"Argentinar armadak erreskatatu ninduen"

  • Josu G. Tolosa, pasaitarra, Euskal Itxas-Elkarteko kidea. Eskarmentu handiko merkataritza-ontzidiko ofiziala, ur handitako patroia, arrantza-kapitaina. "Marinel osoa", bere hitzetan. Kariben izana da, Brasilgo kostalde osoa egin du iparraldetik hegoaldera, atun-arrantzan ibilia... eta aurten Antartikara bidaiatu du, Eric kapitain frantsesaren belaontzian, biak bakarrik, zonaldea aztertzeko. Haien arteko elkarbizitza ordea gaiztotu egin da egunen joan-etorriarekin, txinparta batek borroka piztu eta espedizioa lehertzeraino. Txilen dago orain, Puerto Williamsen. Handik kontatu dizkigu Txile eta Argentinako armadak eurak ere protagonista dituen bidaia ero honetan bizitakoak.


2022ko otsailaren 16an - 10:18
Josu G. Tolosa marinel pasaiarra, Antartikara egindako espediziokideak emandako ukabilkadaren arrastoak nabari zaizkiola.

Eric kapitaina

Frantziarra da Eric. Hendaian bizi da, eta Sonabia II ontzia Sokoako ontziolan egin zuen. Laguntzen aritu nintzaion iaz, aurretik ezagutzen nuelako. Duela bizpahiru urte, Interneten irakurri nuen bidaia bat egin zuela Zumaiatik Antartikaraino, barku txiki batean bera bakarrik. Mitoa zen niretzat. Ostean, Usuhaiara egin nuen bidaia batean berarekin topo egin nuen, Puerto Williams-en [Txilen, Usuhaia eta Hornos lurmuturraren artean]. Luze aritu ginen solasean eta proposatu zidanean aurten Antartikara bidaiatzea, ezin nion uko egin. Tamainako abentura, nola ez nintzen ba joango? Bere asmoa zen Antartikan espedizio batzuk egitea, zonaldea ezagutzeko, aurrerago jendearekin bidaiak antolatu nahi dituelako paraje horietan. Bera zen kapitaina, eta ni laguntzailea. Ez nuen deus kobratzen, ez nuen deus ordaintzen. Jatekoa-eta berak ematen zizkidan. Niretzako, bidaia bera zen saria, Antartika ezagutzea.

Otsailaren 2an atera ginen Puerto Williams-etik. Imajinatu ere ez nuen egiten zer pasako zen...

Otsailaren 8a. Txinparta

Drake itsas-besoa zeharkatu ostean heldu ginen Antartikara. Dena ongi zihoan ordura arte, baina otsailaren 8an txinparta piztu zen. Txandaka ari ginen guardiak egiten, bi ordukoak bakoitzak. Niri zegokidan 19:00etatik 21:00etara bitartekoa. Heldu ziren 21:00ak. Ongi nengoen, eta itsasoa bare zegoenez, erabaki nuen Eric ez esnatzea, atseden har zezan apurtxo bat gehiago, ez tarte luzez halere. Esnatu zen ordea 21:30ak bueltan, eta sutan jarri zen. Kristorenak eta bi bota zizkidan, lehenago esnatu ez nuelako. Inutila nintzela... sekulakoak. Erantzun nion: "Aizu, orduerdi batengatik horrela jarriko al zara?!". Baina bera onetik atera beharrean, jakin beharra zeukala eguraldi-iragarpenen arabera haizea gogortu egingo zela, 40 korapiloko abiadura harrapatzeraino. Kia! Azkenean ez 40 eta ez ezer. Baina tira, ezker eskuarekin niri ukabilkada jotzeko imintzioa egin zuen. Heldu nion besotik... “Zer egitera zoaz?!”. Atzera egin zuen. “Banoa literara”, esan nion, “eta bi ordura hemen izango naiz, guardia egiteko”. Berak ezetz, ez zuela nahi nik ezer ukitzea, hitz egin ere ez zidala egingo aurrerantzean.

Otsailaren 9a. Tentsio jasanezina

Biharamunean sekulako tentsioa zegoen bion artean. Erabat banandurik geunden, ostia txarrez biak. Otorduak ere, bakoitzak berea prestatzen zuen. Esan nion horrela jarraitzerik ez zegoela, ezer onik ez zuela ekarriko. Bera ordea, berean tematurik, zonaldea esploratu beharra zeukala bai ala bai. Nik nire artean: “Nora demontre joango gara horrela? Ostiaka hasiko gara-eta edozein momentutan”.

Ez da batere erraza horrelakoak kudeatzea. Pentsa, Antartikan zaude, isolaturik, belaontzirik ez inguruan. Beldur nintzen egoera kudeatzeko, handik ateratzeko, modu bakarra ez ote zen izango indarra baliatzea. Merkataritza-ontzidiko ofiziala naiz, ur handitako patroia, marinel profesionala, ez naiz hasiberria, marinel osoa naiz, baina hain zen egoera konplikatua... Edo egiten nuen nahi zuen guztia, bahiturik baninduen bezala, edo edozein aukera baliatu behar nuen belaontzi bat ikustean, edo armadaren ontzi bat, deika hasteko laguntza eske. Ez neukan besterik.

Horretan geundela, Melchior artxipelagora heldu ginen. Aingura bota genuen uhartetxo batzuen artean. Horietako bat Eta deitzen zen, eta bestea Omega. Handik bi itsas-miliatara base argentinar bat dago, uda partean erabiltzen dutena.

"Honaino heldu gara". Argazkia: Josu G. Tolosa

Otsailaren 10a. Borroka ontzian

Eric-ek erabaki zuen handik mugitu beharra geneukala beste ainguraleku batera. Itsasarte batetik igarotzen ari ginen, itsas-maparen mahaiaren aurrean nengoenean, non geunden begiratzen-eta, argazki bat egiteko asmoarekin. Ba tipoa atzean jarri zitzaidan, mapa ikusi nahi zuela eta uzteko berari. Nik ezetz, argazkia egin nahi nuela, itxaroteko apur bat. Eta bat-batean, nola gertatu zen ere ez dakit oso ondo, bultza egin zidan. Azkenean borrokan hasi ginen. Imajinatu, biok arropa mordo hori jantzita, fundamentuz mugitzeko arazotan. Neurri batean, horregatik ez zen deus larriagorik gertatu... Latza izan zen ordea. Soka bat hartu eta lepoan lotu nahi izan zidan, ni nola hala defendatuz, kolperik eman gabe, lortu nuen askatzea, baina sudurrean ukabilkada jotzea lortu zuen, eta ni kareletik behera botatzen saiatu zen gero. Uretara bota nahi ninduen! Eta nire burua itsasoan imajinatzen nuenean, ez dakit nondik indarrak atera eta atzerantz jaurti nuen. Trabatuta geratu ginen. Besoarekin lepotik eutsi nion eta oihuka hasi zen, ados, irabazi nuela, etxera joango ginela...

Etxera joango ginen, baina badaezpada ere dei bat bota nuen. Esan nion laguntza eskatu nuela. Ez zion garrantzirik eman, uste zuelako inork ere ez zidala erantzungo. Baina bai, Vinson of Antartica belaontziak nire deia hartu zuen. Azaldu nien egoera kritikoan geundela, kapitainak eraso egin ninduela, laguntza behar nuela.

Vinson of Antarticak txiletar armada ohartarazi zuen. Bien bitartean, beste belaontzi bati heldu zitzaion alarma-deia, Ipake II-ri. Ezequiel kapitainak deitu zion Vinson-ekoari, zonaldean zegoela eta lagunduko ninduela. Joan ginen Ipake II zegoen lekura –goizean gu ainguratuta egon ginen leku berean zegoen!–, eta heldu bezain pronto haien ontzira egin nuen salto. Belaontzia ordea lepo zihoan, ez zeukaten niretzat lekurik. Kapitainak erabaki zuen gertuen zegoen basera eramango nindutela. Argentinar armadak baliatzen du, baina hutsik dago urte sasoi honetan. Dena den, zer gerta ere irekita egon ohi da, eta jatekoak-eta daude bertan. Hor egon nintzen 24 orduz. Tarteka Ipake II-ko kideak etortzen zitzaizkidan. Kapitainak bazuen su txiki bat, jatekoa prestatzeko tramankulu eramangarri horietako bat, eta kontatu zidan Alex Txikonek oparitu ziola!

Otsailaren 11. Argentinar armadak erreskatatua

Argentinar armadak ere jaso zuen dei bat, ur haietan zerbait gertatu zela. Txiletar ontzikoekin hitz egin zuten, pasako zirela eurak nire bila. Etorri zen Argentinako armadaren Bahía Agradable ontzia eta igo ninduten bertara. Otsailaren 13ra arte izan ninduten beraiekin, hegazkinak Punta Arenasera ekarri ninduen arte. Lau egun eman ditut bertan.

