Hendaiako saioaz, bi hitz... edo gehiago

  • Nola nahi duzu Hendaiako Beltzenia pilotalekuan iragan den bertsolari txapelketako saioa aipa dezadan irakurle ? Nondik deabru hasi behar nintaike? Erran behar didazu, laguntza behar nuke...

Xan Alkhat
2013ko urriaren 14a
Bertsolariak Hendaiako saioan (argazkia: Gari Garaialde / Bertsozale Elkartea).

Sobera gauza balitaizke aipatzeko eta beldur naiz jadanik denek mila aldiz aipatu dituztenak errepikatu beharko ditudala nik ere hemen.

Bon, bego, ez da grabe, azkenean ene ahotik, edo ene lumatik bederen mintzatuko naiz egun, ez ezazula beraz pentsa nire iritzia pertsona multzo handi batena denik. Eta argi utzi behar dut ez naizela xehetasun ttipietan sartuko. Ez naiz kazetaria, ez ezazula pentsa gaiak zein izan ziren edo nolako azken puntuak kantatu dituen batek erranen dudanik, ez baitut holakorik eginen. Nola nire begi eta bihotzekin ikusi dudan saioa aipatu nahi dautziet.

Jadanik, erran behar dut Hendaiako Beltzenia pilotalekua kasik mukuru betea zela eta mila pertsona pasa bildu ginela. "Nunbre polita !" erraiteko maneran! Sei bertsolari; eta zozketak hala erabaki ondoren, lehen eserlekutik hasita... Urdangarin, Zubia, Soto, Apalategi, Agirre eta Zelaia.

Egia erran, ez nuen uste hain saio hunkigarria ikusiko nuenik.

Eta dena argi izan dadin. Damutzen naiz. Bai, irakurle, damutzen naiz, ni ere txapelketaren sailkapen eta puntuazioaren zepoan erori bainaiz eta oihuak egin ditudalakoan emaitza entzun ondoan. Agian, bertsolaritzaren jainkosak barkatuko nau. Zer nahi duzu, bertsozale errabiatu eta objektibotasun eskasekoa baizik ez naiz ni. Beroan beroko erreakzio primitiboa izan da nirea.

Biharamunean haatik, dena desberdin ikusten da. Fite ohartzen naiz emaitzaz ontsa futitzen naizela !

Segur naiz haatik bertsolari bakoitzak hunki egin nauela. Manera desberdinez beharbada baina denek hunki naute. Miretsi dut Urdangariren kantakera. Miretsi dut Felixen Susana. Miretsi dut Sotoren segurtasuna. Miretsi dut Apalategiren lasaitasuna. Miretsi dut Agirreren amatasun hurbila. Miretsi dut Zelaiaren umorea. Bakoitzak zerbait eman daut eta ontsa itzuli dakot gainera. Nere esku ahurren gorridura lekuko !

Eta horrekin geldituko naiz, horrekin gelditu behar naiz gainera. Bertso zenbaitzuek zinez hunki naute besteek baino gehiago bistan dena, baina ez dut uste zuretzat, irakurle, interesgarria litaikenik horrekin luzatu nadin.

Badakit bertso saioko guziak ez ditudala aipatzen ahal eta beharrik funtsean. Bainan badakit ere Hendaiako Beltzenian iragan denaren onenaren oroitzapenarekin geldituko naizela. Puntuaketak puntuaketa, lehen agur zenbait, ofizioko eta lehen puntuetako bertso kotxia, kartzelako lan original eta hunkigarri zenbait eta azken agur bat bereziki atxikiko ditut luzaz nire gogo eta bihotzean gorderik.

Eskertu nahi nituzke sinpleki sei bertsolariak, eman baitidate gehien beharrezkoa nuena joan den ibiakoitzean: Nere asetzeko moduko bertso hunkigarriak!

Eta zin dagizut irakurle, begirune handiz ikusten ditudala bertsolari guziak.

Aintzina Txapelketa eta segi ezazu naizen bezalako bertsozale errabiatuak hunkitzen!

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Bertsolari Txapelketa 2013  |  Lapurdi

Bertsolari Txapelketa 2013 kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude