Ernairen aurkako isunak baliogabetu edo nabarmen murriztu ditu auzitegiak

  • Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako epaitegiak baliogabetu edo nabarmen murriztu ditu iazko irailean Bilbon eta Gasteizen egindako protestetan parte hartu zuten 133 gazteri ezarritako isunak, guztira 290.500 eurokoak. Ernaik aurkeztutako helegiteei arrazoia emanez, epaiak Ertzaintzaren jarduna “ez egokia” izan zela ebatzi du, horien egiazkotasun printzipioa mugatu du eta manifestazio eskubidea “garatu eta babestu” du.


2025eko azaroaren 5ean - 11:20
Azken eguneraketa: 12:20
@ernaigazte
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ernairen aurkako 290.500 euroko isunen harira, asteazkenean Bilboko Abando Hotelean prentsaurrekoa eman dute. Maddi Bilbao Hiru Abokatuak bulegoko abokatuak sententziaren azalpena egin du, eta ondoren, Amaiur Egurrola Ernaiko bozeramaileak hartu du hitza, eta salatu du isunen helburua zela "mugimendu sozialen jarduna baldintzatu eta protesta eskubidea murriztea".

Bilbaok jakinarazi du Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako epaitegiak bi sententzia igorri dituela. Horien bitartez, baliogabetu edo nabarmen murriztu ditu 2023ko irailaren 22an, alde batetik, Bilbon eta, bestetik, Gasteizen, Galder Barbadoren eta Aitor Zelaiaren atxiloketa eta espetxeratzea salatzeko mobilizatu ziren gazteei Ertzaintzak ezarritako zigorrak. Denera, 133 gazteri 290.500 euroko isuna jarri zieten.

Jurisdikzioko lau epaitegitatik hiruk dagoeneko aztertu dituzte Ernaik aurkeztutako helegiteak, eta arrazoia eman die lehenengo epaitegiak, hainbat arrazoigatik. Alde batetik, Ertzaintzak jasotakoa “ez zelako gertatu”, bestetik, “legean jasotako betekizunak errespetatu gabe” jarri zituztelako isunak, eta azkenik, isunak ez zirelako “proportziozkoak” izan. Ondorioz, Gasteizko isunak baliogabetu ditu, hiru magistratuen adostasunarekin, eta dirua itzultzeaz gain prozesuan izandako gastuak administrazioak ordaindu beharko dituela ebatzi du. Bestalde, Bilboko gertakarien inguruan epaileak isunak balio minimora jaistea ebatzi du,  2.500 eurotik 601 eurora, “kalte ekonomikoak frogatzerik ez dagoelako”.

Bilbaoren ostean, Amaiur Egurrolak hartu du hitza. Adierazi du isunen helburua zela, Ernai Gazte Antolakundea politikoki eta ekonomikoki itotzeaz gain, aurrekari bat ezartzea: “Euskal Herrian mugimendu sozialen jarduna baldintzatu eta protesta eskubidea murriztea”. Eusko Jaurlaritzaren eta Ertzaintzaren jarrera “antidemokratikoak” salatu ditu, eta Segurtasun Saila interpelatu du, iragan asteetan egindako adierazpenei erreferentzia eginez: “Zupiria, euskal faxistak Arkauten daude!”. Antolakundetik epaia ospatu dute.


Epaiaren garrantzia

Gazte Antolakundetik azpimarratu dute, kasu honetaz harago, epaiak hainbat gai garrantzitsu mahai-gaineratu dituela: “guztiz beharrezkoa den eztabaida juridikoa” egin da, herritarren adierazpen askatasunerako eta manifestazio eskubiderako “garapen eta babesa” ezarri dira, eta, “ohikoa ez den moduan”, Segurtasun Sailaren jarduera “desegokia” izan dela frogatutzat geratu da.

Epaileak ebatzi du kontzentrazioak ez zirela legez kanpokoak izan, nahiz eta legeak eskatzen duen aurretiazko komunikaziorik ez egon. Adierazpen askatasuna eta manifestazio eskubidea zuzenbideak bereziki babesten ditu. Marko honetan, epaiak adierazi du kontzentrazioen helburua “komunikazio soziala” zela, eta beraz, “nahiz eta zilegi ez izan, guztiz legitimoak izan zirela”.

Horrez gain, ebatzi da administrazioak duen zehazteko ahalmena “ez dela mugagabea, kontrolpean dagoela, eta kasu honetan, Ertzaintzari dagokiola egiazkotzat hartzen diren gertaerak frogatzea”. Ernaitik gaineratu dute “ez dutela halakorik egin, eta beraz, inor ez dago errugabea dela frogatzera behartuta”, nahiz eta horrela egin behar izan eta lortu duten. Modu honetan, administrazioak duen egiazkotasun presuntzioa mugatu du epaiak. Bilboko gertakarien sententzian, Ertzaintzaren errelatoa babesten duten frogarik ezean, ez dago egun hartan eragin ziren kalte ekonomiko kuantifikaturik, beraz, zigorra balio minimora jaitsi du epaileak, 2.500 eurotik 601era.

Bestalde, Bilbaok azpimarratu du guztiz posible dela isunen borondatezko ordainketa egin eta gero epaitegietan zigorra ezbaian jartzea, ordainketa horrek ez dakarrelako “inondik inora ere erruduntasunaren aitorpen bat”.


Kronologia

2023an Audentzia Nazionalak Aitor Zelaia eta Galder Barbado militante independentisten aurka lau urteko espetxe-zigorra, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta hamar urteko inhabilitazioa  agindu zituen. "Material lehergarriak" zituen bidoi bat "helburu terroristekin" gordetzea egotzi zieten.

Espetxeratze agindua salatzeko mobilizazioak egin ziren Bilbon eta Gasteizen 2023ko irailaren 22an. Bilbon Espainiako Gobernuak duen ordezkariordetzaren erakinean eta Gasteizko Ertzaintzaren komisarian kateatu ziren hainbat militante, eta trafikoa moztu zuten. Tentsio uneak bizi ziren eta Polizia ekintzaileen aurka oldartu zen.  Bost pertsona atxilotu zituzten.

2024ko maiatzean bi ekimenetan identifikatutako 133 kideei Segurtasun Sailak, mozal legea aplikatuta, 290.500 euroko isuna jarri zien. Ordura arte jasandako “erasorik larriena” zela adierazi zuten Ernaitik, eta zigorren helburua “antolakundearen jardun politikoa hipotekatzea eta proiektuarekin aurrera ezin egitea” zela salatu zuten.

Zigorrei aurre egiteko asmoz, Ernaik administrazioarekiko auzietako epaitegian helegiteak aurkeztu zituen, Segurtasun Sailaren “desproportzionaltasuna eta arbitrariotasuna” salatzeko. Helegiteak arrakasta izan zuen, eta iazko abenduan Gasteizko Auzitegiko laugarren aretoak ebatzi zuen Gasteizko isunak bertan behera uztea, eta Bilboko isun batzuk 2.500 eurotik 1.800era murriztea, "gehiegikeria" egon zela argudiatuta.

Orain, Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako 1 zenbakiko Epaitegiak berriro eman du ebazpena ezker abertzaleko erakundearen alde.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ernai
Eguneraketa berriak daude