Bien bitartean, Txileko armada gure ontziarekin kontaktuan jarri zen. Telefonoa ordea Eric kapitainak zuen, eta gertatutakoaz bere bertsioa kontatu zien. Salatu egin ninduen, eta horregatik joan beharra izan dut kapitaintzara, jakiteko ea zer kargu nituen nire gain, zer egin nezakeen... Ez bainekien ezer. Argi nuen ez nuela alde egingo guztia argitu arte, ez dudalako iheslari bihurtu nahi. Marinel profesionala naiz eta...

Otsailaren 15a. Dena argituta, Uruguai helburu

Kapitaintzan ondo joan da kontua. Puerto Williamsera itzuli naiz. Orain, nire asmoa da Uruguaira joatea, han baitaukat Spirit of Anouk belaontzia [2018an utzi zuen han, Brasileko bidaia amaitzean].

Antartika. Argazkia: Girlar39 / Pixabay

“Ostia. Ostia. Ostia”

Horrelako liskarrak ez dira batere ohikoak. Nola izango dira ba?! Belaontzian zaude Antartikan beste pertsona batekin, plazerez bidaiatu duzu... Ez da posible laguntzen ari zaizuna horrela mespretxatzea. Uste dut Eric bereziki urduri jartzen dela eguraldiak txarrera egingo duela sumatzen duenean, eta agian horregatik... Ikusi zuenean 40 korapiloko haizeak jo zezakeela sobera urdurituko zen, bestela ez baitago ulertzerik. Zeren eta ostia. Ostia. Ostia. Bizi behar da hori. Lasaitzeko esaten diren horiek esaten nizkion: “Mekaguendios, bi atso ematen dugu, biok mokoka”. Baina ezin, hitz egiteari ere utzi zion!

“Antartika ez da nire lekua”

Antartikakoa ez da nire paisaia. Nire paisaiak zuhaitzak behar ditu. Han dena da txuri eta grisa. Ingurune izugarri gogorra da. Izotz hori guztia, glaziarrak... ikusgarria izan daiteke, baina ez da nire lekua, oso arrotza zait. Eguzkia ateratzen zenean kolore apur bat hartzen zuen denak, baina... Izotza nonahi, baita uretan ere. Bloke horiek joz gero...

Eta barkuan, uneoro berogailuarekin, uneoro eskularruak jantzita. Nekez itzuliko naiz hara, plazer hutsagatik bederen. Orain, erronka latza izan da e! Drake pasabidea zeharkatzea, Antartikara joatea bi pertsona belaontzi batean... Baina ez, ez da nire paisaia. Lurra lehenbizikoz ikusi genuenean, bi tontor atzeman genituen laino artean, dena grisa, beldurrezko filma zirudien. La ostia da hura.

Jon Torner Zabalari kontatu bezala.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Itsasoa
Nabigazioaren historiaren argazkia

2019an, Greziako Kasos uharteko uretan, ikerlan bat abiatu zuten Ikerketa Helenikoen Fundazio Nazionalak eta Greziako Kultura Ministerioak. Lanaren emaitza berriki jakinarazi dute: guztira, hainbat garaitako hamar ontzi-hondar aurkitu dituzte. Zaharrenak 5.000 urte inguru ditu... [+]


Ipurtargi gaziak

Zein gauza liluragarria argia sortzeko ahalmena izatea, ezta? Ipurtargiak, kakalardoen familiakideak, lehorreko izaki dirdiratsu ospetsuenak dira; baina itsasoan ere badira, ozeanoetan, distira egiten duten hainbat izaki biolumineszente.


2024-01-25 | Euskal Irratiak
Bi egun itsasoan, mikroplastikoen kutsadura zertan den jakiteko

Plastikozko 25.000 kilo bolatxo isuri zituen Galiziako kostaldean Toconao itsasontziak abendu hastapenean. Ordutik, kutsadura horrek euskal kostaldean ukan dezakeen eraginari aitzina hartzeko, Euskal Hirigune Elkargoa eta Eusko Jaurlaritza erne ezarri dira. Elkargoak,... [+]


Norvegiak atea ireki die meatzaritza enpresei Artikoko itsas sakona arpilatzeko

Ozeanoaren sakonean dauden mineralak ustiatzeko urrats garrantzitsua egin du Norvegiako Parlamentuak: baimena eman du meatzaritza enpresek itsas sakona esploratu eta komertzialki ustiatu dezaten, gizakiak ukitu gabe duen munduko azken tokia. Zientzialariak eta ekologistak... [+]


Eguneraketa berriak daude