Non daude talka handienak eta zenbateraino dago gertu akordioa, EAEko hezkuntza publikoko irakasleentzat? Greba ziklo luzeari amaiera emateko sukalde lanaren eta gakoen inguruan mintzatu gara, STEILASeko bozeramaile Haizea Arbiderekin. “Grebak bertan behera utziko baditugu, bermeak behar ditugu, asmoak zertan gauzatuko diren”.
Bilera ugari izan dituzue eta astelehenean ordu txikietara arte luzaturikoan “hurbilketa bat” egon dela ere aipatu zenuten. Hurbilago dago akordioa? Badago borondatea?
Oso bilera luzea izan zen, hamar ordutik gora izan ginen Lakuan, eta egia da hasieran hurbilketa eta sintonia ona egon zela, bazirudiela borondatea zegoela Hezkuntza Sailetik, baina orduek aurrera egin ahala eta guk zehaztasunak eskatu ahala (zeren sailak planteaturiko neurriak zehaztasunetara ekarri gabe ezin dugu aurreakordio bat sinatu, eta haiek aurreakordio bat nahi zuten, grebak bertan behera uzteko), ikusi zen borondatea faltsua zela, eta azkenean beraiek planteaturiko edukiak eta neurriak bertan behera utzi zituzten.
Berak planteaturikoa bertan behera utzi zuen Hezkuntza Sailak?
Bere azken proposamena publiko egin du Hezkuntza Sailak, baina hor ageri diren neurriak baino baldintza hobeak jarri zituzten mahai gainean bileran, eta zehaztapen horiek testuan txerta zitezen saiatu ginen, lana aurrera zihoan, horien gainean ari ginen, hurbilketa bat bazegoela zirudien… baina une batean atzera egin eta bileran guri hitzez esandakoari uko egin zioten. Hezkuntza Saila jakitun da zein diren aldarrikapenak eta zeintzuk diren mahai gainean jarri beharreko edukiak, blokeo hau gainditzeko.
"Lan zama arintzeko baliabideak, bileran zehar ontzat eman zirenak, gero bat-batean ukatu egin zituzten"
Eta zergatik egin zuten bat-batean atzera?
Ez dakigu, hori Hezkuntza Sailak erantzun beharko luke… Talkak egon bazeuden, baina aurreraka ari ginen, bi aldeetatik malgutasun ariketa eginez, eta ixtera gindoazela ematen zuenean, atzerapauso galanta egin zuten.
Bederatzi puntu ditu Hezkuntza Sailaren azken proposamenak (planteatzen du, besteak beste, irakaskuntza orduen murrizketa, baliabideen gehikuntza, erretirotik gertu dauden langileentzako plana, burokrazia murrizteko batzorde bat eratzea, bitarteko langileen lan baldintzak hobetzea eta ordainsariak handitzea). Non daude talka handienak?
Lan zama arintzeko neurrietan zehaztapenak falta direla uste dugu. Batetik, jasotzen da batzorde bat eratuko dela “burokrazia lanak aztertzeko, errazteko, murrizteko edo ezabatzeko”, baina epeak falta ditu: noiz ezarriko liratekeen diagnostikoak antzemango dituen arazoei aurre egiteko neurriak. Bestetik, lan zama arintzeari begira baita ere, baliabide pertsonalak gehitzea falta da, zeren baliabideak gehituko direla esan bai, baina zehaztapenak, kopuruak, azterketak falta dira. Grebak bertan behera utziko baditugu, bermeak behar ditugu, asmoak zertan gauzatuko diren.
Beste puntu gatazkatsua soldataren ingurukoa da. Abiapuntua ehuneko altua zen, baina ez da asmatutako portzentaje bat, azken urteetan galdutako eros-ahalmena baizik; eta halere, malgu jokatu dugu, eskaera gutxitzen joan gara, hurbilketa saiakera horretan. Baina beste sektore batzuetan eman diren aurrerapausoak ikusita, uste dugu eskola publikoko lan baldintzak hobetzeko inbertsio ekonomikoa egon behar duela.
"Ordainsaria negoziazio kontua da, ez gara ixten portzentaje batera, baina keinu batetik harago, benetako inbertsioa eta benetako borondate politikoa behar da"
Aipatu dituzun hiru puntuak azter ditzagun. Azken boladako salaketa da burokrazian itota daudela irakasleak. Egoera aztertu eta konpontzeko batzorde bat eratzea berria da.
Aurreakordioa sinatu izan bagenu, bi hilabeteko epean batzordea martxan jarriko zutela agindu ziguten bileran, baina ez da ezartzen batzorde horrek zein epetan egingo duen lana eta hor ateratako ondorio eta arazoei aurre egiteko neurriak noiz ezarriko diren. Eta azken finean, batzordea eratzea erraza izan daiteke, baina emaitzen bermea behar dugu.
Baliabide pertsonalak gehitzearen inguruan, zehaztapenak falta direla diozu. Eskuartean nik dudan Jaurlaritzaren proposamenean, hainbat kopuru agertzen dira…
Figura batzuetarako bai (aholkualriak, orientatzaileak, zuzendaritza taldeak…), eta oso figura eta baliabide beharrezkoak dira, jakina, baina beste hainbat baliabide ere eskatzen ziren beste esparru ugaritan (euskara plana garatzeko, berdintasun plana garatzeko…), orokorrean irakasle guztiei lan zama arintzeko baliabideak, bilerak iraun zuen ordu luze horietan zehar ontzat eman zirenak, eta gero bat-batean ukatu zirenak eta kendu zituztenak. Beraiek markaturiko ratioetan hobekuntzak ere eskatu ditugu.
Soldaten inguruko gatazkari lotuta, Jaurlaritzaren proposamenean planteatzen da gutxienez soldata gordinaren %3ko osagarri orokorra, eta zuzendaritza taldeen ordaingarrien %30eko igoera.
Kargu batzuetarako igoera proposamena handiagoa da, bai, baina gure aldarrikapena beti izan da irakasle guztientzako hobekuntza izatea, ez bakarrik kargu zehatzetan daudenentzako.
Planteamendu orokor horretan, %3aren ordez, noraino handitu nahiko zenukete ordainsaria?
Negoziazio kontua da, ez gara ixten portzentaje batera, baina keinu batetik harago, benetako inbertsioa eta benetako borondate politikoa behar da.
"Familiei zer esan? Hezkuntza komunitate osoak egon behar duela inplikatuta horrelako gatazka batean, irakasle gisa gure helburua beti direla ikasleak"
Jaurlaritzak dio, egin dituen proposamenak aintzat hartuta, greba hauek “arrazoirik gabeak, neurriz kanpokoak eta arduragabeak” direla.
2010etik gatoz akordio duin bat izan barik eta urteak daramatzagu balizko negoziazio batean, lauzpabost urte luzatu dena, baina orain arte ez da benetako negoziaziorik eman, ez dutelako benetako edukirik jarri mahai gainean. Astelehenean egindako negoziaketa-maratoi hori lehenago egin zitekeen, ez greba bezperan eta arineketan, grebak bertan behera uzteko helburuz.
Greba ziklo luzea izaten ari da eta sarri ikasleen gurasoek ez dute informazio nahikorik. “Soldata hobea nahi dute” esaldira ere mugatzen da hainbaten ustea. Zer esango zenieke hezkuntza publikoko gurasoei?
Soldata aldarrikapenetako bat da, zuzenean langileei eragiten diena, norbere lan baldintzak hobetzeko, baina gainerako aldarrikapen guztiak ikasleen onurarako dira eta osotasunean begiratu behar dira eskaturiko neurriak, helburua delako hezkuntzaren kalitatea eta euskal eskola publikoaren garrantzia eta erreferentzialtasuna lortzea. Azken aste eta hilabeteetan beste sektore batzuetan ikusi ditugun inbertsioak gogoan, uste dugu irakasleon lana aintzat hartu behar dela, lan baldintza hobeek ekarriko dutelako hezkuntzaren kalitatea. Familiei zer esan? Hezkuntza komunitate osoak egon behar duela inplikatuta horrelako gatazka batean, eta grebara goazen portzentaje handi bat eskola publikoko guraso ere bagarela, irakasle gisa gure helburua beti direla ikasleak.
Guraso batzuei beharbada informazioa falta zaiela-eta, ikastetxeetako zuzendaritza gehienek eskatuta eskola publikoetara oharra bidali genuen greba zikloaren hasieran, gero hala erabakitzen zuten ikastetxeek familiei oharra birbidaltzeko. Bertan, sindikatuetatik azaldu genituen lanuzteen zergatiak eta helburuak, ahalik eta modurik objektiboenean.
Aintzane Mariezcurrena Afan elkarteko psikologoak nabarmendu du “oso garrantzitsua” dela txikitatik alzheimerrari loturako zalantzak argitzea eta gaiaz hitz egitea, haurrek beldurrik izan ez dezaten.
DBHko 4. mailan eremuka irakastea planteatzen duen curriculum agindua bertan behera utzi du Kataluniako Auzitegi Nagusiak, aurrez Batxilergoan egin zuen gisan. Eremukako proiektuen aurkako salaketa Aspepc DBHko irakasle katalanen sindikatuak jarri zuen.
"Erronka izugarria" duen mahaia jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak, 50 bat eragilerekin: eskola segregazioa gainditzeko neurriak adostea. STEILAS eta ELA sindikatuek ez dute parte hartu; Jaurlaritzak oinarri dituen politikek segregazioa betikotzen dutela diote.
Hiru urte bete dituzten 1.404 ikasle berri matrikulatu dituzte D edo B ereduetan, Nafarroan. Adin guztiak kontuan hartuz, 27.334 ikaslek ikasiko dute euskaraz. Matrikulen 67,8% ikastetxe publikoen sarean izan da.
Hilotan, euskara sarritan izan dugu albiste. Txarrerako, euskaltzaleon artean nagusi den aldarte ezkorra ikusita. Baina euskararen egoera txarra dela ez da kontu berria, datuen bitartez beste zerbait iradoki den arren.
Har dezagun, adibidez, hizkuntzak irabazi ei dituen... [+]
Irailaren 1ean hasi dute ikasturtea Ipar Euskal Herrian, euskarazko eskaintzari dagokionez, hainbat berrikuntzarekin. Esaterako, Sohüta eta Luhusoko haur eskola publiko banak euskarazko murgiltze eredua eskainiko dute, eta Hazparneko Armand-David laborantza lizeoak euskaraz... [+]
Gordin esan dute Aiaraldeko ikastetxeok: euskalduntzea “arriskuan dago” eta ikastetxeek, bakarrik, ezin diote aurre egin “egoera larriari”. Autokritika egin, eta hamar konpromiso hartu dituzte, hezkuntza komunitateek praktikara eramatekoak. Era berean,... [+]
UEUk eta BadaLabek ikertzaile gazteei zuzendutako diziplinarteko ikerketa-proiektuen II. deialdia egin dute. Honen helburuak dira ikertzaile euskaldun gazteen arteko harremanak sendotzea eta ezagutza-arlo ezberdinetako ikertzaileak elkarlanean aritzea. Irailaren 22ra arte... [+]
Testuliburuen mailegutza, berrerabilera edota bigarren eskuko azokak ugaritu badira ere, ikasmaterialak gastua izaten jarraitzen du etxe askotan, dirulaguntzak dirulaguntza. Eskola-itzulerak batez beste 400 eta 500 euro arteko gastua ekarriko du Hego Euskal Herriko etxeetan,... [+]
Bost sexologoren formazioa jasoko dute Nafarroako hamabi ikastetxetako irakasleek: sexualitatea ikasleekin lantzeko edukiak eta proposamen pedagogikoak eskainiko dizkiete. Skolae programaren segida izango da, nolabait.
473 plaza eskaini dituzte eta 84 ez dira bete. Lehen Hezkuntzan, aldiz, ia lanpostu guztiak bete dira.
Azkenaldian buruari bueltak ematen ari natzaio, hezkuntza publikoaren egoerari. Aurtengo ikasturteko greba garaiak pasa dira eta lan hitzarmen berria sinatu zela denboratxo bat igaro da. Irakasleoi, onerako eta txarrerako, garai hartako odol beroa hoztu zaigula esango nuke. Ez... [+]
Goizaldeko lehenengo eguzki-izpiekin batera zabaldu ditu ateak Kirikiño Ikastolak. Zapatua da, auzolan eguna. Parte-hartze batzordeko arduradunak irrintzia egin eta lanera bideratu ditu bertaratu diren ehundik gora partaide: “Hemen erronkak denonak dira! Aurrera,... [+]
Hainbat zigilu elkarrizketan jartzea. Horixe izan da Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta EHKOlektiboak Usurbilen antolatutako jardunaldien abiapuntua. Bertan elkartu dira: EHKO Berme Sistema Parte hartzailea, Ekolurra zigilu ekologiko ofiziala, Idoki Iparraldeko etxe... [+]
Gero eta sarriagotan ikusten ditut nerabeak sufritzen. Irakasle naizenetik Bigarren Hezkuntzan, azken urteotan gero eta kasu bortitzagoen aurrean ikusi dut neure burua, eta hortxe batez ere hasten zaigu irakasleoi korapiloa. Nola lagundu nerabeari? Ikastetxean ordu asko... [+]