Zein dira korapilo nagusiak EAEko hezkuntza hitzarmenaren negoziaketetan?

  • Sare publiko eta itunpekoaren bereizketa gainditzeko formula; ikasleak euskalduntzeko estrategia; ikasleen segregazioari aurre egiteko erronka; eta hezkuntza deszentralizatzeko saiakera, eskumenak tokiko instituzioekin elkarbanatuz. Patata bero horiek azaleratu ditu EAEko hezkuntza hitzarmenak. Udazkenean Jaurlaritzak argitaratu nahi duen hezkuntza legearen oinarria da hitzarmena, hasierako zirriborroari zuzenketak aurkeztu dizkiote alderdi politikoek eta negoziaketak puri-purian dira gai horien bueltan, adostasuna lortu aldera.


2022ko martxoaren 14an - 08:00
Azken eguneraketa: 2022-11-08 13:30:00
Ilustrazioak: Shu Otero

Hitzarmenaren zirriborroan zuzenketa eta aldaketa ugari proposatu dituzte alderdi politikoek, eta martxoaren 18an Eusko Legebiltzarrean egingo den bozketa erabakigarria izango da. Orduan jakingo dugu zerk egingo duen aurrera eta zerk ez, baina dagoeneko badakigu alderdi bakoitzaren apustua zein den. Azken ordura arteko negoziaketetan ari dira EAJ, PSE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos, hitzarmenarekin zenbat eta alderdi gehiagok bat egin, orduan eta egonkorragoa izango baita udazkenean badatorren EAErako hezkuntza legearen zilegitasuna.

1) Bi sare, hamaika buruhauste

Cristina Uriartek Hezkuntza sailburutza hartu zuenetik –2012 urrun hartatik– entzuten gabiltza EAErako hezkuntza lege berria egingo duela Eusko Jaurlaritzak, eta heldu da unea. Hasiera-hasieratik, helburu nagusietakoa izan da gure hezkuntza sistemak duen errealitate duala gainditzea: bi sare nagusitan dago banatuta, publikoa eta itunpekoa –gutxi gorabehera EAEko ikasleen erdia hartzen du sare bakoitzak–, eta dikotomia hori apurtu nahi da.

Bide horretan, Ikastolen Elkarteak aldarrikapena aspaldi du egina: euskal hezkuntza zerbitzu publikoaz mintzatu da azken urteetan. Alegia hainbat betebehar bere gain hartzen dituen ikastetxe orok, zerbitzu publiko bat eskaintzen duen heinean, legearen barruan egon behar duela, %100 diru publikoz finantzatuta –gakoa horixe baita, eskolen finantzazio publikoa–. “Denon artean zehaztu beharko dugu zer esan nahi duen publikotasunaren kontzeptu horren barruan egoteak, zein oinarri, printzipio eta balore dituen gure hezkuntza sistemak, eta horiek praktikara eramateko konpromisoa hartzen duten guztiek parte hartuko dute euskal hezkuntzaren zerbitzu publikoan”, zioen Abel Ariznabarreta Ikastolen Elkarteko hezkuntza arduradunak, duela sei urte.

Planteamendu horrexekin egin dute bat EAJk eta EH Bilduk, eta hala islatu du hezkuntza hitzarmenaren lehen zirriborroak: Euskal Hezkuntza Zerbitzua delakoa sortuko da, eta zerbitzu horretan parte hartzen duten ikastetxe guztiek, eskola publiko nahiz itunpeko, %100eko finantzazio publikoa izango dute; horretarako, hainbat konpromiso bete behar dituzte ikastetxeek. Zirriborroak betebehar bakarra jaso du esplizituki: ikasleen segregazioari eta gai honetan bai sareen bai zentroen artean dagoen desorekari aurre egiteko konpromisoak hartzea.

Legeak bere baitan itunpeko ikastetxeak hartuko dituela eta %100eko finantzazio publikoa lortzeko aukera izango dutela ez dago zalantzan; kontua da, nola?

