ARGIA.eus

2020ko urriaren 21a
EAE-rako Hezkuntza Legea

Eskola publiko eta kontzertatuaren arteko desadostasunak agerian

  • 1993an Euskal Eskola Publikoaren Legea atera zuen Eusko Jaurlaritzak, besteak beste bi helburu nagusirekin: eskola publikoa berritzea eta ikastolak sare publikoan barneratzea. Horren ondorioz, ikastola ugarik publifikatzea erabaki zuten. Gaur egun, hezkuntza sarearen %50a ikastetxe publikoak dira EAEn eta %50a itunpekoak edo kontzertatuak –nagusiki ikastolak eta kristau eskolak–. Orain, Heziberri planaren azken fasea hastapenetan du Jaurlaritzak: EAErako hezkuntza lege berria sortzea. Aurretik, Heziberrik ikastetxeen gestioa, autonomia eta finantzazioa zehaztu ditu, baita marko pedagogikoa eta curriculuma ere, eta dekretuetan jaso du guztia. Datorren legearen asmoa “garai berrietara egokitzea eta hezkuntza sistema propioa eraikitzea” dela diote Jaurlaritzatik, eta EAEko hiru sare nagusiak barne hartzea ere badu helburu: alegia, orain Euskal Eskola Publikoaren Legea dena, Euskal Eskolaren Lege bihurtuko da, sare publikoaz gain sare kontzertatuari ere eragingo diolako. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua eragileekin biltzen hasia den honetan, eragileen beraien artean sortu diren desadostasunez eta partekatzen dituzten helburuez eztabaidatzeko bildu ditugu, mahaiaren bueltan, Abel Ariznabarreta Ikastolen Elkarteko kidea, Aitor Idigoras eskola publikoko irakaslea eta Mariam Bilbatua pedagogoa.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi
2016ko urtarrilaren 31
Ezker eskuin: Mariam Bilbatua (MUko irakasle ohia), Aitor Idigoras (Steilas) eta Abel Ariznabarreta (Ikastolen Elkartea).
Ezker eskuin: Mariam Bilbatua (MUko irakasle ohia), Aitor Idigoras (Steilas) eta Abel Ariznabarreta (Ikastolen Elkartea). "Guztion artean gai bagara hezkuntza sistemaren oinarriak finkatu eta konpromisoak hartzeko, luzarora begira horrek Estatuko lege organikoek baino balio gehiago izango du. Eta Estatuaren lege organikoekin talka eginez gero ere, merezi du, besterik ez bada denon artean erabakitzeko zein hezkuntza eredu nahi dugun", azpimarratu du Ariznabarretak. / Argazkia: Dani Blanco

Agortuta dago 1993ko Euskal Eskola Publikoaren Legea?

Abel Ariznabarreta: Lehenik eta behin, hezkuntza legearen gaia mahai gainean jartzea eskertu nahi dut, ikusten baitugu gaiari hitzez lehentasuna ematen zaiola Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik, baina praktikan ez garela inoiz iristen lege baten oinarriak ere jartzera, eta oraingoan ere, zalantzak ditut datozen hilabeteetan kapazak izango garen aurreko hiru urte eta erdian egin ez dena egiteko. Edozein kasutan, hezkuntza eragileok gure ekarpenak egin ditugu urteotan, legearentzako baliagarri izan daitezkeenak.

Galderari erantzunez, 1993ko Legea gauzatu zen 1992an egindako eskola-itun edo akordio politikoaren ondorioz, eta oker ez banago bost urterako zegoen aurreikusita ituna. Bada, inertziaz lege berarekin jarraitu dugu ordutik, eta 22 urtean gauza asko gertatu dira: ezagutzaren eta berrikuntzaren gizartean gaude, teknologian aldaketa handiak eman dira eta bestelako eskariak daude. Horri gehitu behar zaio tartean sei edo zazpi lege organiko ere izan ditugula, Estatuak jarritako oinarrizko legeak, gurean ere ezinbestean bete beharrekoak (autonomien eskemaren gainetik estatu osoan dutelako eragina). Nahiz eta Autonomia Estatutuak hezkuntza gaietan konpetentzia osoak aitortzen dizkion Euskal Autonomia Erkidegoari, argi geratu da Espainiako edozein lege organiko EAEko lege propioen gainetik dagoela, eta sei bat izan ditugu (LOMCE dugu azken adibidea), beraz pentsa zer nolako desitxuraketa sufritu duen 93ko Euskal Eskola Publikoaren Legeak. Eta gainera, 93ko Legeak gure hezkuntza sistemarentzat hainbat elementu onuragarri aurreikusten zituen arren (ikastetxeen autonomia esaterako), ez dira inoiz martxan ipini. Horregatik guztiagatik, eskola-itun baten beharra eta lege berri baten beharra aldarrikatzen dugu, aspalditik.

Aitor Idigoras: Bai, 93ko Legea zaharkituta dago, baina badira detaileak berritzaile gisa aurkezten ari direnak eta 93ko Legearekin egitea posible direnak: adibidez, A ereduan euskara ordu gehiago sartzeaz mintzo da orain Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, baina hori aspaldiko proposamena da, eta 93ko Legearekin egin daiteke. Berdin Abelek aipatu duen ikastetxeen autonomiaren gaia, 93ko Legeak jasotzen duena baina garatu gabea. Alegia, Euskal Eskola Publikoaren Legearen atal batzuk oso zaharkituta daude, baina beste batzuk garatzear. Kontua, dena den, beste bat da: pasako gara Euskal Eskola Publikoaren Legetik Euskal Hezkuntzaren Legera. Publiko hitza desagertu egingo da; azken hogei urteotako korronte neoliberalari jarraiki, hezkuntza sareen kudeaketa aldatu nahi da. Heziberrik hiru fase ditu: marko pedagogikoa, curriculum proiektua eta gaur mintzagai dugun legea. Lehenengo bi faseak onartuta daude, eta bigarrenean, curriculumari buruz bakarrik ez, sareen kudeaketaz, autonomiaz, hizkuntzen trataeraz… gauza oso eztabaidagarriak esaten dira; beraz, 93ko Legea gainditu beharra dagoen arren, kontuz norantz goazen. Maila berean jarriko ditugu, Heziberrik egiten duen moduan, itunpeko ikastetxeak, ikastetxe pribatuak, eta ikastetxe publikoak? Heziberriren aurkezpenak, hitzez hitz, ondorengoa jasotzen du: “Heziberri 2020 planaren helburua argia da: Europako esparruan hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloan 2020rako ezarritako berrikuntza eta garapen ildoak bateratzea hezkuntzak gure testuinguruan eta ingurunean dituen erronkekin (…) Plan hau egiteko hiru iturri hartu ditugu kontuan: nagusiki, Europar Batasunak 2020rako ezarritako hezkuntzaren xedeak”. Eta zeintzuk dira xede horiek? Bada, horiek ere hitzez hitz irakurriko dizkizuet, Europar Batzordeak 2012an ezarriak: “Gazteen langabezi tasa %23ra hurbiltzen da Europar Batasun osoan, baina bete ezin daitezkeen 2 milioi lanpostu daude. Europak ezinbestekoa du errotik birplanteatzea hezkuntza sistemak nola hornitu ditzakeen lan merkatuak behar dituen gaitasunak”. Hori da europar markoa, eta hori da Heziberriren erreferentzia-markoa. Heziberri ez da LOMCEri aurre egiteko ezer, Europako estrategia da helburua, hezkuntza ulertzeko modua berbera delako.

Mariam Bilbatua: Euskal Eskola Publikoaren Legeak erantzun nahi izan zion lehendik zetorren egoera bati. Trantsizio garaian, alde batetik, gure hezkuntza sisteman ikastolak zeuden, lan izugarria egin zutenak euskalduntze prozesuan, euskal kulturaren transmisioan eta gure hezkuntza eredua eratzeko bidean. Bestetik, Gernikako Estatutuaren onarpenarekin batera, Eusko Jaurlaritzak eskola publikoak bereganatu zituen, ordura arte ekarpen gutxi egin ziotenak euskarari eta euskal kulturaren transmisioari. 1979tik bi sareek izandako garapenak, lege propio bat izateko beharra azpimarratzen zuen: ikastolek ordura arte garatutako proiektuaren etorkizuna bermatuko zuen aitorpen instituzionala behar zuten, eta eskola publikoek berriz, euskalduntze prozesuan eta euskal kulturaren transmisioan emandako urratsen aitorpena. Gaur egun, euskalduntzean eta transmisioan egindako ekarpen hori aitortzen zaio eskola publikoari, baina ikastolek behar zuten aitorpen instituzionala zintzilik geratu da, nire iritziz. Zentzu horretan, uste dut 93ko Legeak ez zituela bete beharreko funtzioak bete. Horrez gain, oinarrizkotzat ematen ziren irizpideak, adostasunez finkatuak eta Legeak jasotzen dituenak (finantzaketa autonomia, sektore eta eragile ezberdinen partaidetza…) ez dira garatu, hitzetan geratu dira, zuek aipatu duzuen moduan. Egia da azken hogei urteotan pauso izugarriak eman direla eskolen euskalduntze prozesuan (ez dakit legeak bultzatuta, edo ikastetxe eta gurasoen lanari esker), baina oraindik ere ez daukagu gure hezkuntza sistema propioa garatzeko ahalmenik. Bestalde, araututako hezkuntza propio bat garatu nahi badugu, konpetentzia politikoez gain gogoeta propioa ere behar dugu: zein da nahi dugun hezkuntza sistema eta zein berezitasun izango ditu?

Idigoras, zuk zenioen moduan, lege berriak eskola publikoaz gain itunpekoak ere hartu nahi ditu bere baitan. Ildo horretan, publikotasunaren kontzeptua berrikusi egin behar dela diote ikastolek.

A. Ariznabarreta: Euskal Eskola Publikoaren Legea berritzailea izan zen, baina ez administrazioa berritzailea zelako, aurretik hezkuntza eragileek berrikuntza pedagogikoetan garatutako ibilbidea Legeak bere egin zuelako baizik. Gaur egun, zer da administrazioa egitera doana, dauden elementu ezberdinak bateratu, beste modu batera antolatu eta finantzazioa birdefinitu, ala benetan sistema integratua antolatu nahi du? Hori da galdera klabea. Administrazioaren esanetan, hezkuntza sistema integral eta integratua bilatzen du Legeak, eta ildo horretan, publikotasunaren kontzeptua gakoa da. Ikastoletatik egin dugun planteamendua da euskal hezkuntza zerbitzu publiko bezala ulertzea. Denon artean zehaztu beharko dugu zer esan nahi duen publikotasunaren kontzeptu horren barruan egoteak, zein oinarri, printzipio eta balore dituen gure hezkuntza sistemak, eta horiek praktikara eramateko konpromisoa hartzen duten guztiek parte hartuko dute euskal hezkuntzaren zerbitzu publikoan. Titulartasun ezberdina mantenduz baina konpromisoak betetzen dituzten neurrian, sareek finantzazioan eta gainerakoetan hartuko dute parte, beren betebehar eta eskubide guztiekin. Horrela definituko dugu hezkuntza sistema bere osotasunean.

A. Idigoras: Duela 30 bat urtetik jasota daude betebehar horiek: ikasleak ez segregatzea, irakasleak nola kontratatu, eta beste mila kontu; arazoa da itunpeko sareak oro har ez dituela betetzen. Beraz, hemendik aurrera zein sinesgarritasun izan dezakete balizko konpromiso horiek? Nire ustez, hutsaren hurrengoa. Publikotasunaren kontzeptua kolokan jartzen dutenak ez dira soilik ikastolak, kristau-eskolek eta gainerako sare pribatuek ere, tartean sexuaren arabera ikasleak banantzen dituzten ikastetxeek, publikotasunaren beste kontzeptu bat nahi dute. Valentziako PP jada ez da ikastetxe pribatu-kontzertatuez mintzo, publiko-kontzertatu izendatzen ditu, zerbitzu publikoa ematen dutela argudiatuta. Eztabaidatu dezakegu kooperatibak parte-hartzaileagoak eta herriarekiko hurbilagoak diren, baina ez gaude prest eztabaidatzeko zer den publikoa eta zer ez. Prest gaude eztabaidatzeko, eta derrigor egin behar dugu gainera, zein hezkuntza eredu publiko nahi dugun. Baina publikotasunaren gainean zer eztabaidatuko dugu, zer den domeinu publikoa, zer den espazio publikoa?... Ataka zailean gaude, eta hiruon artean pixka bat deskribatu dugun ibilbide historiko honek ekarri gaitu gauden lekura, hezkuntza eredu ezberdinek izan dituzten ondorioekin: EAEn eta Euskal Herrian bizi dugun egoerak ez du parekorik Europan. Hor ditugu hezkuntza publikoa, ikastolak, kristau-eskolak, ICE, beste hainbat kooperatiba… Honek bai ala bai ekarri du jendartearen hierarkizazioa. Beste inon ematen ez den fenomenoa gertatzen da hemen: “Noren seme-alaba zara, zenbat diru irabazten duzu? Orduan ikastetxe honetan ikasiko duzu”. Errealitate hori ukaezina da eta hezkuntza publikoak bereziki EAEn zailtasun handiak ditu aurrera egiteko, inoizko egoera subsidiarioena bizi du. Apartheid egoera bizi dugu: Gasteizera 11 urteko aljeriar bat iristen bada, ikastetxe gehienetan sarrera ukatuko diote, nahiz eta haren gurasoek ordaintzen dituzten zergak ikastetxe horiek finantzatzeko erabiltzen diren. Atomizazio honek kohesio sozialean, herrietan eta jendartean ondorio oso larriak ekarri ditu eta publikotasuna zer den eta zer ez eztabaidatzen hastea ez dakit herritarron agendan ote dagoen. Sareen harmonizazioa bilatu behar bada, beste publifikazio prozesu bat ezar daiteke, eta bakoitzak erabaki dezala publiko ala pribatu den, baina ez dugu uste denok barruan sartu ahal izateko publiko hitza txiklea bezala luzatzeak inongo onurarik ekarriko dionik gure hezkuntza sistemari.

M. Bilbatua: Publikotasunari buruzko galdera honi erantzuteko gako nagusietakoa eskola inklusiboa da, nire ustez ere. Gure hezkuntza sistema kalitatezkoa izango da, baldin eta bermatzen badu pertsona guztiek aukera berdinak izango dituztela kalitatezko hezkuntza jasotzeko. Hori ardatza dela argi utziz, publiko izaera instituzioek emango diete ikastetxeei, eta izaera hori lortzeko eskolak edo irudikatu dezakegun heziguneak herritar guztiei zuzendua eta irekia izan behar du, eta komunitatearen partaidetza eta kontrola ere bermatu behar ditu. Baina publiko izaera ez nuke mugatuko Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen ikastetxera; bestelako erreferenteak ditugu beste herrialde batzuetan. Eskola publikoak izan behar du Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoena, ala udalaren menpekoa, kontrol publikoa bermatzen duen erakunde baten menpekoa? Iruñeko udal haurreskolak publikoak dira, zuzenean administrazioaren pean egon ez arren? Partzuergoan dauden haurreskolak publikoak dira?... Sakondu beharreko gaia dela uste dut, nahi dugun eskola ereduan sakondu, eta gure buruari galdetu behar diogu daukagun publikotasun eredua ez ote dagoen oso lotuta Espainian eta Frantzian dagoen funtzionamendu ereduari.

A. Ariznabarreta: Berdina diot, ikasle guztien hezkuntza eskubidea inolako bazterkeriarik gabe bermatzea da oinarri-oinarrian hezkuntza zerbitzuaren lehen printzipioa, eta hortik abiatuta ardaztuko lirateke gainerako printzipio guztiak. Hori bermatzen ez duen ikasguneari ezin zaio zerbitzu publikoa aitortu, eta berdin gainerako printzipioekin. Adibidez, ikuspegi herritarretik, kontrol soziala ere beharrezkoa ikusten dugu, ez bakarrik administrazioaren kontrola. Askatu beharreko korapiloa da, eta legea egitera iritsiko ez bagina ere, puntu hauek guztiak eztabaidatzea aberasgarria da gure hezkuntza sistemak norantz egin behar duen guztien artean erabakitzeko.

A. Idigoras: Bai, gure hezkuntza sistemaren noranzkoaz eztabaidatzearekin bat nator. Mariam, aipatu duzunaren harira, guretzat eskola publikoaren titulartasunak administrazioaren menpe egon behar du, udalaren edo gobernuaren menpe, baina administraziopean. Egia da titulartasuna ez dela nahikoa, baina bai ezinbesteko baldintza publiko zer den eta zer ez argitzeko. Eztabaidatu dezakegu zein eredu publiko nahi dugun, askoz eredu erakargarriagoa eta herritarrengandik hurbilagoa izango litzatekeelako adibidez Finlandiakoa, non udalek ia %100eko eskumenak dituzten, baina hori ere administraziopeko hezkuntza da. Interes ekonomikoak edo erlijiosoak dituzten ikastetxeak kontzeptu ezberdinak asmatzen joan dira, adibidez kristau-eskolek diote ekimen sozialekoak direla, ikastolek ekonomia sozialaz hitz egiten dute… baina iruditzen zait sozialak ez diren beste lehentasun batzuk dituztela, zoritxarrez.

Aipatu duzuen moduan, ikasleak hartzeko garaian sare eta ikastetxeen artean oreka edo ekitatea lortzea da erronka nagusietakoa, ghettoak saihesteko. Konpromisoez mintzatu zarete, zein neurri hartu beharko lirateke oreka hori bermatzeko?

A. Idigoras: Beti diogu: auzo bat, eskola bat. Zaila da ulertzen zergatik ekitatea lehen printzipio bezala jartzen duen sare batek ez duen hori betetzen. Berriz diot, 11 urteko aljeriar hori banaiz eta etxe azpian kristau-eskola eta ikastola baino ez badauzkat, zergatik ez daukat bermatuta auzoan eskola doakoa eta laikoa? Zergatik joan behar dut ez-dakit-noraino? Hori segregazioa da, eta segregazioa onartzen duen ikastetxeak ez luke itunik izan behar. Aljeriar hau ikastetxe publikora etortzen denean, lehenengo ongi-etorria egingo zaio eta gero galdeketa: nondik zatoz, zer dakizu eta zer ez. Gaur egun itunpeko ikastetxeetan alderantziz egiten da: lehenengo galdeketa eta gero, agian, ongietorria.

M. Bilbatua: Iruditzen zait, eskolatik harago planteatu beharreko eztabaida dela hau. Auzo marjinatu batean dagoen ikastetxeak nekez lortuko du ekitatea, publikoa edo pribatua izan, beste zerbitzuen laguntzarik ez badauka, edo administrazioaren aldetik laguntza bereziak jasotzen ez baditu. Aitor, ulertzen dut zure planteamendua, ezin da onartu ikastetxe batzuek ikasleak ez hartzea, baina uste dut ikastetxe guztiek hartuko balituzte ere, ez genukeela arazoa konponduko. Horregatik, irudikatu ditzagun egoera hauetan beharko genituzkeen zerbitzuak, eta baditugu adibideak beste herrialde batzuetan, non bereziki 0-6 urteko irakaskuntzan, gizarte-zerbitzuak, hezkuntza zerbitzuak eta osasungintzakoak biltzen diren. Erantzuna eremu zabalago honetara eramango nuke: zein hezigune mota behar dugu, gaur egungo kultur aniztasunaren beharrei erantzuteko eta denek euskal kulturan integratzea eta garapen pertsonal osoa lortzea bermatzeko?

A. Ariznabarreta: Bat nator biek esan duzuenarekin. Eta ez dago ikasleen beharrei ekitatez erantzuterik baliabideen banaketa ekitatiborik gabe. Ez dut esan nahi guztientzat berdina, ekitatiboa baizik: egoera sozioekonomikoaren eta beharrizanen arabera, gehien behar duenari gehiago. Horregatik, ikastolok eskatzen dugu oinarrizko funtzionamendua bermatzeko hezkuntza sistemako ikastetxe guztientzat oinarrizko finantzazio berdina, eta egoera bereziei erantzuteko finantzazio osagarria, beti ere ikastetxeek edo ikastetxe taldeek modu sinesgarrian frogatzen duten neurrian lehen aipaturiko printzipioen etengabeko hobekuntzarekiko konpromisoa.

A. Idigoras: Hezkuntza publikoan ari garenok datorrenari aurre egiten diogu, baliabideak direnak direla ere. Alegia, baliabide gutxi ditugu, baina horregatik ez dizkiogu behar bereziak dituen ikasleari ateak itxiko. Zerbitzu publikoa, berriro diot, hori da. Burura ikastetxe ugari datozkit baliabide asko dituztenak, kalitatezko Q eta halakoak dituztenak, dirutza dutenak… Baina zenbat eta baliabide gehiago izan, orduan eta behar bereziko ikasle gutxiago dituzte. Klase kontua da: eliteko ikastetxeek diru asko dute eta behar bereziko ikaslerik batere ez; baliabideen argudioa tranpatia da.

A. Ariznabarreta: Argi gera dadin errepikatuko dut: ikastolok behin eta berriro aldarrikatu dugu gu gauden eskola-eremu bakoitzean, edozein behar bereziko ikasle eskolaratzerakoan gure matrikulazio tasaren neurriko konpromisoa hartzeko prest gaudela. Eta hori betetzen dugu; bere borondatez datorren inori ez zaio matrikulazio bat ukatu, eta administraziotik esleitu zaizkigunean ere ez.

Ikasleen harreran bakarrik ez, pentsatzekoa da oreka beste eremu batzuetan ere bilatu beharko dela: irakasleen kontratazioan, ikastetxearen gestioan, baliabideetan, finantzazioan… Zein irizpide finkatu beharko lituzke legeak, joko-arauak berdintze aldera?

M. Bilbatua: 1993ko Legeak dio ikastetxeek aukera daukatela euren hezkuntza proiektua diseinatu eta garatzeko, baina praktikan ikusten dugu hainbat faktorek oztopatu egiten dutela proiektu propioen garapena. Irakasleen kontratazioari lotuta, esaterako, irakasleriaren egonkortasun eza ikastetxeek gaur egun daukaten arazo garrantzitsua da. Hezkuntza proiektu oso interesgarriak dituzten eskolak ikusi izan ditut, denborarekin ahultzen joan direnak desagertzeraino, irakasleen egonkortasuna bermatzeko aukerarik izan ez dutelako. Irakasleak hautatzeko eskumena izan beharko luke ikastetxeak, bai eskolen autonomia eta bai irakasleen lan eskumenak bermatuz. Beste herrialde batzuetan biak bermatzeko gai dira. Era berean, eskola bakoitzak dituen berezitasunen araberako baliabideak definitzeko gai izan beharko ginateke, gaur egun oso irizpide homogeneoak erabiltzen direlako, eta ikastetxe batean 20 ikasleko ratioa normala izan daiteke baina beste ikastetxe batean beharbada kopuru handiegia izango da. Ikastetxe bakoitzaren beharretan oinarritutako autonomia eredura pasa behar dugu. Eskolaren antolamenduan eta gestioan homogeneizazioaren alde egiten badugu, ez dugu kalitatezko hezkuntza lortuko. Konfiantzarekin dago lotuta, kalitatezko hezkuntza sistemetan administrazioak konfiantzan oinarritzen duelako ikastetxearekiko harremana, eta hemen aldiz mesfidantza da nagusi, ikastetxeak ariko balira bezala behar edo merezi ez dituzten baliabideak eskatzen.

Bestalde, emaitza akademikoetan oinarritutako irizpideak oso arriskutsuak dira. Heziberrik halako zerbait aipatzen du, eta horrela eginez gero arazo larriak sor daitezke, laguntzak eta baliabideak emaitzen eta rankingen arabera antolatzen direnean irakaste-prozesuak emaitzetara bideratzen dituztelako ikastetxeek, eta horrek izugarrizko kaltea ekartzen dio hezkuntzari. Moduak daude proiektuen emaitzak baloratzeko, baina proiektuak berak eman beharko lituzke adierazleak, ondo garatzen ari al den jakiteko.

A. Ariznabarreta: 93ko Legeak autonomia pedagogikoa eta curricularra aurreikusten ditu, eta –marko eta lehentasun batzuen barruan– ikastetxe bakoitzak bere hezkuntza proiektuan behar dituen baliabideak definitu ahal izatea, baita baliabide horien kudeaketa ekonomikoa ere, pertsonalaren kudeaketa. Baina autonomia ekonomiko hori ez da garatu urte hauetan guztietan. Horri buelta eman behar zaio, Mariamek aipatu moduan hezkuntza proiektuen arabera, eta langileen eskubideak uztartuz.

A. Idigoras: Heziberrin ikastetxe publikoetako autonomia proiektuak zehazten dira. Bitxia da legean publiko, itunpeko, pribatu, denak batera sartzen dituztela, baina autonomiari eskainitako kapitulu horretan Heziberrik ikastetxe publikoak baino ez dituela aipatzen, kontrol mekanismoak zehazten direlako. Klaustroen aurrean kontu emateaz mintzo da, eta emaitza akademikoei arreta berezia jarriko zaiela dio, “batik bat banakako eta amaierako ebaluazioetan lortutako emaitza akademikoei”! Autonomiaren gaiari heldu behar diogu, hala da, baina ea zer ulertzen dugun autonomiaren kontzeptuarekin, bai LOMCEn bai Heziberrin autonomia ulertzen delako eredu gerentzial moduan. Hau da, itunpeko ikastetxeetan dagoen eredua publikoetara ekartzea eta esaterako zuzendariak eskumena izatea ordezko bat kaleratzeko. Sindikatu eta langileen ordezkari garen heinean, horren kontra gaude. Eta Legea zerotik hasiko dela saltzen diguten arren, ez da hala, dagoeneko Heziberrik atera dituen dekretuetan ikusten dugulako Legea oso baldintzatuta datorrela, sareen bateratzean edo autonomia ulertzeko moduan, besteak beste.

Eta bai, irakasleen egonkortasuna beharrezkoa da, baina edozein irakaslek ziurrenik bat egingo du –ñabardura pedagogiko-metodologikoak gorabehera– ikastetxe publikoetako irizpideekin, beharbada ez ordea kristau-eskola batekoekin. Bereizi behar delako ikastetxearen proiektu pedagogikoa eta hainbeste aldarrikatzen den ikastetxearen nortasuna. Adibiderako, hezkuntza sarearen %35 Elizaren esku dago EAEn, eta ikastetxe horietan jasotzen diren printzipioek erlijioarekin eta ebanjelioarekin dute zerikusia. Horregatik, irakasleen egonkortasuna beharrezkoa ikusten dugu eskola publikoan, baina itunpeko eta publikoko ikastetxeetarako langile zerrenda bateratua egiten bada, zalantzak sortuko zaizkio batera edo bestera egokitu, bai langileari, bai patronalei, bai kooperatiben munduari. Irakasle homosexual eta ateo bati ikastetxe erlijiosoa egokitzen bazaio, zer?

Katalunian, eskola publikoetan irakasleria kontratatzeko sistema honakoa da: zuzendariak –ez eskola komunitateak– erabaki dezake oboea dakien Musika irakaslea nahi duela, zerrendan begiratuko du profil hori dutenak zeintzuk diren, eta ikastetxean elkarrizketatu ostean zuzendariak hautatuko du irakaslea. Hori eskola publikoetan gertatzen ari da, autonomia proiektuetan sartu diren eskoletan. Ezin da halakorik inondik inora onartu, tarteko bide bat bilatu beharko da.

M. Bilbatua: Ez nuen hori ezagutzen eta harrigarria iruditzen zait inongo bermerik eta kontrolik gabe, hezkuntza proiektuan justifikatu gabe halako hautaketak egin ahal izatea. Eskolak irakasleak hautatzeko eskubidea izan behar duela diodanean, testuinguru zehatz batean kokatzen dut, jakina.

Ikastetxeen autonomia jarri duzue mahai gainean. Hirurek argi duzue emaitza akademikoak ezin direla izan autonomiarako neurgailu. Nola garatu ikastetxeen autonomia?

A. Idigoras: Autonomia curricularra beharrezkoa da, baina hori bai, aukera berdintasuna bermatuz. Autonomiak ez du esan nahi sistemaren arau ezarantz egin behar dugunik, bakoitzak nahi duena egin dezakeenik, eta hori da Heziberrik gaur egun planteatzen duena: bakoitzak nahi duena egin dezala eta ontzat emango dugu. Autonomiak totema dirudi, inongo adostasunik gabe Hezkuntza Legerako jada aurrez onartua, baina sakondu beharreko gai mamitsua da.

A. Ariznabarreta: Ados Aitorrekin, baina ez dugu uste autonomia hori dagoeneko emantzat datorkigunik. Are gehiago, administrazioak oraindik ez du Heziberriren bigarren fasea bete, dekretua argitaratu gabe dago [hala zegoen mahai-ingurua egin genuenean], eta larria da, aurtengo ikasturtean de facto indarrean dagoelako eta ez dagoelako kaleratuta. Zeren zain dago Jaurlaritza, Madrilgo panorama politiko berriaren arabera LOMCE bertan behera geratzeko zain, EAEko dekretua erretiratzeko?

M. Bilbatua: Aitor, harritu nau iradokitzeak curriculuma eratzeko autonomia gehiegi ematen zaiela ikastetxeei. Hori ez baita erreala; ikusten dugu ebaluazioetan ezagutza zehatzei erantzun behar izaten dietela ikasleek, eta egoera alderantzizkoa dela, curriculum erabat itxia nahi da, LOMCEren ebaluazioek baldintzatua. Aldiz, ondo funtzionatzen duten herrialdeetan, administrazioak oso curriculum irekiak diseinatzen ditu eta ikastetxeen esku uzten du curriculum propioa garatzea. Eta gainera, Finlandian adibidez, ez dituzte ikas-prozesuan zehar etengabe ebaluazioak egiten.

A. Idigoras: Ez dakit nola ulertu den, baina aniztasun eta malgutasun curricularra daukagula baino ez nuen esan nahi, batez ere Lehen Hezkuntzan. Esaterako, hainbat lekutan herri curriculumak egiten ari dira, horretarako margena dagoen seinale. Autonomiak eremu curricularrari erantzun behar dio batez ere, eta ez horrenbeste baliabideen kudeaketari.

Esan duzuen bezala, Legea egin aurretik hainbat puntu dagoeneko erabaki ditu Heziberrik lehenengo eta bigarren fasean. Hizkuntzaren trataera da horietako bat eta eskoletan egungo hiru ereduak mantentzearen alde egiten du (A, B, D), eragileek aspalditik aldarrikatzen duten arren ereduok gainditu eta euskararen inguruan ardaztutako hezkuntza garatzeko beharra. Hizkuntzaren trataera zein izan beharko litzateke, lege berrian?

A. Ariznabarreta: Heziberrik jaso duen puntu horri ere momentuz ez diogu kasu gehiegirik egin, ez dutelako alternatibarik planteatu. Bai Eskola Kontseiluak berak bai eragile ezberdinok aspaldi eskatu genuen beste planteamendu bat. Euskararen Normalkuntza Legea 1982koa da eta hurrengo urtean sortu ziren ereduok, ikusi zein testuingurutan. Ikastolok nahiago izan dugu Eleanitz proiektua deitzen duguna garatu, eta horretan ari gara 1991tik. Euskara ardatza da gurean, lehen hizkuntza, eta horrekin batera gaztelania, ingelesa eta frantsesaren ezagutza maila ere definituta dauzkagu irteera profilean: derrigorrezko eskolaldia bukatzean zein da –beste konpetentziekin egiten dugun moduan– ikasleak izan behar duen hizkuntza konpetentzia? Bada, Europako erreferentzia markoak aintzat hartuz, ikasleak euskaran B2 maila lortzea dugu helburu, ingelesean B1, gaztelanian B2 Hegoaldean eta A2 Iparraldean, eta frantsesean B2 Iparraldean eta A2 Hegoaldean. Horren arabera jokatzen dugu eta Oiongo edo Bermeoko ikastolak berdinak ez direnez, testuinguru soziolinguistikoaren arabera antolatzen da ikastola bakoitza, beti ere argi edukita irteera profilak zein izan behar duen. Hezkuntza sistema osoari begira ere, lau hizkuntzotan lortu beharreko konpetentzia argi zehaztu beharko litzateke irteera profilean, eta etapa bakoitzerako tarteko profilak ere zehaztu beharko lirateke, Europako markoa baliatuz. Horri lotuta, ikastetxe bakoitzeko hizkuntza proiektuak garatzeko, baliabideak eta apustu serioa egon beharko luke administrazioaren aldetik.

M. Bilbatua: Irteera profilean oinarritzen zaretela diozu, baina praktikan eredu bat hautatu duzue: murgiltze edo mantentze eredua [D eredua], eta nik uste hezkuntza sisteman denok horrantz jo behar dugula. Emaitzetan ikusten dugu: A ereduan euskarari lotutako emaitzak oso kaskarrak dira eta gainera A eredua mantentzea inklusioaren aurka doala gehituko nuke, zenbait kasutan eredu hori duten ikastetxe publikoak esklusiorako ghetto bihurtzen direlako. Murgiltze eredua positiboa izan daiteke bai euskara ikasteko bai inklusiorako, baina Abelek dioen moduan, eredu bakarra izanik malgua izan beharko litzatekeela uste dut, eskolen egoera soziolinguistikoa eta ikasleen aniztasuna kontuan hartuz. 2012ko ebaluazioak hor ditugu, eta sistema osoak oraindik badu zer ikasi eta zer egin, euskararen irakaskuntzan emaitza onak lortzeko. Zentzu horretan, euskaldun eleanitzez hitz egiten ari gara, baina oso kontziente izan behar dugu euskaldun izateak zer esan nahi duen.

A. Idigoras: Heziberrik jasotzen duen planteamendua azken urteotan euskarari egin zaion erasorik bortitzena da. Hezkuntza sare osoan pentsatutako planteamendua egiten du, eta ikastolen errealitatetik begiratuta partekatzen dut Abelek dioena, D ereduaren barruan malgutasunez jokatu ahal izatea, Oion eta Bermeoko itunpeko ikastolen egoera ezberdina aintzat hartuz, baina kontua da Oionen ikastetxe publikoa ere badagoela, subsidiaritate egoeran, eta horri testuinguru soziolinguistikoaren malgutasuna aplikatzen badiogu, akabo [B eredua du ikastetxeak; datorren ikasturterako D ereduko lerro bat ere egongo da]. Heziberrik hori dio, ikasleen euskara lorpen adierazleak ikastetxearen ingurune soziolinguistikoaren araberakoak izango direla. Nafarroaren zonifikazioa EAEra ekarria, nolabait. Ingurune soziolinguistikoa inoiz ezin da aitzakia izan lorpen adierazleak malgutzeko, ala legeak jasotzen du matematiketako emaitzak baxuagoak izan daitezkeela Ezkerraldean, ingurune sozioekonomiko okerragoa dutelako? Juxtu alderantzizkoa behar luke administrazioaren planteamenduak: baldintza soziolinguistiko okerragoak ditu ikastetxeak? Ba ikastetxe horretan indarrak jarriko ditugu, euskara mailan gainerakoen pareko lorpen adierazleak bermatu ahal izateko. Heziberrik jasotzen duena larria da euskararentzat: esaten du adibidez ikastetxe bakoitzak aukeratuko duela ingelesari zenbat ordu eman. Ikastolen kasuan primeran, baina kristau-eskolan akuiluarekin ibili behar izan du administrazioak euskara sartzeko, eta lortu denean A eta B ereduko ikastetxe asko euskalduntzea, orain berriz atzera egin eta lehen aipatu dudan araurik eza nagusitzen da: norberak egin dezala nahi duena. Are gehiago, Heziberrik gaineratzen du ikastetxe guztietan atzerriko lehen hizkuntza komunikazio hizkuntza gisa orokortu behar dela, ikastetxeko hizkuntza orokortua bihurtu arte.

A. Ariznabarreta: Erabat ados. Ingurune soziolinguistikoak ezin du izan aitzakia lorpen adierazleak malgutzeko. Guk dioguna da: jar ditzagun lorpen adierazleak, eta ikastetxearen hizkuntza planteamendua izan dadila tresna eta bidea horietara iristeko. Eta ekitateaz genioena hona ekarrita, hizkuntzaren tratamenduan ere baliabide gehien behar duen ikastetxeak baliabide gehiago jaso ditzala.

Bide batez, eskolena bakarrik ez, gizarte osoaren erantzukizuna da euskalduntzea, baina esan beharra dago azken urteotan euskalduntze prozesuan eman den aurrerapauso nabariaren atzean eskolak egin duen lana dagoela.

“Euskal eskola publiko bakarra behar dugula” argi du Aitor Idigorasek, “hortik abiatuko baita balizko Euskal Herri aske baten hezkuntza eredu justuena”. Mariam Bilbatuaren ustez, aldiz, “eskola publiko hori beste eredu batekin eraiki behar dugu”. Eta herri hezitzaileak jarri ditu adibide, “hezkuntza formaletik harago doan hezigunea irudikatzeko aproposak”. / Dani Blanco

Heziberriz ari gara, eta hein batean LOMCEk baldintzatuta daude honen eduki eta aginduak. EAErako Hezkuntza Legea ere, Espainian indarrean dagoen edo etorkizunean egon daitekeen legeak baldintzatuko du ezinbestean? Bertako eredu eta lege propioa lor dezakegu, ala beti egongo da Estatuko legearen menpe?

A. Ariznabarreta: Hasieran aipatu dut Madrildik datozen lege organikoen eragina. Hezkuntza eskumenak erkidegoak ditu, baina tranpa dago hor, Estatuak bi eskumen berarentzat gordetzen dituelako, eta horien izenean, beste eskumen guztiak ere berenganatzen ditu. Bata da heziketa eskubidea eta bestea titulazioa. Nork sinatzen ditu hezkuntzan lortutako tituluak? Espainiako erregeak. Lege organikoak oinarri-oinarrizko markoa baino ez luke izan beharko, ikasle guztiek daukaten heziketarako eskubidea bermatzeko eta titulua eskuratu aldera beharrezkoak diren gutxienekoak finkatzeko. Baina Espainiako Gobernuak tituluaren eskumena baliatzen du harago joateko: esate baterako, LOMCE lege organikoaren bidez errebalidak jarri ditu ikas-prozesu osoan zehar. Eta modu horretan lortzen dute edukien kontrola ez galtzea.

Testuinguru honetan, eragileon arteko eztabaidaren bidez guztion artean gai baldin bagara adosteko hemendik hamar-hamabost urterako hezkuntzaren iparra zein den, hezkuntza sistemaren oinarriak finkatu eta konpromisoak hartzeko gai bagara, luzarora begira horrek balio gehiago izango du. Eta Estatuaren lege organikoekin talka eginez gero ere, merezi du, besterik ez bada denon artean erabakitzeko zein hezkuntza eredu nahi dugun.

M. Bilbatua: Bat nator; gure artean ikuspegi bateratua izango bagenu, indar gehiago izango genuke Madrildik etor daitezkeen erasoei aurre egiteko eta eraso horien aurrean bide ezberdinak bilatzeko. LOMCEren kontrako batasuna horren adibide izaten ari dela uste dut.

A. Idigoras: Abelek oso ondo deskribatu du: tituluak jokoan dauden bitartean, zaila dago Estatuko lege organikoei aurre egitea. Dena den, bitartean badaude erremintak hezkuntza justuagoa lortzeko edota laikotasunean sakontzeko. Aurrera begira, ikastetxe guztiak publifikatzeak eta hezkuntza herritar guztion esku uzteak lagunduko luke sistemaren atomizazioa eta dispertsioa gainditzen, jendartearen hierarkizazioari aurre egiten.

Azkenaldian lortu den hezkuntzaren inguruko akordiorik zabalena Gutun Soziala dugu: hezkuntza eskubidea aldarrikatzen dugu bertan, pertsona guztiek dutela hezkuntza publiko, euskaldun, plural, laiko eta doakoa eskuratzeko eskubidea, aniztasuna integratuko duena eta berdinzalea izango dena generoaren ikuspegitik; ikuspegi kritikoa eta elkartasun internazionalista sustatuko dituena hezkuntzaren etapa guztietan, bai derrigorrezkoetan eta bai derrigorrezko ez direnetan ere. Horrantz joan behar dugu eta norberak jarri beharko du bere aldetik, ez norbere interesetatik abiatuz baizik eta guztien ongizatea bilatuko duen eredurantz aurrera egiteko. Guk beti aldarrikatu dugu euskal eskola publiko bakarra behar dugula, hortik abiatuko baita balizko Euskal Herri aske baten hezkuntza eredu justuena.

M. Bilbatua: Norbanakoen eskubideez diozunari gehituko nioke herri bezala gure hezkuntza sistema antolatzeko daukagun eskubidea. Bi eskubide horien inguruan antolatu beharko genuke gure eredua, pertsona orok hezkuntza on bat jasotzeko daukan eskubidea gure kultura, hizkuntza, historia… transmititzeko daukagun eskubidearekin uztartuz.

Bidea euskal eskola publikoa dela ere adierazi duzu. Eskola publiko hori beste eredu batekin eraiki behar dugu, ezin gara egon Espainian edo Frantzian ditugun ereduen menpe. Gaur egun badaude herri hezitzaileen moduko ekimen oso interesgarriak, hezkuntza formaletik harago doan hezigunea irudikatzeko aproposak. Gizarteak dituen erronkei aurre egiteko eskola ez da nahikoa eta bestelako zerbitzuak ere behar ditugu, hezkuntza formala eta ez formala hartu behar ditugu kontuan, ditugun hezkuntza helburuak bete ahal izateko.

Mondragon Unibertsitateak gonbidatuta, bertan egin dugu mahai-ingurua, Magisteritza ikasleen aurrean / Dani Blanco

 

Mahaikideak

Mariam Bilbatua Perez, Mondragon Unibertsitateko irakasle ohia

Getxon jaioa (Bizkaia), 1950ean. Politika Zientzietan eta Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua eta Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan doktorea. Mondragon Unibertsitateko Humanitateak eta Hezkuntza Zientzietako Fakultateko irakaslea izan da Irakasletza graduan. Irakaste eta Ikaste prozesuak izan ditu aztergai. 2015eko urrian erretiroa hartuta, Mondragon Unibertsitateko zenbait ikerketa proiektutan elkarlanean jarraitzen du.

Aitor Idigoras Lasaga, Ikastetxe publikoko irakaslea eta Steilas sindikatuko kidea

Gasteizen jaioa, 1976an. Gorputz Hezkuntzako Irakasletzan diplomatua eta Jarduera Fisikoko aditua garapenean eta hazkuntzan (EHU), zenbait eskolatan kultur arteko dinamizatzailea izan da, baita “Etorri berriak eta aniztasuna Gorputz Hezkuntzan” proiektuaren koordinatzailea ere. Gaur egun Toki Eder ikastola publikoan irakaslea da eta Steilas Euskal Herriko Irakasle Langileen Sindikatuko kidea; zehazki, sindikatuko Hezkuntza Batzordeko koordinatzailea.

Abel Ariznabarreta Zubero, EHUko irakaslea eta Ikastolen Elkarteko hezkuntza arduraduna

Diman jaioa (Bizkaia), 1952an. Historia Moderno eta Garaikidean lizentziatua eta Psikodidaktikan aditu tituluduna. Irakasle eta aholkulari pedagogiko aritu da. Besteak beste, Gasteizko Irakasleen Eskolako zuzendariorde eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Berriztatzeko zuzendari, eta ondoren, Hezkuntzako sailburuorde izan da. Egun, EHUko Gizarte Zientzien Didaktika sailean irakasle eta Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko hezkuntza arduraduna da.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Heziberri 2020 kanaletik interesatuko zaizu...


ASTEKARIA
2016ko urtarrilaren 31
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude