Nafarroako Sarrigurengo hiritarren artean eztabaida piztu da karriketan kokatu berri dituzten edukiontzi batzuk direla kausa. 18 banatu dituzte guztira. Edukiontzien azal berdean itsatsita dagoen pegatina handi batean zera irakurri daiteke: "Garapen Lankidetzarako arropa erabilia". Itxuraz, arropak birziklatzen dituen Gobernuz Kanpoko Erakunde batenak dira.
Beste pegatina batean, bigarren eskuko arropei ematen dizkieten erabilerak irakurri daitezke. Arropak dendetan saltzen dituzte, birziklatu, Afrikara bidali edota zabortegira bota. "Modu honetan -azaltzen dute pegatinan- Afrika, Hego Amerika eta Asian proiektuak aurrera ateratzeko dirua lortzen dugu".
Sarriguren ez da Humanaren edukiontziak karriketan hartzen dituen lehenengo hirigunea, eta Nafarroan alderdi politiko ezberdinek zuzendutako herri eta hirietan barreiatuta aurki ditzakegu. Estatuan 5.000 edukiontzi baino gehiago ei dituzte. Edukiontzi berdeetan idatzia ageri den helbide bati erreparatu diogu: www.humana-spain.org.
Webgunean sartu, eta datu bat egiten zaigu deigarrien. Arropak birziklatuz pilatzen duten diruaren ehuneko hogeia besterik ez dute kooperazio proiektuetara zuzentzen. Berriki, Humanak jakinarazi du urtarrilaren hasieratik Sarrigurenen 1.855 kilo arropa jaso dituztela. Hortaz, beraiek emaniko datuak benetakoak badira, 371 kilo dira garapen lankidetzarako erabiliko dituztenak.
Hain kaskarra ote da erabilitako arropen negozioa? Hain etekin eskasak ematen al ditu? Ez dago interneten sobera arakatu beharrik Humana elkartearen atzetik dauden susmo arraroak azaleratuz joan daitezen. Webgune askotan Humana elkartea Tvind sekta daniarrarekin uztartzen dute, eta arropen negozioarekin bere nagusiek dirua paradisu fiskaletan ezkutatu eta aberasten ari direla gaitzetsi egiten da.
Tvind sekta
Ander F. izeneko gaztea Sarrigurenen bizi da, eta Humana elkartea gainetik ezagutzen du. Orain 10 urte, El Pais egunkarian, Mozambiken eta Afrikako beste zenbait lekutan Ihesaren kontrako borrokan laguntzeko boluntario bila zebilen talde baten iragarkia irakurri zuen. Ikasketak amaitu berriak zituenez, eta kanpoaldean laguntza proiekturen batean aritzeko borondatea zuenez, deitu zuen. Telefonoaren bestaldetik ingelesez iragarri ziotenaren arabera, Danimarkan denboraldi bat eman beharko zuen Afrikara joan aitzin, eta taldeko arropa denda batean lan egin beharko zuen ere. Lehenengo harreman honen ondotik, behin eta berriro, telefonoz deika hasi zitzaizkion. Anderri susmagarria egin zitzaion Humana izeneko talde honen jokabidea. Zer zela-eta halako interesa horrelako proiektuetan jantzia ez zegoen gazte baten parte-hartzea lortzeko?
Anderrek interneten arakatzeari ekin zion, eta, halaxe, Humana taldea Tvind sektarekin zituen erlazioen berri jaso zuen. Badaezpada, Mozambikera joateko planak atzean utzi zituen.
Tvind sekta Danimarkan sortu zen 70garren hamarkadan, Amdi Petersen izeneko irakasle baten eskutik. Ez da sekta erlijiosoa, baina sekta baten ezaugarri berdintsuak ditu. Petersenek gazteak Hirugarren Mundura bidaltzen zituen, hango arazoen berri izan zezaten. Gazteek Tvindeko eskoletan jasotzen zuten formazioa atzerrira joan baino lehen. 1977an UFF izeneko elkarte bat sortu zuen, Hirugarren Mundura arropak eramaten zituena, eta egungo Humanaren sustrai omen dena.
