Iratxe Sorzabal Espainiaratzea onartu du Frantziak

  • Euskal presoaren tortura salaketa egiaztatua egon arren, Parisko Dei Auzitegiak erabaki du Espainiako Auzitegi Nazionalaren euroagindu eskaera onartzea. Xantiana Cachenault abokatuak iragarri du Kasazio Auzitegira joko dutela.

Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2019ko urriaren 10ean - 09:16
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Espainiako Auzitegi Nazionalaren hirugarren euroagindu eskaera da Parisko Dei Auzitegiak onartu duena. ETAk 1995ean Alacanten (Herrialde Katalanak) eginiko atentatu bategatik eskatu zuen Madrilek, presoa Espainian epaitzeko. Xantiana Cachenaut defentsa abokatuaren arabera, Sorzabalek 2001ean Guardia Zibilaren atxiloaldian torturapean egindako adierazpenetan oinarritzen da Madril akusazioa aurkezteko. Dei Auzitegiko fiskala euroagindu eskaera onartzearen alde agertu zen joan den otsaileko auzi saioan, eta epaileak ere ildo beretik jo du. Kasazio Auzitegira joko dutela iragarri du Cachenaultek.

Sorzabalek 2001ean Guardia Zibilaren esku jasandako torturak izan dira aferaren erdigunean. 2015ean atxilotu zutenean, haren tortura salaketak frogatzeko prozedura bat irekitzeko eskatu zion Cachenaultek instrukzio epaileari. Istanbulgo protokoloa aktibatu zioten, eta mediku aditu baten azterketa izan zuen Fresnesko presondegian: “Medikuaren arabera, Sorzabalen tortura salaketak sinesgarritasun osoa du; estres post-traumatikoa antzeman zion”, azaldu du abokatuak.

Gaur egun, aukera gutxi daude euroagindu bat ukatua izan dadin, eta legeak aurreikusten ditu. Baina 2016tik aitzinaEuropako Batasuneko Luxenburgoko auzitegiak beste kasu batzuk ireki ditu, eta jurisprudentziak sortu. Hala, eskaera ukatzeko motibo gisa onartu du euroagindua eskatu duen estatuko espetxe baldintzak tratu txarrekin parekatzea, eta euroagindua eskatu duen estatuko epaileen independentzia falta ere bai. Sorzabalen euroagindua aztertzeko auzi saioan, Luxenburgoko auzitegiari epai aurreko galdera egiteko eskatu zion epaileari euskal presoaren abokatuak. Helburua: euroagindua torturapean egindako adierazpenetan oinarritzea, eskaera ukatzeko motibo gisa onartua izatea. Epaileak ez zuen onartu, eta erabaki du Sorzabalen torturak frogatuak badira ere horrek ez duela aldatzen aferaren mamia, Sorzabalek ez dituelako adierazpen horiek gezurtatu.

Cachenaultek jakinarazi du Parisko Kasazio Auzitegira joko dutela eskaera bera eginez. Hain zuzen ere, epaile batek Luxenburgoko auzitegira jo ala ez erabaki badezake, oso arraroa da estatu bateko auzitegi gorenak Luxenburgokoari galdera egitea ukatzea. Afera azaltzeko, aurki agerraldi publiko bat eginen dutela iragarri du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
2025eko abenduaren 10
‘Ekaitz in da house’-etik ‘All in da house’-era
10 urte murruen aurka eta euskaratik estilo librean errimatzen

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!