Kexu agertu da hainbat eragile, tartean Eskola Publikoaz Harro plataforma eta EHIGE gurasoen elkartea, kritikatuz formulak dirudiela itunpekoak %100 diru publikoz finantzatzeko eta ikastetxe hauek egonkortzeko nahia –“txeke zuria” aipatu du hainbatek–, sare publikoaren finantzaketari erreparatu gabe, “finantzaketaren gaia sare pribatuaren doakotasunari buruzkoa baino ez baita; ez zaio heltzen hezkuntzako inbertsioa handitzeari, ezta hezkuntza inklusiboaren inbertsioak lehenesteari ere”, dio EHIGEk.

Sareen bereizketa hori gainditzeko beste formula bat ere bazegoen mahai gainean: itunpeko ikastetxeak publifikatzea, sare publikoko ikastetxe bihurtzea. Elkarrekin Podemosek egin du horren alde, ez beste alderdiek. EH Bilduk uste du “1993ko hezkuntza legearen ondorioz etorri zen publifikazio prozesuaren akatsak errepikatzea” litzatekeela: “Ekarri zuen ikastolen asimilazio hutsa sistema publikoan eta sortu zituen oraindik askatu ez diren korapilo asko”, dio Ikoitz Arrese EH Bilduko Hezkuntza idazkariak. EAJ alderdiko kide eta Hezkuntza sailburu den Jokin Bildarratzentzat, publifikazioaren “eztabaida hori uneotan ez dago gizartean”. Bere hitzetan, “zergatik publifikatu ikastetxe bat, baldin badu adibidez hezkuntza proiektu sendo bat, soziala, eta inongo gogorik ezta beharrik ere publifikatzeko?”.

PSE-k eragindako ziaboga

Legeak bere baitan itunpeko ikastetxeak hartuko dituela eta %100eko finantzazio publikoa lortzeko aukera izango dutela ez dago zalantzan; kontua da, nola? Batetik, ikasleen segregazioari aurre egiteko konpromisoez gain, bestelako betebehar batzuk eskatu dizkiete alderdiek Euskal Hezkuntza Zerbitzuan parte hartuko duten ikastetxeei. Esaterako, Kristau Eskolari bete-betean eragiten dion betebeharra jarri dute mahai gainean EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, zirriborroari egindako zuzenketetan: laikotasuna. Erlijioa hautazko ikasgai baino ez izatea eskatzen du Podemosek, eta Espainiako Gobernuaren LOMLOEk Erlijioari ezarritako ordu kopuru minimoa EAEko ikastetxeek eskaini dezaketen maximoa izatea eskatu du EH Bilduk. Azken alderdi honek langileen kontratazio garden eta demokratikoa, irabazi asmo eza eta parekidetasuna ere jarri ditu betebeharren artean, besteak beste.

“Funtsezko papera eta izaera” aitortu diote alderdiek eskola publikoari, eta publifikazio progresibo eta borondatezko baten alde egin du Elkarrekin Podemosek, sare bakarreranzko trantsizio moduko bat, baina PSEk EAJrekin izandako negoziaketetatik etorri da ezustekoa: hasierako testuak bi sareak bateratu eta berdintzen zituen, eta PSEk eta EAJk elkarrekin aurkeztutako zuzenketetan, planteamendua bestelakoa da: itunpeko sarearekin itun politika mantentzea proposatzen da, alegia itun bidez finantzatuak izaten jarraitzea. Hasierako testuan bezala, adosturiko betebeharrei erantzuten dien ikastetxea %100 finantzatuko dute funts publikoek, baina kontzeptualki dator aldaketa, itunpekoak bigarren maila batean geratzen direlako eta biharko egunean itun politika aldatuz gero, ikastetxe hauen finantzaketari eragin ahalko liokeelako. EH Bilduk eta EAJk sareen egungo egituraketa aldatzea eta eskola guztiei betebehar eta eskubide berak ezartzea zuten helburu, horregatik EH Bilduk ez du bat egiten itunak mantentzearen formularekin. Negoziaketetan, praktikotasunak irabaziko du –itun bidez bada ere, %100eko finantzazio publikoa lortzea denek–, ala egituraketan jarriko da indarra –itun politika amaitu eta bi sareak berdintzea–?

2) Euskarak izango duen lekua

Diskurtsoa badakigu: legeak dio bigarren hezkuntza amaitzean, ikasleak euskara menperatu behar duela. Fokua horretan jarri ohi du Eusko Jaurlaritzak, deserosoagoa zaiolako helburu hori lortzeko ikastetxeek izan behar duten hizkuntza politikaz aritzea. Izan ere, gaztelania gailentzen den A eredua, gaztelania eta euskara protagonista dituen B eredua eta euskara lehenesten duen D edo murgiltze eredua ditugu oraindik EAEko ikastetxeetan, eta ikerketek diote murgiltze ereduak berak ez duela beti bermatzen ikasleen euskalduntzea, pentsa A eta B ereduek.

Gizarteko esparru zabal baten aspaldiko eskaera da: murgiltze eredua orokortu behar da, A eta B ereduak desagerrarazi. EAJk, baina, gaia saihestu izan du, “euskararen eztabaidatik alde egin” behar dela dio Jokin Bildarratzek. Murgiltze eredua nagusi da EAEko ikastetxeetan eta gutxiengo diren A eta B ereduko ikastetxeak mantentzea estrategia ere izan daiteke, familiek hizkuntza eredua aukeratzeko duten askatasunaren izenean gurutzada judizial euskarafobo batean ez katramilatzeko –ez da lehenengo aldia gurean, eta Katalunian ere Espainiako Auzitegi Gorenak murgiltze eredu orokortuari eraso egin dio duela gutxi–.

Ez da kasualitatea, hezkuntza hitzarmenaren abiapuntuko testuak ez ditu A, B eta D ereduak aipatu ere egiten, eta ikastetxeek izan behar duten hizkuntza politika zehazteko, ez du murgiltze eredua hitz horiekin izendatzen –ereduen desagertzea esplizituki azaltzeak edota murgiltze eredua hautatzeak aitzakia emango liekeelako alderdi eta eragile euskarafoboei, bazterketa linguistikoaren bandera epaitegietan haizatzeko–. Honela definitzen du legearen baitan egongo diren ikastetxeentzako hizkuntza proiektua: “Euskara ardatz duen sistema eleaniztuna”, zeina ikastetxe bakoitzak modu malguan egokituko duen, bere errealitate linguistikoaren arabera.

Berehalakoa izan da erantzuna, Euskalgintzaren Kontseiluaren aldetik lehenik, beste eragile askoren ahotik ondoren: eskatu dute hitzarmenak –eta ondorengo legeak– propio jaso dezala egungo ereduen sistema bertan behera utzi eta “ikasle guztiei euskara gaitasun egokia bermatuko dien eredu orokortua” ezartzea ikastetxe guztientzat.

Legeak zehaztuko al du “euskara ardatz duen eredua” izateak zer esan nahi duen, adibidez proportzioan zenbat ikastordu izan beharko diren euskaraz?

Hala jaso dute zuzenketetan bai EH Bilduk, bai Elkarrekin Podemosek. Lehenengoak “euskara ardatz duen eredu eleaniztun orokortua” darabil eta argi uzten du euskarak izan behar duela irakas-hizkuntza, derrigorrezko hezkuntza amaitzean ikasleek hizkuntza ofizialak “ondo menderatzea” eta atzerriko hizkuntza batean gaitasun nahikoa lortzea dela jarri beharreko helburua. Elkarrekin Podemosek bere proposamenean dio “egungo sistema zatikatua gainditu eta euskara ardatz izango duen hizkuntza eredu eleaniztun bakarra” jaso behar duela legeak, derrigorrezko hezkuntza ibilbidea amaitzean ikasleek euskaraz zein gaztelaniaz B2 maila lor dezaten eta hirugarren hizkuntza batean B1 maila.

Kontrako bidea egin dute EAJk eta PSEk.

Oraingoan ere, PSE

EAJ eta PSEk batera aurkeztu dituzten zuzenketetan, zirriborroak euskarari ematen zion lehentasuna urardotu dute. Badirudi gobernukide duen PSEren eskakizunei leku egin diela EAJk, eredu bakar edo orokortua ez proposatzeaz harago, euskarari pisua kentzen dioten zuzenketak aurkeztu baitituzte Legebiltzarrean: derrigorrezko hezkuntza bukatzean ikasleak euskara eta gaztelania menperatu behar dituela dioen lekuan, menperatu ordez “jakintza praktiko nahikoa” izan behar duela diote orain EAJ-PSEk; irakasleen eta irakasle eta ikasleen arteko harremanetan euskara lehenetsiko dela dioen lekuan, lehenetsi ordez “euskara bultzatuko” dela jasotzen dute gobernukideek zuzenketetan; edota digitalizazio etiko, arduratsu, eraginkor eta euskalduna bermatzearen alde egiten den pasartean, zuzenean “euskalduna” hitza desagerrarazi dute jeltzale eta sozialistek.

