Zaintzen dugulako maite dugu, ala maite dugulako zaintzen dugu?

  • "Maitasuna" hitza darama izenburuan Galdera Basatiak podcastaren laugarren atalak, baina eraman zezakeen "harremanak", "bakardadea", "dependentzia"... Hari mutur ugaritan barreiatu dute Izaro Toledok eta Iñigo Martinezek.


2025eko maiatzaren 05ean - 08:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Usu entzunak dira nerabezaroan edo gaztaroan, lehen bikote edo harreman sexu afektiboaren garaian, "ez dakit maiteminduta nagoen", "zer da maiteminduta egotea?" eta tankera horretako esaldi edo galderak. Adin horretatik urrun dagoenak ikusi besterik ez ditu nerabeen telesailak, edo jar dezake belarria kalean, baina zail samarra litzaioke halakorik entzutea, horrelako kontuak ahapeka erraten baitira. Pentsa, irakaslea eta filosofoa da Izaro Toledo, nerabeekin egiten du lan, eta ikasgelako solasaldietan maitasunaren gaia jorratu arren, halako kontu delikaturik inoiz gutxitan ateratzen da. Askozaz ere errazago atera ohi dira harrokeriaz puzturiko lau esaldi, maitasunetik baino gehiago dutenak sexualitatetik eta desiratik. Badu horrek zergatia, historikoki gizarteak azken horiei atxiki izan die-eta maitasuna. "Platon filosofoa lantzean, platoniko terminoa aipatuta, zerrekin lotzen dugu? Argi dago, ezta?".

Galderaren oinarrira joanda: gai izango ginateke definitzen zer den maitasuna? Zer den maiteminduta egotea? Eta maitasunak zenbat duen zaintzatik, eta zaintzak zenbat duen komunitatean bizitzetik?

Iñigo Martinezek, Galdera Basatiak podcastaren laugarren atalean, Izaro Toledo gonbidatu du estudiora eta hainbat eta hainbat gai harilkatu dituzte, betiere maitasunaren kontzeptu edo ulerkeraren baitan.

"Noiz hasten da maitasunaren inguruko kezka?", galdetu dio Martinezek, eta horratx Toledoren erantzuna: "Jaiotzen garen momentutik, zainduak garenetik. Zaintzen gaituenari huts egiteko beldurra hasieratik garatzen da, beldur garelako zaintza galtzeaz". Hori guztia instintiboki egiten da. Hortaz, erantzun argirik gabeko galderak sortzen zaizkigu: zaintzen gaituen pertsona maite dugu, zaintzen gaituelako? Ala maite dugu eta zaintzen gaitu, independenteki? Eta pertsona horren gorputzean ipiniko bagina: maitatzen dugulako zaintzen dugu, edo zaintzen dugulako maitatzen? Maitatu daiteke zaintzarik gabe?

Orain arte ume txikiez ari bagina ere, Toledok adinaren faktorea gehitu du, gorputz desiragarriena. "Jaiotzean ez ote gaude diseinatuta maitagarriak izateko itxura izatera? Maitagarriak izango ez bagina, zainduko gintuzkete?". Alegia, zahartzaroan, gorputzak ez direnean hain ederrak, zer gertatzen da? Haur eskoletan haurrak zainduta eta komunitatean ikusten ditugu, zahar asko zahar etxeetan bakarrik sentitzen dira; zerikusia du?

Munduko gaitzik latzena, dependentzia?

Gehien maite dugunari min emateko gai ere bagara maitasunaren izenean, Anarik Piromania kantuan dioen moduan... Baina podcast honetako gonbidatuek gomendioak egiten dituzten ohiturari segika, Izaro Toledok The Swedish Theory of Love (2015) proposatu du. Dokumental bat da, Filminen ikus daitekeena, zeinetan kontatzen den nola suediar gobernuak planteatzen duen "suediar gizabanakoaren independentzia". Alegia, inor ez izatea bestearen menpeko. Hortaz, bakoitza bere erara bizi da, bata bestearengandik urrun. Independente izatearen bidetik helduko omen zoriontasuna.

Zygmunt Bauman filosofo eta soziologoa ageri da dokumentalaren amaieran, online eta offline bizimoduaz hizketan. Dokumentala egin zenetik hamar urte igaro dira, gauzak aldatu dira, baina oinarria hor dago: offline bizitzan aurpegia eman behar da, hartutako erabakien kontsekuente izan, ardurak hartu, adostasunetara iritsi... Gauza asko negoziatu behar dira familian, bikote harremanean, lagun artean. Ez dudarik, ihes egitea da errazena. Eta ihes egiteko bide nagusietako bat da online-era jotzea.

Baumanen esanetan, gero eta bizitza online-egoetan bizi garenez, negoziaketarako gaitasunak galtzen ari gara. "Zailtasunak gainditzea da zoriontasuna", esaten du berak. Elkarrekin egotea, alegia, elkarrekin ikastea, harremanak egitea, maitatzea...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Galdera Basatiak
Isil gaitezen, une batez bada ere

Osasun etxeko telefono deiaren itxaronaldian, supermerkatuko korridoreetan, kiroldegiko aldageletan... Isilune izan daitezkeen uneak soinuz betetzen ditugu. Zergatik, zertarako? Isiltasunak urduritzen gaitu? Sor diezazkiguken barne gogoetengatik?

Zortzigarren saioa, eta... [+]


Heldutasuna mito bat da

Irene Lafuente lagun hartuta, heldu izatearen inguruan gogoetatu dute Iñigo Martinezek eta biek Galdera Basatiak podcastaren zazpigarren atalean. Pista bat: "Helduok badugu barnean Peter Pan-en sindromea; nahi dugu dena, nahi bezala, nahi dugunean". Hain helduak al... [+]


Emozioei bai, emotibismoari ez

Sentimenduak izan da gaia Galdera Basatiak podcastaren seigarren atalean, eta horren bueltan zeharkatu dituzte Iñigo Martinezek eta Gari Moyak maitasuna, gorrotoa, tristura, haserrea... Hitz egin dezagun sentimenduen eta emozioen inguruan, baina gogoetatu ere, gogoetatu... [+]


“Postmodernitatearen ezaugarria da dena zalantzan jartzea”

Errealitatea ipini dute zalantzan Imanol Alvarezek eta Iñigo Martinezek podcastaren bosgarren atalean... eta, errealitatea da, saioaren laburpena den artikulu hau, solasaldiko gogoetak brotxa lodiz jasotzera baino ez dela heldu.


Bai, filosofatu dezagun heriotzaz

Zer nolako harremana dugu heriotzarekin? Zer nolakoa helduek, zer nolakoa haurrek? Adinean gora egin ahala nola aldatzen da heriotzarekiko dugun begirada? Eta nola hitz egin heriotzaz haurrekin?

Bai, gai tabua bada ere, hitz egin dezagun heriotzaz. Hirugarren saio honetan... [+]


Jardin bat zuretzat, Hipatia

Hainbat lorpen kolektiboan soilik egin daitezkeela esaten denean, lerro artean joan ohi da behin kolektiboan pentsatu, gogoetatu eta eztabaidatu ondotik heldu ohi direla, heltzekotan. Baina zerbait lortzeko, ezinbestekoa da pentsatzen jartzea. Ez baitira gauzak besterik gabe... [+]


Haurrak gara behelaino artean

Ardatzean haur filosofia izango duen Galdera Basatiak podcastak, ez alferrik, haur filosofia tailerretan barneratzeko asmoa du. Horixe hitzeman digu Iñigo Martinezek lehen atal honetan. Podcastaren zimenduak ezarri dizkigu, markoa marraztu, eta, batik bat, haurtzaroaz... [+]


Eguneraketa berriak daude