Aita Mari ontziari Sizilian porturatzeko baimena eman dio Italiak

  • Sizilia aldean erreskatatutako 153 pertsona daramatza eta Italiak baimena eman dion Messinako portura iristeko egun bateko bidaia egingo du.

Argazkia: Aita Mari.

2020ko otsailaren 12an - 05:14
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Salabamendu ontziak bi erreskate egin ditu azken egunetan: 93 migratzaile ontziratu zituen otsailaren 9an eta 60 otsailaren 10ean. Aita Mari 150 lagunentzat dago prestatua, beraz, bete-bete eginda doa. Eskifaiaren barruan 51 adingabe eta haurdun dauden 3 emakume doaz. Igandean erreskatatutakoen gehiengoa afrikarrak dira, eta astelehenean jasotakoen artean bangladeshtarrak dira nagusi.

Itsas Salbamendu Humanitarioa (SMH gaztelaniazko sigletan) gobernuz kanpoko erakundeak gogorarazi duenez, "nazioarteko uretan erreskatea Errefuxiatuen Estatutuari buruzko Konbentzioa betez egin behar da; horren arabera, erreskatatutako inor ezin da itzuli ihes egiten duen leku batera. Beraz, Europako estatuek izan behar dute Mediterraneoan pertsona guztien bizitza bermatzearen arduradunak".

SMHk kritikatu duenez, "Europar Batasuneko Gobernuak, hilero ontzi prekarioetan itsasora egiten duten pertsonak daudela jakinda ere, ez du bilaketa eta erreskaterako ontzi-indarrik hedatzen", eta "Libiako kostazain auto-izendatuei bilaketa eta erreskate operazioen kudeaketa de facto lagatzea" kritikatu du.

Testuinguru horretan, "gutxienez 91 pertsona desagertu ziren otsailaren 9ko goizaldean, libiarrek haien bila joateari uko egin ziotelako. Heriotza horien konplize da Europar Batasuna. Eta mugak kanpora ateratzeko duen estrategiak demokrazia osotzat jo ezin diren hirugarren herrialdeak indartzeko baino ez du balio".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errefuxiatu krisi globala
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!