ARGIA.eus

2020ko ekainaren 01a

«Hedabideen sustengatzaile nagusiak hartzaileak dira»

  • Euskal hedabideen elkargunea da Hekimen. Asko dira euskara hutsean aritzen diren hedabideak eta asko ere egunerokotasunean gainditu behar dituzten mugak. Elkartu eta sendotu, hori da jarraitu beharreko bidea. Alberto Barandiaran, Hekimeneko zuzendaria, luze mintzatu da Atariarekin.

Tolosaldeko Ataria @tolosaldeataria
2017ko abenduaren 26a
Alberto Barandiaran (Argazki Press / Gorka Rubio)

2013an hartu zuen Alberto Barandiaranek (Altsasu, Nafarroa, 1964) Hekimeneko zuzendaritza. Euskal hedabideen arteko harremana sendotzeko, diru laguntza publikoen alorrean eragin eta hitzarmenak bilatzeko, publizitate instituzionalaren alorrean euskal hedabideen portzentajea emendatzeko eta euskal hedabideen behatokia sustatzeko helburuz sortu zen Hekimen. Aurrera pausoak eman dira elkargunea sortu zenetik eta egitekoak asko badira ere, euskaraz aritzen diren hedabideen arteko elkarlana sustatzea ez da makala. Euskal Herri euskalduna nahi bada, komunikabide esparru indartsua izatea ezinbestekoa da eta horretan eragiten du Hekimenek. ATARIA-k ere oinarri horiekin egiten du bat eta Hekimeneko zuzendaritzako kide da 2017ko martxotik. 

Diru laguntza publikoetan eragitea da Hekimeneko helburuetako bat eta bide horretan, garatzen ari zareten itunak berebiziko garrantzia du, ezta?

Hekimen sortu zenetik beti saiatu izan gara sektorearentzat, hau da, euskarazko hedabideentzat, esparru egonkor, sendo eta jarraitu bat lortzen, finantzazioa eta bideragarritasuna bermatzeko. Orain arte beti ibili izan gara urtez urteko diru laguntzetako deialdien menpe. Tokikoen kasuetan hitzarmenak lortzen aritzen zarete udal erakundeekin, hainbat urteetarako, urtebeterako... kasuistika luzea da. Baina, batez ere, bai foru aldundiaren eta baita Jaurlaritzaren diru laguntzei dagokienez, urtez urteko borrokak izaten ditugu hurrengo urteko diru laguntzak zenbatekoak izango diren zehazteko. Horrek sektorea lehian jartzen du, neurri batean. Hau da, hedabideak saiatu behar dira besteak baino gehiago lortzen, poltsa ez baita gehiegi handitzen, eta ondorioz, beharrak beti handiak direnez, lehian jartzen ditu berez lehiakideak ez diren hedabideak. Gipuzkoan zorionez, ia eskualde guztietan daude tokiko hedabideak, eta horretaz gain, prentsa nazionala dago eta baita beste hedabide gehiago ere. Baina toki bakar batean ez daude bi edo hiru hedabide, elkarrekin lehian daudenak, eta egon diren tokian, Tolosaldean bezala, bateratu egin zarete, indartsuagoak eta eraginkorragoak izateko. Lehia horrek beraz, neurri batean sektorea desitxuratzen du. Urtez urteko dinamika hori, gure ustez, ez da eraginkorra. Horregatik esan genuen hasieratik eredu iraunkor bat nahi dugula. Horrekin bueltaka geundela Eusko Jaurlaritzak hiru urterako diru laguntza 2016, 2018 onartu zuen eta beraz, ez dago aukerarik ez gora ez behera egiteko, baina hori gainditu beharraz aritu gara, eta lege, itun edo kontzertazio bati buruz hitz egiten ari gara jada. 

Eta zer dago horren atzean? Zein da oinarrizko ideia?

Ikastolen kasuan bere garaian ere horrela ibiltzen ziren, beti diru eske, gurasoen ekarpenetatik tiraka... administrazioak onartu zuen arte, zerbitzu publiko bat eskaintzen dutela, administrazioa iristen ez den hori eskaintzen dutela, eta beraz, zerbitzua kontzertatzeko akordioa egin zuten. Hedabideen kasuan ere antzeko zerbait egin daitekeela pentsatu genuen, euskarazko komunikazioa eskubide bat bada eta legez aitortuta dago hiztun euskaldunon eskubide bat dela, nola iristen gara toki guztietara? Euskarazko hedabideen bidez. Beraz, goazen kontzertazio ideia hori txertatu ote daitekeen eztabaidatzera. Hori da sorrerako ideia eta hori da oinarria. Bi ideia daude hor: aitortza, egiten den lan hori aitortzea, alegia; eta konpromisoa, hau da, lortzen badugu hainbat urtetako plangintza bat, adostu dezagun administrazioarekin zein konpromiso hartu beharko dituen gauza gehiago egiteko. Esate baterako, euskarazko hedabiderik ez dagoen eskualdeetan euskarazko hedabide bat martxan jartzeko edota irrati sare indartsu bat egiteko. Hainbat hilabete egon gara lanean horretan, eta orain nolabaiteko korapiloen inguruan ari gara; zenbat diru beharko litzatekeen hau guztia martxan jartzeko, zehaztutako oinarri horiek xehatzen, zein baldintza behar diren, zein konpromiso behar diren... Eta baita egitura juridiko osoa zehazten ere, hau da, honek guztiak zein izen du? Patzuergoaren ideiarekin ari gara. Patzuergoan erakunde publikoak eta ez publikoak batzen dira, eta badago formula juridiko bat gauza hauek antolatzeko. Horretan ari gara. Ideiaren aldekoak gara foru aldundian, Jaurlaritzan eta Hekimenen, baina orain ideia azkendu behar dugu, eta hori izango da hurrengo hilabeteetan egingo dugun lana.

 

Euskarazko komunikazioa eskubide bat bada eta legez aitortuta dago hiztun euskaldunon eskubide bat dela, nola iristen gara toki guztietara? Euskarazko hedabideen bidez. Beraz, goazen kontzertazio ideia hori txertatu ote daitekeen eztabaidatzera.

Aitortza eta konpromisoa aipatu dituzu. Bingen Zupiria sailburuak publikoki aitortu zuen euskarazko hedabideek egiten duten ekarpena, baina konpromisorik ez dago oraindik.

Aitortzarena egia da, eskatu genuen eta eman ziguten, aitortu dute dagoen sarea minimoa dela eta interesgarria dela eta sustatu behar dela. Baina konpromisoak bi aldetatik etorri behar dira: guk ere aitortu behar dugu, eta aitortu dugu, administrazioak eta erakunde publikoek urteetan egindako lana ezinbestekoa izan dela dagoen euskarazko hedabideen sarea martxan jartzeko, baina bi aldetatik etorri behar du konpromisoa. Erakunde publikoek konpromisoa hartu behar dute, beste baldintza batzuk jartzeko mahai gainean, eta iraunkortasuna izan dezaten, hau da, ez dadila izan denbora gutxiko kontua. Eta euskarazko hedabideek ere hartu behar dute konpromisoa esateko 'bai guk gure proiektua daukagu, Ataria-ren proiektua, gure proiektua da eta guk erabakiko dugu norantz eraman eta abar, baina sektoreari begira Atariaren, Berriaren edo ARGIAren eta beste guztien gainean dagoen sektoreari begira zein konpromiso hartuko ditugu?'. Elkarlana konpromisoa da, Ataria-k bere garaian hartu zuen konpromisoa da hori, eta hori beste toki batzuetara esportatu daiteke? Edo nazionalen eta tokikoen artean egin daiteke horrelako planteamendu bat gauza batzuk konpartitzeko? Edo egin dezakegu elkarrekin kirolari buruzko astekari bat edo Interneten 24 orduko atari bat berri eguneratuekin? Alde horretatik aipatzen dut elkarlana. Eta ez da bakarrik produktuen arteko elkarlana, beste mila gauzetan ere egin daiteke elkarlana. Hori da eskatu behar dugun konpromisoa. Konfiantza dago horren atzean. Hau guztia prozesu bat da eta prozesuari arnasa eman behar zaio, baina egia da ere, guk argi dugu, hau laster konpondu behar dela. Edo behintzat laster argitu behar da bide hori badagoen.

Sektorea duintzeaz hitz egin izan duzu. Zein zentzutan?

