Herri Sanferminak plataformak salatu du Iruñeko Udalak ezarritako trabek jai herrikoiak modu prekarioan ospatzera behartzen dituztela, baina mezu bat helarazi diote udalari: “Hemen gaude, ez goaz bazterretara”.
“Erresistentzian bizirik jarraitzen dugu, jai eredu kapitalistaren eta UPNk indartutako bazterketa politikoaren aurrean Sanfermin herrikoiak eraikiz”, esan du Irati Lizarbek, Herri Sanferminetako plataformako kideak Laban egin duten agerraldian. Jai herrikoiak bizirik mantentzeko egun osoko egitaraua antolatu dute uztailaren 10ean O-ko Andramari plazan.
Bertan bazkari “erraldoi” bat egin, eta Hofe, Alarma Morea eta The Titanians musika taldeek joko dute. Bazkarirako menua guztiz begetala izanen dela iragarri dute, zapalkuntzarik gabeko jaiak sortu nahi dituztelako: “Gizakiz besteko animaliek ere aske eta duintasunez bizitzea merezi dute”.
2015. urterik, txosnak O-ko Andre Maria plazan eta Errekoleten plazan —Baratxurien Plaza esaten diotenean— izan dira Iruñean. Iaz, Iruñeko Udalak esan zien Errotazarrera itzuli beharko zutela; hau da, Arrotxapea auzora. Aurten, Iruñeko eragileei Errotazarren hamar barra jartzeko aukera eskaini die udalak, baina Paula Garciak, plataformako kideak, azaldu du ez dutela zentzuzkoa ikusten: “Lekuaz gain, fidantza bat eskatzen digute eta musika jartzeko muga handiak jarri dituzte”.
"Iaz, UPNk bidean jarritako harri guztien artetik loratzen ari ginela esan genuen. Aurten, harri horiek jaso eta guztion Iruñea eraikitzen ari garela diogu"
Horregatik, iaz bezala alde zaharrean egotea lehenetsi dute: “Ez dugu atzerapausorik eman nahi, erdigunean mantendu nahi dugu, beti ere bizilagunei suposatzen ahal dizkiegun oztopoak eta enbarazua kontuan hartuz”. Horregatik, bizilagunen deskantsua bermatzeko gaueko hamarretan amaituko dira kontzertuak.
“Iaz UPNk bidean jarritako harri guztien artetik loratzen ari ginela esan genuen. Aurten, harri horiek jaso eta guztion Iruñea eraikitzen ari garela diogu”, azaldu du Lizarbek. Horregatik, oztopoak oztopo Sanfermin herrikoien baloreak zabaltzen jarraitu nahi dute: “Iruindar guztiok kabituko garen etxe anitz, koloretsu eta aske bat eraikitzen jarraituko dugu”. Zazpi ardatz nagusi dituen besta eredua aldarrikatzen du Herri Sanferminak: herrikoiak, parte-hartzaileak, feministak, ekologistak, euskaldunak, antikapitalistak eta pluralak.
Iruñeko Udalaren traben ondorioz, bestak egoera prekarioan ospatzera behartuta daudela salatu dute: “Dinamika hau ezin dugu normalizatu”. Horregatik parte hartzera animatu dituzte herritarrak, eta mezu bat helarazi diote udalari: “Hemen gaude, ez goaz bazterretara”.
Amaitzeko, gogorarazi dute elkar zaintzea eta errespetatzea beharrezkoa dela eta ez dela eraso sexista, arrazista edota LGTB+foborik onartuko. “Egun bateko egitaraura izan arren egun guztietan zabalduko dugu Sanfermin herrikoien aldarria denon artean”, esan du Garciak.