Izatez, zuzenketa hauen norabidea gehiago da euskarari batzuek eta besteek hezkuntzan eman nahi dioten garrantziaren erakusgarri, legean ez baitu eragin faktikorik. Legerako inporta duena da zein eredu ezarriko den, eta formulazioa badugu jada: “euskara ardatz duen eredu eleaniztuna”. Kontua zera da, jasoko al du “orokortua” adjektiboa? Alegia, izango al da ikastetxe guztientzako eredu bakarra –nahiz eta eredu malgua dela nabarmendu duten, testuinguru linguistikoa aintzat hartuko duena–? Eta adostuko den hitzarmenean jakingo ez duguna: legeak zehaztuko al du “euskara ardatz duen eredua” izateak zer esan nahi duen, adibidez proportzioan zenbat ikastordu izan beharko diren euskaraz?

3) Segregazioa, ika-mika iturri

Gezurra dirudien arren, gaur egun eztabaidaren erdigunean dagoen gaiari ezikusia egiten zioten batzuek duela gutxi. Baldintza sozioekonomikoei eta ikasleen premia bereziei lotuta ikastetxe batetik bestera desorekarik edo segregaziorik zegoenik ukatu egiten zuen Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, lau bat urte atzera egiten badugu. Ikastetxeek auzoaren errealitatea islatzen zutela zioen, nahiz eta agerikoa izan hainbatetan auzo berean eskola batetik bestera dagoen aldea, nahiz eta datuek dioten maila sozioekonomiko baxuko hamar ikasletik zazpik “ghetto-eskoletan” ikasten dutela.

Garai bertsuan, herri ekimen legegilea iritsi zen Eusko Legebiltzarrera, 17.000 sinaduraren sostenguz: Zubiak Eraikiz plataforma herritarrak eskola-segregazioa gainditzeko zortzi neurriko proposamena aurkeztu zuen, baina tramiterako onartu ala ez eztabaidatzea bera atzera bota zuten gobernuan zen EAJ-PSEk. Eta administrazioak esku hartzen ez zuen bitartean, sare publiko eta itunpekoaren arteko gatazka iturri nagusietakoa bilakatu zen. Premia bereziko ikasleen portzentaje handiena eskola publikoak hartzen duela-eta, desoreka horri buelta emateko nahikoa ez egitea leporatu zaio itunpeko sareari, hainbat esparrutatik. Horren aurrean, segregazioa amaitzeko borondatea dutela errepikatu izan du Ikastolen Elkarteak. “Ikastolok behin eta berriro aldarrikatu dugu gu gauden eskola-eremu bakoitzean, edozein behar bereziko ikasle eskolaratzerakoan gure matrikulazio tasaren neurriko konpromisoa hartzeko prest gaudela”, zioen Abel Ariznabarretak, 2016an.

Liskarrak liskar, iaz bertan Jokin Bildarratzek zioen ikasleen segregazioa ez dela arazo EAEn. Hori bai, segregazioari aurre egiteko neurriak hartu behar direla onartu du: “Gure hezkuntza sisteman, zaurgarritasun guztiak ikastetxe guztion artean banatu edo landu behar ditugu, ez da posible ikastetxe batean kontzentratzea zaurgarritasun egoera handiena duten ikasleak”. Gelaren erdian dago elefantea eta jada inork ez du beste alde batera begiratzen, hitzarmenean bertan zentralitatea hartu du gaiak eta betebehar garbia jarri zaie ikastetxeei: segregazioari aurre egiteko konpromisoa –hasierako testuan, gainera, betebehar hau baino ez zaie ezarri, %100eko finantzazio publikoa eskuratzeko–.

Hitz potoloetatik harago, baina, neurri zehatzak eskatu dituzte sare publikoaren bueltako eragileek, eta batez ere, neurri betearazleak, gaur egun ikasleen matrikulazio orekatua lortzeko indarrean dauden neurriak betetzen ez direla argudiatuta. Hitzarmenari lotuta akordioa negoziatzen ari diren alderdiek neurriak proposatu dituzte zuzenketetan: besteak beste, matrikulazio dekretua aldatu egingo da –matrikulazio prozesu gardena eta orekatua bermatzeko matrikulazio bulegoez hitz egiten da, egungo baremazioan eskua sartzea ongi neurtzeko zerk puntuatzen duen eta zerk ez eskola batean onartua izateko…–, eskola bakoitzak inklusioa bermatzen duela ziurtatuko duten indizeak ezarriko dira, eta gurasoen kuotak ezabatuko dira –%100eko finantzazio publikoa jasota, ez luke zentzurik kuota kobratzea gurasoei–.

Neurriak neurri, funtsezkoa izango da borondatea politikariengan, aniztasunari ateak zabaltzeko borondatea ikastetxeetan, eta ikuspegi kolektiboa izango duten gurasoen borondatea

Hitzarmenetik harago, gakoa legeak izango du: dekretuek nola islatuko duten konpromiso maila, bete beharreko neurriak. Eta hala ere, handiagoa izango da erronka. Hasteko, ikastetxe batzuetan dagoeneko handia da desoreka eta premia, eta neurri konpentsatzaileak iragarri dituzte, baliabideak; bestetik, jaiotze-tasaren beheranzko joerak dugun panoramari ezinbestean eragingo dio, eta erne egon beharko da, arrakala ez areagotzeko; eta azkenik, borondatea funtsezkoa izango da: neurriak neurri, benetako borondatea politikariengan, aniztasunari ateak zabaltzeko benetako borondatea ikastetxeetan, eta ikuspegi indibidualista batetik harago ikuspegi kolektiboa izango duten gurasoen borondatea, matrikulazio prozesuak gaur gaurkoz familien hautua lehenesten baitu.

4) Tokiko hezkuntza

Azken urteotan hezkuntza komunitatearen baitan garatzen joan den herri hezitzailearen ideiak nolabaiteko isla izango du legean. Tokian tokiko hezkuntza lortzeko, herri bereko ikastetxeen elkarrekintza, udalaren inplikazioa eta inguruko eragileen parte-hartzea sustatzea da helburua, ikastetxeetako erabakiak ez ditzan zentralizatu ikastetxe horien errealitatetik urrun dagoen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak.

Batetik, kogobernantza ahalbidetuko du legeak, eta Hezkuntza Sailaz gain, udalek ere hainbat hezkuntza eskumen izango dituzte, herriko eskoletan eragiteko modua, bereziki “matrikulazio prozesuan onarpen protokoloak familiengana hurbiltzeko, azpiegiturak indartzeko, elkarbizitza sustatzeko, kohesioa bultzatzeko eta euskararen erabilera sustatzeko”, dio hitzarmenak. Kogobernantzaren esperientzia hezkuntzara ekarri duen proiektu pilotua martxan da Errenterian: bertako udala eskolaratze sisteman esku hartzen ari da otsailetik, ikasleen segregazioa murrizteko helburuz. Zehazki, ikasturtean zehar EAEtik kanpo iristen diren ikasleen eskolaratzean esku hartzen hasi da, Jaurlaritzarekin lankidetzan.

Ildo berean, Tokiko Eskola Kontseiluak sortuko ditu legeak, herriko ikastetxe, udal eta hezkuntza komunitateen parte-hartzea bilatzen dutenak, honako jardunei lotuta: “Hezkuntza-premiak identifikatzea, eskaintza banatzea eta ikasleak eskolatzeko irizpideak zehaztea, hiri-plangintzatik eratorritakoak barne; hezkuntza-laguntzako behar espezifikoak dituzten ikasleen eskolatze egokia eta orekatua bermatzen laguntzeko jarduerak eta behar diren neurriak hartzea, ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo beste izaera bategatik bereiztea saihesteko; ikastetxeen funtzionamenduari eragiten dioten udal-jarduerak; eta udalerria eremu duten patronatuak, partzuergoak eta hezkuntza-erakundeak eratzea”.

Deszentralizaziorako apustuan bat datoz alderdi politikoak, auzia izango da argitzea eskumen eta elkargune berriak martxan jartzen direnean administrazio eta eskola ezberdinak gai izango diren elkarrekin lan egin, aliantzak sortu eta aurrera egiteko.

Ikastetxeen autonomiari ere protagonismoa eman nahi diote hitzarmena negoziatzen ari diren alderdiek: ikastetxe bakoitzak bere hezkuntza proiektu egonkorra garatu ahal izatea, zuzendaritza indartsuak buru. Autonomia ez dadila izan desarautzearen sinonimo, ohartarazi du Elkarrekin Podemosek, emaitza ez dadin izan ikastetxe bakoitzak nahi duena egitea.

Eta erdi…

Hitzarmenak eta datorren legeak duen beste korapilo baten adibide gisa, aipatu berri dugun autonomia jarriko dugu: ikastetxeen autonomia indartu nahi duela esango du legeak, bai, baina EHIGEren hitzetan, 1993ko legeak ere jasotzen zuen promesa hori, “eta hogeita hamar urteotan ez da ezer egin bide horretan”. Are, sare publikoan irakasleak ikastetxe batetik bestera badabiltza ikasturtez ikasturte, nola bermatu eskola proiektu egonkorrak? Edo lan kontratazioan itunpekoek duten autonomia nola bermatu sare publikoan? Eta moduak egon badaude, Katalunian esaterako ikastetxe bateko zuzendaritza eta bertako irakaslea ados badaude, plaza luzatzen baitzaio irakasle horri. Segregazioaz aritu garenean ere gogoratu dugu: neurri batzuk jaso jasotzen ditu legeak, baina ez dira betetzen. Alegia, eragile ugari ez da fio, hitz ponposoak ez dira nahikoa, asmo hutsean geratzen badira. Horregatik izango da funtsezkoa hitzarmenetik legerako jauzia, adostutako norabidea dekretu bihurtzeko prozesua.

Hainbat eragile ez da fio, hitz ponposoak ez dira nahikoa, asmo hutsean geratzen badira. Horregatik izango da funtsezkoa hitzarmenetik legerako jauzia, adostutako norabidea dekretu bihurtzeko prozesua

Eskoletako digitalizazioaz, ebaluazio ereduaz, irakasleen prestakuntzaz, haur hezkuntzaren doakotasunaz –EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosen eskaera–, eskola jantokiez, Euskararen Ikaskuntzarako Institutuaren eta Ikaskuntzarako Berrikuntza zentroaren sorreraz, Euskadiko Eskola Kontseiluaren rolaz… ere badihardu hitzarmenak. Ez da erronka makala, legeak eta EAEko hezkuntza sistemak izango duena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EAEko Hezkuntza Legea
Eraikuntza nazionala

Hezkuntza Lege berria, adostasunetik jaio behar zena, haserrean eta desakordioan onartu da. Publiko-pribatu auziak eta hizkuntza ereduek eragin dute akordio falta. Pena handia.

Horretan Espainiako ereduari jarraitzen diogu, EAEn ez garelako gai oinarri amankomun batzuk jarri... [+]


EHEko kideak legebiltzarreko atarira kateatzen saiatu dira, Hezkuntza Legea salatzeko

Gasteizko Legebiltzarraren aurrean egin dute protesta Euskal Herrian Euskarazeko kideek, “iraungita” dagoen Hezkuntza Legearen onarpena salatzeko. Goizeko 9:00etan elkarretaratzea burutu dute eta bi kide Legebiltzarreko atera kateatzen saiatu dira.


Oposizio guztia aurka duen Hezkuntza Legea onartu dute EAJ-PSEk

Iritsi da eguna: Eusko Legebiltzarrean ostegun goiz honetan onartu da soilik EAJ eta PSEk babesten duten Hezkuntza Legea. Legebiltzar atarian, Euskal Eskola Publikoaz Harrok eta Euskal Herrian Euskarazek protestak egin dituzte. Duela hogeita hamar urte onartu zen azken hezkuntza... [+]


Eguneraketa berriak daude