ETA

Julen Madariagak ARGIAri 1991n: "Independentziarako prozesua gero eta fiteago doa"

  • (1991ko urriaren 20an ARGIAk plazaratutako elkarrizketa berrargitaratzen dugu, Julen Madariagaren heriotzaren kariaz) Abuztuaren 14an azkenekoz espetxeko atea zabaldu ziotenetik, 59 urte bete dituen Julen Madariagari tarte berria zabaldu zaio.ETAren sortzaileetako bat izanik hurbiletik segitu izan ditu azken hamarkadatako gertakizunak, Francoren kontrako garai latzak, transizio politikoa eta independentziaren aldeko uholde zahar eta berriak. Iparraldean 30 urte eman ondoren Bilbon finkatuko omen du etxea.

Argazkia: Leire Arzuaga.

2021eko apirilaren 06an - 09:50

1961ra arte Bilbon bizi zinen, eta orain berriro ere zure hirira itzuli zara hogeitahamar urte beranduago. Zer nolako aldaketak igertzen dituzu ordudanik?

Hori ez da horrela. Ni espetxeratua izan aurretik nire lana zela eta, fabrika Amurrion genuen eta, maiz etortzen nintzen, eta pasatzerakoan ama eta anaiarrebak ikustera etortzen nintzen, baina egun bat, bi edo asteburu bat ematera. Egia da, bestalde, ez naizela Bilbon bizi izan azken hogeitahamar urteetan.

Aldaketa batzu guztiz hunkigarriak izan dira niretzako, joan den egunean egon nintzen Etxebarria parkean, eta hori guztiz berria zen niretzako, hori eta Begoñako auzoa. Bi orduz ibili nintzen ezagutzeko, udaletxeko plazatxotik atera eta Etxebarrieta anaien plazatik itzuli. Euskara dela eta jarrera desberdinak ikusi ditut, Bakion egon nintzen eta hor denak erderaz ikusi ditut, Bermeon berriz jente guztiak euskaraz egiten du, Bilbon ere ikusi dut haur talde bat euskaraz egiten Albiako Enparantzan.

Gartzela, alde egin behar izana, herbesteratzea eta berriro kartzela ezagutu dituzu azken urteotan. .Nolakoa da espetxeen egoera egun?

1972an ezagutu nuen lehen aldikoz Fresnes. Baionako katedralean gose greban geundela txakurrak sartu ziren ke granada eta horrelakoak botaz. Han geunden Marc Legasse, Txillardegi, Telesforo ere bai... hogeitahamar bat. Txakurrak Madariaga ateraz gero momentuz besteak baketan utziko zituztela esan zuten eta jendea itota ikusirik, ateak zabaldu eta atera egin nintzen. Baionako espetxera eraman ninduten eta han jarraitu nuen gose greba. Egun batzu pasata sendagileak izutu egin ziren eta Fresneseko hospitalera eraman ninduten. Han egon nintzen greba bukatu arte, besteak baino bi egun gehiago, Maurice Abeberri nire legegizona etorri arte. Zazpi egun edo sendatzeko egon ondoren berriro espetxera, orain egon naizen Fresnesko espetxera hain zuzen. Otsailako egun batez Txilera bidali ninduten, ofizialki txiletarra nintzelako garai hartan.

Orain egon naiz berriro ere, eta Fresnes da Frantzia inperioko espetxerik txarrena edo bederen txarrenetariko bat. Euren helburua hor gizasemea zapaltzea. Han oso txarra da dena. Batez ere tratua. Patioa zortzi bider bost metrotakoa zen. Janaria oso txarra. Baina guzti hori jasangarria da, txarrena tratua zen.

