Lehen aldia Maulen

  • Hitzordu berezia genuen Maulekoa. Gure saioa genuen nunbait... Gure lehen aldia eta ez genuen ezertan hutsegin nahi. Bertsolariak: Sustrai Colina (695,5 puntu), Unai Agirre (691,5), Jexux Mari Irazu (689,5), Aitor Mendiluze (688,5), Jone Uria (666,5), Agin Laburu (648).


2013ko abenduaren 02an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
Sustrai Colinak bakarkako biribila egin zuen, nerabearen rolean.

Antolakuntza lanetan ari girelarik, manera arrunt desberdin batez ikusten dugu dena. Horretarako zen hain berezia izan Maulekoa. Uste dut azkenean, kausitu dugula. Gero, antolakuntza lanetan diodalarik, beste itzaleko langileena baino anitzez lan zama ttipiagoa dugula ohartu naiz. Plazer handia izan da alde horretatik ere... Sekula gurutzatu ez ditugun pertsonen ezagutza egin eta saio baten antolakuntza lanetan indarrak uztartuz kausitu ahal izan dugu astiriaren koadroa untsa plantan ezartzen. Orduan eskerrak saio historiko hori xutik jarri dutenei!

Ez zen haatik saio hain goxoa izanen, bertsolariek ez balute beren lana egin. Alde hortarik ere, zinez preziatu izan dudan ikusgarria eskaini dauku oholtza gaineko seikoteak, batzuetan gora, batzuetan behera, baina denek zerbait utzi dute Ororena pilotalekuan. Orduan ez naiz segurki puntuaketan luzatuko, ez baitut uste horretan jadanik errana izan denari zerbait gehitzen ahal zaion. Bainan ikusirik denak 60 puntutan direla, orekatua izan dela erran dezakegu. Entzuteko goxoa zen gainera, botz ederrak estimatuak izan baitira eta hori xiberutar kantari batek erran daut, orduan pentsa!

Hala, Maulekoa jadanik iragana da. Hainbeste denboraz horren beha egon ondoan, gure ametsa jadanik bukatua da. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia lehen aldikotz Xiberuan kokatzen zen eta amets hori bukatua da. Baina pasarte eder hori ezin liteke bururatu entzuleari eskerrak eman gabe. Nunbre edo kopuru haundian hurbildu zara Maulera joan den neskenegünean eta ximiko bat sentitu dut bihotzean. Frogatu diguzu Maulerateko bidea egiten ahal zenuela, hurbilekoak eta urrunagokoak jin zirezte eta 1.780 ikusle ikustea Maulen, bertso saio baterako gainera, xoragarria izan da! Bertsolarien indarreri zure maitasunezko esku zarten oihartzuna itzultzeko gai izan zara, biba zu, edo biba zü! Uste dut orain, abenduaren 15ean Mauleko geltokian hartuko dugularik autobusa goizeko 6ak eta erdietan Barakaldorat joaiteko, norbait gutaz oroituko dela Euskal Herriko beste puntan. Guk bidea plazer handiz eginen dugu dena den. Begi ttipiekin beharbada, bainan plazer handiz !

Momentu xoragarria izan da guretzat joan den larunbatean, eta agian zuentzat ere! Lehen aldi batentzat, ez da hain gaizki atera!

Villabonan hasi ibilbidearen azken aitzinako etapa genuen eta txapelketak 15 egun emanen ditu orain Barakaldora iristeko. Beste momentu haundi bat bizitzekoa dugu han. Denak presta daitezela, besta egun haundia heldu dela! Han ikusiko gara..

 

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolari Txapelketa 2013
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa: dramatismoa gora, hitanoa behera

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren bilakaera aztertu du IXA ikerketa taldeak, 1986ko sariketatik abiatu eta 2013kora arte. Besteak beste, erabilitako neurriak, doinuak eta euskara alderatu dituzte. Datu bat: 2013an gaien % 77 dramatikoa izan da eta %23 umorezkoa.


Eguneraketa berriak daude