Gu eta gutarrak


2022ko abenduaren 14an - 07:35
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Sarrionandiak aspaldi idatzi zuen honakoa: "Igual, hasieran bertan ekibokatu ginen, mundura euskaldun sortzean". Eta gustura galdetuko nioke Josebari zer esan nahi zuen, zerk betetzen zuen bere gogoa 80ko hamarkadan idatzi zuen poema hartan euskaldun hitza erabili zuenean. Zeren, berrogei urteren ondoren, oraindik ez baikara gai hitz horren esanahiaren inguruan ados jartzeko.

Euskaldun hitzaren inguruko eztabaidak pizten direnean, korronte nagusi bi agertu ohi dira: hitzaren morfologian oinarritzen direnena, eta errepresentazio zabalago bat onartzen diotenena.

Hitza ikuspuntu morfologikotik aztertuz, euskara izena eta -dun atzizkia agertzen dira. -dun atzizkiak izenondoak sortzen ditu, eta lagun daukan izenak adierazten duen adieraren jabe dela azaltzen du. Edukitzearekin du zerikusia. Baina gerta liteke atzizki hori duten hitzak, erabileraren poderioz, lexikalizatu eta izen edo atributu gisa erabiltzea; eta hori da euskaldun hitzaren kasua. Hots, inork ez du "pertsona euskaldun bat etorri da" (izenondoa) esaten, "euskaldun bat etorri da" baizik.

"Ez dute beren bizitza euskaraz gauzatuko, ez dira euskaldun izango, baina gutarrak dira"

Baina badira, aurretik aipatu bezala, ikusgune morfologikotik azter daitekeenetik haragoko aitortza bat eskaintzen diotenak. Horietako baten hitzak, ikaragarri miresten dudan Joxe Azurmendirenak, ekarri zituen gogora Berria-n Hedoi Etxartek: "Euskalduna izatea proiektu bat da, izan nahi izatea. Bizitza euskaraz egin nahi lukeena ere euskalduna da. Euskalduna da, berak agian ez, baina bere haurrek bizitza euskaraz egitea nahi lukeena. Komunitate honek noizbait bere bizitza euskaraz egin ahal dezan ahalegina egiten duena, eta abar". Alegia, euskara jakin edo erabili ez arren, gure hizkuntzaren aldeko jarrera agertzen duten horiek ere euskaldunak dira.

Izango da joko dogmatiko honi helduz oker nabilela usteko duenik; baita, ikasle batek esan zidan bezala, definizioka aritu beharrean, euskaldun izatea bakoitzaren erabakiko zerbait dela iritziko duenik ere. Hau da, euskaldun izatea sentimendu bat dela, bakoitzaren ikuspegiaren edo norberari komeni zaionaren araberakoa. Baina, kasu honetan, uste horretatik urrun dago nire gogoa. Euskararen lur honetan bere erabilera izaten ari den bilakaera kezkagarriak, hitzak zuzen erabiltzera eta taxuz aztertzera garamatza, kasurik arantzatsuenetan ere bai; gauzak diren bezala esatera, erreminik sortu gabe, baina epelkeriatan erori barik.

Euskaldun hitzari errepresentazio zabalago bat onartzen dioten horien teoriari helduz, Joxe Azurmendiren hitzei tiraka, euskara jakin edo erabili ez arren, euskaldun izan nahi duten edota beren ingurukoak zein ondorengoak euskaldun izan daitezen lan egiten duten horiek ere agertzen dira. Kontuan hartu behar da Euskararen Herrian askotariko errealitate soziolinguistikoak daudela, eta egun euskaraz bizi diren leku askotan lehen haziak jarri zituztenak euskaraz ez zekiten horiek izan zirela; bai eta hainbat tokitan oraindik lanean dihardutenak ere. Talde horrentzat Soziolinguistika Eskuliburuak jasotzen du definizio bat, oso gogoko ez dudana, hotz samarra iruditzen zaidana: euskararen atxikimendu komunitatea. Esango nuke euskaldun ez diren, baina, era berean, euskararen alde ikaragarrizko lana egiten duten eta euskarak beharrezko dituen horiei egin beharreko aitortza horren bila asmatutako erreferentzia dela. Bada, kolektibo horrentzat, Soziolinguistika Klusterraren baimenarekin, jatorragoa eta gertukoagoa den hitz bat erabiliko nuke: gutarrak. Hau da, ez dute beren bizitza euskaraz gauzatuko, ez dira euskaldun izango, baina gutarrak dira. Ez pareko espaloikoak, ezta urrun sentitzen ditugunak ere, ondoan eta bidelagun dauzkagunak baizik.

Eta begirada morfologikoari helduz, argi dago euskaldun hitzak baduela euskararen jabe izatearekin zerikusia, egiten diola erreferentzia bat gure hizkuntza jakiteari. Baina euskara edukitzea nahikoa da euskaldun izateko? Alegia, erabilerak, jarduteak, ez al du axola? Hori hala balitz, unibertsitate garaian ikasi nuen latinari esker, esan al dezaket latin hiztuna naizela nahiz eta sekula erabili ez dudan?

Horren harira, Iñaki Segurola zenak honakoa idatzi zuen: "Euskalduna euskara duena dioen ipuina jende askok sinetsi du. Bada garaia publiko informatuak gauzak diren bezala konta ditzan behingoz: euskaldun hitzak, sortzez edo jatorriz bederen, euskara(z) egiten duena esan nahi du (...) Eta bada garaia jakiteko hizkuntza bat ez dela galtzen honegatik edo hargatik, baizik-eta dakitenek, egin beharrean, eduki egiten dutelako". Eta nik tesi honekin egiten dut bat. Euskaraz jarduteak egiten gaitu euskaldun. Eta ez hori bakarrik, euskaraz hitz egiteak hartzaileak ere euskarara hurbiltzen ditu; haiek ere hizkuntza horretan aritzeko bidean jartzen ditu. Euskaldun izateko bidean.

Edukitze hutsera mugatzen bagara, bide horri helduz jarraitzen badugu, Bermeon, ustezko euskararen arnasgune batean, gertatzen ari den horrekin egingo dugu topo. Bizkaiko kostaldeko herri euskaldun horretan Soziolinguistika Klusterrak egindako 2021eko kale neurketak datu esanguratsu asko utzi ditu, baina nik bat, gai honekin zerikusia duena, ekarriko dut gogora: 15 eta 24 urte bitarteko gazteen artean, nahiz eta euskararen ezagutza %84,3 izan, %8,6k baino ez du kalean erabiltzen. Berriz diot, %84,3k jakin eta %8,6k erabili. Hortxe biak: eduki, bai; jardun, ez.

Beraz, ez dut uste euskara eduki baino ez egiteko egoeran gaudenik, hori izango baita heriotzara eramango duen bidea. Izan gaitezen euskaldun, urra dezagun bidea gutarrekin batera, gure hizkuntzaren alde; dakigunok hizketan eta denok lanean.

 

* Ibai Zabala euskara irakaslea da Iralen

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2025-09-19 | Haritz Arabaolaza
Kritikoak edo kritikariak

Aurrekoan idatzitako Irakasleon figura artikuluaren harira, kontu esanguratsu bat landu nahiko nuke. Artikulu horretan aipatu bezala, jende askoren ahotan dabil irakasleon lan karga baxua dela (gehienbat hezkuntza publikokoena), eta ditugun pribilegioak gehiegizkoak direla. Ez... [+]


Sindikalgintza hezkuntza publikoan: borrokatzen jarraitzeko beharra

Euskal Eskola Publikoaren alde borrokatzea STEILASen ikurra da. Ikasturte hasierarekin batera, gogoratu behar da aurreko ikasturtean hainbat kolektibotan akordio garrantzitsuak sinatzea lortu genuela, hezkuntza publikoan grebak eta mobilizazioak egin eta gero. Lan-akordio horiek... [+]


2025-09-18 | Josu Iraeta
Noren zerbitzura dago Ertzaintza?

Jakina da poliziari esku sartzeak beti dakarrela arrisku nabaria. Bere garrantziagatik eta seriotasunagatik, kontuz aztertu beharra eta larria denez, terminologia-trabarik gabe, badaezpada.

