Iritsi gara erdira eta oraindik ez dugu ikasi

  • Film galiziarra ikustera joan zara. Argiak itzali, eta proiekzioa hasi da. Lehen harridura aurpegi asiatikoek eragiten dizute, eta ondoren, txinatarrez hitz egiteak. Aldeetara begiratzen duzu; butaketan, mugimendu bereziak somatzen dira. Laugarren segundua hasi aurretik jaiki da lehen ikuslea, eta abiadura azkarrean atera da aretotik. Segidan, beste bat. Tentsiozko eten baten ostean aterantz abiatzen dira hiru pertsona gehiago, eta horrek suteen kontrako alarma aktibatu balu bezala, hamarnaka ikuslek egiten du salto irteerako atera. Zu ere mugitzen hasten zara urduri, joan edo ez erabakitzen. Bat-batean, ateratako denak itzultzen dira atzera, berpiztutako gorpuak bezala paradisutik lurrera. "Film labur bat dago lehenago", entzuten da.

"Xia wu guo le yi ban" filmaren fotograma

2021eko irailaren 20an - 19:32
Azken eguneraketa: 21:36
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Laburmetraia hori da, hain zuzen ere, Xia wu guo le yi ban, Zabaltegi-Tabakalera sailean eskainitakoa. Zhang Dalei zuzendariak familiako giroan zentratu du lana, biloba baten etxera buelta kontatzeko. Xiao Lei aitonaren etxera itzuli da, eta ezer aldatu ez den arren, itxuran, dena zaharkitu da. Nondik begiratzen zaion, bere kanpoko munduaren eta etxe barrukoaren artean amildegi bat egon daiteke, edo batere tarterik ez. Aitonarekiko harremanean pazientzia galtzea gertatzen zaio batzuetan, eta afinitatea ageri da besteetan. Ahaidetasun harremanean intimoki jorratzen den filma da, norberaren harremanekin zerikusia duena, segur aski.

Mass film estatubatuarra izan da eguneko bigarrena. Zuzendari berrien sailean dago, eta Fran Kranz du gidoigile eta zuzendari. Filmak gertakari oso gogorraren ondorioz lur jota dauden bi guraso bikoteren arteko topaketa erretratatzen du, euren arteko saminduraren konpobiderantz mugitzeko asmoz. Pelikula hein handi batean gela bakarrean gertatzen da, hitz egiteko toki gisa erabaki duten horretan. Gailua ondo pentsatua da, gela hartatik egiten baita gertatutakoen narrazioa, modu ez kronologikoan, hutsuneak bete eta tentsioak mahaigaineratuta. Badu filmak alde inozente bat, horrelako gatazka elkarrizketa batean bakarrik konpondu daitekeenaren uste naïf bat. Halere, tentsioa eta jakinmina film osoan zehar mantentzea lortzen du, eta ikuslea harrapatzen du. Korapiloak askatu behar duela somatzen den arren, konplexutasunez azaltzen da horrelako gertakizun batean alde bakoitzak bizitakoa, eta konplexutasuna ez da inoiz argitzen; norberak pentsatu dezala. Bazterretatik kontatutako filma da.

 

"Mass" filmaren fotograma

Azkenik, Horizontes latinos saileko Noche de fuego filmarekin amaitu dugu. Mexikoko herrixka batean girotua da, eta kartelen eta poliziaren etengabeko mehatxuak ditu testuinguru. Tatiana Huezo zuzendariak hiru neskato ditu protagonista, elkarren babesean egiten diotenak herrian bizi den tentsioari aurre. Neska gazteen bahiketak ekiditeko ilea moztuta eta mutikoen arroparekin jantziak dira herritarrak, eta denek dute ezkutaleku bat "datozenerako". Egoera horien tabuaren, emakume izatearen, gizarte patriarkalaren basakeriaren eta umeen munduaren inguruan mintzo den filma da, oso modu zehatzean landua. Filmak unibertso konkretu horretara garamatza, eta mingotsa eta mingarriaren artean, jolas amestien potentzia ere erakusten digu. Bagoaz, honen ondoren, astearen bigarren erdiari begira jartzera.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2021
2021eko urriaren 4
Sail Ofiziala
Zinemaldiaren ajeak

2021eko irailaren 28
Donostia Zinemaldiaren aitzakian
Zinemaldiaren osteko bestondoa

2021eko irailaren 27
Donostia Zinemaldiaren aitzakian
Zinemaldiaren osteko bestondoa

2021eko irailaren 25
BESTELAKO ZINEMALDIA / 8. EGUNA
Alfonbraren azpian zegoena

2021eko irailaren 23
Sail Ofiziala / 6. eguna
Fikziozko pertsonaiak baizik ez gara

2021eko irailaren 23
Donostia Zinemaldiaren aitzakian / 6. EGUNA
Kerik gabeko egunak

2021eko irailaren 22
BESTELAKO ZINEMALDIA / 6. EGUNA
Esaten ez direnak

2021eko irailaren 22
Sail Ofiziala / 5. eguna
Amatasun atmosfera itogarriak

2021eko irailaren 22
Donostia Zinemaldiaren aitzakian / 5. EGUNA
Azpi-azpikoak

2021eko irailaren 21
BESTELAKO ZINEMALDIA / 5. EGUNA
Atalik interesgarriena eta ospearen balioa

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!