ARGIA.eus

2022ko abuztuaren 15a

Hezkuntzan borrokalari asko... diruaren alde

2022ko abuztuaren 05a

Hezkuntza Akordioa sinatu denetik, EAEko Gobernuak hiru neurri hartu ditu hezkuntza ez unibertsitarioko sare pribatuaren alde (ez da idazki hau Euneiz izeneko akademia pribatuari aitortu dioten unibertsitate izaera salatzeko unea). Hiru neurri horiek honako hauek dira: itunak (kontzertuak) sei urteetarako luzatu dituzte, epe horretan ikasle kopuruan sekulako jaitsiera egongo dela jakin arren; planifikazio dekretu berria atera dute, zeinek erraztasun gehiago ematen dien ikastetxe pribatuei gelak zabalik mantentzeko, eta, orain, abuztuaren hasieran, kontzertazio-moduluen igoera ekonomikoa (Irakasleen moduluak, +%6 inguru, Haur Hezkuntzako bigarren ziklotik, Batxilergora, +%8,5 eta mantenimenduan, +%25a!) gauzatu berri dute. Hiru neurri hauek sare kontzertatuaren matrikula eta bideragarritasun ekonomikoa bermatzen dituzte, beraz, hezkuntza sistemaren pribatizazioaren eta ikasleen segregazioaren alde jokatzen dute.

Pribatizazioa diogu, titularitate pribatua, kontratazioa nahierara egin eta ikasleak aukeratzeko ahalmena dutenak ikastetxe pribatuak direlako. Hala ere, diru publikoaz sostengatzen dira, eta "gizarte ekimenekoak" ezizena jarri diote beren izaera klasistari. Ikastetxe horiek asko dira EAEn (Europan pareko pisurik ez dute inon, Madrilen orain hurbiltzen ari badira ere), haietako batzuk oso handiak gainera, eta saretuta daude, baina haien arteko lehiak gaindituz, gaitasun handia dute patronal guztiek bat egiteko diru publikoa eskatzeko momentuan eta administrazioa presionatzeko.

Segregazioa diogu ukaezina delako ikasle zaurgarrien gehiengo zabala sare publikoan dagoela, eta sare pribatuan sartzerik ez dutela. Pribatizazioa handiagoa den neurrian, orduan eta handiagoa da ere gizartean sufritzen dugun eskola-segregazioa, giza-kohesiorako eta euskararen normalizaziorako dituen ondorio larriekin.

Goian aipatu ditugun neurriak Hezkuntza Akordioaren kontra doazen ala bere ondorio zuzenak diren ez zaigu inporta, gure kezkak bestelakoak dira:

Alderdi politiko batzuk haien burua ezkertiartzat eta subiranotasunaren aldekotzat jotzen dute, baina une honetan, akordio bat sinatuta, azken neurriekin denok ados daudela dirudi, txio pare bat baino besterik ez baitugu ikusi gehiegikeria horien kontra. EAEko sare pribatuaren bi herenak ikastetxe erlijiosoak direla, eta sare horretan A eta B eredu gehien gehienak biltzen direla jakinda, ulergaitza da sare hori neurririk gabe indartzen jarraitzea Hezkuntza Laikoa, Feminista eta Euskalduna lortzeko bidean.

Garai bateko Euskal Herriko gehiengo sindikalak bestelako politika sozialak aldarrikatzen zituen, eta zerbitzu publikoen alde egiten zuen, pribatizazioek langile klasearen (modu zabalean ulertuta) kontra bete betean jotzen dutelako: oinarriko eskubideak salgai jartzen ditu, zerbitzua negozio bihurtu nahian lan baldintzak kaskartzen ditu, oso garestiak dira bai dirutan baita ondorio sozialetan neurtuta... Une honetan, salbuespenak salbuespen, ez genuke esango sindikatuak eskola publikoaren defendatzaile sutsuak direnik.

Familia askok normaltzat hartzen dute ikastetxeetan maila sozioekonomiko bereko ikasleak soilik elkartzea, nahiz eta auzoetan eta herrietan aniztasun handiagoa izan. Emaitza akademikoek eta ikerketek jakinarazten digute sarri pribilegiotzat hartzen dugun aniztasun faltak inorantzia eta aurreiritziak besterik ez dizkiela ekarriko umeei.

Unibertsitatez kanpoko ikasleen erdia sare publikoan dago, tartean ikasle "zaurgarrien" (diru gutxikoen, jatorri atzerrikoen, hezkuntza premia berezidunen...) hiru laurdenak; eskola publikoa defendatu behar delakoan gaude, abusuen kontra, neoliberalismoaren kontra, inorantziaren kontra eta euskararen eta elkarbizitzaren alde. Apur dezagun konplizitatea.

* Arantza Fernandez de Garayalde, José Manuel Martínez Fernández eta Eli Lamarka Iturbe Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunearen izenean.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.

Kanal hauetan artxibatua: Iritzia  |  Hezkuntza  |  Euskal eskola publikoa

Irakurrienak
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude