Herriko Tabernen auziagatik Josu Urrutikoetxea espainiaratzeko argi berdea eman du Frantziako Kasazio Auzitegiak

  • Albiste agentziek zabaldu dutenez, Frantziako Kasazio Auzitegiak ontzat eman du Josu Urrutikoetxea Espainiara eramateko euroagindua. Parisko Dei Auzitegiak onartua zuen irailaren 30ean eskaera hori, baina Urrutikoetxearen abokatuek helegitea jarri zioten, euroaginduak prozedura akatsak zituelakoan. Asteazken honetan jakin denez, abokatuen argudio horiek atzera bota ditu Kasazio Auzitegiak.


2020ko azaroaren 4an - 16:21
Josu Urrutikoetxea duela gutxiko irudi batean (argazkia: EFE).
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Herriko Tabernen auziarekin du lotura Urrutikoetxearen aurkako ekimen judizialak: 2005an Baltasar Garzon epaileak auzipetu zuen, hain zuzen Urrutikoetxeak EAEko legebiltzarkide izateari utzi zionean. Lehenagotik ari zen epaile espainiarra Urrutikoetxea auzi horretan sartu nahian, 2001etik, izan ere, Ekin erakundeko egitura nazionalaren arduraduntzat jo zuen, baina ezin izan zuen auzipetu legebiltzarkide izateak Urrutikoetxeari ematen zion babesagatik.

2013ko urrian hasi zen Herriko Tabernen auziko epaiketa, bertan auzipetutako kideentzat zortzi eta hamabi urte arteko kartzela zigor eskaerekin, baina Urrutikoetxea ez zuten epaitu 2002tik ihes eginda baitzegoen. 2014an ezagutu zen sententzia: urtebete eta hiru urte arteko zigorra hogei lagunentzat; ondoren, Espainiako Auzitegi Gorenean jarritako helegiteen bidez, zigorrak pixka bat arintzea lortu zuten defentsek.

Herriko Tabernen auziarekin lotutakoa ez da Urrutikoetxea espainiaratzeko egin den eskaera bakarra: aurtengo uztailean gizateriaren aurkako krimenak egotzita saiatu zen Espainiako judikatura, baina Parisko Dei Auzitegiak atzera bota zuen. Bi estradizio eskaera gehiago ere baditu beraren aurka eta horiei buruzko ebazpenik ez da argitara eman oraindik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
2025eko abenduaren 10
‘Ekaitz in da house’-etik ‘All in da house’-era
10 urte murruen aurka eta euskaratik estilo librean errimatzen

Eguneraketa berriak daude