu behar da.
Talde bortxaketaren harira, berriz ere “basapiztiak” bezalako hitzak entzun ditugu askoren ahotan. Zuek, aldiz, ezaugarri humanoak kendu ordez, bortxatzaileak “patriarkatuaren seme osasuntsuak” direla diozue.
Basapiztia bezalako terminoak erabiltzean egin dutenaren gaineko erantzukizuna kentzen diegu erasotzaileei. Baina hor erabakiak daude. Gizon batek emakume bat bortxatzea erabakitzen du, bakarka edo taldean. Manada bezalako terminoek erantzukizun pertsonala ezabatzen dute. Garatu den gizonen arteko anaitasunak egiten du elkarrekin daudenean harroago agertzea, gorago jartzea. Manada batek bere kideak zaintzen ditu ordea, zentzu horretan ere terminoa ez dago ondo erabilia.
Komunikabideak kritikatu dituzue erasoez egin duten trataeragatik.
Fokua ez da jartzen behar den tokian. Erasoen inguruko agerraldi bat egiten badugu, askotan lehendabiziko galdera da: Zer iritzi duzue migrazioaren inguruan? Guretzako migrazioak ez dira berez arazo. Eta ez dugu uste fokua hor jarri behar denik. Fokua ez da gizon batzuen jatorrian jarri behar. Gizonak dira erasoak eta bortxaketak egiten dituztenak. Fokua izan behar du beste bortxaketa bat izan dela, hilean hiru edo lau gehiago izan direla Euskal Herrian, urtean emakumeak hil eta bortxatu egiten gaituztela, kaletik ere erasoak izaten ditugula, eraso hauek egunero gertatzen direla. Fokua emakumeen zaintzan jarri behar da, eta, batez ere, gizon bortxatzaileengan.
Ertzaintzak eta zenbait udaltzaingok erasoak ekiditeko gomendioak zabaldu dituzte, arreta emakumeen portaeran jarriz.
Gure segurtasunerako esaten digute onena dela etxean geratzea, gauez ez ibiltzea edo bakarrik ez ibiltzea... berriz ere bortxaketaren errua gure gainean jartzen da. Mezu matxista da, patriarkatuaren diskurtsoa. Begirada aldatzen ez badugu, prebentzioaren izenean gure eskubideak eta askatasunak izango dira beti murriztutakoak.
Jaien testuinguruan eraso asko ari da gertatzen, eta Bilboko Aste Nagusia gertu da. Zein da emakumeei bidaltzen diezuen mezua?
Betikoak. Gaua, kaleak eta jaiak gureak dira. Hor egongo gara, ez dugu beldurrik izango. Beharrezkoa denean Bilbon ere protokoloa jarriko da martxan, konpartsetatik eta kolektibo feministetatik. Ez dugu bakar bat ere pasatzen utziko. Jaiak libre eta alai gozatzeko borrokatzen jarraituko dugu.
Eta gizonentzat mezurik baduzue?
Baditugu mezu batzuk, eta txosnetatik zenbait gizonek ere zabalduko dituzte. Batez ere, “ez bortxatu”, “ez egin eraso”, “utzi jendea lasai”. Eta, “errespetatu”, hori da gizonei bidali behar zaien mezu garrantzitsuena.
Ostiralean udaletxeak C. Tangana rap kantariaren Aste Nagusiko kontzertua bertan behera utzi zuen. Eztabaida piztu da: adierazpen askatasunaren mugak, debekatzeak eraldaketa laguntzen duten edo ez... zer iritzi duzue?
Herritarrek sustatu duten ekimena izan da. Bilbok badu horrelako gauzen aurrean “zero tolerantzia” jarrera bat. Guk uste dugu diru publikoarekin ezin direla erasoen aurkako politikak bultzatu, eta aldi berean horrelako mezu matxista eta misoginoak dakartzan norbaiti espazioa eman. Ez da zentsura kontua, pertsona hori beste edozein tokitan kontratatzen badute diru pribatuarekin guk ez dugu arazorik. Baina diru publikoarekin ez.
Zentzu horretan ondo ikusten dugu kontzertua bertan behera geratzea, batez ere herritik irten den ekimena izan delako. Bilbok hitz egin du eta hori izan da bere nahia. Lortu dugu.
Uda honetan sexu eraso eta bortxaketa kopuru handia gertatzen ari da berriz ere, jaietan eta bestelako egoeratan. Gehiago salatzen dute emakumeek orain ala eraso kopuruak gora egin du?
Ez dugu uste bortxaketa eta eraso gehiago dagoenik, baizik eta emakumeok gero eta beldur gutxiago dugula salaketa bat jartzeko. Sare bat sortzen ari gara, eta emakumeek badakite eraso bat salatzen badute bera babestuko duten emakumeak eta kolektiboak daudela. Horrek segurtasun handia ematen du, salatzea bera gogorra izaten jarraitzen badu ere. Halere, egiteko asko dugu oraindik. Fokua biktiman jartzen da beti, “zerbait egingo zuen”, edo “nondik zebilen?” bezalakoak entzuten ditugu oraindik ere.
