Gure Esku: "Eskoziak badu plana; eta guk euskaldunok, badugu planik?"

  • Larunbateko Pirinioetako Bidea ekimenaren balorazio oso positiboa egin dute Amalur Alvarezek eta Josu Etxaburuk Donostian. Adierazi dute herritarrei dagokiela baldintza politikoak sortzea, eta horretarako euskal herritarrei dei egin diete antolatzera. Eskoziako independentzia erreferendumarekin has litekeen hurrengo olatua hartu nahia adierazi dute.

Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu bozeramaileak. (Argazkia: Gure Esku)

2022ko uztailaren 04an - 12:40

Jarraian beren balorazio osoa irakurgai:

Larunbatean, katalan eta euskal herritarrok 300 gailurretik gora argiztatu genituen Pirinioetan, Euskal Herria eta Katalunia batuz, gure herrion autodeterminazio eskubidea aldarrikatu genuen.

Josu Etxaburu eta Amalur Alvarez Gure Eskuren bozeramaileek “gailurretan bizitakoa gure memoria kolektiboan eta bihotzetan” geratuko dela esan dute, eta “burujabetza osoaren alde” aktibatzeko dei egin diete euskal herritar guztiei.

430 kilometro daude Jaizkibeletik Cap de Creusera. Atlantikoaren gainean dago bata, eta Mediterraneoaren ertzean bestea. Pirinioek batzen dituzte, eta larunbata iluntzean, mendikatea gurutzatu duen argi-lerro erraldoi bat osatu dugu milaka eta milaka katalan eta euskal herritarrok Pirinioetako Bidean.

Gau magikoa izan da. Pentsatze hutsa euskal herritar asko etxetik 300 kilometrotara joan direla hirumilako bat egin eta gailurrean argia piztera... hunkigarria da. Itzela da! Itxaropen argiak piztu ditugu. Gailurretan bizitakoa gure memoria kolektiboan eta bihotzetan geratuko da. Herri gogoa hauspotzeko asmoz jarri genuen erronka, eta uste dugu lortu dugula. Pirinioetako gailurretan jarri dugun argi bakoitza gure herriaren burujabetza eta askatasunaren bidea argiztatu duen izar bat da. Erabakitzeko eskubidearen argia piztuta dago.

Askotan entzuten dugu, gehiegitan, ez dela girorik. Ez dagoela baldintzarik. Ez dela une egokia. Larunbatean, milaka eta milaka herritarrok argi adierazi dugu baietz: badela giroa, baldintzak guk sortuko ditugula, eta herri hau anbizioz jokatzeko prest dagoela. Pirinioetako 300 gailur argiztatu ditugu, baina argi utzi dugu bideak jarraitu behar duela, gure gailurra ez baitago Pirinioetan; gure gailurra, hirumilakoa baino, zortzimilakoa da.

Pasa den astean, iragarpen garrantzitsu bat egin zuen Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak. Euren zortzimilakoa noiz igoko duten iragarri zuen; data jarri zion independentziari buruzko bigarren erreferendumari. Bidea ez da erraza izango. Ikusgai dago euren asmoa nola bideratu ahal izango duten, baina badute, bederen, plan bat. Badute anbizioa.

Eta guk, euskaldunok, badugu planik? Gure buruari galdetu beharko genioke, orain ez bada, noiz izango den une aproposa. Olatu demokratizatzaile berri bat etor liteke Europatik, eta ez genuke nahi olatu horrek hondartzan harrapatzerik. Igerian behar genuke olatua iristen denean. Erabakitzeko prozesu bat landu, adostu eta sustatu beharko genuke. Horretarako beharrezko adostasunak lortzeko gai izan beharko ginateke. Gure Esku horretara konprometituta dago, eta datozen hilabeteetan, lan horretan temati segiko dugu, eskua luzatuz, eta betiere, exigente jokatuz.

Horregatik, euskal herritar guztiei dei egiten diegu burujabetzaren alde aktibatzera. Bidea urratzeko, ez baita nahikoa ekintza handi bat; eguneroko jarduna da gailurrera eramango gaituena. Geroz eta gehiago izan, orduan eta azkarrago eta urrunago iritsiko gara. Burujabetzarako espedizio honek herri mugimendu indartsu bat behar du; kidego aktiboa eta bazkidego sendoa. Denon artean, urratsez- urrats, zortzimilakoa ere egingo dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Erabakitzeko eskubidea
Gure Esku-k ‘Herri libre bat’ dinamika aurkeztu du

Datozen bi urteetako erronken berri eman du erabakitze eskubidearen aldeko ekimenak larunbatean Bilboko Kafe Antzokian. “Herri libre bat nahi dugu, mugimendua sortu nahi dugu, herria martxan jarri eta elkarlana bultzatu nahi dugu”, adierazi dute.


2024-03-04 | Ahotsa.info
Nafarroako autogobernua eta herritarren borondate demokratikoa errespetatzea eskatu dute Iruñean

"Nafarroa defendatu" manifestua kaleratu eta sinatu duten 120 alkateek egindako deialdiari erantzunez, Iruñeko Sarasate Pasealekuan elkarretaratzea izan da larunbat arratsaldean. Auzitegi Gorenak Trafikoaren eskumena Nafarroari transferitzea baliogabetzea... [+]


Espainiako Vueltan errepideak euskal ikurrez betetzeko deia egin dute astebururako

Gure Esku eta Nafarroa Berriz Altxa elkarteek ekimenak antolatu dituzte lasterketa Euskal Herritik igarotzen denerako. "Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea" aldarrikatu eta "muga artifizialak" auzitan jarri nahi dituzte, besteak beste.


Aterik itxi gabe, Espainian hoztasunez jaso da Urkulluren proposamena

Urkullu lehendakariak konbentzio konstituzionalaren proposamena egin du Espainiako Estatuan autogobernuaren eztabaidan sakontzeko eta estatu plurinazionalaren egiazko aitortza egin dadin.


Eguneraketa berriak daude