Hiru euskal presoren senideak bisita gabe utzi dituzte pasa den asteburuan

  • Logroño eta Castelloko espetxeetan preso dauden Santi Aragon eta Txuma Altable euskal presoen senideei bisitak ukatu dizkiete kartzela horietako espetxezainek haraino joan eta gero. Etxerat elkarteak zabaldutako informazioaren arabera, gauza bera gertatu zaio beste euskal preso politiko bati.

Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2019ko abuztuaren 30an - 12:16

Azken bost egun hauetan hiru euskal preso politikoren senide eta lagunei bisita egitea ukatu diete, kartzeletara iristeko ehunka kilometro bidaiatu ondoren.

Abuztuaren 28an, Logroñoko espetxean (joan eta etorrian 280 kilometroko bidaia) Santi Aragon euskal preso politikoaren aita (84 urte) bisitarik gabe geratu zen, hilabete batzuk lehenago jazotako egoera bat errepikatu ondoren. Aurreko aldi hartan drogen kontroleko txakur batek “markatu” zuen presoaren aita eta katxeatu beharko zutela esan zioten. Aragonen aitak ez zuen oztoporik jarri katxeoa burutzeko, baina erabat biluztera derrigortu zuten eta bata bat eman arren, jokaera iraingarria izan zen hura, ez baitziren bere duintasuna eta oinarrizko eskubideak errespetatu, ezta “katxeo integralen” inguruan espetxeak ezarritako legedia ere. Katxeoaren emaitza negatiboa izan zen.

Aste honetan egoera berdina berriz errepikatu zen, txakur eta guardia zibil berarekin, baita katxeo eskaera ere. "Egoera iraingarria eta aurreko aldiko urduritasuna berriz ere jasateko prest ez zegoenez, euskal preso politikoaren aitari bisita ukatu zioten", adierazi du Etxeratek. Santi Aragonek 18 urte daramatza espetxean, eta azken 8 urteak Logroñoko espetxean. "Urte guzti hauetan ez du inolako arazorik eman eta gutxiago drogarekin zer ikustekorik duenik jokaera desproportzionatu hau justifikatu ahal izateko", salatu du Etxeratek.

Bestetik, hilaren 24an, Txuma Altableren senide bati (Castelloko espetxea, 1.100 Km-ko bidaia  joan eta etorrian), bisita baino ordu bat lehenago kartzelara iritsi ez zelako ukatu zioten bisita (ordu erdi lehenago iritsi zen, beti bezala). Egun berean, Imanol Minerren senideak (Granadako espetxea,1.680 Km-ko bidaia joan eta etorrian) izan ziren bisitarik gabe geratu zirenak, funtzionarioen arabera, haietako batek sartzeko baimenik ez zuelako.

Etxerat Elkarteak salatu ditu euskal preso politikoen senide eta lagunek jasaten dituzten egoerak. "Askotan, batez ere presoen gurasoak direnean, adinez nagusiak diren pertsonak dira, osasun edo mugikortasun arazoak dituztenak, bidaia luzeak egitera beharturik daudenak eta gainera bisita egin ahalko dutenaren ziurtasunik gabe. Espetxe politikak senideei eragindako kalteak indarrean jarraitzeaz gain, oso erraz handitu daiteke ematen den arbitrariotasun eta ziurtasun faltarengatik". Etxerat elkarteak euskal gizarteari dei egiten dio "mobilizazioetan parte har dezan, behingoz denon artean egungo espetxe politika eta honek sortzen duen sufrimenduarekin amaitzeko helburuarekin".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
Sortuko sei kide epaituko dituzte euskal presoei "ongi etorri" ekitaldiak antolatzeagatik

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel Carcía Castellón epaileak sei pertsona epaituko ditu Ongietorrien auzian: Antton López Ruiz Kubati, Kai Saez de Egilaz, Pipe San Epifanio, Haimar Altuna, Oihana Garmendia eta Oihana San Vicente. Guztiak Sortuko kideak... [+]


26 urteko espetxealdia atzean utzita aske da Iñaki Garces otxandiarra

Astelehenean jakinarazi du albistea Etxerat elkarteak. Otxandioko preso politikoa baldintzapeko askatasunean zegoen 2023ko martxoaz geroztik.


Euskal preso eta iheslari politikoen aldeko jaialdia egingo dute Ezpeletan larunbatean

Kontzertuen bidez euskal preso eta iheslariak laguntzea da xedea. Aurten, Rakatapunk, Xutik eta Esne Beltza dira egitarauan.


Eguneraketa berriak daude