Eztabaidaren zentroa


2025eko abenduaren 11n - 15:10
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

LARRUN eta Fressozen harira idatzitako testuaren erantzuna karrikaratu du Iraitz Elordi EH Bizirikeko kideak, eta eskertzen da tonu lasaian eztabaidatu ahal izateko aukera. 

Baina, nire iritziz, ez zaio gaiari erantzun. Bitartean, ikerketa batek berriz frogatu du berriztagarriek erregai fosilen inportazioak txikitzea ahalbidetu duela 100 herrialde baino gehiagotan: 2010etik 2023ra, herrialde horiek %45 ikatz eta gas gehiago inportatu izanen lukete berriztagarririk jarri izan ezean. Hori 700 milioi tona ikatz eta 400.000 milioi metro kubiko gas dira, lur azpian geratu direnak. Horra, zenbakitan, berriztagarriak ez jartzearen aztarna.

Aipatu testuan, ordezkapenaren aferari erantzun beharrean, gaia desbideratzen da zenbait tokitatik luzatu den kontakizun nahasgarriarekin: eskala handiko berriztagarrien hedapenaren arrazoia armagintza eta datu zentroen kontsumo berriak asetzea dela eta ez duela energia trantsizioarekin zerikusirik.

Baina, hasteko, elektrizitatea sortzeko gasa edo ikatza ere erabiltzen ahal da, beraz, datu zentroen hedapena erregai fosilekin ere hornitzen ahalko litzateke, eta armagintzak batez ere erregai fosilak erabiltzen ditu.

Izatez, berriztagarriak datu zentroen eta AAren zabalpena baino aunitzez lehenagotik ari dira hedatzen eta garatzen mundu mailan, politika publikoek, zientziak eta mugimendu ekologistek bultzaturik. Euskal Herrian planteatzen diren proiektu berriztagarri gehienek ere ez dute zerikusirik datu zentroekin, adibiderako, Nafarroa hegoaldean azken urteetan izan den berriztagarrien hedapen handia. Beraz, iradokitzeak berriztagarriena konplot kapitalista bat dela datu zentroak hornitzeko eta ez duela trantsizioarekin zerikusirik, kontakizun sentsazionalistatik du gehiago. 

Iradokitzeak berriztagarriena konplot kapitalista bat dela datu zentroak hornitzeko eta ez duela trantsizioarekin zerikusirik, kontakizun sentsazionalistatik du gehiago

Horiek erranik, datu zentroekin kritiko izateko arrazoi onak daude. Nahiz eta mundu mailan haien kontsumoa ttipia izan –elektrizitatearen %1,5– Euskal Herriko kontsumo elektrikoak nabarmen igotzea eragiten ahalko luke hipereskalakoak direlakoen instalazioak, eta nahikotasuna eta deskarbonizazioa dira gure lehentasunak, ez multinazional digitalen azpiegitura beharrak hornitzea. Baina, hori bertze afera bat da: datu zentroak jarri ala ez, berriztagarriak behar-beharrezko baitira. Arazoa da oinarrizkoa asetzeko ere, ospitaleak edo autobusak, fosilak modu masiboan erretzen jarraituko dugula alternatibarik ezean.

Badira baztertu beharreko kontsumo aunitz, doike. Eta xahuketaren gelako elefantea txapa-potezkoa da: erregai fosilak. Paralelismoa argia da janari xahuketarekin: elikagai jangarrien 1/3-ek zaborrontzian akitzen badu, erregai fosilen kasuan okerragoa da kontua, beren eraginkortasuna negargarria delako. Sisteman sartzen den energiaren 2/3 galtzen da, bero forman edo autoen ihes hodietatik atmosferara eta gure biriketara botatako zaborrean. Beraz, energia kontsumoa jaisteko egiten ahal dugun gauza onenetarikoa, bizikleta erabiltzearekin batera, elektrifikazioa da.

Berriztagarrien eztabaida desbideratzeko errelatoaren parte ere bada armagintzarena. Lotura xelebrea da, ez baitut ikusi nik oraingoz tanke elektrikorik eta, industriari dagokionez, hurrengo urteetako elektrizitate eskariaren igoeran ez dut topatu armadarenarekin loturiko aparteko igoerarik. Baina, nire ustez, berriztagarriei ezetz errateko aitzakiak dira, baloiak kanpora botatzeko. Eztabaidaren zentroa da gure kontsumoaren %80tik gora gasa eta petrolioa direla. 

Testuan ere aipatzen da “instalatutako” berriztagarriak Hego Euskal Herrian %44,57 direla. Baina, gure balantzea kontuan hartzen bada –zenbat berriztagarri ekoizten dugun eta zenbat elektrizitate kontsumitu–, %27koa da gure “burujabetza berriztagarria”. Eta elektrizitatea, gainera, energia osoaren laurden bat da.

Berriztagarrien kontra egin bai, baina, inoiz ez da proposatzen alternatiba errealik, bide-orririk. Betiko lelo erraza, azken paragrafoan: sistema aldatu beharko litzatekeela. Denak ados gaude. Azken 200 urteetan erran dugun berdina da. Baina, hori ez da plan bat, hori desideratum bat da. Bitartean, datu zentroek haserrea, baina, 2020tik 2024ra EAEn egin diren 48 petrolio-zentro (gasolindegi) berri horiei buruz deus guti aditu da.

Akitzeko, testuan Estatu Batuetako enpresen interesak defendatzea aurpegiratzen zaigu. Horrek zur eta lur utzi nau, zeren Bilboko portuan egunero sartzen den gasaren zati handiena bai Estatu Batuetatik datorrela zuzenean, gas-metaneroetan, fracking bidez erauzi, guk etxean erre eta Trumpen administrazioak defendatzen duena, berriztagarrien kontrako kanpaina gogorra egiten duen aldi berean.

Gorka Laurnaga, Stop Fosilak taldeko kidea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude