Itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgetan izan duen eragina aztertu dute

  • Azken lau hamarkadetan itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgen komunitateetan izan duen eragina aztertu du EHUko ikerketa-talde batek. Bizkaiko kostaldeko eremu batean sakonera-puntu desberdinak ikertu dituzte eta ikusi dute egituratzaileak diren afinitate hotzeko espezieak gero eta urriagoak direla. Aldiz, afinitate beroko espezie txikiak ugaritu egin dira. Ondorioz, hainbat funtzio ekologiko jokoan daudela ohartarazi dute.

Olatz Arriaga biologoa eta doktoregaia. Argazkia: EHU
Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2024ko apirilaren 12an - 11:59

Gure planetaren tenperatura abiadura bizian igotzen ari da. Sortu den gehiegizko berotasunaren % 90 itsasoak xurgatu du, eta, ondorioz, ozeanoen gainazalaren tenperaturak gora egin du nabarmen. Testuinguru honetan, mugitzen ez diren eta tenperaturarekiko sentikorrak diren organismoak bereziki zaurgarriak dira.

Gainera, itsasoaren berotzea toki batzuetan besteetan baino agerikoagoa da. Esaterako, euskal kostaldean hamarkada bakoitzeko 0.23 °C igo da itsasoaren tenperatura; mundu mailan, 0,15 °C. Egoera horren aurrean, EHUko Itsas Bentos Ikerketa Taldeak aztertu du Bizkaiko kostaldeko eremu bateko makroalgen komunitateei berotzeak nola eragin dien. Blaneseko Ikerketa Aurreratuen Zentrorekin batera, azken 40 urteetan zehar gertatu diren aldaketak ikertu  ditu. “Makroalgen komunitateek tenperaturaren igoeren aurrean nola erantzuten duten aztertzea garrantzitsua da itsasoaren biodibertsitatearen kontserbaziorako. Izan ere, ezinbesteko rolak dituzte ekosistemetan”, dio Olatz Arriaga Telleria biologoak.

Itsasoaren gainazalaren tenperatura igoerak inpaktu handiagoa du sakonera gutxiko makroalgen komunitateetan. Argazkia: Itsas Bentos Ikerketa Taldea, EHU.

Atera duten ondorio nagusietako bat da, tenperatura-igoeraren ondorioz, euskal kostaldean makroalgen komunitateetan afinitate beroko espezieak areagotu egin direla. Aldiz, afinitate hotzekoak gero eta gutxiago dira. Honek komunitateen egituran aldaketa sakonak eragin ditu; izan ere, gehien urritu diren espezieak, Gelidium corneum esaterako, egituratzaileak dira. Hau da, askotariko organismoentzako aterpe diren hiru dimentsiotako inguruneak sortzen dituzte. Bestelako alga, arrain, ornogabe eta abarrentzat habitat egokiak eratzen dituzte; besteak beste, elikagaiak topatzeko eta harrapakariengandik babesteko. “Espezie egituratzaileak murrizten joan ahala, ez dugu antzeman funtzio ekologiko garrantzitsu horiek ordezkatuko dituen beste espezierik, eta horrek komunitateen degradazioa dakar”, azaldu du Arriagak. Ugaritu diren afinitate beroko espezieak, txikiagoak eta morfologikoki sinpleagoak dira.

Makroalgen komunitateen erresilientzia

Horretaz gain, ikerketak erakutsi du makroalgen komunitateek oso azkar erantzuten dietela itsasoaren tenperatura-aldaketei. Hori azken hamarkadako datuei erreparatuta ondorioztatu ahal izan dute. Izan ere, aztertu dituzten 40 urteetan tenperatura ez da modu homogeneoan igo. Nahiz eta joera orokorra goranzkoa izan, ikertutako azken tartean (2014-2020) tenperatura epelagoak erregistratu ziren. Arriagak azaldu duenez, “horri esker, makroalgen komunitateen epe motzeko erantzuna nolakoa den aztertu ahal izan dugu, eta ikusi dugu 6 urte horietan egituratzaileak diren espezieek galdutako presentzia nolabait berreskuratu egin dela sakonera handitan. Aldiz, afinitate beroko zenbait espezie urritu egin dira”.

Makroalgek erakutsi duten erresilientziak itxaropen pixka bat pizten badu ere, ikertzaileek azpimarratu dute ez dirudiela itsasoaren tenperatura kontrolatzea berehalakoan iritsiko denik. Eta tenperatura denez makroalga-komunitateen egitura-aldaketen eragile nagusia, ez dute etorkizun erraza ikusten. Horren aurrean funtsezkoa iruditzen zaie ikerketarekin jarraitzea eta monitorizazioak maizago egitea: “Horrek lagunduko luke makroalga-komunitateen portaera hobeto ezagutzen eta zaurgarriak diren espezieen habitatak babesteko neurri proaktiboak hartzen”. Horietako bat izan daiteke, adibidez, babesleku klimatikoak izateko potentziala duten inguruak identifikatzea. Egoera atzeraezina izan aurretik soluzioak bilatzeko lanean ari dira.

Informazio osagarria

Olatz Arriaga Telleria (Getxo) biologoa da eta Eusko Jaurlaritzaren beka batekin doktoretza egiten ari da EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landareen biologia eta ekologia sailean. Itsas Bentos Ikerketa Taldeko kidea da, zeinak klima-aldaketak eta kutsadurak makroalga-komunitateetan dituzten eraginak aztertzen dituen


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Biodibertsitatea
Batzuen aberastasuna, gehiengoaren miseria, biodibertsitatearena barne
"Biodibertsitatearen galera: kausak eta ondorioak" hitzaldia eman zuen Iker Apraizek Azpeitian apirilean, Euskal Herria Bizirik taldeak antolatutako "Lurraren defentsan" egunaren baitan. Nagore Zalduak eta Eneko B. Otamendik hitzaldi hartan esan ziren ideia... [+]

"Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko"

Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios... [+]


2024-04-10 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsan mobilizazio eguna apirilaren 13an Azpeitian
“Enpresen eskuetan gaude eta politikan ez dago horri galga jarriko dion inor; hori are larriagoa da”

Lurraren defentsan mobilizazio eguna deitu du Euskal Herria Bizirik sareak apirilaren 13an Azpeitian, "lurraldeari eta landa-eremuari eraso egiten dioten makroproiektuekiko arbuio sozial zabala erakusteko". Deitzaileekin bildu gara.


Asfaltozko patioa zuhaitz eta landarez betetako zelai bihurtu dute Lizarrako eskolan

Jolastoki eta ikastetxeko sarrera zen asfaltozko 350 metro koadroak berdegune bihurtu dituzte Haur eta Lehen Hezkuntzako Remontival eskola publikoan, Lizarran. Landaturiko zuhaitz, zuhaixka eta landareek helburu dute, besteak beste, beroa eta hotza hobeto kudeatzea,... [+]


Eguneraketa berriak daude