Feminismoa eta emakumeak oro har indartsuago zaudetela diozu. Gizonen artean jarrera matxista gordinek ere indarra dute. Aurretik zeuden jarrerak dira? Feminismoa indartzearekin batera sortzen diren erreakzioak?
Beti gertatu da hori. Feminismoak indarra hartu duenean patriarkatuaren erantzuna etorri da. Bada alderdi politiko bat berdintasun politikak gutxiagotzen dituena. Erakundeetan hori baldin badago, normala da kalean ere horrelakoak agertzea. Gizon horiek pribilegioak galtzearen beldur dira. Espero genuen. Baina indartsu gaude, badakigu zein den gure bidea, badakigu nondik jo behar dugun eta prest gaude.
2011tik 2021era bitarte egin zituen erasoak, klaseak eman bitartean. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak sexu abusuen delitu bakoitzeko lau urte eta hilabete bat eta hamabi urte bitarteko kartzela zigorra ezarri dio. Horrez gain, 40 urteko gizonak adin txikiko bakoitzari 3.000 eta... [+]
Getxoko 3. Instrukzio Epaitegiak atxilotze-agindua eman du 2023ko urrian Algortan jazotako talde sexu-eraso batean ustez parte hartu zuen egileetako baten aurka. Kasua sexu-eraso larri gisa sailkatu du magistratuak eta poliziari eskatu dio, gaztea aurkitzen dutenean, epaitegira... [+]
Urte luzeak daramatza Laura Macayak indarkeria jasan duten emakumeei lagun egiten, arlo instituzionalean, militantzian, bai eta beste justizia-eredu batzuetatik abiatuta ere. Horri guztiari buruzko liburu bat kaleratu berri du: Gatazka eta abusua ez dira gauza bera (Katakrak,... [+]
Gutxienez hamahiru sexu eraso salatu dituzte hainbat emakumek, horietatik bi "intentsitate handikoak", eta besteak "arinagoak". Mugimendu Feministak gogorarazi du salatutakoez gain "sexu eraso gehiago" egon daitezkeela, eta lanean jarraituko duela... [+]
Mugimendu Feministak deituta, ehunka herritar, ordezkari politiko eta jaietako talde bildu dira uztailaren 13an Iruñeko Gaztelu Plazan. Intentsitate handiko eraso baten eta intentsitate txikiko beste hainbat erasoren testuinguruan egin dute elkarretaratzea. Eraso sexistarik... [+]
Uztailaren 5ean egin zituen sexu erasoak Iruñeko barraka gune batean. Leporatutako delituen larritasuna dela eta epaileak fidantza ordaintzeko aukera kendu dio.
2024aren bukaeratik behartu du gaztea berekin sexu-harremanak izatera, diru truke.
Mauleko Chaumes gasnategian langile eta CGTko sindikatu ordezkaria izandako gizon baten kontrako lau salaketa dira pausaturik, eta Larraine gaineko Iratiko Txaletetan lankide ukandako bosgarren emakume batek ere gehitu du berea. Uztailaren 3an iraganen da auzia Pauen. Erasoa... [+]
Betharram ikastetxearekin lotutako sexu eta bortizkeria kasuak ikertzeko asmoz, Batzorde Ikerketa Independenteko kideek lekukotasunen bilketa abiatu dute
Zizur Nagusiko institutu batean 41 pertsona grabatu zituen eta haietako 30 bere ikasleak ziren. Argazki batzuk sare sozialak erabilita lortzen zituen eta adimen artifizialarekin aldaketak egiten zituen.
San Roman auzoko jaietan bost neska adingaberi ukituak egiteagatik 18 urteko mutil bat atxilotu zuen Ertzaintzak Muxikan (Bizkaia). Udalak eta herriko Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu dute asteartean 20:30erako.
Akusazioa onartu, eta eragindako kalteengatik, kalte ordainak ordaindu dizkio: zigorra jaitsi diote, eta, beraz, ez du kartzelara sartu beharko. Beste gizon batek aitortu du bost urtez bikotekideari sexu abusuak egin zizkiola: zigorra jaitsi diote hamahiru urtetik laura, eta... [+]
Erasoa Loinatz jaietako azken egunean gertatu zen. Goierriko Itaiak elkarretaratze bat antolatu zuen gertakaria salatzeko.
Hiru gizonetatik bi adin txikikoak dira eta epaitegian deklaratu dute. Hirugarrenaren bila ari dira.
Bizkaiko Lurralde Auzitegiak hamahiru urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri ostean, zigorra berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak. Lópezek helegitea aurkeztu zuen sententziaren aurka, haren errugabetasun presuntzioa eta defentsarako eskubidea urratu zirela... [+]