“Bi arazo larri irtenbide bidean jarri behar ditu hezkuntza akordioak: euskalduntzea eta segregazioa”

  • EAErako Hezkuntza Legea helburu, hezkuntzan akordioa lortzeko bidea hasi dute Eusko Legebiltzarreko alderdiek. EH Bilduk bere hezkuntza proposamena aurkeztu du, Euskal Herri osoa xede duen arren abiapuntua EAEn jarrita. Hautsak harrotu dituen proposamenaz, publikotasunaren kontzeptuaz, finantzazioaz, udalen rolaz, ikasleen segregazioaz, hizkuntza ereduez, eskolek izan behar luketen autonomiaz... galdetu diogu Ikoitz Arrese EH Bilduko Hezkuntza idazkariari.

DosPorDos
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

EH Bilduren proposamenean, Ikastolen Elkarteak urteotan defendatu duen publikotasun kontzeptua darabilzue: sare publiko nahiz itunpekoko ikastetxea izan, publikoa izango da –eta %100eko finantzazio publikoa jasoko du– betebehar eta eskubide batzuk betetzen dituen ikastetxe oro. Beste hainbat ahotsek aldarrikatzen dute izaera publikoa aitortzeko egokiena dela itunpeko ikastetxeak zuzenean publifikatzea, alegia sare publikoan integratzea.
1993ko hezkuntza legetik datorren gai gatazkatsua da hau eta iruditzen zaigu orduko publifikazio eskema errepikatzea akatsa litzatekeela. Alderdi sozialistak eta EAJk gainerako alderdien eta hezkuntza komunitatearen parte-hartzerik gabe adostutako itunaren ondorioz etorri zen 93ko publifikazio prozesua. Publifikazioak helburu oso konkretuak zituen –ez estatala izango zen hirugarren eredu bat sortzeko aukerari atea erabat itxiz–, ekarri zuen ikastolen asimilazio hutsa sistema publikoan eta sortu zituen oraindik askatu ez diren korapilo asko. Ordutik ikasitako guztiarekin eta begirada berriarekin planteatu dugu publikotasuna: lar asimilatua dugu eredu publiko bakarra existitzen dela eta eredu publiko hori zentralizazioari eta administrazioaren erabateko kontrolari lotuta dagoela, baina badira bestelako eredu publikoak, Ipar Europan, Kuban, Portugalen… Haiengandik ikasi eta Euskal Herriko errealitatera egokitu ditugu, hemen dagoen herrigintzarako kultura aintzat hartuz. Guretzat, ikastetxearen titulartasunetik harago, eredu publikoko ikastetxea da euskal herritar orok izan beharko lituzkeen hamahiru eskubide betetzen dituen ikastetxea, administrazioaren baina baita herritarren parte-hartze komunitarioaren uztarketan sinesten dugulako. Kontuan har dezagun gainerako zerbitzu publikoak administrazioak sortu dituela, baina herri honetan hezkuntza ez duela administrazioak bakarrik sortu eta herrigintzak ere ekarpen oso inportantea egin duela egun dugun hezkuntza sisteman. Udalek berebiziko garrantzia izango duten eredu publiko deszentralizatuaren alde egiten dugu, ikastetxeen autonomia oinarri.

Deszentralizazio horretan, udalek hezkuntzan funtsezko rola izatea proposatzen duzue.
Gure hezkuntza lar zentralizatua, lar burokratizatua eta lar urrun dago ikastetxeen errealitateetatik eta eredu piramidal horri buelta eman nahi diogu, behetik gora eraikitako hezkuntza eredua izan dadin. Frogatuta dago herritarren parte-hartze handiena eragiten duten instituzioak instituzio lokalak direla, herritarrengandik hurbilen daudenak, herritarren beharrak ongien asebetetzen dituztenak. Pandemia garaian, behar zituzten ikasleei ordenagailuak eta wifi konexioak bermatzen eraginkorrenak instituzio lokalak izan dira. Udalei eskumen handiagoak esleituz kalitatezko hezkuntza hobea bermatzeko bidea egiten ariko garela iruditzen zaigu. Hezkuntzako Ekosistema Kolaboratiboak ere proposatu ditugu, udal mailako hezkuntza kontseilu lotesleak, herriko ikastetxeak eurak ere parte liratekeenak –lehen azaldutako eredu publikoan sartzen diren horiek–. Planteatzen dugun eredua titularitatetik harago badoa ere, titularitatea bera ulertzeko modua eraldatzen du, tokiko instituzioei esleitzen dizkiegulako hainbat eskumen: hezkuntzaren planifikazioa, ikasleen matrikulazioa eta bitartekoen kudeaketa.

