ARGIA.eus

2022ko abuztuaren 14a
Ernairen III. kongresua

"Prozesu independentista eraldatzailearen bidez, askapen prozesua muturreraino eramatea dagokigu"

  • Aurrera begirako erronkak eta asmo politikoak jasotzen dituen Ehotzen ponentzia onartu du Ernaik, boto-emaileen %93ren babesarekin, larunbatean Olatzagutiko kiroldegian egindako III. Kongresuan. 500 bat gazte bildu ditu ekitaldiak. "Gazte mugimendua indartu eta gazte fronte geldiezin bat osatzera goaz, gazte olatu bat", adierazi dute. Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek ere hartu du hitza ekitaldian.

Datozen urteetarako bide-orria findu du gazte antolakundeak. (Argazkia: Ernai)
ARGIA @argia
2022ko ekainaren 27a

"Datozenak ez dira garai errazak izango", adierazi dute Ernaiko kide Txomin Aiartza eta Amaiur Arbek. "Kapitalismo zisheteropatriarkal eta kolonialak eragindako krisi anizkoitza lehertu da jada. Honen fase neoliberala gero eta bortitzagoa da, eta 2008az geroztiko krisiek agertoki berri bat marrazten dute. Kapitala eta bizitzaren arteko talka areagotu eta are bortitzago bihurtzen ari zaigu parean dugun agertokia. Honek gazteria modu partikularrean kolpatzen du: bizitzaren esparru guztien prekarizazioa, bizi eredu zisheterokapitalista eta matxisten hedapena eta etorkizunarekiko espektatiba eza dira gure bizitzen ezaugarri nagusiak; belaunaldi krisia, alegia. Espektatibarik gabe, atomizatuak, bakartuak; eta otzan nahi gaitu kapitalak eta konplize dituen estatuek".

Horren aurrean, "erroko alternatiba bat eskaintzea inoiz baino garrantzitsuagoa" dela uste du gazte erakundeak. "Horregatik Euskal Herri aske, sozialista eta feministaren proiektua berritu eta hainbat borrokarekin aberastu dugu. 60ko hamarkadan belaunaldi oso batek Herri hau ilunpetik atera eta matxinada bat abiatu zuen modu berean, guri dagokigu orain ziklo politiko berri honetara egokitzea eta, prozesu independentista eraldatzailearen bidez, askapen prozesua muturreraino eramatea".

"Argi dugu zertara goazen: gazte mugimendua indartu eta gazte fronte geldiezin bat osatzera goaz, gazte olatu bat", gehitu dute,  "botere hegemonikoak lehiatu, bizi baldintzak hobetu eta bizi ereduak irauliko dituena".

"Ondo dakigu nora goazen eta norekin egin nahi dugun bidea"

Borroka guztien arteko zubiak eraikitzea funtsezkoa dela dio Ernaik, eta herriak behar duela izan ardatza. "Askotan diogu, baina merezi du errepikatzeak: gazte mugimenduetan, gaztetxeetan, lan gatazketan, neska gazte taldeetan, plataformetan, auzo elkarteetan, talde ekologista, sektore zaurgarrienekin borrokan... dago eta egongo da Ernai. Ondo dakigu nora goazen eta norekin egin nahi dugun bidea. Herrian lekututa egongo den prozesu eraldatzaile integral bat ezinezkoa dela esaten dutenen aurrean, gu, gaurdanik, herritik eta herriaren mesedetara egongo den Euskal Errepublika sozialista, feminista eta euskalduna eraikitzera goaz".

Aurrera begira, bi misio aipatu dituzte. "Batetik, askapen mugimenduaren ildo politiko orokorrari dagokion gazte estrategia garatu eta praktikara eraman behar dugu, xedea gazte zapalduon errealitatea iraultzea izanik. Bigarrenik, belaunaldi berriak Ezker Abertzalearen proiektura batzea eta balio zein kultura militantearen transmisioa bermatu behar dugu. Ernaitik dagokigu militante berriak sortzea eta gure Herriaren zein gure mugimenduaren transmisioan kate begi bat gehiago izatea". Halaber, adierazi dute Ernaik duela "prozesu independentista eraldatzailea bultzatzeko ardura".

 

Kanal hauetan artxibatua: Ernai  |  Olatzagutia

Ernai kanaletik interesatuko zaizu...
Ernaiko zazpi gazteri zazpina hilabeteko espetxe zigorra eta 7.000 euroko ordaina ezarri diete

Autoritateari erresistentzia “larria” eta lesio delituak leporatzeaz gain, kalte ordainei eta bakoitzak zazpi hilabeteko espetxe zigorrei egingo diete aurre.


EHUko ikasleen datuak Microsoft-i emango zaizkiola salatu dute Ernaik eta LABek

Performance bateratua egin dute Ernai eta LABek EHUren Bizkaia Aretoaren parean. Euskal Herriko Unibertsitateak ikasleen e-postak Microsoft Office 365era migratu nahi dituela eta horrek ikasleen pribatutasuna kolokan jartzen duela salatu dute besteak beste.


2022-06-23 | ARGIA
Zigor eskaerak mantenduta amaitu da Ernaiko zazpi gazteren aurkako epaiketa

Fiskaltzak urtebete eta urte eta erdi arteko zigorrak eskatzen ditu gazteentzat, eta 20.000 euro isun eta kalte-ordainetan. Epaia aste gutxi barru ezagutuko da.


2022-06-15 | ARGIA
Ernaiko zazpi kide epaitu dituzte, iazko maiatzaren 7ko atxiloketen harira

Iazko maiatzaren 7ko mobilizazioetan zortzi pertsona atxilotu zituen Ertzaintzak; 7 Bilbon eta 1 Gasteizen. Bilboko atxilotuak asteazken goizean pasa dira epailearen aurretik. Ernaik beren aurkako muntaia poliziala salatu du, eta borrokan berresten direla azpimarratu.


Irakurrienak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude