Horma margotuak biltzen eta ikertzen aritu da Arrasateko ikerlari bat 2011tik hona

  • Josune Murgoitio ikertzailea Arrasateko eta Euskal Herriko hormetako pintaketak batzen aritu da 2011a ezkero. Horien esanahia eta erabilera sinbolikoa aztertu ditu, eta horri buruzko erakusketa jarriko du Kulturaten otsailaren 28tik martxoaren 24ra

Goiena @goiena
2018ko otsailaren 23a
Arrasaten \"Mozal Ordenantza\" salatzeko egindako muraletako bat

Josune Murgoitio ikertzaile, kazetari eta idazle arrasatearrak 2016an Colores prohibidos lehen nobela kaleratu zuen, eta orain, Margotutako hormak liburuari forma ematen dabil. Azken obra horretan, Arrasateko eta Euskal Herriko paretetan ageri diren pintaketak dira protagonista, eta horiek ikusi ahalko dira datorren asteazkenean zabalduko den erakusketan. Murgoitioren arabera, ikuspegi antropologikoa du lanak. "Erakusketa hau ikerketa zientifiko batetik dator. Gizarte-antropologia ikuspegia du, baina baita memoria, bake eta giza eskubide ikuspegia ere".

Erakundeen babesa

Erakusketa antolatzeko, Geuz elkartearen laguntza izan du, Gizartea Eraldatzeko Unibertsitate Zentroarena. Baina Murgoitiok azaldu duenez, beste eragile batzuen babesa ere jaso du. "Hasiera batean, Gogora institutuarekin jarri nintzen harremanetan. Ostean, Gipuzkoako Foru Aldundira jo nuen, eta Olatu Talka programaren barruan babesa eman zidaten. Horrez gain, Geuz elkartearen bitartez, Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso nuen, eta, azkenik, baita Arrasateko Udalarena ere. Otsailaren 28an 18:00etan egingo da irekiera ekitaldia Kulturaten, eta bertan, proiektua babestu duten erakundeetako ordezkariak izango dira.

Erakusketa, eta ostean liburua

Libururako batutako argazkiekin osatuko du erakusketa, baina oraindik ez du argitaratu. Irailean plazaratzea da asmoa, eta ostean, Durangoko Azokara eramango du. Honela definitu du Murgoitiok lan hori egitera bultzatu duen helburua: "Horma margotuak denbora luzez egon dira euskal lurraldean. Ikusi egin ditugu, haiei buruz hitz egiten entzun dugu, haien inguruan irakurri dugu, pertsona askok sentitu edo pairatu ere egin dituzte; alabaina, ez dira asko aztertu, ez esplikatu ere". Besteak beste, horma horien esanahia, balioa eta erabilera sinbolikoa ikusleekin lantzen ahaleginduko da erakusketa. Tailerrak Azken helburu hori lortzeko, bi tailer antolatu ditu, ondorengo egunetarako: martxoaren 10erako, goizez, eta martxoaren 15earako, arratsaldez. Izena emateko, info@geuz.es helbidera idatzi.

Albiste hau Goienak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.

Kanal hauetan artxibatua: Kaleko artea  |  Arrasate

Kaleko artea kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude