Hiru aldiz biribildutako eguna

  • Urriak 5, arratsaldeko 17:30ak. Gehienok gure egutegietan (edo smartphonean) ongi markatutako data. Borobil gorri bat egin genuen 5aren inguruan eta Euskal Herriko Bertso Eskolen Eguna idatzi, urte hasieran. Txapelketa Nagusiaren etorrerarekin, bigarren borobil bat marraztu genuen eta Kanporaketa jarri libre geratzen zen zatitxoan. Baina joan den astetik, hiru zirkuluk inguratzen zuten urriaren 5a. Bilbon elkartasunezko itsaso batek bere tanta izateko deia luzatu zigun. Ordu aldaketak ezinezkoak, antza. Markinaren eta Bilboren artean aukeratzea, kasu honetan, aukera bakarra... jakinda gindoazen lekura gindoazela, bihotz erdibituek sortzen duten egonezina sentituko genuela uneoro.


2013ko urriaren 07an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Kanporaketak Herriraren aldeko manifestazioarekin bat egin zuen.

Urriak 5, arratsaldeko 17:30ak. Markina-Xemeingo frontoia aspaldian ikusi dudan beteen. Horrek harritu egin behar ninduela sentitzen nuen nolabait eta saioa hasi aurretik ingurura begiratzen nuen aldika, benetan bertsozale haiek guztiak han zeudela ziurtatzeko. Bazen saioa hasteko presa moduko bat airean, antsietate puntua edo... bertsolariek esango zutena entzuteko gogoa. Antolakuntzakoak hara eta hona urduri azken minutuetan, eta inoiz baino argitsuagoa zirudien oholtza parez pare, sei bertsolarien argazkiekin. Ez, ez zegoen Estiballesenik, ezin-ofizialagoa zen jada. Arkaitzek ere bere barruarekin ondoen sentiaraziko zuen hautua egin behar izan zuen.

Tapia eta Leturiaren kantuak amaituta hasi zen Txapelketako sintonia; uste dut aurten denok nabaritzen dugula bertsoka, bertsoka! kantatzearen falta. Bata bestearen atzetik sartu ziren frontoira bertsolariak: Agin Laburu, Beñat Ugartetxea, Eneko Abasolo “Abarkas”, Eneko Fernandez, Onintza Enbeita eta Jone Uria. Urduritasuna txaloka askatu genuen denok, batik bat gai-jartzaileak aurkezpenean Bilboko manifestazioaren aipamena egin zuenean. Hasierako agurrei adi-adi egon zen jendea, ziurrenik (ez, seguru) Abarkasenari gehien; “sortu daitezkeen zurrumurru ta esames denak ahantzita” zetorrela esan zuen eta merezitako txaloak jaso zituen saio osoan zehar. Pankarta eta animorik ez zen falta izan beretzako eta, egia esan, zegoen tokian eta egoeran egoteko, saio txukuna egin zuen.

Baina beste bost bertsolarien presioa ere ez zen askoz txikiagoa izango. Zortziko handiko lanekin hasi bezain laster jarri ziren martxan epaileak, kazetariak, twitteroak (azken biek ezberdinak izaten jarraitzen dute, ezta?). Markinako Pilotaren Unibertsitatean 880 ikasle zain, larunbat arratsalde hartako klasean zer ikasiko. Eta ni koadernoan apunteak hartzen; beharbada horregatik ez nuen Villabonako saioan adina gozatu. Edo agian ofizio gehienek norabide serioa hartu zutelako izan zen, algara gutxitxo. Eta batzuetan gustura barre egitea zenbat eskertzen den! Baina horrek ez du esan nahi lan onak joan ez zirenik. Batzuk aipatzekotan, Agin Laburu eta Eneko Fernandezen hamarreko txikikoak hunkitu ninduen, bi anaiaren paperetik kantatuta: hirugarren anai bat zutela jakin eta hura ezagutzeak merezi zuen ala ez eztabaidatzen jardun zuten. Erantzunak onak izan ziren bien aldetik eta, batez ere, doinua ondo aukeratzeak zenbat balio duen ikasi nuen arratsaldeko klase hartan. Aginek “zilborresteek tira /ta bihotzek taupa/bera ezagutzeak txarrik ba al dauka?” esan zuen momentuan nire objektibotasun urria betiko desegin zen eta “Agin txapeldun” idatzi nuen koadernoan. Eta hirutan borobildu. Urriaren 5a bezala.

