Eskerrik asko

  • Ez naiz ni hitz zurietan gehiegi luzatu zale, baina dagokionari berea ematea lege denez eta, bihotz-bihotzez horrela sentitzen dudalako, eskerrik asko ezer baino lehen BEC-eko oholtza gainera igo zineten zortzi bertsolarioi. Egiatan diot aspaldian hartu dudan gozaturik handienetakoa hartu nuela, eta iritzi konpartitua izan zela badiot ez dut uste oso oker ibiliko naizenik.


2013ko abenduaren 16an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
"Amets gozo bat entzun genuen, aurreko txapelketetan mundua jatera zihoan gazte hura atzean geratu da, mundua murtxikatzen hasi da, talentuz, pazientziaz, pausaz".

Banituen finalaren aurretik bi irudipen, bi sentipen. Bata: finalaurrekoak arte askoz ere presenteago zeudela bertsolarien hutsegiteak jendearen ahotan, egindako lan txukunak baino. Bigarrena: nire inguruan sumatzen nuen aurreko txapelduna Maialen izan arren txapelaren defentsa Ametsek egin behar ote zuen. Jende askok aldez aurretik jarri zion txapela Ametsi eta horrek bere karga du.

Baina tira, usteak uste eta irudipenak irudipen, BEC-en goizeko hamaikak jo eta finala hutsetik hasi zen bertsolari guztientzat. Lau urte lehenago baino giro hotzagoa, beharbada, aulkietan, goizez, ez hala arratsaldean. Baina agurrak entzun eta lehen bertsotik hasita benetan gauza zoragarriak guztien ahotik. Maialenen lehendabizikoak intentzio-deklarazio izan nahi zuela zirudien: gaiari eman zion begirada hori saio osoan zehar mantendu zuen. Elikagai-banku batean kamioia kargatzen ari denaren paperetik “eskatutako borondatea borondatea ote da?” galdetu zuen momentutik hasi zen entzuleoi atximurka. Bertsoen kalitate estilistikoaz haragoko bertsokera batez gozatzeko parada izan genuen: ideologia oso bat, ikuskera bat, prisma bat eta dimentsio berezi bat. Izugarria begitandu zitzaidan Maialenen BEC-eko saio oso-osoa. Ospitaleko pailazoaren ahotik “barrea ere barreago da minarekin nahastuta”. Edo “bizitzeko ia berandu da ta hiltzeko oso garaiz”, emakume urtetan sartuaren paperean. Zaurietatik zetozen ahotsak entzun genituen hernaniarraren ahotik. Ahots urratuak gure giza kondizioaren zaurietan beretan arakatu eta orbantzen laguntzeko. Ez zuen txapelik jantzi, baina inoizko Maialenik onena entzun genuela ez dut zalantzarik egiten.

Txapela, izan ere eta honezkero dakizuen bezala, Ametsen burura joan baita bi mila eta hamahirugarren honetan. Amets gozo bat entzun genuen, aurreko txapelketetan mundua jatera zihoan gazte hura atzean geratu da, mundua murtxikatzen hasi da, talentuz, pazientziaz, pausaz. Goizeko lehen pare bat ariketetan bertsotan buruarekin, arrazional, klasez sumatu banuen ere, laster jaitsi zuen bere errotaren ardatza sabelera, eta barrutik kantatu zigun, denok magalean hartuta. Kafearekin topa egin genuen, barrea margotu zigun sarri-sarri eta hunkitu noiznahi. Buru onean jarri zuen txapela Joanito Dorronsorok.

Zorrotz eta arantzak ateratzen Igor Elortza. Txapelketa oso-oso on bati amaiera bikaina eman zion.

Haurra besoetan erakutsi zigun sentiberatasuna, puntukako bizitasuna... tasun apartekoak. Atzetik lan izugarria duen bertsokera zuzen bat eskaini zigun, beste behin, durangarrak. Zuzena, ez zuzentasunaren adieraz soilik: dardoak ziren gure belarrietara zuzenean. Oraindik ahozabalik gaude asko bakarkakoan hain maite duen errima anitzeko bertsoa hasi orduko goitik behera garbi ikusteko duen gaitasun horrek: kalkulu matematiko batetik abiatutako prezisioz kantatzen du. Flipantea.

Finalaurreko bi saioetako arantzak atera zituen bestea Aitor Mendiluze. Oso goitik, esango nuke inoiz egin duen finalik onena egin duela aurten. Begiratu ironiko hori paseatzera atera zuen behin baino gehiagotan: agudo iltzatu zitzaigun buruan nagusiaren paperetik Sustrairi kantatu ziona, “lan gutxi dagoela dio alajaina, ea baduten zuri emateko aina”.  Berdin seiko motzean Ametsekin egindako lana ere, puntu motzak eder josiz eta edukiz kargatuz. Makillajerik gabeko bertsokera ederra, entzun izan dioguna eta aspaldion aditu gabea, txapelketan. Asko poztu gintuen, eta jendearen estimuak ere adierazi zuen garbi.

Aitor bat eta Aitor bi, Sarriegi ere presenteago egon zen duela lau urtekoan baino. Goizean akaso distanteago sumatu nuen, lanbro, harik eta bakarkakoan eta beregan batere ohiko ez den neurri-irristadaren marka zuen bertso batekin Hemen Nago ozen oihukatu zuen arte. Bazkalondoan erosoago eta, motzean esanda, hobeto aritu zen. Finalean izan eta arrastorik utzi gabe joatearen mamua gainean izan bazuen, laster erantzi zion izara eta bertsoaldi elegante askoak utzi zizkigun handik atzera. Gogoratuko da jendea Sarriegi BEC-en izan zela, ez izan kuidadorik.

Beñatekin ere puxka batean akordatuko da bertsozalea. Finaleko debutari bakarrak ere hortzak erakutsi zizkigun, eta ez zion mingainari horzkarik egin. Emozioa transmititzen asmatu zuen bete-betean, eta ez zen momentu batez ere itzali. Egunak luze jotzen du BEC-en, baina bizkar gainean eraman zuen bertsoz bertso karga guztia, kanpokoon begietara arintasun erabatekoz. Kantaera lehen begiratuan ingenuo baina poetikoak limurtu gintuen, azken agurrean anaiari kantatuko bertsoan negarrez jartzeraino.

Azken marka, bolada baterako gutxienez, Unai Iturriagak utzi digu. Egiari zor, distira gehiago izan badu bere fusilaren mirak aurreko finaletan, goitik beherako lezioa eman zuen bertsoak joan, bertsoak etorri eduki zuen jarreran. Miresgarri aritu zen, bere pieza bakoitza mailuarekin kolpatuz, borrokatuz. Txapelketa Nagusian hogei urteko ibilia duen pertsonak, hasiera batean ilusiotik baino kezka eta beldurretik abiatuta entzuleei eta bere buruari leialtasun hori erakutsi badio, ez du gure gorespena baino gutxiagorik merezi. Ale guztiek norbere seilua izatea da markarik behinena, eta hori inork egiten badu, Unaik egiten du.

Eta irribarrerik zabalenarekin, zortzigarren, Sustrai. Hunkitu egin ninduen aldi berean Amets eta biak sailkapenaren bi ertzetan eta aldi berean elkarren poza elikatuz ikusteak. Nahi bada ez zen Mauleko bakarkakoaren pareko ariketez erditu, baina beste behin argi utzi zigun bertso-lagunik gozoenetakoa bera dela. Besarkatu egin gintuen egun osoz, bere bertso kideak bezala, baita entzuleak ere.

Honekin joan da txapelketa. Txapela aldatu da buruz, gehiegi esatea ez bada, nik gogoratzen dudan finalik onenean. Atzera berriz lehengoa: eskerrik asko, bihotzez, eskerrik asko.

Bideoa, Arzallusen agurra.

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolari Txapelketa 2013
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa: dramatismoa gora, hitanoa behera

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren bilakaera aztertu du IXA ikerketa taldeak, 1986ko sariketatik abiatu eta 2013kora arte. Besteak beste, erabilitako neurriak, doinuak eta euskara alderatu dituzte. Datu bat: 2013an gaien % 77 dramatikoa izan da eta %23 umorezkoa.


Eguneraketa berriak daude