"1993ko publifikazio prozesua errepikatzea akatsa litzateke. Ekarri zuen ikastolen asimilazio hutsa sistema publikoan eta sortu zituen oraindik askatu gabeko korapilo asko"

Diozun moduan, ikasleen matrikulazioa maila lokalera daramazue. Hain justu, ikasleen matrikulazioan ematen den segregazioa liskar iturri nagusietakoa da gaur egun.
Hizkuntzarekin batera, segregazioa da gure hezkuntzak daukan hutsune handiena eta segregazioa matrikulazioarekin guztiz lotuta dagoela ulertzen dugu. Gaur egungo matrikulazio ereduak ez du funtzionatzen eta aldatu beharra dago. Irizpideak Hezkuntza Sailak finkatzen jarraitu beharko lukeela uste dugu, baina irizpide horien araberako kudeaketa udalek egin beharko luketela, Kataluniako ereduari tiraka. Matrikulazioan ematen diren gatazkak ez daitezen eztabaidatu urruneko mahaitan, ikasleak zenbaki huts bailiran, aipaturiko tokian tokiko hezkuntza kontseiluetan baizik, bertako errealitatea kontuan hartuta. Vic herrian adibidez, Katalunian, zailtasunak zailtasun baina lortu dute parte-hartze komunitarioa oinarri hartuta segregazioari buelta ematea. Edo Oreretan adibidez, proba pilotua egiten ari dira duela lau urtetik, matrikulazioan esku hartzen du udalak, eta momentuz emaitzak positiboak izaten ari dira.

Segregazioarekin batera hizkuntza da hutsune nagusi, diozu. EH Bilduk –eta beste hainbat eragilek aspalditik– A, B eta D ereduak gainditzea eta murgiltze eredua orokortzea proposatzen du. Areago, izaera publikoko ikastetxe izateko eta finantzazio publikoa lortzeko zehazten dituzuen betebeharren artean dago murgiltze ereduko ikastetxe izatea. Zaila dirudi puntu honek Legebiltzarraren adostasuna lortzea, urtetan muzin egin baitio eskaerari EAJk.
Euskara da herri honetan kohesio soziala bilatzeko tresna nagusia eta ikasle orok Derrigorrezko Hezkuntza bukatzean euskara gaitasun egokia izan behar du, hezkuntza sistemak hala bermatu behar dio. Baina ez da gertatzen, D ereduak berak ez du bermatzen, eta horregatik egiten dugu proposamena. Proposamen hau aurrera ateratzea posible ote den? Guk Legebiltzarrera ekarri genuen aurreko legegintzaldian, eta ez zen aurrera atera, jakitun gara horrelako eredu batek ez duela adostasun politikoa lortuko, baina Legebiltzar honek bai adostu du derrigorrezko eskolaldia bukatzean Europako irteera profilak izan behar dituztela ikasleek hizkuntza arloan [euskaraz ere maila jakin bat lortu behar dutela].

"Udalei eskumen gehiago esleitzea proposatzen dugu: hezkuntzaren planifikazioa, ikasleen matrikulazioa eta bitartekoen kudeaketa"

Orduan, ez duzue adostasunik aurreikusten puntu horretan –izaera publikoa lortzeko ikastetxe guztiei murgiltze eredua eskatzea–? Hezkuntza akordioa lortzearren, zertan amore emateko prest zaudete?
Gauza bat da zer proposatzen dugun eta bestea akordioa lortze bidean batzuk eta besteak zer adosteko prest egongo garen. Eratu den Hezkuntza batzordeak orain arte entzundako aditu eta eragileen ponentzietan, momentuz, ez dugu entzun murgiltze ereduaren kontra dagoen eragilerik. Ikusiko dugu.

Izaera publikoa lortzeko ikastetxeen betebeharretan jarri duzue baita ere laikotasuna. Kristau Eskola kanpoan uzten du zuen proposamenak?
Berriz diot, gauza bat da gure proposamena eta bestea balizko akordioan zein izango den emaitza. Guk argi dugu proposatzen dugun sistema publikoa erabat laikoa dela. Dena den, trantsizio gisa Nafarroako gehiengo aurrerakoiak onartu duena proposatzen dugu: LOMLOEk markatzen dituen gutxieneko erlijio orduak izatea gehienezko erlijio orduak gurean. Kristau Eskolak hori onartzeko prest baleude, sistema publikoko parte lirateke, eta bestela sare pribatuko kide, gure proposamenaren arabera.

