“Nahi dudana egin dut liburu honetan”, aitortu du idazle gasteiztarrak. Hiztegi baten tankerako liburua idatzi du, hitz bakoitzari, lehenik, hiztegiko definizioa emanda; eta ondoren, hitz horren bueltan, bere pentsamenduetan edota bizipenetan sakonduta. “Hiztegietara jotzen dugu hitz baten definizioa lortu nahi dugunean, eta idatzi ere horrela egiten dugu, definizio edo erantzun bila”.
Badaude urtetan idazten joan den testuak, nonbait publikatu diren iritzi artikuluen moldaketak, idatzita zituen poemak prosara ekarriak, edonolako testuak, batzuk laburragoak eta besteak luzeagoak, batzuk sakonagoak eta besteak umoretsuagoak... “Daude idazle baten koadernoan aurki daitezkeen gauzak, apunteak, oroitzapenak, iritziak eta hausnarketak”, laburbildu du Karmele Jaio (Gasteiz, 1970) idazleak. Donostiako Alde Zaharreko Elkar liburudendan egin du Harrizko bihotzak (Elkar, 2025) liburuaren aurkezpena, asteazken goizean.
21 urte igaro dira lehen liburua kaleratu zuenetik, eta Jaioren esanetan, esentzia berari jarraitzen dio oraindik ere, “emozioa hitz bihurtzeko saiakerari”. Dio “konstante bat” izan dela bere bizitzan. Liburu berri honetan, A-tik Z-ra ordenatuta, mordo bat hitzi zentzu pertsonala emateko ahalegina egin du. Lehenik, kurtsiban, hitz bakoitzaren hiztegiko definizioa aurkituko du irakurleak; eta gero, hitz edo kontzeptu horren bueltako testutxo bat eskribitu du idazleak: zenbaitzuk lotura dute bere iraganarekin, haurtzaroarekin; eta beste batzuk gogoeta intimo edota politikoak dira, oroitzapenak, errealitatea ikusteko manerak, idazteari buruzko hausnarketak... Askotarikoak dira aurki daitezkeen testuak, solteak denak ere. Irakurketa ere halakoxea izateko egin du dei, “libre”.
Lan “intimoa” dela esan daiteke, “ageriago” ikusten du bere burua testuotan, aurrekoetan baino. Munduari begiratzeko duen manera islatu du hemen ere, baina beste era batean: “Agian, fikzio hutsean baino ageriago agertzen naiz liburu honetan, batez ere nire begirada hemen dagoelako; besteetan ere bai, egia da, baina hemen fikzioaren estalperik gabe agertu naiz”.
Nork du harrizko bihotza?
Amonak esaten zion Jaiori hobe dela, bizi honetan, harrizko bihotz bat izatea, minik ez hartzeko. “Askotan pentsatu dut hori: ezinezkoa izan da nire bizitzako 55 urte hauetan harrizko bihotza izatea”, adierazi du Jaiok. “Nahiko nuke”, esan du lehenik; baina zuzendu egin du gero: “Harrizko bihotz batekin, baina, nora zoaz munduan zehar, ezer sentitu gabe?”.
Jaioren irudiko, zail da harrizko bihotz batekin idaztea. Izan ere, idazleak interesa eduki behar du inguruarekiko, ondokoa ulertzeko, bestearen larruan jartzeko... “Gero eta gehiago idatzi, gero eta adiago zaude mundura”, esan du. “Emozioak hitz bihurtze horretan zerikusi handia dauka harrizko bihotzik ez izateak”, finitu du.