“Hizkuntzak eta generoa ez daude aparte, sekula”

  • Aurreko ostiralean Garabidek Ahalduntzen: hizkuntza eta generoa izenburupean Mondragon Unibertsitateko Bilbao Berrikuntza Faktorian antolatutako lan-saioek (goizez) eta mahai-inguruak (arratsaldez) aurreikuspenak bete dituzte eta dinamika iraunkor baten abiapuntu izan nahi dute hizkuntzaren aldeko aktibismoa eta emakumeen ahalduntzea lotzeko. Kronika honetan mahai-inguruan landutakoaren berri emango dugu.


2018ko urriaren 26an - 09:33
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Artikuluaren izenburuan jaso dugun esaldiarekin bukatu zuen Lorea Agirrek, galdera-erreguei ekin aurretik, bere hitzartzea. Esaldi borobil horrek ederto asko laburbiltzen ditu mahai-inguruan plazaratutako bizipen eta iritziak.

Iraitz Agirrek gidatuta bildu ziren mahaiaren bueltan lau hizlari, hiru kontinentetako hizkuntza komunitateen ordezkari: Suna Altun aktibista kurdua, Yazmin Novelo Mexikoko yukatango maia hizkuntzaren aldeko aktibista eta euskaldunen artean Txerra Rodriguez soziolinguista eta Lorea Agirre antropologo eta kazetaria. Ate zahar baten sarrailatik begiratzen dugunean bezala, munduko txoko ezberdinetan hizkuntza gutxituen biziberritzearen alde lanean ari diren emakumeen egoerara hurbiltzeko aukera izan genuen, gutxitan gertatzen den bezala, beraien ahotik entzun baikenuen non eta nola gurutzatzen diren generoaren eta hizkuntzaren zapalkuntza.

Hasteko, Iraitz Agirrek puntua bota zien, errima eta doinu librean bertso bana osatu zezaten: “berdin erabiltzen al ditugu emakume eta gizonek hizkuntza hegemonikoa eta hizkuntza gutxiagotua?” Ezetz erantzun zuten guztiek, baina errealitate desberdinen isla izan ziren kasuan-kasu aletu zituzten ñabardurak.

Ondoren, Suna Altun aktibista kurduak ekin zion banakako hitzartzeari eta Turkiaren menpe bizi diren kurduen egoeraren berri eman zigun. Kurduen artean oso ezaguna den Jin, Jîyan, Azadî leloarekin hasi zen, hitz bat gehitu eta Jin, Jîyan, Azadî û Ziman (euskaraz “Emakumea, Bizitza, Askatasuna eta Hizkuntza”) lelo eraberrituarekin hasi zuen aurkezpena. Fokua jarri zuen kurduek, emakumeek bereziki, bizi duten estatus linguistikoan eta egoera aldatzeko emakume kurduek dituzten helburuetan, nahiz helburu horiek lortzeko indarrean dituzten borroketan. Bere parte-hartzea bukatzeko lehenetsi beharreko hiru arlo aipatu zituen: hezkuntzan eta eremu publiko guztietan hizkuntzari balio handiagoa ematearen beharra, hizkuntza biziberritzeko eta emakumeen ahalduntzerako estrategiak batera bideratzea eta etxean hizkuntzaren transmisioaren erantzukizuna aitarena bezainbeste amarena izatea. Azken iradokizun horren harira, mahai-inguruan behin baino gehiagotan aipatu zen “ama hizkuntza” terminoaz jardun zuen Suna Altunek, horren ordez “etxeko hizkuntza” proposatu zuen eta, publikoaren ekarpenetan “lehen hizkuntza” erabiltzea edo bestelako terminoen beharra ere aipatu ziren, adibidez, etxeko hizkuntza eskolaratze hizkuntzarekin bat ez datorren kasuetarako.

Munduari bira eman eta Mexikora jauzi egin genuen gero. Yukatango maia hiztun eta hizkuntza aktibista den Yazmin Novelok komunitateko 22 emakumerekin egindako tailerretako hausnarketen berri eman zigun. Besteak beste, galdera honi erantzuten saiatu ziren: “Aktibismo linguistikoak zein neurritan bultzatzen du mundu justu eta ekitatiboagoa?” Eta bi ondoriotara ere heldu zen emakume taldea: batetik, aktibismo linguistikoak tresna bat izan behar duela munduan izateko modu ugari barne hartzen dituen bizimodu bat eraikitzeko eta, bestetik, aktibismo linguistikoaren bidez justizia sozialerako tarteak bilatu behar direla. Noveloren hitzetan gizarteko botere harreman desorekatuen ondorioz emakumeek eta hizkuntza gutxituek partekatzen ditugun zapalkuntzei batera aurre egiten ikasi behar dugu, finean hegemonia linguistikoak edo generoari dagozkionak hegemonia kulturalak ere badirenez, gure helburua ezin baita mugatu hizkuntza gutxituen erabilera eremuak berreskuratzera edo dagozkien espazioetan emakumeen presentzia bermatzera.

Argazkia: Garabide.

Euskaldunek hartu zuten lekukoa jarraian eta Txerra Rodriguezek bere hitzartzea datuetan oinarritu zuen. Hasteko, ondoko datuak jarri nahi izan zituen aurrez aurre: Euskal Herriko datu aitortuen arabera emakumeak eta gizonak berdintsu daude ezagutzan, baina kale erabileran adin tarte guztietan emakumeek gehiago darabilte euskara eta euskaltegietan eta berba-lagunetan ere emakumeak dira nagusi.

Kale erabileran adin tarte guztietan emakumeek gehiago darabilte euskara eta euskaltegietan eta berba-lagunetan ere emakumeak dira nagusi

Datuok mahai gainean jarri ostean ikerketa batzuen ondorioak aurkeztu zizkigun eta horien arabera amaren hizkuntza identitateak aitarenak baino pisu handiagoa du. Bestalde, ikerketek diote emakumeak beranduago hasten direla hizkuntza nagusia ikasten, baina azkarrago ahazten dute euren jatorrizko hizkuntza. Honen guztiaren aurrean, noski, zalantzak gailendu ziren eta horrela laburbidu zituen Txerra Rodriguezek: batetik, euskararen biziberritzea emakume eta haurren bizkar utzi da hein handi batean, hau da, jendartean botere gutxien duten kolektiboetan eta, bukatzeko, honako galdera bota zuen: hizkuntza baten erabilera feminizatzen bada, ez al du automatikoki balioa galtzen?

Azken hitzartzea Lorea Agirrerena izan zen, laburra bezain emankorra. Kronika honen izenburua bere aipua denez, bere hitzaldia laburtzeko hemen bildu ditugu izenburugai izan diren Lorearen beste aipu batzuk: “Hizkuntza arteko harremana botere harremana da. Hizkuntza eta generoa ezinbestean nahastuta daude”, nabarmendu zuen egiten dugun oro egiten dugula garen horretatik, bai sexu-genero sisteman, baita hizkuntzan ere. Ildo horretatik esan zuen “ni pertsona bera naiz, ez %60 feminista eta %40 euskaltzale, militantzia batzuk aipatzearren… dena batera doa”. Gainera, ahalduntzeari begira nabarmendu zuen “ez gara gauza bakarrean ahalduntzen, pertsona gisa ahalduntzen gara, gauza guztiak lotuta doaz” eta horren adibidetzat, boteretze ariketatzat, jo zuen Euskaraldia. Bukatzeko, botere harremanak eraikiak diren heinean deseraikiak izan daitezkeela utzi zuen mahai gainean eta horretan kolektiboki jardutera dei egin zuen.

Kronika labur honetan ezinezkoa da bi orduko saioak eman zuen guztia jasotzea, baina ekintza isolatua izatetik urrun testuinguru zabalago batean kokatzen ditugu jardunaldiok eta, aurrera begira, hizkuntza lankidetza egitasmoen baitan sakonago lantzeko abiapuntua izan dira. Zapalkuntza anitzek ahalduntzeko estrategia anitzetara garamatzaten heinean jarraituko dugu elkar ezagutzeko, elkarri entzuteko eta esperientziak trukatzeko espazioak irekitzen.

Mahai ingurua deitzeko egin zuten kartela.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza gutxituak
EHUn kitxuaz, komunitate indigenen erresistentzia aldarrikatzeko

María del Cielo Galindo Puyalek EHUn Master Amaierako Lana aurkeztu du ostegunean, ekainaren 26an. Galindok kitxuaz hitz egin du epaimahaiaren aurrean, Boliviako emakume indigena meatzarien parte-hartze politikoaz. Lana kitxuaz eta gaztelaniaz idatzi du, eta bere anaiak... [+]


2025-06-27 | Xuban Zubiria
Bretoiera eta Bretainiako kultura sustatzen zuen Breizh kooperatiba itxi dute

Bretainiako adierazpide musikal zein literarioen sustatzaile eta banatzaile nagusia izan da Breizh kooperatiba. Ia zazpi hamarkadetako ibilbidean ehunka egile bretainiarren lanak editatu eta ekoitzi ditu, horietako hainbat bretoieraz.


Mizgin Ronak
“Turkierak hautsi zuen nire pertsona”

Egungo kurduerazko idazle esanguratsuenetakoa da Mizgin Ronak. Zortzi liburu ditu idatzita, bost eleberri eta hiru olerki liburu. 16 urte zituenean ihesera jo zuen, eta urte eta erdiren ondoren haren jaioterrian atxilotu zuten, Diyarbakirren. 1992an, 18 urte besterik ez zituela,... [+]


Talentu bila

Talentua garai honetan zaindu, babestu eta erakarri beharreko altxorra ei da. Horregatik, Kutxabankeko lehendakari Anton Arriolak hezkuntzan ingelesari garrantzi handiagoa eman behar zaiola adierazi du, eta euskara horretarako oztopo izan daitekeela Poloniatik etor litezkeen... [+]


2025-05-26 | Mara Altuna Díaz
Gaskoia, euskaldunen oihartzun isildua

Apenas erreparatzen diogu edo, besterik gabe, ez dakigu hor dagoenik ere. Hego Euskal Herrian XX. mende hasieran itzali zen betirako, eta antzeko patua paira dezake Ipar Euskal Herrian. Neurri sendoak hartzen ez badira, gaskoia azkenetan egon liteke.

Okzitanian, joan den... [+]


2025-04-10 | Cira Crespo
Carli Pup
“Gure herriak besteak bezalakoak dira, eta ez dugu museo batean egon nahi”

Carli Pup (Udine -friuleraz Udin-, 1973) Friuli [friuleraz, Friûl] herriaren ekintzaile kultural garrantzitsuenetako bat da. Bere hizkuntza gutxituaren idazle, hizkuntzalari eta bere herriaren historialari bihurtu da.
Gaur egun, Informazione Friulana kooperatibako... [+]


Elle-aren biya

Lagun asko sumatu dut kezkatuta euskaldun gero eta gutxiagok ahoskatzen duelako elle-a. Haur eta gazte gehienek bezala, heldu askok ere galdu du hots hori ahoskatzeko gaitasuna, idatzian ere nahasteraino. Paretan itsatsitako kartel batean irakurri berri dugu: altxorraren biya... [+]


Eskoletan katalanaren biziraupena kolokan jar dezakeen galdetegia abian jarri dute Valentzian

570.000 familiak euren haurren ikasgeletako hizkuntza nagusia zein izango den bozkatzeko aukera dute martxoaren 4ra arte: gaztelera edo katalana. Garikoitz Knörr filologoaren eta euskara irakaslearen arabera, kontsultak "ezbaian" jartzen du katalanaren zilegitasuna... [+]


2025-02-26 | Bea Salaberri
Bretoiera

Iragan urtarrilaren hondarrean, Bretainiako lurraldeko bi hizkuntza gutxituei buruzko azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak publiko egin zituzten bertako arduradunek. Haiek berek aitortu zuten harriturik gertatu zirela emaitzak ikustean. Hain zuzen ere, egoerak eta... [+]


Yamili Chan Dzul. Emakume, indigena, prekarizatu
“Gure mugimenduak ahultzeko estrategiaren parte da emakumeak hiltzea”

Oinarrizko maia komunitateko U Yich Lu’um [Lurraren fruitu] organizazioko kide da, eta hizkuntza biziberritzea helburu duen Yúnyum erakundekoa. Bestalde, antropologoa da, hezkuntza prozesuen bideratzaile, eta emakumearen eskubideen aldeko aktibista eta militante... [+]


Bretoierak hiztunen erdiak galdu ditu sei urtean, azken ikerketaren arabera

Bretainian, bretoiera oso ondo edo nahiko ondo hitz egiten duten herritarrak %2,7 dira, 2018an baino hiru puntu gutxiago. 107.000 dira gaur egun. Hiztunak gazteagoak dira. Galo hiztunen kopuruak ere behera egin du, baina ez bretoierak bezainbesteko abiadan.


Alex Pancho Robles, hizkuntza aktibista guarania
“Guarania patronatuta egon da, kartzelatuta, esklabotuta”

Garabidek antolaturik, Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programaren barruan izan zen gurean Alex Pancho Robles (Camiri, Bolivia, 1995) iragan urrian. Guarania da, eta guaraniera hiztuna. 8 milioi hiztun inguru dira Bolivia, Brasil, Argentina eta Paraguain barrena, hizkuntza... [+]


Eguneraketa berriak daude