Irudikatu ikastolak adibidez proposatzen duzuen sistema publikoaren parte izatea eta Kristau Eskola kanpoan geratzea; ez dirudi Legebiltzarreko gehiengoak halakorik onartuko lukeenik.
Pentsa, hezkuntza sistema osoaren %35 da Kristau Eskolaren sarea EAEn. Guk planteatzen duguna da egungo eskola publikoak eraldaketa bat egin beharko lukeela, berdin ikastolek, eta berdin Kristau Eskolak. Eta besteak beste, iruditzen zait Kristau Eskolak egin beharko lukeen eraldaketan gauza nagusietako bat dela erlijioa alde batera uztea, eta Nafarroan lorturiko kontsentsua izan daiteke EAEra ekarri dezakegun eredua, bere kontraesan guztiekin.

"Murgiltze eredua ikastetxe guztietara orokortzeko gure proposamena ez zen aurrera atera aurreko legegintzaldian. Jakitun gara ez duela adostasun politikorik"

Ikastetxeen autonomia, autokudeaketa eta autogobernantza aldarrikatzen duzue. Arriskua dago irakasleen kontratazioa nahieran egiteko?
Proposatzen dugun eredu publikoaren parte diren ikastetxeetan, kontratazio guztiek gardenak izan behar dute eta administrazioak ikuskari lanak egin beharko ditu hori bermatzeko. Gaur egun dugun EPE Enplegu Publikoaren Eskaintza eredua erabat zaharkituta dago, oraindik Madrilen esku, eta trantsizio fase batean makro-azterketak ez bestelako EPE eredu bat jarri beharko litzateke martxan, baita langileen behin-behinekotasun tasa ikaragarria amaitzeko mekanismoak ere, benetan hezkuntza proiektu egonkorrak nahi baditugu. Aukera berdintasuna bermatzeko modu bakarra ez da EPEa eta guk zero kilometroko hezkuntzaren alde egiten dugu, gertuko profesional eta gertuko parte-hartzea bultzatuko duena; zentzu horretan, ohikoena izan beharko litzateke irakasleek ere gertuko ikastetxeetan eduki ahal izatea lanpostua.

Ikastetxeen autonomiarekin jarraituz, arriskua dago nork bere plangintza eta eskaintza bultzatuz lehenengo eta bigarren mailako ikastetxeak sortzeko?
Konfiantza dugu ikastetxeen hezkuntza proiektuetan. Zer gertatzen da? Gaur egun ikastetxeek ez dutela nahikoa lidergo pedagogikorik, ez nahikoa bitartekorik, ez behar besteko autonomiarik hezkuntza proiektuak behar bezala garatzeko. “Ikastetxe bat, hezkuntza proiektu bat” filosofia aberasgarria da jendartearentzat eta hezkuntza sistemarentzat, eta autonomiarekiko beldur hori kendu nahi dugu, ikastetxeek parte hartuko luketelako tokian tokiko hezkuntza kontseiluetan eta bertan bai udalek bai Hezkuntza Sailak ere parte hartuko luketelako, konfiantza faltarako zirrikiturik balego esku hartuz.
    Gainera, lehenengo eta bigarren mailako ikastetxeak diozu, baina gaur egun ikastetxe mota ezberdin asko dago, ikastetxe bakoitza puntu batean dago eta ikastetxeak duen ahalduntze maila erabat ezberdina da; guk planteatzen ditugun hezkuntza kontseiluak orekatzaileak lirateke, baliabide gutxien duenari gehiago emanez, kalitatezko hezkuntza proiektu bat garatzeko aukera izan dezan.

