Hirigintza eta populazio-ingeniaritza: hondeagailuaren legea

  • 2018ko udaberrian Ipar Kurdistanera –Bakur– euskal delegazio bat joan zen hango egoera lehen eskutik ezagutzera. Iñaki Etaio partaideetako bat izan zen eta bidaian ezagututakoa bederatzi artikulutan jaso du. Hau da laugarrena.

Auzoa zegoen zonalderako sarbidea itxita (Sur, Amed).

2018ko maiatzaren 08an - 12:27

Okupazioa finkatzeko herritarrak mugiaraztea ez du erregimen turkiarrak asmatu. Beste proiektu espantsionista askok erabili eta erabiltzen dute, ziurrenez Palestinako batustanizazio sionista da adibiderik argiena. Turkiako Estatuak 1990eko hamarkadan su eta gar aplikatu zuen suntsitutako herrixken politika, eta egun ere hala egiten du, itxura zertxobait ezberdina bada ere. Oraingoan, hiri kurdu batzuen barrutietan egiten du.

Etxebizitzen arrastoak Sur barrutian (Amed).

IV. mende baino zaharragoa den harresiak inguratzen du Amed-eko Sur barrutia. Nahiz eta sarbidea itxita egon, 2015eko abenduaren eta 2016ko martxoaren artean Sur-reko zati batean armada turkiarrak egindako ofentsiba bortitzaren ondorio batzuk ikus daitezke. Zonaldean erresistitzeko PKK-ren milizien saiakeren aurrean indar armatuek auzoa suntsituz erantzun zuten. Aurrerago erabateko suntsipena heldu zen. Erakunde batzuen arabera, 65 miliziano, 65 soldadu eta 321 auzokide hil zituzten, eta 24.000 auzokide etxetik kanporatu. 2016ko martxoan, borroken amaieratik hiru astetara, Turkiako Gobernuak auzoaren lur gehiena desjabetu zuen, Ingurumen eta hiri-planifikaziorako Ministerioa jabe berria eginez. Meskitak salbu, ia eraikin guztiak eraitsi zituzten jarraian. Familia batzuek ordain irrigarria jaso dute etxebizitza eta ondare guztiak galdu izanagatik, “hau edo ezer ez” xantaia erabiliz. Beste familia batzuk ez ziren ezta aukera horretaz informatua izan ere eta beste familia batzuek uko egin zioten konpentsazioari, dokumentu bat sinatzea eskatu baitzieten non PKK-ri leporatzen zioten etxebizitzaren suntsiketa.

Botatako auzoaren zati bat Amed-eko harresien gainetik ikusita.

Erraustutako zonaldea mugatzen duten hesietatik bi kaletara dagoen kafetegi batean bildu gara lekualdaketa-prozesuaren kontra borrokatzeko plataformako kide gazte batzuekin. Haiek azaldu digute milaka lagun horien egungo egoera, baita Ankarak udalean ezarritako agintarien ustezko planak ere. Beste mahai batean dauden bi gizonek argazkia egin digute disimuluan. Badirudi gu ez garela topaketa informal honetan interesatuta dauden bakarrak. Eraitsitako auzoa ez zen edozein auzo, ezta PKK-ren milizianoak indartsu ziren auzoa ere. Sur, nagusiki, 90. urteetan herrixketatik kanporatutako milaka pertsona jaso zituen barrutia da. Biztanle hauen arteko ezinbesteko elkartasunak, horietako askoren askapen mugimenduarekiko sostenguak eta kale estuz osatutako auzoaren konfigurazioak ahalbidetu zuten auzokideen arteko laguntza, adiskidetasun eta antolaketa-harreman anitzak sortzea. Solaskide kurduek esaten digutenez, auzoa suntsitzea erresistentzia armatuari aurre egiteko baino haratago zihoan; autoantolatutako sare horiek apurtzea eta hiria berrantolatzeko eremua garbitzea zituen helburu.

Polizia-gunea eraitsitako zonaldean (Sur, Amed).

Bi urte geroago, gobernuak ez du oraindik publiko egin auzorako proiektua. Momentuz, polizia eta hondeagailuak baino ez dira ikusten. Eraikin berriek jatorrizko diseinu kurdu legez errespetatu behar badute ere, plataformako kideek ez dute uste horrela izango denik, beste kasuetan gertatutakoa ikusita. Aurreikusten dute auzoaren diseinua harresietatik kanpo dauden auzoena izango dela, non altura handiko blokeak, blokeen azpiko zonalde itxiak eta blokeen arteko tarte handiak nagusi diren. Amed-eko auzo berriei Gasteizko Zabalgana edo Salburuaren antza hartu diegu: pertsonen arteko harremanak zailtzen dituzten eraikin handiak eta kale zabalak. Eta eraitsitako auzoaren eraldaketak Errekaleor auzoa ekartzen du gogora.

       Amed-eko kanpo-auzoa.

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kurdistan
2024-03-24 | Aitor Aspuru Saez
Ibrahim Bilmez
"Öcalanen aurkako sistema garatu du Turkiak Imraliko espetxean eta beste preso politikoen aurka baliatu du"

Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.


2024-02-15 | El Salto-Hordago
Ocalan, 25 urte preso eta erabat isolaturik, Espainia eta Europar Batasunaren oniritziarekin

1999ko otsailaren 15ean Abdullah Öcalan atxilotu zuten, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) eta mugimendu independentista kurduko burua. Turkiako zerbitzu sekretuek Kenyan atxilotu zutenetik, Marmara itsasoko uharte batean dagoen Iämralä-ko kartzelan isolatuta... [+]


2024-02-04 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
"Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori"

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


Urtzi Urrutikoetxea
"Ohorezko krimenen ondorioz eraildako emakumeen hilkutxak emakumeek eurek eramateak sekulako eragina izan du Kurdistanen"

Urtzi Urrutikoetxea nazioarteko kazetariarekin mintzatu gara Radio Kobanen, iaz idatzitako Kurdistan-Argi bat ekialde hurbilean liburuari buruz. Testuak azken urteetako gertakizunei erreparatzen die, eta atzerago ere begiratzen du herri kurduaren egoera politikoa eta... [+]


Eguneraketa berriak daude