Ipurtargiak desagertzen ari dira argi kutsaduraren erruz

  • Mundu osoan egindako ikerketa baten arabera, gehiegizko argitasun artifizialak, pestizidek eta habitat galerak, 2.000 ipurtargi espezieren extintzioa ekar dezakete berandu baino lehen.


2020ko otsailaren 4an - 10:52
Ipurtargiak bioluminiszentzia erabiltzen du eta ingurune osasuntsu baten seinale da.(Arg.: Commons Wikimedia)
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Ipurtargiak bio-aniztasunaren seinale dira naturzaleentzat, eta haien argitxoak gure bazterretatik itzaltzen ari diren neurrian badakigu nola ari garen akabatzen lurreko bizitzarekin. AEBetako Tuftseko Unibertsitateak ikerketa egin du nazioarteko adituak galdekatuz, eta denak bat datoz esatean hiru faktore nagusi eragiten ari direla ipurtargien desagertzea: kutsadura luminikoa, habitat galera eta pestiziden erabilera.

Sara Lewis unibertsitate hartako biologia irakasleak Bioscience aldizkarian azaldu duenez, arrisku handienetakoa habitat galera da, eta munduan dauden 2.000 ipurtargietatik asko desagertuko dira geografikoki zaurgarriak diren tokietan bizi direlako. Adibide bat jarri du: Malasiako mangladiak suntsitu eta palmondoak landatzeak, hango ipurtargi ikusgarri bezain ezagun bat –turismoa erakartzeraino– galtzeko zorian utzi du.

Baina arazoa mundu mailakoa da, eta argi kutsadurak ere zerikusia dauka horrekin. Ikerlarien aburuz, argitasun artifizialak gizaki zein animalien bioerritmo naturalak eteten ditu, baita ipurtargienak ere: “Haien estalketa erritualak hondatzen ditu guztiz”.

LED argien alde iluna

Bikotekidea erakartzeko ere erabiltzen dute bioluminiszentzia ipurtargiek eta argitasun artifizial gehiegi egoteak ez die batere onik egiten. Ikerketak gaur egungo sistema ustez jasangarriagoak zalantzan jarri ditu, zehazki LED argiak. Energia gutxiago sortzen duten arren, argitasun gehiegi ematen dute sarritan: “Dirdiratsuagoa izateak ez du esan nahi hobea denik”.

Hiri eta herri askotan ari dira aldatzen argiak LED sistemara. Bonbilla mota horrekin, amaitu da Eguberrietako argien inguruko eztabaida: Bilbon iazko Gabonetan 1.200.000 milioi LED argi jarri zituzten kaleak apaintzeko. Kaleko arbolak, esferak edo noriak argiztatzeaz gain, urruneko auzoetako etxeetaraino ere iritsi da LED “ekologikoen” urdin kolorea. Ez al da paradoxa ipurtargien argi naturala ordezkatzea korronte elektrikodun diodoekin?

 

 

Eguberritako argiak Bilbon.

 

 

Gauez isurtzen den kutsadura luminikoa %2 handitzen ari da urtero, kaleko bonbilla konbentzionalak LED argiengatik aldatu ahala. Adituak “errebote efektuaz” hitz egiten hasiak dira: udal poltsikoak nabaritzen ez duenez, aurrekontu berarekin argi gehiago jartzen ari gara. Baina ez gara konturatzen argitasunak ere iluntasuna behar duela, ipurtargiek eta guk bezainbeste.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Biodibertsitatea
2025eko abenduaren 4
Lurraldea eta arkitektura
Lurzorua

2025eko azaroaren 19
Igarobide ekologikoak eolikoen mehatxupean:
Utzi izaten, utzi pasatzen

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!