Euskal kulturaren transmisioak garrantzi handia du zuen proposamenean, eta curriculumetan transmisio hori bermatuko lukeen institutua sortzea planteatzen duzue. Egia da Espainiako eta Frantziako legeek baldintzatzen dutela gure hezkuntza curriculuma, baina adibidez, curriculumaren %50 gure administrazioen esku dago Hegoaldean. Nola baliatzen da –baliatzen al da– eskumen hau?
Euskal ikastetxeetako curriculuma sortzen duten argitaletxeen %60tik gora Espainiako ikuspegia duten argitaletxe espainiarrak dira. Euskal kulturaren transmisioa kolokan dago, besteak beste euskal eduki eta jakintzaren aldeko hezkuntza politika tinkorik ez dagoelako Jaurlaritzatik, eta beraz ikastetxeko hezkuntza proiektuaren arabera eta irakasleek duten katedra askatasunaren arabera definitzen dira eduki horiek. Azken adibidea da Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu ohiak atera zituen dekretu curricularrak –Heziberri delakoa–, zeinak ziren LOMCEren euskarazko bertsioa. Horri aurre egiteko –eta jakinda gure nahia dela curriculumaren %100 gure esku izatea–, trantsizio fasean planteatzen duguna da curriculumaren kudeaketan dugun %50eko eskumena muturreraino baliatzea eta modu kolaboratiboan egitea; ez izatea orain arte bezala Hezkuntza Saila dekretu bidez curriculuma zehaztuko duena, baizik eta curriculumak osatzeko Euskararen eta Euskal Kulturaren Jabekuntzarako institutua sortzea, eta bertan parte hartzea Hezkuntza Sailak, euskal argitaletxeek eta hezkuntzako profesionalek –Agora filosofia elkartea kasu edo hezkidetzan lanean egunero ari direnak…–, denen artean euskal curriculuma osatzeko.

"Marra gorririk gabe sartu gara hezkuntza akordioa lortzeko prozesuan, kontua da zertan egingo dugun guk indarra"

Cristina Uriarte aipatu duzu. Zortzi urtetako bere legegintzaldian, akordio arrastorik ez genuen ikusi EAErako Hezkuntza Legearen bidean. Orain, badirudi hezkuntza akordioa gertu dutela Eusko Legebiltzarreko alderdiek eta Iñigo Urkulluk dagoeneko hurrengo urterako iragarri du Hezkuntza Lege berria. Zer gertatu da?
Azken bi legegintzaldietan izan dugun Hezkuntza Saila erabat hermetikoa eta planteamenduetan itxia izan da, inposizioz eta elkarrizketa barik jardun du. Legegintzaldi honetan bai sailburua bai ekipoa aldatu da Hezkuntzan, eta gertatu den bakarra da beste Hezkuntza Sail bat dugula eta kolapso egoera baten atarian egon daitekeen hezkuntza eredu honen aurrean denok ariketa egin dugula inflexio puntua markatzeko, baldintzak ikusi ditugulako hitz egiten hasteko. EH Bilduk sorreratik defendatu du hezkuntzak herri akordioa behar duela, gero legeari bide emango diona, eta akordioa lortzeko lehenengo fase horretan gaude. Kanpotik akordioa egintzat eman dezake hainbatek, baina akordioa gaur-gaurkoz ez dago eta akordioa izango da Legebiltzarreko Hezkuntza batzordeak adosten duena, eragile eta adituengandik jasotzen ari garen ponentzia guztiak entzun ostean.

Hortaz, akordiorako baldintzak daude, baina ez dirudi Hezkuntza Sailak duen hezkuntza ulertzeko modutik gertu dagoenik EH Bildu. Adibiderako, Gasteizen Euneiz unibertsitate pribatua zabaltzea onartu berri da Hezkuntza Sailean daudenen botoekin, eta zuek gogor kritikatu duzue proiektu hori.
EAJk eta EH Bilduk, edo Hezkuntza Sailak eta EH Bilduk hezkuntza eredu ezberdina dugu, eta horren adibide da ez bakarrik Euneiz, baita ere EH Bilduk hezkuntzari lotuta proposaturiko gauza gutxi onartu dituela Legebiltzar honek, gauza askotan ez dugu adostasunik lortu EAJrekin. Baina hori esanda, egia da hitz egiten hasteko eta balizko akordio bat lortzeko borondatea agerikoa izan dela ikasturte hasieratik, bi alderdien partetik. Eta gainera pozten gaitu ikusteak Hezkuntza sailburuak aipatzen dituela ez bakarrik EH Bilduk proposamenean dituen gauza asko, baita hezkuntza komunitateen aldarrikapenak ere, dela udalen rola, zuzendaritzek behar duten eraldaketa pedagogikoa, ikastetxeen autonomia… Norekin egiten dugun bat begiratu ordez, zertan egiten dugun bat, hori da guretzat inportantea.

