H5N8: Bost hitz-gako Ipar Euskal Herriko hegazti hazleen kezka ulertzeko

  • Bidaxuneko bi etxaldetan eta Amorotzeko batean agertu da H5N8 birusa, baita Zuberoarekin mugan den Lixoze herriko bi etxaldetan. Nahiz eta prefekturak oraindik baieztatu ez, baliteke Bardozen ere zabaldu izana birusa. Frantziako administrazioaren erabakiei segi, birusa agerturiko gunetik bost kilometroetara dauden hegazti guztiak hiltzera behartuak dira laborariak. Logika horren kontra da ELB sindikatua eta 2017an bezala, desobeditzeko determinazioa dutela argi utzi dute sindikatuko laborariek. Hau guztia hobeki ulertzeko bost hitz-gako jarraian: "Hegazti gripea"; "Hiltze prebentiboak"; "Kriaxera"; "Nekazaritza industriala" eta "Herri-harresia".


2021eko urtarrilaren 29an - 08:27
Hegazti gripea

Hegazti gripea "A motako influenza" izeneko birusak eragindako eritasuna da. Hegazti basatiak edota etxeko/hazkuntzetako hegaztiak kutsatuak izan daitezke. Birus horiek ia beti transmititzen dira hegaztien artean, baina, noizean behin, birus horietako batek gizakia kutsa lezake. Eskerrak, oraingoz ez da gizakien arteko kutsatzerik –eta birusa hegaztietatik gizakira pasatzen denez, arras pertsona gutti dira H5N8z kutsaturik, gizaki gutxi dagoelako hegaztiekilako harreman hurbilean bizi–.

Hiltze prebentiboak

Birusaz bezain bat, birusari begira harturiko neurriek dute kezka eragiten hegazti hazleen artean. Hain zuzen, izurriteari aurre egiteko gisan, hegaztien hiltze prebentiboak bideraturik ditu Frantziako administrazioak. Hala nola, birusa agerturiko gunetik bost kilometroetara dauden hegazti guztiak hiltzera behartuak dira laborariak. Ipar Euskal Herriaren kasuan, hainbat etxalde dira manu horren menpe, ikusirik birusaz kutsaturiko hegaztiak atzeman dituztela Amorotzeko, Bidaxuneko eta Lixozeko etxalde batzuetan. Baliteke Bardozen ere izatea kasu batzuk, baina ez du informazioa oraindik baieztatu prefekturak. Egoera ez doa hobetuz eta astez-aste emendatuz doa erabakiaren menpe diren herrien zerrenda. Abenduan agertu zen berriz ere hegazti gripea eta azken asteetan bi milioi hegazti dituzte "prebentiboki" hil.

Krisiari aurre egiten laguntzeko asmoz, Ipar Euskal Herria eta Biarnoa biltzen dituen Pirinio Atlantikoetako departamenduak 500.000 euro banatuko ditu. Horren berri eman du Kontseilu Nagusiak aste hasiera honetan. Frantziako Estatuak banaturiko RSA diru-laguntza jasotzeko bidea hegazti hazleei errazteko konpromisoa ere hartu du Kontseilu Nagusiak. Horrez gain, ongi-ezak saihesteko bidean, psikologo, gizarte laguntzaile zein MSA laborarien aseguru sozialarekin ere elkarlana garatuko du instituzio horrek. Paraleloki, azterketa eta gogoeta lana abiatuko dute gaitza hobeki ezagutzeko eta aterabideak lantzeko. Baina anartean, arazoak bere horretan segitzen du, laguntza hauek mina ttipitzeko balio badute ere.

Herri-harresia

Hiltze prebentiboak ez dituzte onartzen ELB sindikatuko laborariek. "Krisi honen hastapenaz geroztik ELBk kabale sanoak kopuru handian hiltzeko erabakia salatzen du fermuki, jokamolde horrek bere mugak erakutsiak ditu aspaldian". Osagarri onean diren hegaztiak ez dituzte hiltegira bidaliko, eta behar izanez gero, 2017an bezala herri-harresia eraikiz, desobedituko dituzte neurri administratiboak. Funtsean, hiltze prebentiboen neurriarekin bideratu "masakrea" salatzeko mobilizatuko dira larunbatean, urtarrilaren 30ean 14:00etan Donapaleuko merkatu plazan.

2017an azkarki mobilizatu ziren ELBko kideak, eta hiltze prebentiboak errefusatzeko mobilizazioagatik 5.000 euroko isuna ordaindu behar izan zuen sindikatuak. ELBko lehendakari Panpi Sainte-Marie eta Barkoxeko Ühartia etxaldeko Cathy Xabalgoiti epaitu zituzten, ahate hazlea azkenean, errugabetuz. Ehunka herritarren sustengua jaso zuten laboriek.

Kriaxera

Tokiko ahate arraza da kriaxera, eta laborari batzuen erabaki politikoa ez balitz, desagerturik genuke –produktibismoak beste arrazetara bideraturik ditu hazleak–. Hegazti gripearen krisi honetan kriaxera arrazaren geroa ere da zalantzan jarririk. Hain zuzen, kriaxera arrazako ahatekumeak hazten dituen etxalde bakarrean agertu da birusa, Bidaxunen, eta Euskal Herriko kriaxera etxalde guziak hornitzen ditu. Ahate arraza honen desagertzeko arriskua handia eta erreala da.

Kriaxeren hiltze prebentiboak ez dituzte onartzen hazleek, justuki 2017ko izurritean kutsatu baziren ere, birusa gainditzea lortu zutelako ahate hauek. ELBk dioenez, birusean positibo eman badute ere, ahateak "ez dira eri", eta antigorputzak garatu dituzte. Sinetsi edo ez sinetsi, 2017ko bizipenak hor dira froga gisa. Hori horrela, esperimentazioa plantan emana izan da, Pirinio Atlantikoetako Laborantza Ganbara, ELB sindikatua eta Euskal Hirigune Elkargoaren sustenguarekin. Ekimen berri honi segi, "hamabost eguneko hetsialdian atxikiko dituzte animaliak, tokiko kriaxerak birusarekiko duen erresistentzia egiaztatzeko".  Ahateen hiltzeari dagokionez, oraingoz kriaxeraren arrazarekin salbuespena onarturik du beraz prefekturak.

Laborantza industriala

Arazoa da COVID-19arekin bezala, begirada birusara mugatzen baldin badugu eta izurritearen jatorriari ez badiogu begiratzen, arazoa errepikatuko dela gerora ere. 2017an jada ikaragarri bortitza izan zen H5N8aren izurritea eta badirudi 2021 honetakoa ere ordukoa bezain gogorra izango dela. 2017az geroztik, geroz eta osasun neurri zorrotzagoak hartu behar izan dituzte ekoizleek, hegazti basen eta hazkuntzetakoen arteko kontaktuak mugatzeko. Hala eta guztiz ere beste izurrite baten garapena ez dute saihestu ahal izan. Benetako arazoa, nekazaritza ereduan dela diote geroz eta aditu gehiagok, tartean ELB eta Confederation Paysanne sindikatuek. Etxalde industrialak "bonba biralak" direla argi dute hauek.

Geroz eta intentsiboagoa eta industrialagoa da hegaztien hezkuntza, eta kontua da animalien metaketek eta garraioek birusaren hedapena ahalbidetzen eta errazten dutela. Gainera, genetika selekzio guztiak produktibitatearen mesedetan eginak direnez, azkenean, ingurumenean dituzten erasoei begira askoz ahulago dira –tartean birusak–.

Azkenean, gerora H5N8 ala bestelako birusen hedapena mugatzeko, laborantzaren sektoreari buruzko benetako gogoeta eraman behar litzateke, kalitatezko nekazaritza herrikoiaren aldeko neurri ausartak bideratuz.

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
#5
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hegazti gripea
Pettan Prebende, laboraria
"Agroindustriarentzat pentsatu araudiak dira eta emeki-emeki hiltzen gaituzte"

Azken urteetan errepikatzen den gaitza dute hegazti gripearena laborariek. Frantziako Estatuak bideratu aterabideak –hegazti guzien hilketa prebentiboak eta kabalak barnean atxikitzea– gogorki gaitzesten ditu ELB sindikatuak. Egoeraren larritasunaz ohartarazteko eta... [+]


Hegazti gripeaz Frantziako Gobernuak egin duen kudeaketa salatu du ELBk

Animalien osasunaz arduratzen den DDPP departamendu mailako zerbitzuak Pauen dituen bulegoak okupatu dituzte ekainaren 8an, ELBk eta Biarnoko Modef eta Confederation Paysanne sindikatuek ere. Poliziak kanporatu ditu.


2023-06-02 | Euskal Irratiak
Hegazti kutsatuak Behe Nafarroara ekartzearen lanjeraz ohartarazi du ELBk

ELBk berriz ere bere arrangurak agertarazi ditu hegazti gripeari begira. Euskal Herriko Laborarien Batasunak jakitera eman duenez, iragan hiru asteetan 70 kutsadura kasu aitortu dira Aturri arroko etxaldeetan, horietatik 50 Gersen, hemezortzi Landetan eta bi... [+]


Etxalde bateko ahateen prebentziozko hilketa saihestea lortu du ELB sindikatuak

Ehundik gora lagun elkartu dira Ilharren (Nafarroa Beherea) Bidarteberria etxaldearen aitzinean, zerbitzu sanitarioko ordezkariei bidea mozteko. Hegazti gripearen testuinguruan, 200 ahateren hiltzea oztopatzea lortu dute.


2022-01-25 | ARGIA
Hegazti gripearen kudeaketa "porrota" dela salatu du ELBk eta mobilizazioa deitu du

Kanpoan hazten diren hegaztiak hiltzea da Frantziako Gobernuak darabilen estrategia, hegazti gripeari aurre egiteko. Euskal Herriko Laborarien Batasunak (ELB) ohartarazi du estrategia hori antzua dela eta etxalde txikiek ez dituztela kudeaketa txarraren ondorioak pairatu behar... [+]


Eguneraketa berriak daude