Abenduaren 3an, Euskararen Egunean, Ernaik ekintza egin du Donostiako epaitegiaren atarian. Euskararen aurkako oldarraldia salatu eta "euskarak independentzia behar" duela aldarrikatu dute. Ertzaintzak 9 kide identifikatu ditu.
Asteazken goizean Ernai gazte antolakunde abertzaleak ekintza egin du Donostiako epaitegiaren atarian, "euskararen aurkako oldarraldi judiziala" salatu eta “euskarak independentzia behar duela aldarrikatzeko”. Sare sozialetan salatu dutenez, “hizkuntzaren gaineko oldarraldi politiko eta judiziala bizi dugu, eta euskararen aurkako epai zein erasoak etengabeak dira”. Ekintzaileek eraikineko sarrera oztopatu eta pintura bota dute eraikinaren aurka. Horrez gain, hainbat afixa erakutsi dituzte: “Euskararen alde oldartu gaitezen” edota “Euskarak independentzia” aldarriekin.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintza ekintzaren lekuan azaldu da jakinarazi gabeko elkarretaratzea zelako, eta ekintzaileek eraikinerako sarrera oztopatu eta pintura bota dutelako eraikinaren aurka. Bertan, bederatzi kide identifikatu, eta “desordena publikoak” egotzita ikertuko dituzte. Naiz-en arabera, Ertzaintzak hamar pertsona identifikatu ditu guztira; bederatziri eginbideak ireki dizkiete desordena publikoen eta kalteen delituengatik ikertu gisa, eta hamargarrena Mozal Legea urratzeagatik salatu du Ertzaintzak: “Ertzaintzaren lana oztopatzeagatik”.