Akordioa lortzeko, zertan amore emateko prest zaudeten galdetu dizut. Beste era batera egingo dut galdera: zertan ez duzue amore emango?
Akordioa lortzeko batzordean, gure proposamenaren baitan ari gara lanean, baina kontziente gara ponentzien entzute fase baten eta negoziazio prozesu baten ondorio izango dela akordioa, eta hortaz ez bakarrik alderdiek, agian hezkuntza komunitateak ez duela gure proposamenarekin guztiz bat egingo edo proposamena hobetzen duten ekarpenak egingo dituela. Guk gure militanteekin konpromiso bat hartu dugu: akordioa dena delakoa, EH Bilduren batzar batek berretsi beharko du, eta akordioaren inguruko gure azken bozka bilkideek erabakiko dute.
    Eta zure galderari erantzunez, zeri ez geniokeen iskin egingo? Marra gorririk gabe sartu gara prozesu honetan, kontua da zertan egingo dugun guk indarra, eta nagusiki hiru parametrotan egingo dugu: batetik, hezkuntza sistemak eraldaketa sakona behar du, akordio honek ezin du adabakia izan; horrez gain, bi arazo larri irtenbide bidean jarri behar ditu akordioak: euskalduntzean jauzia eman behar da eta segregazioari aurre egiteko mekanismoak definitu behar ditu. Hori guztia, jakinda akordioaz ari garenean ez garela legeaz ari, eta akordiotik legerako bidea ere korapilatsua izango dela, lana eskatuko duela.

Zuen hezkuntza proposamenaren harira, ikastolak eta eskola publikoa mokoka aritu dira.
Hau guztia positiboan irudikatzen dut: ikasturte honetan lortu dugu hezkuntza politikaren afera eztabaida politikoaren erdigunean kokatzea. Egia da kasu askotan 140 karakteretan eman dela eztabaida, sare sozialen bidez, eta ez dugunez modu hori konpartitzen ez gara hor sartu. Lar inportantea da hezkuntza herri honentzat eta luma finaz egin beharreko eztabaida dela uste dugu, sakon.

Hezkuntza akordioa lortzeko bidean, ehun bat eragileren ponentziak entzuten ari zarete Legebiltzarrean egunotan. Orain artekotik, zer azpimarratuko zenuke?
Denek bi kontu aipatu dizkigute: batetik, hau aldatu behar dela eta gure hezkuntza sistema birformulatu behar dela; eta bestetik, denek animoak ematen dizkigute, esaten digute erronka galanta dugula baina aukera pasatzen ez uzteko. Orain da momentua. Bestalde, deszentralizazioaren eta udalen parte-hartzearen ideia ere errepikatzen ari da, hezkuntzari lotuta politika lokalen aldeko diskurtsoak entzuten ari gara.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Eskola-segregazioaren aurka, Eskola Publikoa lehenetsi

Eusko Jaurlaritzak "Eskola inklusibo, ekitatibo eta kalitatezkoaren aldeko mahai" berria osatu duten gizarte-eragileei Euskadiko eskola-segregazioaren hasierako diagnostikoa eta erantzuna izeneko txostena banatu die, eztabaidatu eta adostasunak lortzeko. Debateak, beraz,... [+]


2025-10-03 | Gedar
Milaka ikaslek egin dute greba, Israelgo Estatuaren eta bere konplizeen aurka

"Ikasleok ez dugu genozidioa onartzen; ikasleok Flotilla babesten dugu; ikasleok ez dugu Trumpen planean sinesten, eta Palestina askatu nahi badugu, Israelen aurka borrokatu eta Israel suntsitu behar dugu", azaldu du IAk.


2025-10-02 | Gedar
Urriaren 2ko ikasle-greba: gaurko mobilizazio deialdiak

Hemeretzi herritan izango dira IAk antolatutako mobilizazioak, "Israelgo Estatu sionista eta terroristaren genozidioa salatzeko".


Innovamat, batzuek maitatzen eta besteek mesfidati begiratzen duten matematika metodologia

Batzuentzat, erakargarria, motibagarria, parte-hartzailea eta dinamikoa; besteentzat, nahasgarria, konplexua, zentzu pedagogiko argirik gabeko jolasa. Matematika ikasteko Euskal Herriko gero eta ikastetxe gehiagotan sartzen ari den Innovamat metodologiak iritzi kontrajarriak,... [+]


Ez, 3 urteko ikasgela guztietan ez dute egokitzapena egin

Oso orokortuta dagoen praktika apurtu duten kasu bakan batzuen berri izan du ARGIAk: 3 urteko ikasgeletako irakasleek eurek erabakita, aurten ez dute egokitzapenik egin gela horietan. Non da egokitzapena borondatezkoa, zer dio legeak eta zer adituek? "Beti eman behar da... [+]


3 urteko 24 haur tutore bakarrekin, Irurtzungo eskolako errealitatea

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak 3 urteko geletako ratioa 20 umera jaistea hitzartu berri duenean, bestelako errealitatea salatu dute Irurtzungo Atakondoa ikastetxeko gurasoek: tutore bakarrak behar ugari dituzten 24 umeren aniztasunari erantzun eta akonpainamendu egoki eta... [+]


Salatu dute ia bi ordu behar dituztela egunero Aiaraldeko EHUko ikasleek Leioako Kanpusera heltzeko

Ikasleen gurasoek salatu dute garraio publiko zuzenik ez dagoela eskualdetik Kanpusera heltzeko eta Renferen zerbitzuak luzatzen duela egunero bidaia, ia lau ordura heldu arte.


2025-09-26 | David Lindemann
EHU: IKT zerbitzu etikoago baterantz

Palestinan gertatzen ari diren gizadiaren aurkako krimenak “berariaz gaitzesten ez dituzten” Israelgo erakundeekin harremanik ez izateko 2024ko apirilean EHUko Gobernu Kontseiluak hartu zuen konpromisoaz gain, beste urrats bat eman du euskal unibertsitate publikoak... [+]


2025-09-24 | Jon Torner Zabala
Lorea Etxeberria (KEA Kirola Euskara Ahoan)
"Kirolaren bidez, umeek euskara plazerarekin lotzea nahi dugu"

Orain arte ez dugu aipatu, baina bada 6-12 urte arteko umeen kirol jarduerari –aisialdiari, oro har– lotuta dagoen eta azpimarratzea merezi duen beste osagai bat: hizkuntza erabilera. Zentzu horretan, euskararen arnasgune dira Eskola Kiroleko programak, lekuan lekuko... [+]


2025-09-24 | Jon Torner Zabala
Eskola kirola
Ziaboga, korronte nagusiak eraman ez dezan

Aurrerantzean, Gipuzkoako klub batean jokatu nahi duen 8-12 urteko umeak ez du derrigorrez Eskola Kirolean parte hartu beharrik izango, EAEko Auzitegi Nagusiak hala ebatzita. Multikirol ereduaren kontrako errekurtsoa jarri duen familiaren hitzetan, ez da bidezkoa erakundeek... [+]


Haur eta gazteekin genozidioa lantzea, ikastetxe gero eta gehiagoren hautua

Palestinan gertatzen ari denarekiko haurrak ekidistantzian heztea ezinezko bihurtu da ikastetxe (eta etxe) gero eta gehiagotan. Adinaren arabera zer eta nola kontatu konplexua izan badaiteke ere, giza eskubideak, heriotza, injustizia… mintzagai dira ikasgela gero eta... [+]


2025-09-23 | Gedar
Ikasle-greba urriaren 2an, "Israelgo Estatu sionista eta terroristaren genozidioa salatzeko"

IAk egin du deialdia, eta aurreratu du, Askatasunaren Ontzidiari erasotzen badiote, egunez aldatuko duela greba. "Estatu sionistarekin konplizeak diren instituzio zein enpresak irmoki seinalatzeko" baliatuko dute eguna. 


2025-09-19 | Haritz Arabaolaza
Kritikoak edo kritikariak

Aurrekoan idatzitako Irakasleon figura artikuluaren harira, kontu esanguratsu bat landu nahiko nuke. Artikulu horretan aipatu bezala, jende askoren ahotan dabil irakasleon lan karga baxua dela (gehienbat hezkuntza publikokoena), eta ditugun pribilegioak gehiegizkoak direla. Ez... [+]


Sindikalgintza hezkuntza publikoan: borrokatzen jarraitzeko beharra

Euskal Eskola Publikoaren alde borrokatzea STEILASen ikurra da. Ikasturte hasierarekin batera, gogoratu behar da aurreko ikasturtean hainbat kolektibotan akordio garrantzitsuak sinatzea lortu genuela, hezkuntza publikoan grebak eta mobilizazioak egin eta gero. Lan-akordio horiek... [+]


Eguneraketa berriak daude