80. hamarkadaren hasieran, Petersenek erabiltzen zituen metodoen kontrako lehenengo salaketak heldu ziren eta, hori dela eta, klandestinitatera jo zuen. 22 urte eman zituen ezkutatuta, Jyllands-Posten egunkariak (Mahomaren karikaturak argitaratu zituen egunkari berak) Miamiko Fisher Islanden 800 metroko luxuzko etxe bat zuela estalgabetu zuen arte. 2002an poliziak Los Angeles-eko aireportuan atxilotu zuen, Danimarkan zerga-ordainketak saihesteagatik eta fondoak bidegabe erabiltzeagatik salaketa bat zuelakoz. Epaitegiak lau urte geroago absolbitu, eta Petersenek berriz ezkutatzea deliberatu zuen. 2013an Aarhuseko (Danimarka) Epaitegi Gorenak ihesi dauden Petersen eta bere lau kideri espetxe zigorra ezarri zien, milioika dolar bidegabe ateratzeagatik.
Ikerketa guztien arabera, Tvind sektako buruzagiak Mexikon edo Zinbabwen babesturik daude, Danimarkarekin estradizio itunik ez duten herrialdeetan. Mexikoko Baja Kalifornian ikusia izan da Tvindeko sortzailea. Hantxe, San Jose de las Pulgas-en, segurtasun neurri handiko gune batean, Tvindek bere egoitzetako bat dauka (beheko argazkian).
Humanak salaketa hauek ukatzen ditu, eta erakunde honek eta Tvind-eko eskolek harremanik ez dutela argitzen du. 'Jatorri bera dute -azaltzen dute- baina elkarte ezberdinak dira. Gure nazioarteko proiektuetan kolaboratzen duten boluntario batzuek Danimarkako eskola hauetan jasotzen dute formazioa'. Espainiako Estatuko Humanako lehendakaria Steen Conradsen daniarra da.
Salaketak
Humanak Espainiako Estatuko hiri batzuetan arropak jasotzeko kontzesioa dauka, Madrilen edo Vigon kasu. Beste zenbait hiritan, aldiz, bertan lan egitea galarazi diete, besteak beste 'aberasteko xedea' izateagatik. Hauek dira, adibidez, Valentzia, Zamora, Alcala de Henares edo Leongo kasuak. Valentzian edukiontzi andana zegoela-eta, pasa den urteko maiatzean udaletxeak arropen negozioarekin lan egiten zuten elkarteei etekinak 'helburu sozialetarako' maneiatzen zituztela frogatzeko eskatu zien. Humanak eman zituen arrazoiak ez ziren nahikoak izan, eta udaletxeak bere edukiontziak kentzea erabaki zuen.
Nazioartean ere sona handikoak izan dira erakunde honen aurkako salaketak. 1993an The Guardian egunkariak frogatu zuen Humanak arropekin eskuratzen zuen diruaren %10 baino gutxiago erabiltzen zuela karitate obretarako. Salaketa honek, eta The Observer egunkariak gerora eginen zuenak, Erresuma Batuko Karitate Batzordearen ikerketa bati bide eman zioten. Humanak arropak jaso eta birziklatzen zituen plantak bisitatu zituzten, bigarren eskuko jantzi dendak, bi eskola eta Zambian burutzen ari ziren proiektu bat. Ikerketa honen ondorioak ez ziren argitara eman, baina Humana irabazi-asmorik gabeko elkartetik bota zuten, 'finantza irregulartasun larriengatik'.
Bere burua defendatzeko, eta bere egitekoa ganoraz egiten dutela erakusteko, Humanak dio elkartearen diru-kontuak euren webgunean agerian daudela, eta Lealtad Fundazioak ikuskatuak izan direla. Lealtad Fundazioa "GKE-en gaineko informazio independente, objektibo eta homogeneoa" eskaintzen duen erakunde bat da. Fundazio honek 2009tik 2011ra Humanari egin zion azterketa irakurtzeko beta izan dugu, eta egiazki oso jarraipen zorrotza da elkarte honi egiten diotena. Fundazioak aztertzen dituen 9 printzipioetatik Humanak 4 betetzen ditu bakarrik. Datu hauen aurrean, Humanak zehazten du auditoriak 47 azpi-printzipio dituela, eta 6tan huts egiten dutela soilik. Gakoa da sei "azpi-printzipio" horiek funtsezkoak direla Gobernuz Kanpoko Erakunde baten funtzionamendu zuzena aztertzeko orduan.
Lealtad Fundazioaren aburuz, Humanak ez du bere helburu soziala behar bezala definitzen. Humanaren egitekorik garrantzitsuenak arropen bilketa eta salmenta dira, eta "Garapen proiektuetara gastuaren %17,5 bideratzen dute bakarrik". Hortaz, ez da egia lortzen duten diruaren zatirik handiena aipatu proiektuetarako erabiltzen dutenik. Eta ez hori bakarrik, proiektu hauen gastuen %80 erakundeetatik jasotzen dituzten diru laguntzekin finantzatzen dituzte. Salaketa gogor honen aurrean, eta helburu sozialak dituztela erakustearren, Humanak arropen birziklapenarekin ingurugiroa babesten dutela argudiatzen du, eta arropen tratamendua ere portzentaje horri gehitu beharko litzaiokeela.
Txostenean ere Humanaren komunikazio materiala aztertzen dute, eta elkartearen helburuak ez direla argitasunez azaltzen leporatzen diote: "Humanaren euskarri guztietan, erabilitako arroparen kudeaketarekin lortzen dituzten etekinak nazioarteko kooperaziorako erabiltzen direla komunikatzen da", eta "aktibitate honetara eskuratzen dituzten 10 eurotatik 1'75 joaten dira soilik".
Auditoriak ere salatzen du "ez dagoela garbi zein den erakunde honen jatorria, eta zein berarekin lotutako elkarteekin duen harremana". Humanak horrela erantzuten dio fundazioaren oharrari: "Ez dugu gure elkartearen jatorria zehatz-mehatz komunikatzen, ezta ere gurekin lotutako elkarteekin ditugun harremanak, ez baita garrantzizkoa".
Sahara hegoaldeko gizonak, emakumeak eta adin txikikoak zeuden txalupan. Merkataritza ontzi batek jitoan zebilen txalupa ikusi, soka bat lotu, eta laguntza eskatu zuen.
Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]
Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]
Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]
Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.
Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.
Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.
Kai Nakai, Maren eta Olatz Salvadorren kontzertua bertan behera utzi zuen Bilboko Udalak joan den igandean. Hiru musikariek azaldu dute gertatutakoa.
Euskararen biziberritzeari buruz asko hitz egiten ari azken urteetan eta horren inguruan ari da lanean Euskaltzaindiko talde bat. Talde horretan dago Jon Sarasua ere eta galdetu diogu zeregina zertan den. Galdetu diogu, halaber, udaberrian idatzi zuen Puprilusoko artikulu... [+]
Polizia jarduera arrazistak dira araua Bilbon. Manteroei salgaiak konfiskatzen dizkiete, dirua eta objektu pertsonalak kentzen dizkiete, tratu txarrak ematen dizkiete eta mespretxatu egiten dituzte, indarkeriazko murrizketekin, identifikazioekin eta atxiloketekin.
AEBko Zientzia Fundazioaren Antartikako Programak (USAP) jakitera eman duenez, Antartikako ikerketa-baseetan 2022-2024an egin duten galdeketan, parte-hartzaileen % 41k adierazi du sexu-erasoa edo sexu-jazarpena jasan duela.
50 maliar inguru ari dira kalean bizitzen Gasteizen beren asilo eskaeren ebazpenaren zain. Eusko Jaurlaritzak Oñati eta Tolosako harrera zentroetara mugituko ditu Espainiako Gobernuaren pasibotasunaren aurrean, horren eskumena baita eskaerak ebaztea eta ostatu alternatiba... [+]
Ibilaldiaren helburuak dira, alde batetik, Euskal Herrian kausa palestinarra babesteko sarea ikusaraztea eta aktibatzea, eta, bestetik, sionismoarekin kolaboratzen duten enpresa eta erakundeak salatzea, hala nola CAF, Teva, Carrefour, Zara eta Bardeako tiro poligonoa. Euskal... [+]
Bilboko Udaltzaingoak kale saltzaileak Bilboko Gas plazatik kanporatu ditu, bertan bizi baitira kale egoeran Aste Nagusian salmentak handitzeko asmoarekin. Bilboko Konpartsek eraso arrazisten kontrako protokoloa aktibatu, eta elkarretaratzea egin dute.
85 urteko gizonak bere emaztea hil zuen uztailean, eta Poliziaren ikerketaren ondoren behin-behineko espetxealdian zegoen. Orain, Nafarroako Auzitegiko Bigarren Atalak esan du gizonak "ageriko narriadura kognitiboa" daukala eta "zaurgarria" dela.