Duela aste batzuk Ertzaintzak Azpeitian egindako esku hartzeak, bertako herritar askok... [+]


2025-09-17 | Itxaro Borda
Larrazkena

Badirudi larrazkena agorrila erditsutan hasten dela aldaketa klimatikoaren ondorioz. Euri eskasez hostoak firurikan erortzen dira eta Otso Errekako iraztorrak denbora baino lehen gorritzen dabiltza: ikusgarria da! Historiako udarik beroena ukan dugu aurten eta tenperaturek... [+]


2025-09-17 | Imanol Epelde
Berriketa gutxi
Beste western bat

The Searchers filma ari ginen ikusten. Western bat, klasiko bat. Indioek Texaseko familia bati eraso egin eta bahituta eramango dute alaba. John Waynek urteak emango ditu indio gaiztoen atzetik alaba hura erreskatatu nahian. Filmak, bistan da, ez du kontatzen nolakoa zen Amerika... [+]


Irun ez da Iran

Nahiz eta, entzun dudanez, hala deitzen dioten gertuko herri batekoek. Mugako biztanleok izaera jakin bat omen dugu; nabaritzen omen zaigu inguru horretakoak garela, esaterako, irundarroi. Ba omen dugu zera berezi bat. Ez dut gehiegi sinesten kontu horietan, ondoren zera hori ez... [+]


Analisia
Trenez, posible bada

Ordenagailua piztear nintzela, eta udako azken eskaera bailitzan, “amatxo, kontatu artikuluan gaurko karreran ze ondo ibili naizen” eskatu dit txikiak. Kontatu diot trenei buruz hitz egin behar nuela gaurkoan, ez etapen amaierei buruz edota Palestinako banderek izan... [+]


2025-09-17 | Iñaki Murua
'Azalapain'

Bai azalak emonbe! Esaten dute Ondarroan, norbait nabarmen gizenduta ikustean. Ezagun bati alderantzizkoa entzun nion azalari buruz: “Azala hain daukat gorputzaren neurri justukoa, ezen norbaiti keinu egiteko begi bat ixten dudanean uzkerrak ihes egiten... [+]


2025-09-17 | Mikel Zurbano
Berdintasuna

Thomas Piketty eta Michael J. Sandel egileek berdintasunaren kontzeptua jorratzen duen liburua argitaratu dute aurten: Equality. What it means and why it matters (Berdintasuna. Zer esan nahi du eta zergatik du garrantzia, Polity argitaletxea). Pentsamendu garaikidean ospe handia... [+]


2025-09-17 | Cira Crespo
Modernoak gara?

Moderno izateak, hiztegiaren arabera, “gaurkoa, egungoa; garai berekoa” esan nahi du, eta baita ere, “jakintzak edo teknikak berrikitan eginiko aurrerapenez baliatzen dena”. Baina aro modernoa eta modernitatea aro historiko bat ere izan daitezke; hain... [+]


Teknologia
Tescreal

Radical futures diseinu espekulatibora zuzentzen den estudioak aurkezpen interesgarri bat partekatu du: A quick guide to the mythologies driving tech power (gida azkarra teknologien boterean daudenak gidatzen dituzten mitologien inguruan). Bertan diote Silicom Valleyko eliteak... [+]


Suteak, noren mesederako?

Edozein arlotan, arazo bat suertatzen denean, eta ia inor ados jartzen ez denean, ohiko galdera plazaratzea da onena: Nori egiten dio mesede?


2025-09-15 | Behe Banda
BARRA WARROAK
Norbere leihotik

Ez nuke zuen eguna izorratu nahi; ez jende guztia hitz egiten ari denaz hitz egin ere, baina azken asteotan, uda mugitu honen ondoren, sukaldeko leiho ondoko aulkian eseri eta munduari begira jarrita egon naiz. Begiak zabal-zabalik eta isil-isilik begiratu diot munduari bi... [+]


Ez Ferreirak, ez Bengoetxeak, ez Perezek

2024ko irailaren 11n, "Lortzear ote gaude?" izeneko artikulua argitaratu ziguten hainbat hedabidetan. Urtebete igaro da eta garbi esan dezakegu: EHUko gobernu aldaketak (Ferreira zen buru, Bengoetxea da orain) ez digu aurrerabiderik ekarri. Orduko zailtasunek zailtasun... [+]


Eguneraketa berriak daude