Onintza Enbeitaren bakarkakoa izan zen oilo narrua eragin zidan beste lan bat. Bi astean ilobaren bisitaren zain dagoen amonaren papera hartu zuen; “mundua aurrera doa /ta ni hemen geldi nago” amaitu zuen lehen bertsoa. Zerbait berezia transmititu zuen, xamurtasuna, sinesgarritasuna. Polita izan zen eta jendeak ere eskertu zuen.

Antzeko papera hartu zuen Jone Uriak ere kartzelakoan eta, aurreko lan gehienetan bezala, oso fin aritu zen. Ez dakit berez horrela sentituko den, baina azaleratzen duen ziurtasunak eta lasaitasunak entzuleok ere trankildu egiten gaitu eta gustura entzuten dugu Jone bertsotan. Agin eta biak izan ziren hasieratik nabarmendu zirenak eta epaileek ez ziguten sorpresa handirik eman zentzu horretan (ez dakit hau publikoki esatea onartuta dagoen).

Azken agurren txanda heltzean, Beñat Ugartetxeak saio hobea eskaini ez izana sentitu zuen, umore bila aritu baitzen gai askotan eta zail izan zuen asmatzen. Nahiago nuke asmatu izan balu, aurrekoa ere beldurtuko lukeen barre algara ozen horietako bat behar zen frontoian. Hurrengo batean eskainiko dizkigu larunbatean egin gabe utzitako guztiak. Koadernoan idatzitako apunteen erdiak ere ez ditut aipatu, baina bertsoa.com eta iritzi-emaile adituak arduratuko dira horretaz, zehaztasunaren mesedetan. Azken finean, ni hasierako agurretatik begiak distiratsu jartzen zaizkion bertsozale emozionatu bat baino ez naiz. 

Hauexek azken puntuazioak: Agin Laburu 699.5, Jone Uria 677, Onintza Enbeita 623, Eneko Abasolo “Abarkas” 599.5, Eneko Fernandez 598, Beñat Ugartetxea 577.5. Agin zuzenean sailkatuko da eta gainerakoak hurrengo saioetako puntuazioak entzuterakoan frontoi osoan zabalduko diren harridura, kexu edo alaitasun soinuak egiteaz arduratuko dira. Hauxe da txapelketaren saltsa.

Larunbatean Markinako “Unian” gauza garrantzitsu bat ikasi genuen, ordea: bi lekutan une berean egotea ezinezkoa izan arren, bi lekutan senti gaitezkeela batera. Bilboko itsasoaren zati izan nahi luketen ehunka tanta geunden frontoian, Herrira-ko zapi urdinak lepoan eta mugikorra eskuan, manifestazioko argazkiak eta berriak zabaltzen; eta alderantziz, han zeudenek ere jarraitu nahi zuten Txapelketa. Saioa amaitu bezain pronto hasi zen whatsapp jasa puntuazioez galdezka. Ekintza guztiak egun berean suertatzeak aukeratzera bultzatu gintuen denok, besterik gabe; horrek ez ditu ekitaldiak eurak elkarren aurkari bihurtzen inolaz, eskutik doaz biak. Zer garen ikusi zen Bilbon larunbatean, eta Markinan ere bai. Herriaren eta Herriraren aldeko itsasoa osatzen dugu denok, eta itsasoa ezin da erdibitu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolari Txapelketa 2013
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa: dramatismoa gora, hitanoa behera

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren bilakaera aztertu du IXA ikerketa taldeak, 1986ko sariketatik abiatu eta 2013kora arte. Besteak beste, erabilitako neurriak, doinuak eta euskara alderatu dituzte. Datu bat: 2013an gaien % 77 dramatikoa izan da eta %23 umorezkoa.


Eguneraketa berriak daude