IrtenBidetik eguna antolatu dute Lasarte-Orian askotariko alternatibak ikustarazteko

  • Ekainaren 22rako egun osoko egitaraua prestatu dute. Euskal Herrian dauden alternatibak ikustaraztea izango dute helburu. Elkarrekin hausnartu, konspiratu eta ekiteko dei egin dute antolatzaileek.

Topatu.eus @topatu_eus
2019ko ekainaren 06a

 Albiste hau Topatu.eus-ek argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.   

Alternatiben topaleku bihurtuko dute Lasarte-Oria ekainaren 22an. Egun osoko egitarauarekin antolatu dute lehen aldiz hainbat herritarrek IrtenBidetik AlternatiBATU eguna. Kapitalismo neoliberal basatiari Euskal Herrian eta sektore ezberdinetan ematen zaizkien alternatibak ikustaraztea eta sistemari "zirrikituak" eragitea izango dute helburu.

Eguna ibilbide gidatu batekin hasiko dute goizeko 9:30etan. Ibilbidean zehar elikadura burujabetzaz, etxebizitza edo hiri ereduaz hitz egiteko aukera izango dute bertaratutakoek, baita sektore horietan alternatiba diren tokiak bisitatzekoa ere. Bitartean, 10:00etatik aurrera gertuko produktuen azoka eta 12:30etan Goiener, Izarkom eta Koop57 kooperatiben hitzaldiak prestatu dituzte, guztia Oriarte institutuko Landaberri eraikinean.

Eguerdian bazkaltzeko aukera ere izango dute bertaratutakoek, eta arratsaldean mahai inguru berezia antolatu dute, "Kultur topalekuak baino gehiago" izenpean. Bertan izango dira Iruñeako Katakrak, Azpeitiako Kultur Mahaia, Gernikako Astra, Eltzea eta Aiaraldeko Ekintzen Faktoria proiektuetako kideak. Duo Du Portu taldearen kontzertuarekin emanen diote bukaera egunari.

Bidetik irtetea delako irtenbidea

Azken urteetan Euskal Herrian egon diren hainbat ekimenen bidetik dator IrtenBidetik AlternatiBATU eguna, Alternatiben Herria kasu, eta funtsean sistema kapitalista neoliberal heteropatriarkalak ezarritako bidetik ateratzeko alternatibak badaudela erakustea du helburu. Txakur Gorria sormen kolektiboak jarri dizkio hitzak ekimenari, eta hitzak ilustrazio bihurtuta beraiek izan dira IrtenBidetik AlternatiBATU egunaren kartelaren egileak. Jarraian testua osorik:

Bidea emanda datorkigun honetan badirudi beste aukerarik ez dagoela. Bide bakarra ikustera behartu gaituzte, bide-ertza hormez josi dute, eta ihesbideen aurrean itsu utzi gaituzte. Horma horietako batzuk fisikoak dira. Esaterako, herrialdeen artean eraiki dituztenak. Beste batzuk aldiz, ikustezinak dira. Gure buruetan eraiki dizkigute.

Jakin badakigu murru horiek ez direla guztiz zurrunak. Egoki begiratuz gero zartadurez ohar gaitezke. Jada, hainbat jende bide berriez jabetzen eta arrakala horietatik irteten ari dira. Gure nahia arraila horiek zabaldu eta, ahal bada, paretak eraistea da. Alegia, ametsetara bidea egitea.

Bide grisean itsutu ordez zirrikituetan begiak jarriz gero kolore ezberdinetako bideak ikus genitzake: gorriak, berdeak, horiak, moreak... Koloreak adina bide. Kolore horietako bakoitzak bide berri bat erakusten du eta koloreak euren artean nahasiz bideak nahieran margotu genitzake.

Horregatik, ekainaren 22an, Lasarte-Orian zein Euskal Herriko hainbat txokotan martxan dauden alternatibak ezagutzeko parada izango dugu. Kolorez betetako mundu berriak arnastuko ditugu. Elkarrekin hausnartu, konpiratu eta ekingo diogu.

Etorri gurekin, bidetik irtetea delako irtenbidea.

Alternatibetara batu, AlternatiBATU.

 


Ekonomia soziala kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude