Guztiontzako aurrez aurreko eskola kolokan?

  • Eskolak irekita izatea eta ikasle guztiek egunero aurrez aurreko eskola jasotzea beharrezko du gizarteak, etorkizunean jendarte kohesionatua eta heziketaduna bermatzeko. Egunero seme-alabak eskolara joatea beharrezko dute gurasoek, ordu horietan lana egin ahal izateko. Baina aurrez aurreko eskola oso kolokan jarri du Eusko Jaurlaritzak, pandemia baten erdian hezkuntzako baliabideak gehitu ez, eta gainera murriztu egin dituelako.

Bilboko Maestro Garcia Rivero ikastetxeko atean pankartak jarri dituzte baliabide faltagatik ezin dela osasuna bermatu salatzeko, eta jantoki zerbitzua arriskuan dutela adierazteko. Argazkia: Raul Bogajo / Foku.

2020ko irailaren 14an - 07:46
Jaurlaritzak hezkuntzan murrizketei eusten badie, herritarroi salduko diguten erremedio "osasuntsua" aurrez aurreko eskola ia erdira murriztea izango da, eta eskolaren beste erdia etxeen bizkar uztea, indibidualismoan sakonduz

Jaurlaritzak ez ote du aukera pare-gabea esku artean, urtetan murrizketak egin dizkion eskolari izaera erabat aldatzeko eta merketzeko? Eskola teknologia berrien bidez mantenduko dela, baina ikasleei aurrez aurreko arreta murriztuko zaiela argudiatzeko? Eskolaren transformazio hori gizartearen aurrean justifikatzeko karnata ona da ikastetxeek pandemiaren aurrean bete beharreko osasun neurriak ahalik gehien zorroztea, guztiok desio ditugulako eskola osasuntsuak. Baina itxura desiragarriko beita horrekin batera doan amua murrizketak dira: eskoletan COVIDaren prebentzioak eskatzen dituen sakoneko aldaketak egiten ez badira, hau da, makro-eskolak deszentralizatzea, eskoletara bideratutako metro koadro kopurua eta langilegoa biderkatzea... eta gainera, baliabideetan murrizketak egiten baditu Jaurlaritzak, herritarroi salduko diguten erremedio "osasuntsua" aurrez aurreko eskola ia erdira murriztea izango da, eta eskolaren beste erdia etxeen bizkar uztea, indibidualismoan sakonduz: ikasle bakoitza doala bere etxera, bere ordenagailuarekin bakarrik ikastera. Horrela, etxeek berenganatu dezatela eskola erdiari eustearen gastua: azpiegituretan (ordenagailu, mahai, aulki eta gainerakoak izatea), energian (berogailu, internet eta argitan), eta pertsonalean (ikasle horien ondoan eman beharreko orduetan).

Baliabiderik gabe, protokoloak tranpa dira
Eskola bakoitzean bertako ikasle, guraso eta irakasleek osasuna eta heziketa uztartzeko moduaz hitz egin ez izana ez da batere lur egonkorra ikastetxeentzat, etor daitezkeen arazoen aurrean

Eskolan ere osasuna bermatzea nahi dugu denok, eta gehienak bat etorriko dira eskolan ere COVID-19 kutsatzea saihesteko neurriak hartu behar direla esanda. Baina zehazki zein neurri hartu behar dira eskolan? Hori goitik behera agindutako protokoloek ezarri dute: sindikatuek salatu dute ikasturte hasiera ez dela adostua izan, Hezkuntza sailak ez duela inongo harremanik landu eragileen ordezkariekin eta aldebartasunez hartu dituela erabakiak. Gehitu dute, Hezkuntza sailak ezarritako irizpide hauek orokorregiak direla askotan, eta eskolako zuzendaritzen bizkar erori dela ikastetxeko errealitatearen arabera arau zehatzak definitzeko ardura: horregatik, irakasleentzat berme juridikoak eskatzen dituzte, ikasturtean zehar sortu daitezkeen liskar eta salaketen aurrean. Hezkuntza sailetik agindu eta ikastetxe bakoitzeko zuzendaritzak garatutako protokolo zehatzak ez direnez eskola horretako eragile guztien artean eztabaidatu eta adostutakoak, egunerokoan gorabeherak sortu ditzakete, ikasturtean zehar mila kasu ezberdin emango baitira. Beranduegi al da eskolako osasun protokolo berri hauek tramite hutsez eskola kontseiluetan onartu beharrean, ikasle eta gurasoen iritzia kontuan hartuta egokitzeko eta adosteko? Herritarrok hilabeteak daramatzagu osasunaren inguruko erabakimenik gabe eta gurasoen joera orokorra isiltzea izan da; irakasleei erori zaien ardura eta lan eskerga horrekiko errespetuz, ikastetxeak jakinarazitako osasun neurrien aurrean isilik geratzea. Baina osasuna eta heziketa uztartzeko moduaz hitz egin ez izana ez da batere lur egonkorra ikastetxe batentzat, etor daitezkeen arazoen aurrean.

Pandemia batean normalena irakasle asko gaixotzea izango da, ezta? Baina Jaurlaritzak ez du beharrik ikusi eskoletako irakasle taldeak handitzeko

Seme-alaben ikasketak bermatu nahi dituzten etxeei, COVID-19ak eskolako gastuak handitu dizkie: kasu batzuetan, itxialdian ordenagailua erosi beharra, materialik partekatu ezin den ikasturte hasiera honetan ikasle bakoitzak material osoa erostea... Baina EAEko administrazioaren etxean diruak banatzeko lehentasunak beste batzuk dira, antza. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak ez du beharrik ikusi, hezkuntzako gastua handitzeko: pandemia baten ezaugarria jende asko gaixotzea izanik, normalena ikasturte honetan irakasle asko gaixotzea izango da, ezta? Baina Jaurlaritzak ez du beharrik ikusi eskoletako irakasle taldeak handitzeko. COVID-19aren kutsadura saihesteko neurri eraginkorrena ikasle taldeak murriztea eta ahalik gehien aire librean aritzea izanik ere, ez du baliabide gehiago jarri eraikinak birmoldatzeko edo gelako ratioak txikitu eta irakasle gehiagoz erantzuteko.

Guztiontzako eskola: batzuen helburu, besteen jo-puntu?

Hezkuntzako baliabideak nabarmen gehitu gabe, osasun neurriak nabarmen zaindu behar badira, nola eutsi eskolari? Gizartearentzat lehentasunak eskolak zabalik izatea eta ikasle guztientzako aurrez aurreko hezkuntzari eustea direla azpimarratu digute STEILAS sindikatuko kide Nagore Iturriozek eta EHIGE gurasoen elkarteko kide Lurdes Imazek.

Aurrez aurrekoa ez den eskola nolakoa den probatu berria dugu, aurreko ikasturte bukaeran, itxialdian: ikasleek bakarka eta ordenagailu bidez ikastea izan zen ikastetxe gehienen aukera. Baina horrek etxe bakoitzaren klase sozial eta kulturalaren arabera ikasleen arteko arrakala izugarri handitu zuen. Ikasle asko deskonektatuta geratu ziren, eskolarik jaso gabe. Eta ikasle guztiek izugarri galdu zuten edukien lanketaren sakontasunean, sozializazioan, babes emozionalean... Ikasle askok egunero ziurtatuta duen otordu bakarra galdu zuen, eta beste askok euskaraz aritzeko duen gune bakarra.

Jaurlaritzarentzat ere lehentasunezkoa al da aurrez aurreko eskola, ala tentagarriago ote dirutan askoz merkeago izan daitekeen ordenagailu bidezko ikaskuntza bultzatzea?

Beste erremediorik ez dagoenean, ahal den moduko eskolari eustea ez da gutxi. Baina noraino baldintzatuko dute ikasleek aurrez aurreko eskola jasotzeko izango duten aukera, Jaurlaritzak hezkuntzan egin dituen murrizketek? Jaurlaritzarentzat ere lehentasunezkoa al da aurrez aurreko eskola, ala tentagarriago ote dirutan askoz merkeago izan daitekeen ordenagailu bidezko ikaskuntza bultzatzea? Bada duda egiteko tarterik, izan ere, ekainean ikastetxeetako zuzendaritzei hiru eszenatoki garatzeko eskatu zien Jaurlaritzak: A eszenatokia ikasturte hasieran martxan jarri dutena da, ikasle guztiak egunero eskolara joanaz; B eszenatokia, ikasgelan ikasle erdiak soilik egonik; eta D eszenatokia, itxialdikoa, ikasle guztiak etxean egonik. Iturriozek zera salatu du: "Jaurlaritzak ez baditu eszenatoki hauetako bakoitzak eskatzen dituen baliabideak jartzen, hiru aukera horietako bakar bat ere ez da erreala. Aurrez aurreko hezkuntza (A eszenatokia) bermatzeko baliabideak jartzen ez baditu, horrek behartuko gaitu B eszenatokira joatea, eta onartezina da horretara jo behar izatea, baliabideak jarri ez direlako".

"Hezkuntza sailak eskolak ireki ditu baina ez da ari aurrez aurreko irakaskuntza bermatzen, beste aukerak askoz merkeagoak direlako" Nagore Iturrioz, STEILAS

Ikastetxeetara bidalitako protokoloek zehazten dute zenbat COVID-19 positibo kasuk ekarriko luketen ikasgela bat edo ikastetxe osoa ixtea. Baina ez dute zehazten zein egoeratan pasatuko litzatekeen ikastetxe bat A eszenatokitik (ikasle denak gelan egunero aritzetik) B eszenatokira (ikasgelan ikasle erdiak soilik arituko liratekeena). Ikasleen artean 1,5 metroko distantzia bermatu ezina ote da B eszenatokira igarotzeko baldintza? Hala balitz, aurrez aurreko ikasketaren galeraren arduraduna gehiago litzateke Jaurlaritzaren inbertsio falta, COVID pandemia baino. Itxialdiko esperientzia kontuan izanda, gerta daiteke ikastetxe bat eszenatokiz aldatzeko erabakia egun batetik bestera etortzea. Iturriozek salatu duenez, "Hezkuntza sailak eskolak ireki ditu baina ez da ari aurrez aurreko irakaskuntza bermatzen, beste aukerak askoz merkeagoak direlako".

Zaintzak erdigunera?
B eszenatokira pasatzen baditu ikastetxeak Jaurlaritzak, non egongo dira eskolan aurrez aurreko ikaskuntza jasotzen ari ez diren adin txikikoak? Bakoitza bere etxean bakarka? Nork zainduko ditu hauek? Nork azalduko die ulertu ez dutena?

Gurasoentzako nabarmena da, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak ezikusia egin, adin txikikoak egunero eskolara ez joateak hutsunea sortuko lukeela hauen zaintzan eta heziketan. Horregatik da sumingarria, ikustea B eta D eszenatokiak planteatzerakoan ez dela ume guztien zaintza uneoro bermatu beharra planteatzen, edo zaintzarako baliabide gehiago aipatzen. Non egongo dira eskolan aurrez aurreko ikaskuntza jasotzen ari ez diren adin txikikoak? Bakoitza bere etxean bakarka? Nork zainduko ditu hauek? Nork azalduko die ulertu ez dutena? Etxetik kanpoko lanaldia murriztu edo zuzenean enplegua utziko duten gurasoek (batez ere emakumeek)? Telelanean aldi berean bi funtzio bete ezinik eta psikologikoki lehertzorian arituko diren gurasoek (batez ere emakumeek)? Pandemia honetan arriskurik handiena duten aiton-amonek? Edo inork ez, eta gizarte bezala adin txikikoak ez zaintzea onartzen ari gara? Inork ez, eta gizarte bezala adin txikikoei ikasteko aukera izugarri mugatzen ari gara? Inork ez, eta adin txikikoek egunean bost ordu pantaila aurrean eta bakardadean eman behar izatea onartzen ari gara, zer eta heziketaren eta osasunaren izenean?

Eskola zerbait bada, gune kolektibo bat da. Indibidualtasunean eta pantaila hutsezko harremanetan hezitako gizartea al da nahi duguna?

Eskola, edukiak transmititzeko gunea izateaz gain, zaintzarako eta gizarteratzeko gunea ere bada: etxea baino ingurune seguruagoa eta egonkorragoa da ikasle askorentzat, harremanetan ikasteko lekua, berdinengandik elkar zaintza eta elkar laguntza jasotzeko aukera ematen duena, taldean bizitzen ikasteko lekua, etxe bakoitzeko gabeziak beste etxeetako aukerekin asetzeko aukera ematen duen elkargunea... Eskola zerbait bada, gune kolektibo bat da. Jaurlaritzak planteatutako B eta D eszenatokiek indibidualtasunera kondenatzen dituzte ikasleak, bakardadera, bakoitza bere etxeko aukeretara mugatu behar izatera, etxe guztietako gutxieneko baldintzak bermatu gabe gainera. Indibidualtasunean eta pantaila hutsezko harremanetan hezitako gizartea al da etorkizunerako nahi duguna?

Oraintxe da garaia, gurasoek, ikasleek eta irakasleek elkarrekin  pentsatzeko nola bermatu kolektiboki ikasle denei zaintza eta aurrez aurreko hezkuntza, B eta D eszenatokietan. Eskolan ez dauden ikasleak beste eraikin publiko batean bilduz? Etxeetan elkartuta?

Oraintxe da garaia, gurasoek, ikasleek eta irakasleek elkarrekin B eta D eszenatokiei kolektibotasunetik erantzuteko: denen artean pentsatzeko nola bermatu ahalko zaien kolektiboki ikasle denei zaintza eta aurrez aurreko hezkuntza, B eta D eszenatokietan. Eskolan ez dauden ikasleak beste eraikin publiko batean bilduz? Etxeetan elkartuta? Hezkuntzari talde hauentzako irakasleak exigituta? Udalari begiraleak eskatuta? Gurasoak zaintzarako eta irakasle rolerako auzolanean antolatuta? Jaurlaritzak hezkuntzako gastua are gehiago murrizteko aurrez aurreko eskolak eteteko tentaziorik balu ere, badaezpada, ikasle, irakasle eta gurasoek irtenbide kolektiboa prest izatea hobe, tokian tokian. Zaintza eta aurrez aurreko hezkuntza denontzat izan dadin, ez ordaindu dezaketenentzat soilik.

Murrizketak egiteko moduak asko daude

COVID-aren prebentzio neurriak zer eta murrizketak egiteko baliatu ditu orain arte Jaurlaritzak, berez inbertsioa handitzea eskatuko luketenean. Adibidez, ikasturtea modu mailakatuan hasi dute ikasleek, prebentzio neurri gisa; baina Jaurlaritzak ikasturtea beranduago hasi duten ikasmaila horietako irakasleen ordezkapenen kontratazioa ere hein berean atzeratu du. Horren ondorioz, milaka irakasle ordezko irailaren 30ean hasiko da lanean, eta beraz, hilabete gutxiago kobratuko du aurten.

Ezin konta ahala ordu eskatu dizkie eskoletako zuzendaritzei eta irakasleei A, B eta D eszenatokietarako plangintza garatzeak; osasun protokoloa beren ikastetxean zehazki nola gauzatuko den zehazteak; protokolo horiek uneoro betetzen direla bermatzen aritzeak... eta kantitate oso handian gehitu diren lan horiek egiteko ikastetxeko irakasle kopurua ez handitzea, murrizketa egiteko beste modu bat da.

Jantokietan baliabideak gehitu ez direnez, familia asko jangela erabiltzeko aukerarik gabe geratu da

Jantokietan aldi berean bazkaltzen duten ikasleen kopuruak murriztea izan da beste prebentzio neurrietako bat. Baina baliabideak gehitu ez direnez, ikastetxe askotan lehentasunak jarri behar izan dituzte erabiltzaileen artean, eta familia asko jangela erabiltzeko aukerarik gabe geratu da.

Ikastetxeetan eskolaz kanpoko jarduerak egin ahal izatea ere auzitan dago, Jaurlaritzak ez dituelako baliabide gehiago jarri prebentzio neurriak betez jarduera hauei eusteko. Imazek oroitarazi du eskoletan egiten diren jarduerak jarri direla auzitan, baina "berez, eremu segurua, eskola da. Eskolek zehaztuta dituzte protokoloak eta hauek betetzen ari dira, beraz, jarduera hauek eskolatik kanpo egiteak arriskua handitzen du". Aisialdiko jarduerak eskolan bermatzen ez badira, berriz ere dirua dutenek aisialdirako eta zaintzarako aukera izango dute, eta beste ikasleek ez.

15ean greba?

Irailaren 15ean greba deitu dute sindikatuek eta ikasle mugimenduek. Jaurlaritzaren bozgorailu diren hedabideek esango dute gurasoek lanera joan behar dutela eta itxialdi baten eta oporraldiaren ostean, ez dela greba batekin eskola egun bat galtzeko momentua. Lanera joan behar duten gurasoek (batez ere emakumeek) beren buruari galdetu diezaiokete, guztiontzako aurrez aurreko eskolaren alde borrokatzen ez badugu, nola moldatuko diren beren etxean aurtengo ikasturtean. Etxean lan egiten duten gurasoek galdetu dezakete ea ikasturte osoan zehar irakasle rola hartzeko prest dauden. Egun bateko eskolarik eza kudeatzeak ez dirudi hain zaila, ia egun gehienetan eskolara joateko aukera dugunean kolokan, ezta?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


2024-04-18 | Euskal Irratiak
Tulalaika besta, Xiberoako ikastolei bultzada emateko

Hirugarren urtez Xiberoako ikastolei bultzada emanen die Tulalaika bestak.


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


Eguneraketa berriak daude