BECeko finalaz jakin behar duzun guztia

  • Abenduaren 15eko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala aurkeztu dute eta hainbat informazio praktiko eskaini dituzte antolatzaileek finalera doazen bertsozaleek plana antolatzeko arazorik izan ez dezaten.


2013ko abenduaren 04an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Finalistak BECen (Arg: Bertsozale Elkartea)

Jarraian dituzu ordutegiak eta eskainiko diren zerbitzuak.

Ordutegia

9:00 - Bizkaia Arenako ateen irekitzea

11:00 - Goizeko bertso saioaren hasiera

14:00 - Bazkaria. Arratsaldeko saioa hasi arte Bizkaia Arena hustu egingo da

- Bazkari txartela dutenek 6. pabiloian bazkalduko dute

- Etxeko jana ekarri dutenek ere 6. pabiloian izango dituzte mahaiak eta eserlekuak

16:00 - Arratsaldeko saioaren hasiera

20:00-20:30ak inguru – Sari-emate ekitaldia

20:45 – Parte-hartzaileekin prentsaurrekoa

Zerbitzuak

Autobusak

Finalera joateko Euskal Herri osotik autobus zerbitzua prestatu du Bertsozale Elkarteak. 2.750 bertsozalek baliatuko dute aukera hori BECera hurbiltzeko. Autobusen geltokiak eta ordutegiak www.bertsozale.com webgunean argitaratuko dira. Gainerako bertsozaleei garraio publikoa erabiltzeko gomendatzen die Bertsozale Elkarteak.

Bazkaria

Goizeko saioa amaituta Bizkaia Arena hustuko da guztiz. Bertsozaleek alboko 6. pabilioian bazkalduko dute. 1.200 lagunek hartu dute bertako bazkarirako txartela. Etxetik ekarritakoa bazkalduko dutenek ere mahaiak eta eserlekuak izango dituzte seigarren pabilioian. Taberna egongo da bertan.

Haurtzaindegia

3 eta 9 urte bitarteko haurrentzako haurtzaindegi zerbitzua ere eskainiko da finalean, betiere gutxieneko eskari kopurua bada. Haurtzaindegia 6. pabiloian izango da eta saioak irauten duen bitartean egongo da zabalik. Doako zerbitzua da, baina ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea.

Finalistak

Zortzi bertsolari lehiatuko dira abenduaren 15eko finalean. Hauek dira finalistak eta egin beharko dituzten ariketak.

Aitor Mendiluze Gonzalez (Andoain, 1975)

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko bertsolaritza irakaslea da. Hernaniko eta Andoaingo bertso-eskoletan aritua da. 1995ean eta 2007an Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irabazi zuen. Bosgarren aldiz parte hartu du Txapelketa Nagusian.

Aitor Sarriegi Galparsoro (Beasain, 1976)

Informatika Ingeniaritza ikasia da, IKT dinamizatzailea eta irakaslea da. Goierriko Bertso Eskolako kidea da. Lizardi eta Osinalde sariak irabazi ditu. Egungo Gipuzkoako txapelduna da, 2011ko txapelketa irabazi baitzuen. Bosgarren aldiz aritu da Txapelketa Nagusian.

Amets Arzallus Antia (Hendaia, 1983)

Kazetaria da, eta hedabide ugaritan kolaboratzen du. Etxean bertso giroa zegoen, eta txikitatik hasi zen kantuan. Lau aldiz irabazi du Nafarroako Bertsolari Txapelketa eta hirutan Xilaba txapelketa. Laugarrenez parte hartu du Txapelketa Nagusian.

Beñat Gaztelumendi Arandia (Añorga, 1987)

Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi du, eta egun kazetari lanetan aritzen da. Igeldoko, Hernaniko eta Santutxuko bertso-eskoletan ibilia da. Bigarren egin zuen 2007ko eta 2011ko Gipuzkoako Txapelketan. Bigarren aldiz parte hartu du Txapelketa Nagusian.

Igor Elortza Aranoa (Durango, 1975)

Topografia Ingeniaritzako diplomaduna da. Egun, sorkuntza arloari emana bizi da. Zazpi Eskale eta Gu ta Gutarrak proiektuen sortzaileetako bat da. Eskolan hasi zen bertsotan, eta Durangoko Bertso Eskolan jarraitu zuen. Seigarren Txapelketa Nagusia du.

Maialen Lujanbio Zugasti (Hernani, 1976)

Arte Ederretako lizentziaduna da, eta sorkuntzari emana bizi da. Ikastolako bertso-eskolan hasi zen bertsotan, eta 15 urterekin ekin zion plazaz plazako ibiliari. Bertsotik abiatutako zenbait proiektu egin ditu. 2009ko Txapelketa Nagusiko txapelduna da.

Sustrai Colina Acordarrementeria (Urruña, 1982)

Zuzenbidean lizentziatua da. Kazetaritza lanak egiten ditu. Hendaiako Bertso Eskolan ibilitakoa da, ikasle hasieran, irakasle gero. Laugarren aldiz parte hartu du Bertsolari Txapelketa Nagusian. Aurreko hiruretan ere finalista izan da.

Unai Iturriaga Zugaza-Artaza (Durango, 1974)

13 urterekin hasi zen bertsotan. Garai bertsuan, Durangaldeko Bertso Eskolako kide egin zen. Bitan irabazi du Bizkaiko Txapelketa. Seigarren aldiz parte hartu du Txapelketa Nagusian. 1993an finalerako sailkatu zen, eta hala egin du ondorengo guztietan ere.

Ariketak

Goizean - (15 bertso puntuagarri)

- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.

- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.

- Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.

- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.

- Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Arratsaldean - (10 bertso puntuagarri)

- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian.

- Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte.

- Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Buruz burukoa - (10 bertso puntuagarri)

- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.

- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.

Kartzelako lana:

- Banaka, hitza gaitzat emanda, bertso bat bederatziko txikian.

- Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolari Txapelketa 2013
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa: dramatismoa gora, hitanoa behera

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren bilakaera aztertu du IXA ikerketa taldeak, 1986ko sariketatik abiatu eta 2013kora arte. Besteak beste, erabilitako neurriak, doinuak eta euskara alderatu dituzte. Datu bat: 2013an gaien % 77 dramatikoa izan da eta %23 umorezkoa.


Eguneraketa berriak daude