Hainbat lorpen kolektiboan soilik egin daitezkeela esaten denean, lerro artean joan ohi da behin kolektiboan pentsatu, gogoetatu eta eztabaidatu ondotik heldu ohi direla, heltzekotan. Baina zerbait lortzeko, ezinbestekoa da pentsatzen jartzea. Ez baitira gauzak besterik gabe sortzen.
Oiartzungo haur filosofia esperientzia baten berri izan dugu Galdera Basatiaken bigarren kapitulu honetan: besteak beste, nola heldu ziren 11 urteko haurrak herriko lorategi bati aitzinako filosofo alexandriar baten izena ipintzera.
Bi urtez, 11 urterekin hasi eta 13ra bitartean, Oiartzungo haur filosofia tailerrean hartu zuen parte Malen Etxebestek. Gaur egun 18 urte ditu. Oso gazte hasi zen galderak partekatzen, unibertsoaren mugez gogoetatzen, mundua zenbateraino den finitua... Adin horretan egin zituen galderak, poesia eran, liburura eraman zituen: Zergatik nago mundu honetan?. Editore lanak egin zituen 1545 argitaletxeko Xabi Salaberriak. Bera filosofia tailer horien gidari, Etxebesteren-eta urte batzuetako ikastolako tutore.
Biak gonbidatu ditu estudiora Iñigo Martinez Peñak. Entzun:
Etxebeneko lorategia zena, Hipatiaren lorategia deitzen da ja duela urte batzuetatik. Malen Etxebeste eta beste hainbat klasekidek, 11 urte zituztela, orduak eman zituzten han haien buruei galderak eginez, pentsamenduak kolektibizatzen... eta Oiartzungo Udalari eskutitz bat idatzi zioten, lorategiari Alexandriako Hipatia filosofoaren izena emateko eskatuz. Eta hala egin zuen udalak. Sekulakoa izan zen gaztetxo horientzat.
Haur filosofia tailer horien oroitzapen zehatzak gogoan ez baditu ere, sentsazioez ondo akordatzen da Malen Etxebeste: "Galderak partekatzeak eta erantzunak bilatzen saiatzeak laguntzen zidan nire barrenak baretzen, baina benetan interesgarriena zen besteen galderak ezagutzea". Eta hori guztia patxadaz eta giro atseginean eginda, horretan topatzen da gakoa: iritzia modu librean emateko aukera, "egiatan pentsatzen duzuna pentsatzen duzun moduan adierazteko askatasuna". Horrela, "batere espero gabe", 11 urteko Malenen galderek paperean ikusi zuten argia, poema moduan.
"Haurrei dena mastekatuta ematen zaie"
Malen Etxebesteren eta kuadrilla haren ikastolako tutorea izan zen urte gutxi lehenago Xabi Salaberria, eta Hipatiaren lorategiko filosofo gazte taldearen gidari zen. Hala izaten segitzen du orain, adin hori dutenekin. Eta Etxebeste joan izan da behin baino gehiagotan, esku bat botatzera.
Haur filosofia tailer horiek, Salaberriaren esanetan, ez dira "iritzi truke soil baten foro", baizik eta "benetako elkarrizketak" izan dira. "Ikertze komunitarioa", beste era batera esanda. Gidari modura anekdota asko ditu kontatzeko. "9-10 urteko mutiko batek esaten dizu: 'Makinak kontrolatu nahi ditugu, baina makinek kontrolatzen gaituzte gu'... eta txundituta geratzen zara". Batzuetan haurrek "argia" ikusten dutela dio, eta beste batzuetan etorri baino galdera gehiagorekin joaten direla etxera.
1545 argitaletxeko sortzailea da Xabi Salaberria, Eneko anaiarekin batera –argitaletxearen funtzionamenduaren berri, erreportaje honetan eman genuen ARGIAn–. "Interesatzen zaigu literatura eta pentsamendua uztartzen diren puntu hori", dio Salaberriak. Eta merkatuari kritika egin ez ezik, gogoeta interesgarri hau plazaratu du: "Oso modan daude 'botika' liburuak deitzen direnak, soluzioak emateko sortuak direla diruditenak; gu kontrako noranzkoan goaz, galderak sortzeko moduko liburuak argitaratzen ditugu".
Horregatik, argitaletxearen lerro nagusietako horixe da, "haurrei dena mastekatuta" ematen zaien garaiotan, galderak eginaraziz pentsamendua garatzea. Haur filosofia tailerrek funtzio horixe dute.
Ardatzean haur filosofia izango duen Galdera Basatiak podcastak, ez alferrik, haur filosofia tailerretan barneratzeko asmoa du. Horixe hitzeman digu Iñigo Martinezek lehen atal honetan. Podcastaren zimenduak ezarri dizkigu, markoa marraztu, eta, batik bat, haurtzaroaz... [+]
Galdera batzuen aurrean, behin eta berriz helduok ume sentitzen garela dio Iñigo Martinezek, “bizitza zulo existentzialez beterik” dagoelako. Galderaz galdera "behin-behineko erantzunen bila" aritzeko asmoa du irakasle eta filosofoak. ARGIA... [+]