"Itxura mantentzeko utziko digute taberna irekitzen, baina guztiz helduta gaituzte"

  • Bizkaiko Tabernariak eta SOS Ostalaritza plataformetako kidea da Ihintza Torres García. Larunbatean indarrean sartuko diren neurri berrien atarian, Bilboko eta inguruko ostalarien egoeraz hitz egin dugu berarekin. Haserre eta etsituta mintzatu da ostalaritzaren inguruan lan egiten duten familien izenean, eta laguntzak haien errealitatearekin doitzeko eskatu du.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2020ko abenduaren 11n - 11:30

Nolakoa da egungo egora Bilboko eta inguruko ostalarien artean?

Oso txarra. 20:00etan itxi behar izatea ez da bideragarria, tabernen % 80ak  18:00etatik aurrera irekitzen dugunean. Agian jatetxeei ondo etorriko zaie, baina ostalaritzari, orokorrean, ez. Goizean bakarrik lan egitera mugatzen gaituzte, eta gehienak poteorako tabernak gara, ez gosaltzekoak. Oso haserre gaude.

Jaso duzue laguntzarik?

Oso jende gutxik jaso ditu hasierako 3.000 euroak, amaitu ziren, eta iragarri dituzten gainerako laguntzetatik ez da bat bera ere iritsi. Oso larri gaude eta badirudi familia askoren bizitzarekin jolasten ari direla.

Zeintzuk dira eskatzen dituzuen neurriak?

Plataforma ez da inoiz kexatu itxi behar izateaz, baina neurri horiek laguntza ekonomikoekin batera etor daitezela eskatzen dugu. Lokalen gastu guztiak kentzea eta langileok lanbide arteko gutxieneko soldata eskuratzea eskatzen dugu. Hori litzateke bidezkoena. Gu negozio pribatuak gara eta itxiarazi gaituzte, esku har dezatela alokairuetan eta argindar enpresetan ere. Taberna batek gutxienez hilean 3.000 euro inguru behar ditu alokairua eta zerga guztiak ordaintzeko, eman dituzten laguntzek ez dute zentzurik guretzat.

Nola eragin die egoerak langileei?

Denbora daramagu uzten digutenean lan egiten, justu-justu ordainagiriak eta zergak ordaintzeko. Taberna asko itxi dituzte, jendea senitartekoekin eta bankuekin zorpetzen ari da hau amaituko den esperantzarekin. Banatzaileak ere hor daude, ezin dute aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienterik erabili, eta lan egitera behartuta daude, baina ez dute lanik, eta ez zaie autonomoen zergak ordaintzeko ere iristen.

Eta kontraturik ez zuten langileak? Asko izango dira.

Denetarik dago, nik ez dut onartzen jendeak kontraturik gabe lan egin behar izatea, baina horiek oraindik okerrago daude, bai. Bestalde, denboraldi indartsuetan bakarrik lan egiten dutenak ere badaude, hala nola jaietan, Gabonetan... Jende hori erabat abandonatuta dago, ez dakigu ezer kobratzen ari diren sikiera. Gure langileen egoera ez da askoz hobea: ostalari batek lanaldi osoan 1400 euro inguru kobratuko ditu, % 70a bakarrik jasotzen baditu, egin kalkuluak.

Alde handia dago alokairua ordaindu behar dutenen eta lokala erosita dutenen artean?

Bai, areago, betiko itxi duten lokal gehienek alokairuagatik itxi dute, lokalen jabeak ez daudelako akordioetarako prest. Gainera, normalean diru gehien duten errentatzaileak izaten dira amore ematen ez dutenak. Alde Zaharrean hori gertatu da, akordio batera iritsi ez eta epaiketa egin behar izan dute.

Nola ikusten duzue etorkizun hurbila?

Hamabost egun irekiko ditugu, Gabonetan kutsatzeak igoko dira, berriro botako diote errua ostalaritzari eta itxi egingo gaituzte. Eta egun batean herri bat alerta gorrian sartzen bada, tabernak itxiko dituzte eta berriz galduko dugu aste horretarako prestatutako guztia. Itxura mantentzeko utziko digute irekitzen, baina guztiz helduta gaituzte.

Abenduaren 4an Bizkaiko Tabernariak plataformak egindako manifestazioa. Argazkia: Ecuador Etxea.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ostalaritza
Errespetu falten aurkako kanpaina abiatu dute Baztango eta Bidasoako ostalariek

Jarrera sexistak, klasistak, arrazistak eta homofoboak salatu dituzte, besteak beste. Eskualdeko ostalariei dei egin diete ekimenarekin bat egiteko. Kanpainarekin atxikimendua adierazteko epea urtarrilaren 31n amaituko da.


Iruñeko Katakrakek 10 urte
Jan, edan, irakurri... mundua aldatu

Datorren abenduaren 31n hamar urte beteko dira Iruñeko Katakrakek ateak ireki zituenetik: ostatua, liburutegia eta ikuskizunetarako areto nagusia biltzen zituen espazio berriak. 2016an laugarren hankak mahaia osatu zuen: argitaletxea. Iruñerrian bakarra da... [+]


2023-02-10 | Leire Artola Arin
Getariako ostalarien elkarteak onartu du adostutako prezioen igoera baztertzea

Lehiaren Euskal Agentziarekin akordioa lortu du, eta espedientea itxi diete. 2021eko abenduan guztiek batera igo zituzten prezioak, eta herritarren haserrea piztu zuten. Orain, ostalariek hitzeman dute lehiaren arauak errespetatuko dituztela eta norberak bere prezioak finkatuko... [+]


Getariako tabernak ikertzen ari da Leiharen Euskal Agintaritza, ustez prezioak igotzea adostean eginiko irregulartasunengatik

Leiharen Euskal Agintaritza Getariako taberna eta jatetxeak ikertzen ari da, pandemiatik irtetean prezioak igotzea adostean konpetentziaren erregimena urratu zutelakoan. 18 hilabete ditu elkartea zigortu ala ez erabakitzeko. El Diarioko Belén Ferrerasek eman du isilpeko... [+]


2022-03-27 | Leire Artola Arin
Tabernei boikota
Nortzuek helduko diote estatxari, getariarrek ala turistek?

Txikia bezain bizia da Getaria, Gipuzkoako kostako herria, baina abendutik hona aldaketa batzuk izan dira Parte Zaharrean: ostalariek prezioak igo dituzte, eta gazteek eratutako Sos herritarrak ekimenak boikota egin die. Ia lau hilabete daramatzate tabernetan zentimo bat gastatu... [+]


Eguneraketa berriak daude