Espetxeetako beste gauza izugarri bat isolamendua da. Sei hilabetez egon nintzen ni isolatua 1969an, eta badakit zer den hori. Baina Jon Parot orain egon den bezala -hamalau hilabetez isolatua alegia- egotea izugarria da. Zergatik atera zuten isolamendutik? Gure herriak behin eta berriz burrukatu zuelako horren alde, Iparralde eta Hegoaldeak batera. Oso polita izan zen. Zergatik atera Fresnesetik ekainaren 7an eta eraman gintuzten Bois d'Arcyra elkarrekin? Ez dakit. Isolamendutik atera eta lehenengo hiru egunetan Jon hitz egiten egon zen gelditu gabe, eta nik dena entzuten nion. Hori egitea beharrezkoa zela konturatu nintzen. Fresnesko espetxean gela zikin batetan sartu zuten Jon, mamarroz beterik. Labezomorroak, armiarmak, arratoiak... ahal zuen bezala bere txokoa garbitu eta bere burua psikologikoki defendatu zuen. Igaro bideetan zehar beti bakarrik, gelan hogeitabi ordu t'erdi bakarrik, patioan bakarrik... Beti horrela.

Gala aldatuz, intendentziaren gaia jorratuko dugu. Abertzaleon aspaldiko nahia izan da independentzia, nola ikusten duzu zuk egungo unea eta alderdi eta erakunde armatuak egin dituzten magimenduak?

Betidanik kontsideratu izan dut nik independentziaz hitz egitea -eta burrukatzea- arras oportunoa dela. Berlingo horma famatu hura erori zenetik denbora aldetik muga bat markatu da. Orduz geroztik prozesua azeleratuz doa, gero eta fiteago. Ekialdean gertatzen dena, Baltikoko herrietan baina baita ere Moldabia, Georgia eta Armenian; eta, hurbilago, Kroazia eta Eslobenian ere, hor dago. Kroazia eta Eslobeniak gerra erdi erdian independentzia aldarrikatzea gauza ederra da!

Une historiko hau oso oportunoa da guretzat, eta EAJko jendeak nola ez duen horrela ikusten da gehien harritzen nauena. EAkoek apur bat gehiago ikusten dute, baina hor dugu EAren oinarriko jende asko, alderdi buruekin ados ez dagoena eta zorionez gure jendearekin batera independentzia aldarrikatzen ari dena.

EAJk zergatik ez duen ikusten? Catalunyan EAJkoaren antzeko jentea egon arren, ikuspuntu berdintsua duen Pujol bezalako batek, anbiguo izan arren, hortan askoz argiago jokatzen du EAJkoak baino. EAJk ez dauzka jokaldi guztiak eskuan HB eta ETAri dagokienez. Sarritan entzun diogu Arzallusi Albania bat nahi dugula, goitik behera marxista-leninistak garela, estalinistak baino txarragoak. Batek baino gehiagok esan dit hori bluff bat baino ez dela Arzallusen aldetik, Arzallusek berak ez omen duelako sekula holakorik sinestu. Ondo daki ezker abertzalean badagoela marxista asko, baina hortik esatera estalinistak garela, ez dugula demokrazia onartzen, Europakoa ez dugula onartzen... hori guztiz bestelakoa da.

Catalunyan ez da HB edo ETA bezalako fenomenorik, beraz Colam edo Pujol bat ez dira beldur. EAJk esan ahal dioke bere buruari: hemen negoziaketa batetan sartzen bagara, eta aurrea hartzen badute hauek, gorriek, non geratuko gara gu, Euskal Herriko erdia, eskuin-zentroa eta eskuina alegia?

Seguru nago Madrilgo gobernuarekin negoziatuko dugula, eta apur bat berantago -Iparraldeko gure anaiekin- Parisekoarekin. Seguru nago alde horretatik Paris horren zai dagoela. Parisek negoziaketa hori lehen bait lehen izatea nahiko luke. Hortaz datu bat baino gehiago badut nik Fresnesen hartuta, eta baita Parisekoek negoziaketarako Madrilgo gobernua ETAren gain garaipen polizialik ukanen dutela uste izatea alferrik dela erranez zirikatzen dutela.

Nire ustez Madril eta Parisekin negoziatu baino lehen Euskal Herriko beste abertzaleekin ere negoziaketa bat egin behar dugu, plataforma minimo batetaz adostasuna lortzeko ahalegindurik. EAJk ikusten, baldin badu joko serioa eta benetazkoa dela, aurrerako pasu bat emango du, nik uste. Jadanik Lurraldearekin egindako ituna oso garrantzitsua da. Kontua da jakitea behin eta berriz garizko bat eta galtzuzko beste bat emango diguten edo zinezko EAJren politika berri baten hasera denentz. Guk erakusten baldin badiegu zenbait gauzetan amore emateko prest gaudela eurak ere beste urratsik egingo lukete.

ETAren barruka armatuak zer nolako funtzioa betetzen du independentziarako bide horretan? Egokia deritzozu egungo jokabideari?

Nire pentsaera honetaz ezaguna da aspaldidanik. Beti pentsatu izan dut Euskal Herriko beso armatua baizik ez dela. Beso armatuak buru politiko baten pean egon behar du. Gure xedea autodeterminazioa, independentzia, gure herria berriz euskalduntzea, Iparraldea eta Hegoaldea batzea...da. Helburu horien arauera markatu behar da, estrategia eta taktika politikoa. Eta hori buru politiko batek zuzendu behar du. Negoziaketa edo itun bat burutzen badute eta, ondorioz, Hegoaldetik tropa okupatzaileak -armada zein polizia guztiak- espainaratzen badira ETAren jokaera edo aktibitatea amaituko litzateke, su eten automatikoa gertatuko litzateke. Negoziaketa lortu arte politikoki zuzendu behar da, eta negoziaketa politikoa lortu arte eduki behar dugu -etsaiak berak jokatzen duen bezalaxe- gure armada, baina txorakeria irudituko litzaidake gure indar armatua albora uztea zerbait lortu arte.

Nork osatuko luke, zure ustez, delako zuzendaritza politiko hori?

HB, KASek, ez dugu ezer berririk asmatu beharrik. Nik esandakoa ETAk berak aspalditik onartua du, teoriaz behintzat, ETA KASeko parte bat baizik ez da, eta estrategia hori KASek markatzen du.

Aspaldiko elkarrizketa batetan esaten zenuen abertzaletasunak eraman zintuztela sozialista izatera. Gauregun gertatu diren aldaketa guztiak ikusita, nola ikusten duzu sozialismorako bidea?

Marxismo baten aplikapen praktikoak, sozialismo errealak, zorionez, nahiz eta mingarria izan, porrot egin du. Zorigaitzez ez zen Marxen benetako izpiritua aplikatu SESBen eta gero ekialdeko Europan. Hau ke gortina bat da. Sozialismo errealak porrot egin badu ere are handiagoa da kapitalismoak egindako porrota. EEBBek, adibidez, kapitalismoaren bururik nabarmenenak, munduko zor handiena daukate, 400.000 miloi dolarretakoa. Hau da, Mexico, Argentina, eta Brasilek duten zor guztia baino gehiago. EEBBek molokotean bizi dira azken urteotan. Prentsak noizbehinka dio badirudiela atzerapen ekonomikotik ateratzen ari garela, horrek esan nahi du azken 15-20 urtetan oso gaizki joan dela. Delako sozialismo errealaren porrotak kapitalismoaren porrota izkutatzen digu.

Nik marxistatzat daukat nire burua, nahiz eta kritikoa izan beti. Marxek berak esaten zuen munduan marxistarik izatekotan bera izango zela lehenengo antimarxista. Langileriaren diktaduraz mintzatzen zen "Kapitala"n, eta bost edo sei aldiz besterik ez du aipatzen. Burgesiak munduan menperatu duela, eta gutxiengoak menperatu duela gehiengoa. Sozialismoan herriaren demokrazia izango genuke. Orduan, zertarako "diktadura" hitza erabili? Konparaketa basatia egiteko erabili zuen adibidea, baina berak esan nahi zuen zera gehiengoaren demokrazia gutxiengoaren gain, berez doa gehiengo horrek gidatu behar duela gizartea.

Leninen aportazioa kristona izan zen, eta Maorena ere baina ez nago bata eta bestearen zenbait gauzarekin. Zentralismo demokratiko delakoa ez dut sekula onartu, adibidez. Nik sekula ez dut esan nazio askapena klase burrukaren forma bat denik, ez bait deritzot egia. Inork ez du hori demostratu, ez Marxek, ez Leninek, ez Gramscik ez Maok. Ho-KiMinek sakondu zuen nazio arazoan. Momentu honetan ez dugu klase problema konpontzen ahal nazio arazoa konpontzen ez badugu lehenik. Euskal Herrian sozialismoa egiten badugu ez da izango Maorena bezalakoa, beti dogmatismoaren kontra izan bait naiz.

Zein fase aipatuko zenuke adierazitako independentzia eta sozialismoaren bidean?

Gure arazo nazionalak -eta honen barnean kultur arazoak, eta horren funtsa hizkuntza delarik- badu epe labur bat, badugu erlojuaren kontrako lasterketa, bestela ez ginateke Euskal Herria izango.

Klase burrukak badirau 2.000-4.000 urte gizona gizon denetik, edota 25.000 urte Cromagnanen arotik. Gure herriak guzti hori jasan badu, itxaron dezake beste hamar, hogei edo hogetamar urte. Kultura da lehenengo salbatu beharrekoa. Orain dela hogei urte ez nuen horrela ikusten arazoa baina okerrak zuzentzen saiatzen naiz. Ala salbatzen dugu gure kultura eta beraz herri hau, ala zertarako konpon orduan arazo hori frankoiberiko bilakatu bagara?

NORTASUN AGIRIA
Bilbon jaioa. Urriaren 11 an 59 urte bete du. ETAren sortzaileetako bat da. Lau aldiz egon da espetxeratua. 1972an Txilera herbesteratu zuten. Cambridgen bukatu zituen zuzenbide publikoko ikasketak. Bere aititak Lizarrako estatutua erredaktatu zuen


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ETA
'Bakegileak' errugabetzeko eskatu dute hainbat eragile eta sindikatuk

Txetx Etxeberrik eta Beatrice Mollek ETAren armagabetzearen auzian egindako lana epaituko dute Parisen, apirilaren 2an eta 3an. Mobilizazioak deitu dituzte Euskal Herriko zapi hiriburuetan apirilaren 3rako.


Luhusoko auziperatuen errugabetzea eskatzeko kanpaina aurkeztu dute

Apirilaren 2an eta 3an iraganen da Beatrice Molle-Haran eta Txetx Jean-Noël Etcheverryren aurkako auzia Parisen, 2016ko abenduaren 16an Luhuson buruturiko ETAren armagabetze zibilaren harira. Errugabetzea eskatzeko kanpainaren baitan izenpedura bilketa abiatu dute. Lehen... [+]


‘Gora ETA’ idaztea ez da "terrorismoa goraipatzea", Espainiako Auzitegi Nazionalak ebatzi duenez

Epaitegiak artxibatu egin du pintaketak egiteagatik Ermuako gazte baten kasua. “Terrorismoa goratzea” egotzi zioten.


Materialismo histerikoa
Ala inor ez

Asier Ezeizaren argazkia ikusi dut egunkarian. Xaxirena. Argazki batzuek horrela asaltatzen gaituzte. Ahalegindu naiz barrutik ateratzen, eta ezin dut. Ze saltsa horri buruz idaztea. Nor etsaituko zait. Baina ezin begiratzeari utzi.

Ezinezkoa da Xaxik pena ematea, pertsona... [+]


2023-10-05 | Gedar
Ion Urzelaien omenezko oroitarria kendu du Bilboko Udalak

Guardia Zibilak 1974an erail zuen Urzelai, Zorrotzan. Monumentua ken zezatela eskatu zuen Covitek, eta men egin dio udalak.


Eguneraketa berriak daude