Hizkuntza-aberastasunari buruz (I)

Argazkia: CC BY-SA 4.0

2024ko otsailaren 19an - 06:32
Azken eguneraketa: 12:38

Duela hilabete batzuk oso liburu interesgarria irakurri nuen: National thougth in Europe. A cultural history, Joep Leerssen egilearena, katalanezko bertsioan (El pensament nacional Europa, Editorial Afers, 2019). Europan nazio-pentsamenduaren edo, bestela esanda, nazio-ikuspegiaren garapena nola eman zen azaltzen du. Hau da, ez zehazki ideologia nazionalista esaten duguna baizik eta, XIX. mendean, gizartea ulertzeko modu berri hori nola agertu zen esplikatzen du: nazioak, jende talde desberdin eta espezifiko multzo gisa, bakoitzak existitzeko bere eskubidearekin, bakoitza identitate eta kultura partikular batek ezaugarritua. Nik ulertzen dudan moduan, gizarteari buruz pentsatzea nazioak aintzat hartuta, beste analisi kategoria bat erabiltzea da, hala nola diren generoa edota klasea. Gero, handik abiatuta zein nolako ideologiak proiektatzen diren, hori beste eztabaida bat da.

Nazio-pentsamendua erromantizismoaren haztegian erne zen, eta hango adar polit bat izan zen zenbait europarrek inguruko beste herrien kultur adierazpenekiko erakutsi zuten interesa. Liburu horren bidez ezagutu dut europar horietako bat, Johann Gottfried Herder jatorra.

Herderrek gizaki guztiak, Jainkoaren izaki bezala, funtsezko duintasun bat partekatzen dutela pentsatzen zuen, eta ez zegoela bestea baino hobeagoa zenik. Eta orduan, guztiak berdinak badira, zergatik hainbesteko dibertsitate hizkuntzetan? Bere ustez, gizakiek ez dute lengoaia bat bakarrik erabiltzen, asko baizik, hizkuntza guztiak bere bizi baldintzei egokiturik daudelako. Are gehiago, gizadiaren ezaugarri berezia ez da lengoaia bat izatea, baizik eta lengoaiak ezberdintasuna garatzeko daukan potentziala.

"Gizadiaren ezaugarri berezia ez da lengoaia bat izatea, baizik eta lengoaiak ezberdintasuna garatzeko daukan potentziala"

Ikuspuntu horrekin kultura ulertzeko modu berri bat hasi zen: ekologia kulturala. Ikuspegi horri esker edozein ekoizpen kultural hasi zen balioesten, edozein kulturak egina, nahiz eta garai hartako "kalitatezko estandarretan" egokiera onik izan ez, gizakiok ekoizten dugunak beti daukalako zentzua, paisaia kultural bakoitzerako demostrazio funtsezko bat baita, eta harro egoteko zerbait.

Ideologia honen ifrentzua, beste alde iluna, Frantzian zegoen, bere pentsamendu ilustratuarekin. Ilustratu frantziarrek kultura batzuk beste batzuk baino garrantzitsuagoak direla pentsatzen zuten, eta hobekuntza sozialaren izenean, onena asimilazioa eta uniformetasuna zela. Ironiaz, pentsamendu horretatik proposatzen zen "asimilazio bidezko hobekuntzari" iseka egiten dio Herderrek:

“Zein tamalgarriak ziren oraindik izaera ezberdineko nazioak zeuden egunak! Zenbat gorroto elkarrenganako, zenbat xenofobia! Zein aurreiritzi patriarkalak! (...) Pentsamendu probintzianoa, ideia estuak, betiereko barbarismoa! Orain, Jainkoari esker, nazio guztiak ezabatu dira, denok elkar maite dugu, edo are hobe: inork ez du beste inor maitatu behar!”

Orain, ezagutzen baitzaituztet, eta bai baitakit Herder nazionalismo alemanaren sorreraren egon zela esatean bekokia zimurtuko duzuela (niri ere gertatu zait...), argi utzi nahi dut, antza, alemaniar nazionalismoan geroago nagusituko zen inperialismo supremazistatik oso urrun zegoela gure Herder. Bere ustez, herri guztiak nazionalki askatu ondoren, eta nazioek euren eskubide aitortuak izan ondoren, desagertuko egingo lirateke gerrak, horiek eragiten dituzten arrazoi inperialistarik ere geratuko ez litzatekeelako. Era berean, arrazakeria arbuiatu zuen, eta esplizituki defendatu zituen beltzak, erabat jarrera bakana garai hartarako, behin eta berriz esanez, "giza formaren aniztasuna gorabehera, Lurreko alde guztietan gizaki bakarra eta bera dago"; "Giza arraza bat da; lan egiten dugu eta elkar sufritzen, erein egiten dugu eta uzta jaso" .

Hamabost egun barru, ekologia linguistikoari buruz eta hizkuntz-aberastasunari buruz jarraituko dugu hizketan. Gure hurrengo protagonista Waston Kirkonnell izango da; zehatzago esanda, Kirkonnellen liburua, European elegies.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza gutxituak
Hizkuntza gutxiagotuak: sortzen ari diren diskurtsoei gainbegiratua

Soziolinguistika Klusterrak antolatuta 2024ko Euskal Soziolinguistika Jardunaldia egin berri da Gasteizen apirilaren 23an. Azken urteetan euskararen eta katalanaren alde eta aurka agertu diren diskurtsoak izan ziren ardatz. Onintza Legorburu, Xan Aire eta Mikel Peruarena aritu... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Carolina Gandulfo, doktorea eta guaraniera ikertzailea
“Haurrak ‘isilak’ ziren, gaztelaniaz, ez guaranieraz, baina hizkuntza honek ez zuen balio”

Carolina Gandulfo doktorea. Argentinan jaioa, Ipar-ekialdeko Unibertsitate Nazionaleko Humanitate Fakultateko irakaslea. Iragan udazkenean Garabidek gonbidaturik egonaldia egin zuen gure artean, eta mintzatu zitzaigun Argentinako guaranieraz. Ikastetxe bateko esperientzia... [+]


Hizkuntza gutxituen artean, euskara hirugarren erabiliena da Europako streaming plataformetan

Netflix, Amazon Prime eta Disney+en, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunak onartzen dituen bost hizkuntza baino ez dituzte erabiltzen. Bosten artean nagusi da, alde handiz, katalana. Ondoren datoz galiziera, euskara, luxenburgera eta Eskoziako gaelikoa. EHUko Nor Ikerketa Taldeak... [+]


Eguneraketa berriak daude