Beti esan izan dugu sektorea duindu behar dela, eta hori nola kalkulatzen da? Hainbat modu daude; inbertsioei begira jarri gaitezke, edo egiturari, edo produktu gehiago ateratzeari... Baina guk egin dugun ariketa izan da langileen lan baldintzak hobetzera joatearena. Iruditzen baitzaigu sektoreak daukan indar handiena langileak direla, giza kapitala. Profesional oso onak daude, konpromiso handia dutenak bere hedabidearekiko, eta teknikarik eta ezagutzarik onena izan genezake, baina gehiago behar da. Hortik abiatu gara esateko diru gehiago behar dugula, zertarako behar dugu diru gehiago? Ditugun profesional bikainei eusteko.

Abiadura bizian doa gizartea, hedabideok ere abiadura horretara egokitu behar gara, baina horretarako baliabideak behar dira, alegia. 

Giza baliabideak ditugu, baina kazetari bati, kazetari bikaina izanda, hilean 1.000-1.200 euro ordaintzen badizkiozu, konpromiso handia izango du eta jarraituko du, baina aukera badu, utzi egingo du. Eta hori gertatu da eta gertatzen da. Txandakatze handia dago sektorean eta horrek galera dauka, esperientzia galtzen baita. Konpromisoari eusten zaio, baina ez da erraza hori guztia oso luzean mantentzea. Berrikuntzan hobetu nahi baduzu, produktu berriak atera nahi badituzu, etorkinarekin asmatu nahi baduzu.. beharrezkoa da jende gaztearen ilusioa, baina baita eskarmentua daukan jendearen konpromisoa ere. Eta bi horiek lan baldintzak hobetuz lortu daitezke, besteak beste.

Zein pisu dute hedabideek euskararen sustapenean?  

Sektore honek egiten duen lana garrantzitsua da eta aurrera begira are garrantzitsuagoa izango da. Orain asko hitz egiten da erabileraz, eta euskararen erabilera sustatu behar da, eta badakigu hizkuntza baten erabilera ez dela bakarrik ahozkoan ematen, ahozkoan ematen da, batez ere, eta hor bizi da, baina ahozkoaren inguruan gaur egun komunikazioa aldatu da. Ahozkotasunak mantentzen du balantza, baina beste komunikazioak geroz eta garrantzia handiagoa dute, bai sare sozialen bidez, bai idatzizkoaren bidez... Gazteen artean ahozkotasunak geroz eta pisu gutxiago dauka beren komunikazio jardunean. Eta hor hedabideek sekulako garrantzia daukate. Hedabideek hor paper estrategikoa dute.

Aitortzaz hitz egin duzu, administrazioaren aitortzaz, baina gizartearen aitortza badute hedabideek. Behatokiaren azken datuek diote %10 igo direla sareko bisitak.

Etengabeko igoera dago, egia da mundu guztian igotzen ari dela sareko kontsumoa, baina gurean ere bai, eta gainera modu nabarmenean eta hori azpimarratu behar da. Gero aitortza... hedabide bakoitza da aitortza horren lekuko, inor ez da bakarrik diru laguntza publikoetatik bizi, gure hedabideen sustengatzailerik handienak hartzaileak dira, ekarpen handiena horiek egiten dute, harpidetzen edota kanpainen bidez, eta alde horretatik, hori da aitortza nabarmena. Sare garrantzitsua dago, ez gara konturatzen zein garrantzitsua den hainbat herri eta hainbat eskualdetan edukitzea irrati bat edo aldizkari bat... zein garrantzitsua den. Edo zein garrantzitsua den 25 urtez egunkari nazional bat edukitzea, ia 100 urte egitera doan aldizkari bat edukitzea, gazteei begirako edo pentsamenduari buruzko aldizkari bat kaleratzea... hor aitortza bat badago, nabarmen, aitortza hori lortzen ez duten hedabideek itxi egiten dute, ez dute irauten, eta gaur egun, inoiz baino hedabide gehiago daude. Jendearen aitortza hor dago.

Behatokiak lan garrantzitsua egiten du Hekimenen barruan, zertan dago orain?

Hasi nintzenean beti entzuten nuen datuak behar genituela. Jakin behar dugu benetan gure tamaina zein den. Eta Behatokiak egin duen lan garrantzitsuena hori izan da: datuak bildu, aztertu eta sistematizatu ditu, ikerketarako nola erabili ahal diren aztertzeko. Behategian azken bi urteetan ibili gara mintegi bat antolatzen eta sektoreari buruzko datuak biltzen. Gaur egun, inoiz baino datu gehiago ditugula esango nuke. Horri esker badakigu Interneteko kontsumoa zein den, badakigu enpresen egitura nolakoa den, badakigu zein zailtasun ekonomiko eta aukera ekonomikoak ditugun...

Hori guztia aztertzea tokatzen zaigu orain. Ikerketara begira dago hortaz, Behategia, baina baita trebakuntzara begira ere. Ohartu ginen gure sektorean, beste sektore guztietan bezala, trebakuntza eta formazio etengabea oso garrantzitsuak direla, kontsumitzeko moduak, sortzeko moduak eta abar etengabe aldatzen ari dira, eta ulertu behar dugu hori guztia. Enpresetan trebakuntza eskaintzen da askotan, baina iruditzen zitzaigun batzuetan euskarazko hedabideei zuzenean bideratutako trebakuntza falta zegoela, eta hori ere aurten jarri dugu abian.

Gure buruari formazioa emateko plan bat egin dugu eta horretan Behategia funtsezkoa izaten ari da, batez ere, sareari eta Internetari begira. Datorren urteari begira, plangintza potoloa dugu eskuartean lehen aipatu dugun itun horri begira. Iruditzen zaigu konpromisoak hartzeko garaian sektorea, panorama, zein den ondo ulertu behar dugula, dauzkagun datu horiek zer adierazten duten ulertu behar dugu, eta gure asmoa da Liburu Zuria martxan jartzea. Liburu Zuria diagnostiko integral bat da, nolako sektorea daukagun, zein behar ditugun eta norantz begira jarri behar dugun zehazteko. Administraziorekin eta akademiarekin bat eginda egingo dugu eta horretan Behategiak funtsezko garrantzia du.

Sektorea batuta al dago?

Hekimen da horren adibide. Datuak biltzeko unean bagenuen zalantza hori, datuak eman eta guztien eskura jartzeko prest ote dago sektorea? Urrats bat, bide bat, eman da horretan, elkarlanean, konfiantzaren esparruan, alegia. Arazoak daude, egia da, kosta egiten zaigu geure txokotik atera eta besteei begiratzea, baina hori da Hekimenen lana, horretan bide bat egitea. Ez da erraza, baina interesgarria da sektoreak hartu duen bidea.

Xenda teknologia izan daiteke elkarlan horren adibiderik praktikoena.

Hainbat bide daude bai, eta hori da bat. Dokusare teknologia garapen teknologiko bat da, Elhuyarrek egin duen sistema baten garapena da, eta horren bidez norberak bere webgunean duen informazioan gehiago sakontzeko aukera emango du, gainerako hedabideei esker. Xenda edo Dokusare sistema horren bidez, albiste jakin batean gehiago sakondu nahi badu, albiste horretan izango du aukera gai horren inguruan euskarazko hedabideek egin dituzten lanak ikusteko. Gure ideia da kontsumoa batzea, geroz eta zailagoa da hedabide bakar batetik informatzea, geroz eta gehiago ibiltzen gara batetik bestera saltoka, eta guk nahi duguna da gutxienez lehen buelta hori gure artean izan dadila erraztea. Erakusten dute horrelako gauzek zer gogo dagoen eta zer garrantzia ematen zaion sektorea indartzeari.

Zeintzuk dira sektorearen ahuldadeak eta indarguneak?

Prekarietatea aipatuko nuke gabezia bezala, hedabide askotan egunerokotasunetik ateratzeko zailtasunak daude, uste dut kosta egiten dela oraindik hartzaileak dituen beharrak eta nahi guztiak asetzea, batzuetan uste dut gehiago begiratu behar zaiola hartzaileak nahi duenari eta gehiago detektatu behar dela benetan zein diren kontsumo gogoak, eta hor badago lana. Elkarrekin gauza gehiago egin daitezke oraindik, etorriko da, baina egia da ahul samar gaudela elkarlan esparruan, kosta egiten zaigu begirada gainditzea. Indarguneen artean berriz, ideia bat baino gehiago aipatuko nituzke; dagoen dinamismoa, toki askotara iristeko borondatea, urtero sortzen direla hedabide eta proiektu berriak... Garrantzitsua da ahulguneak detektatu eta ez ezkutatzea, baditugu eta, baina aurrera egiteko indarguneak ere baditugu. Etorkizun polita dugu aurretik.

 

Elkarrizketa hau Tolosaldeko Atariak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.

 

Kanal honetan artxibatua: Hekimen

Hekimen kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude