Finalerako ate-irekien eguna


2013ko azaroaren 25an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Unai Iturriaga, sailkapena jakin ostean. (Arg: Bertsozale Elkartea)

Finalaurrekoen bigarren itzulia. Finalaren atarira salto egin, edo BECeko ateak nola ixten diren ikusteko eguna. Lehenengo saioa, Elizondon. Frontoiko armailetan tokirik ez apenas hasi baino ordubete lehenago, eta kanpoan aparkalekuaren atzeko parteraraino iresten den jende ilara.

Lehiaketaren booma –Eta gure buruari galdetu beharko genioke zergatik betetzen diren txapelketako saioak horrela, baina oraindik herriko bertso afarian 30 lagun baino ez garen biltzen. Lehiaren morboa, erritualizatutako bertsogintzaren meza nagusia galdu ezin duen euskalgintza, edo taldearen inertzia, batek daki–.

Baina hori beste kontu bat da, txapelketako saioak leporaino egotea poza handia baita, eta batutako tropela plazako ikuskizunetara nola lotu beste bat. Beraz, betekadarekin eta BECtekadarekin kontent.

Txapelketak txapelketa, eta hemen gaude, Baztandarren hiriburuan. Igo dira oholtzara, hurrenez hurren: Julio Soto, Beñat Gaztelumendi, Amets Arzallus, Unai Iturriaga, Iñigo Mantzisidor (Mantxi) eta Jokin Uranga.

Agurrak bota dituzte, eta hamarreko handiarekin hasiera eman diote saio puntuagarriari. Txukun joan dira ofizioak. Ongi denak. Dena den, saioak gora egin du denborak aurrera egin ahala eta gainontzeko neurrietan gehiago asmatu dutelakoan nago.

Azkarra izan da saioa, hiru ordu ordubetean pasa izan bailira. Izen handiak azaltzen dira Elizondoko kartelean, eta aurreikuspenak betez, magia egin dute errima eta doinuekin. Bizitasuna, bixi frontoian.

Bertsoa.com-ek aukera ematen duenez, kriterio bakar gisa nire gustuak hartuz, gehien gozatutako bertsoaldiak gomendatuko ditut; guztiz pertsonala den baremo argirik gabeko hautaketa.

Zortziko txikian

Gaztelumendi eta Mantxiren lana izan da ederra. Gaia: Kotxea garbitu behar du Mantxik, eta Beñati eskatu dio laguntza. Hasi eta ordu erdi daramate kotxetik gauzak ateratzen. Umoretik jotzeko aukera ematen du, eta handik tiraka asmatu dute, etengabe elkarri erantzunez. Kotxea almazena ote den, bertan dagoela Gaztelumendiren bikotearen pultsera eta auskalo zer gehiago… Graziosoa, bizia, entretenigarria. Ona.

Hamarreko txikian

Iturriagaren eta Gaztelumendiren artean osatutako elkarrizketa jo dut begiz. Amatxi-aitatxiren papera paratu ditu gai-jartzaileak. Iturriagak biloba mimatu nahi du, eta Gaztelumendik ez. Errealak egin zaizkit argudioak, gertukoak, benetazkoak, pertsonaien azalean baileude. Gaztelumendik bizitzak ez duela biloba kariñoz hartuko, eta beraz, gogortasun handiagoz hezi beharko luketela; Iturriagaren erantzuna: hezi, gurasoek hezi beharko luketela, eta aitatxi-amatxik mimoz jantzi. Eta, era horretan, goxo bezain zuhur josi dute bertsoaldia; norgehiagoka baino, solasaldi izan den lana.

Puntuka

Ondoren, zortzi bertso puntuka osatzeko txanda heldu zaie. Urangak eta Gaztelumendik botatako aleak gustatu zaizkit. Diskotekan daude biak eta jende multzo bat begira dute. Fandangoa dantzatzen ari direla bozgorailuetatik Shakira aditzen den bitartean eta mendiko botekin joan direla pistara esan dute, besteak beste. Ordea, interesgarriena izan da saioko gainontzeko bertsolariei erreferentzia egiten hasi direnean: adibidez, Arzallus barran dagoela dantzarik egin gabe, Iturriaga zurrutean dabilela… Fikzioa eta errealitatea nahastu eta aurreko lanetan aterako ideiak berreskuratu dituzte, puntukako jardunari freskotasuna emateko. Hautu bikaina.

Kartzela

Honako hau izan da gaia: zure buruari berriro ez zenuela egingo esan zenion, baina berriro egin duzu. Gaia bera polita da, baina seitatik bostek bide berbera hartu, eta drogen menpean dagoenaren ahotik kantatu dute. Errepikakorra izan da ikuspuntua. Dena den, denek osatu dituzte fundamentuzko saioak. Ni Iturriagaren eta Urangaren bertsoaldiek harritu naute gehin. Arzallusek hartutako bidea ere eskertzekoa izan da, poto egin duen bertsolariaren ahotik kantatu du, seguraski gaia beste ildo batetik landu nahian edo. Arnasa eman dio kartzelakoari, umore puntu bat ipiniz.

Puntuaketa

Saioa amaituta puntuaketaren garaia heldu da: Lehenengo, Iturriaga (725 puntu); bigarren, Arzallus (719 puntu); hirugarren, Gaztelumendi (695,5 puntu); Laugarren, Uranga (668 puntu); bostgarren, Mantxi (663,5 puntu); eta seigarren, Soto (620 puntu). Orain, Maulen pasatzen dena ikustea baino ez zaigu geratzen porretako pitonisa-saiakerek egitik zer duten jakiteko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolari Txapelketa 2013
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa: dramatismoa gora, hitanoa behera

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren bilakaera aztertu du IXA ikerketa taldeak, 1986ko sariketatik abiatu eta 2013kora arte. Besteak beste, erabilitako neurriak, doinuak eta euskara alderatu dituzte. Datu bat: 2013an gaien % 77 dramatikoa izan da eta %23 umorezkoa.


Eguneraketa berriak daude