Aste Santuan Berriozarren egindako topaketetatik egun gutxira bildu gara Gasteizko Sorturen bulegoan. Hango kontuez jardun dugu apur bat, baina batez ere gaur egun euskal gizartean dantzan diren gaiez aritu gara, Ernaik horien gainean duen iritzian sakontzeko asmotan. Amaiur Egurrolak (Aretxabaleta, 2001) pedagogia ikasketak egin ditu eta 2023ko maiatzetik da Ernaiko bozeramaile.
Berriozarren Euskal Herriaren independentzia aldarrikatu duzue jo eta su, baina ez dakit ba independentziaren aldarrikapenak edo autodeterminazioarenak, estatutu berriarenak... indar handirik dutenik ezker abertzalearen egunerokotasunean.
Nik uste dut naziotasuna gure egunerokoaren erdigunean dagoela. Naziotasuna ezker independentistaren izatearen arrazoi nagusia da gaur egun ere. Gazte moduan, lekuko hori hartzeko eta hedatzeko ardura dugu. Herri moduan gure buruaren jabe izan eta erabaki nahi dugu, baina independentzia ere bada estrategia bat herri moduan eskumen gehiago izateko.
“Guk” esaten duzunean, ezker independentistaren beste erakundeez ere ari zarela pentsatzen dut.
Dagoen lekutik erakunde bakoitzak bere funtzioak betetzen ditu, eta gure funtzioa da Euskal Herriko gazteengana iristea eta gai horiei bide ematea askapen prozesuaren barruan.
Baldintzarik ez zegoela eta, azkenean, Berriozarren Aste Santuan bertan behera utzi zenuten preso politikoei buruzko ekitaldia. Zergatik egin nahi zenuten saioa? Zer adierazi nahi zenuten?
Memoria ariketa bat egin nahi genuen, gatazkaren memoria osoa azaleratu behar baita. Batetik, presoen izaera politikoaz hitz egin nahi genuen; eta bestetik, gatazka politikoaren muinean dauden arrazoien inguruan. Urte luze hauetan bi eskubide ukatu zaizkigu herri moduan: nazio izaeraren aitortza eta autodeterminazioa. Horrez gain, gatazkaren konponbidean gauden honetan, presoen etxeratzearen garrantzia ere mahai gainean jarri nahi genuen.
Aurretik egindako prentsaurrekoan eta topagunean bertan azaldu bezala, hitzaldia eta ekitaldia publiko egin genituenean, Coviteren, UPNren eta PPren bultzadarekin auzitegietatik jarri ziren baldintzekin, ulertzen dugu de facto debekatu egin zela. Ekitaldia topaguneko lehen egunean zen, eta poliziaz betetako baldintza horietan, gu kriminalizatzen saiatu ziren. Egin izan bagenu, hurrengo egunak baldintzatzeko arrisku handia zegoen. Horregatik esan genuen ez zegoela baldintzarik egiteko, egitasmoa bera aurrera eramateko inongo berme gabe uzten gintuelako.
Zure ustez, euskal gizartean hitz egiten da behar beste presoen gaiaz zuk azaldu duzun ikuspegitik?
Uste dut ezetz. Alde askotatik saiatzen dira kontakizun partzialak osatzen eta inposatzen, eta azken asteetan gurekin gertatutakoa horren adierazle da.
Ernai 2013an sortu zen, ETAk jarduera armatua utzi eta bi urtera. Haurra zinenean ETA eta euskal gatazka gori-gori ziren, gaur egun hori iragana da, nahiz eta arrastoak geratzen diren. Nola bizi duzu zuk garai hura?
Gure belaunaldiak ez zuen garai hura bizi izan, eta Ernai sortu zenean ezker abertzalea estrategia aldaketan bete-betean murgilduta zegoen. Gure belaunaldiak gatazkatik geratu diren ondorioak bizi izan ditu, baina hura sortu zuten oinarrizko arazoak –nazio izaeraren aitortza eta autodeterminazioa–, gaur egun ere hor dira. Beraz, herri moduan oraindik gatazkaren konponbidearen ariketa osoa egin behar dugu. Horrez gain, gaur egun une politiko berri baten aurrean egon gaitezke nazio aitortza eta erabaki eskubideari dagokienez, eta gazte moduan, horiei heltzea dagokigu.
Zergatik diozu nazio aitortzan eta erabaki eskubidean beste fase baten aurrean egon gaitezkeela? Non dira horren zantzuak?
Batetik, estatus berriaren eztabaidak ireki dira, eta bestetik, bada gehiengo sozial handi bat helburu horiekin bat egiten duena. Hauteskundeetan argi ikus dezakegu hori, baina baita mobilizazio sozialean ere, horren adibide da Gure Eskuk ekainaren 7rako Bilbon antolatu duen mobilizazio soziala. Nazio bulkada berpizten ari da eta gazteoi dagokigu esparru horretan jauzi bat ematea.
Tira, inkestak inkesta dira, baina horien arabera independentismoarekiko sostengua azken hamarkadetako unerik ahulenean dago.
Ikusi behar da galdera horiek nola egiten diren. Edonola gizartearen zati handi batek aitortzen du Euskal Herriaren nazio izaera hori. Azken urteetako mobilizazio sozialetan ikusi da hori, adibidez joan den urteko greba feminista orokorrean: herri akordio zabal bat lortu zen Euskal Herriko hainbat eragile sozialen artean euskal zaintza sistema oinarri hartuta. Gutxieneko soldatarekin ere antzeko zerbait gertatzen ari da: EAEn dagoeneko bada ekimen legegile bat eta Nafarroan ere eztabaida irekitzen ari da. Hortaz, eztabaida horiek ez lirateke posible euskal jendartean ez balitz nazioarekiko atxikimendurik egongo, eta sentituko ez balitz Euskal Herrian herria beste termino batzuetan eraiki ahal denik.
Naziotasunarekiko herritar askoren atxikimendua badagoela bistan da, baina ahula edo indartsua da?
Esango nuke badagoela eta areagotzen ari dela, aurretik azaldu dudan horixe da adibidea.
"Ez dut uste gazteok duela 20 urte baino matxistagoak garenik. Izan ere, gure belaunaldia feminismotik politizatu da, eta horregatik inoizko belaunaldi feministena garela uste dut"
300.000 euroko isunei egin behar izan diete aurre Ernaiko 133 gaztek kalean protestak antolatzeagatik. Nola dago auzi hori?
Isunak pertsona bakoitzari eragiten dio, eta beraz, helegiteak banaka aurkeztu behar izan dira. Une honetan helegite horiek Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian daude. Epaiketa bat izan genuen eta behin-behineko emaitza heldu zen: horren arabera, Gasteizen izandako ekimenean ez zegoen desordena publikorik eta Bilboko kasuan ez zen desordena publiko larririk egon. Beraz, Gasteizko kasuan isunak bertan behera geratu ziren –hamabi bat ziren– eta Bilbokoan isunen kopurua jaitsi zen. Epai hori oraindik ez da finkoa, baina bide hori baieztatzen bada, uste dugu gainerako auzietarako aurrekaria izan beharko lukeela. Bere unean esan genuen, isun hauekin Segurtasun Sailak Ernairen aurkako operazio bat abiarazi zuela, eta epai honek adierazten du hori horrela izan zela.
Etxebizitzaren eskasia eta garestitzea arazo handiak dira, bereziki gazteentzat: etxe gehiago egin behar dira? Daudenak hobeto banatu?
Etxebizitzak egon badaude, baina etxebizitza negozioa da gaur egun eta harekin espekulatu egiten da. Etxebizitza eskubidea da, baina gazteok ez dugu bermatuta etxebizitza duinerako sarbiderik; eta eskubidea bada, politika publikoen bitartez bermatu beharko litzateke. Kapitalismoak, dena den, dena negozio bihurtzen du eta hori ere bai. Beraz, politika publikoak egin behar dira horri aurre egiteko, negozio hori mugatzeko eta pertsona ororentzako etxebizitza bermatzeko.
Nolabait esateko, gazteok ezin dugu gurasoen etxetik joan 35 urte arte eta horrek baldintzatzen digu gure gaitasun psikosozialak aurrera eramatea, horrek zentzu askotan mugatzen gaitu. Hala ere, etxebizitzarena ez da gazteok bakarrik daukagun arazoa.
Gizartean, oro har, arrazakeria eta matxismoa handitzen ari direla diote ikerketek. Zuek sumatzen duzue halakorik gazteen artean?
Azkenaldian inkesta ugari atera dira eta zabaldu dute gazteok matxistagoak garela, arrazistagoak... Nagusien begirada kontuan hartuta, badirudi gazteok gorakada horien errudunak garela. Ez dut uste gazteok duela 20 urte baino matxistagoak garenik. Izan ere, gure belaunaldia feminismotik politizatu da, eta horregatik inoizko belaunaldi feministena garela uste dut. Balio erreakzionario batzuk denean ari dira hedatzen, Europan ere ikusten dugu hori, baina uste dut hori Euskal Herrian ez dela horren indartsua. Hala ere, gerta liteke feminismoaren ondorioz muga batzuk jarri direla eta sektore batzuetan horiei balio atzerakoiekin aurre egiten aritzea. Euskal Herrian gure agenda propioa indartzea dagokigu, zentzu komun feminista lehiatu ahal izateko, eta horretan gazteok zeresana dugu, gure egitekoa da.
Feminismoa aipatu duzula, azken urteetan garai nahasiak bizi dira feminismoaren barruan ere. Zuei eragin dizue horrek?
Euskal Herriko mugimendu feminista beti izan da eremu anitza eta gaur egun ere horrela da. Aniztasun horrek ekartzen du gatazka eta eztabaida batzuk egotea, baina hori aberasgarria da eta ez dut uste bestelako arazorik dagoenik.
Ez dira garai onenak militantziarako. Duela bi urte zuek ere ARGIAn egindako elkarrizketa batean “militantzia likidoaz” hitz egiten zenuten. Nola dago zuen militantzia kopuruz eta animoz?
Hedapen prozesu batean gaude eta Ernai indartzen ari da. Berriozarko Topagunea horren adierazle izan da, edo Donostian egin genuen mobilizazio jendetsua, Tafallakoa... eta Independentziara kanpaina 75 herrietara eraman dugu, herriz herri Independentziara egunak antolatuta. Jendartea da likidoa, gero eta ziurtasun gutxiago ditu, egun batetik bestera gauzak erabat aldatzen dira, fenomeno berriak ateratzen dira eta horrek, oro har, zailtzen du jendeak helduleku finkoak izatea. Hala ere, jendeak militatu nahi du eta Ernaik, edo militantzia politikoa aurrera eraman nahi duen edonork, asmatu beharko du militantzia nola egokitu garai likido hauetara.
"Esan genuen, isun hauekin Segurtasun Sailak Ernairen aurkako operazio bat abiarazi zuela, eta epai honek adierazten du hori horrela izan zela"
Gurutze frankisten eraistea aldarrikatu izan du Ernaik. Zu Aretxabaletakoa zara, eta handik gertu dago Udalatx mendia. Aurten hango gurutzea eraitsi dute. Horrek eztabaida handia sortu du Arrasaten eta bailara osoan. Nola ikusi duzu gertatutakoa?
Gurutze frankistek bazuten izaera faxista bat, baina Ernaik ez dauka Arrasaten gertatutakoaz irakurketa zehatz bat, hori beste parametro batzuetan gertatu da: batzuentzat kristautasunarekin lotutako ikur bat zen, beste batzuentzat mendian hildako pertsonen omenez jarritako gurutzea... baina nik ez dut posizionamendu bat horretan.
Energia berriztagarrien eremuan ere eztabaida handia dago gaur egun Euskal Herrian, bereziki eolikoaren eta fotovoltaikoaren bueltan. Nola bizi duzue eztabaida?
Hasteko, ni ez naiz inongo aditua, eta ez dakit esaten zer tresna eta non behar ditugun. Hori adituei utziko diet, baina trantsizio ekosozialaz hitz egiterakoan, eta hori justua izatea nahi badugu, pentsatu behar dugu nola egiten den eta onuraduna nor den. Euskal Herrian burujabetza energetikoa behar dugu eta energia hori herritarren zerbitzura jarri. Askotan hitz egiten da desazkundeaz, eta argi dugu energia gutxiagorekin bizi beharko dugula. Adibidez, oporretan Maldivetara joatea jasangarria da edo Euskal Herrian geratu behar dugu? Horrek badakar aldaketa kultural handi bat, eta eztabaida sakona behar dugu gure kontsumo moldeak aldatzeko.
Hasi dira festak herrietan, Mugimendu Sozialista eta ezker abertzalearen arteko arazoak, tentsioa auzo eta herritan... Nola aurreikusten duzue arazo hori aurten?
Garrantzitsua da gaia kokatzea eta jakitea zer gertatzen den. Zer dira jai herrikoiak? Hausnarketa hor dago. Gure ustez, jai herrikoiak herria egiteko espazio bat dira, eta jai herrikoietan lehen lerroan dagoen agentea herri mugimendua da. Ernaik urte luzetan egin du bat molde horrekin. Jai herrikoietan gatazka badago, herri mugimenduarekin izango da, baina ez dut uste Ernairen eta GKSren artean modu zuzen batean gatazkarik egon denik jai herrikoien eremuan.
Bistan da gazteen artean lehia handia dagoela Ernairen eta GKSren artean. Arazo ugari, baina, berberak dira gazteentzat: etxebizitza, lan baldintzak eta prekarietatea... ikusten duzu elkar lanerako espaziorik edo hori ezinezkoa da bakoitzak duen ikuspegiarekin?
Hemen bi proiektu politiko eta bi helburu desberdin daude. Hori ez da ezer berria. Gure proiektua da Euskal Herria aske, sozialista eta feminista eskuratzea. Gu nazio askapen mugimendua gara eta, beraz, gure helburu nagusia Euskal Herriaren askapen prozesua aurrera eramatea da, eta ulertzen dugu hori balio desberdinekin loturan egingo dela, ezker abertzaleak urteetan egin duen moduan. Horrek guztiak egiten gaitu desberdin.
Ostegunetik igandera bitarte egindako topagunean 3.000 lagunetik gora bildu dituela esan du Ernaik. Larunbat iluntzean egin dute jardunaldietako ekitaldi politiko nagusia, gazte antolakundeko bozeramaile Amaiur Egurrolak hitza hartuta. Aberri Egunaren harira EH Bilduk... [+]
Adierazpen askatasuna aldarrikatzeko eta "eskuin erreakzionarioaren ofentsibari aurre egiteko" batuko dira. Egun horretarako Euskal Preso Politikoen alde antolatua zuten hitzaldia eta ekitaldia salatu du UPNk, eta hura zelatatzeko agindu du Espainiako Audientzia... [+]
UPNk jarritako salaketa bati erantzunez hartu du erabakia auzitegiak. Apirilaren 17an gazte topagunearen baitan Berriozarren antolatutako "Kurdistan eta Euskal Herriko preso politikoen" aldeko ekitaldia da UPNk bertan behera utzi nahi izan duena "terrorismoaren... [+]
Berriozarren (Nafarroa) egingo da Gazteon eskutik lelopean, antolakundearen ustez gero eta gazte gehiagok egiten dutelako bat independentziaren aldeko borrokarekin. Topagunea "ekimen soil bat" baino gehiago dela aldarrikatu dute: "Euskal Herriko txoko... [+]
“Independentziara egin beharreko bideaz” hausnartzea da helburu nagusia. Apirilaren 20an, Aberri Egunarekin batera, Berriozarren ospatuko duten Gazteon Eskutik jardunaldia izango dute azken geltoki.
Gasteizko Auzitegiko laugarren aretoak ebatzi du Gasteizko isunak bertan behera uztea, eta Bilboko isun batzuk 2.500 eurotik 1.800era murriztea, "gehiegikeria" egon zela argudiatuta. Ernairen arabera, Segurtasun Sailak "arbitrariotasunez" eta... [+]
Isunak baliogabetzeko helegitea jarri zuten Ernaiko gazteek eta arrazoi eman die epaileak. Naiz-ek eman du epaiaren berri eta ostegun honetan 10:30ean eginen du prentsaurrekoa Ernaik, zehaztapen guztiak plazaratzeko.
Epaiketa prozesua abiatu du ostegun honetan gazte antolakundeak. 2023an egindako bi ekimenen ondorioz 290.500 euroko zigor ekonomikoa jarri dio Eusko Jaurlaritzak. Ekonomikoki "ito eta desagerrarazteko" mekanismoa dela salatu du Ernaik.
Apirilean Jaurlaritzako Segurtasun Sailak gazte antolakundeko 133 kideri jarritako isunen harira manifestua aurkeztu du Ernaik. Euskal Herriko 32 eragile sozial, sindikatu eta alderdi politikok egin dute bat idatziarekin. Isunek antolakundea “itoarazi eta politikoki... [+]
"Espainolismoa goratzen duen sinbolorik" ez dutela nahi adierazi dute antolakundeko kideek. Euskal Herri antifaxista aldarrikatzeko ekintza izan da Nafarroan gelditzen zen azkenengo zezena botatzea, ekintza zuzenaren bideoa zabaltzearekin batera.
“Españolismoaren eta faxismoaren normalizazioan” Hispanitatearen egunak jokatzen duen papera salatzeko urriaren 12an Tafallan mobilizatuko da Ernai. “Gu, Nafarroako etorkizuna gara, haiek, aldiz, iragana. Faxismoak herri honetan lekurik ez duela argi... [+]
Amaiur Egurrola Ernairen bozeramaileak azaldu du Ernairen aurkako operazioari erantzuteko bildu direla, “baina batez ere gazteria independentista kalean dagoela esateko”. Eusko Jaurlaritzak ia 300.000 euroko isuna ezarri die Ernaiko 133 kideri, Aitor Zelaia eta... [+]
Ernai Gazte Antolakundeko 133 kideri isunak jarri dizkiete, Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren espetxeratzearen aurka mobilizatzeagatik. 290.500 euro dira guztira, eta diru bilketa bat jarri dute martxan, herriak ere ekarpenen bat egin dezan. Ibone Alonso eta Aizpea Uranga... [+]
"Ernai ekonomikoki itotzen eta politikoki deuseztatzen" saiatzea leporatu dio gazte antolakundeak Jaurlaritzari ostegun goizean Bilbon egindako agerraldi jendetsuan. Jakinarazi dutenez, Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren espetxeratze agindua salatzeko Bilbon eta... [+]