Hezkuntza curriculumeko ikasgaien artean, Gorputz Hezkuntzak jaso ditu, historikoki, gutxiespen handienak. Hala ere, arrazoi nahikoak daude Gorputz Hezkuntza bilakatzeko curriculumeko ikasgairik garrantzitsuenetariko bat. Horren harira, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) adierazi du haurren gehiegizko pisua eta loditasuna dela XXI. mendeko osasun arazo larrienetako bat. OMEk egindako ikerketen arabera, azken lau hamarkadetan, izugarri handitu da haur eta gazte gizenen kopurua. Osasun arazo horiek gutxitzeko, hezkuntzak badu, auzi horretan, zeregina. Hain zuzen ere, sustatu beharra dago ikastegietan adin goiztiarretatik ohitura osasuntsuak eta jarduera fisikoa egitearen garrantzia. Horregatik, hezkuntza curriculumeko ikasgai guztien artean, Gorputz Hezkuntza da alor onena ohitura osasuntsuak sustatzeko. Izan ere, jarduera fisikoaren bidez haurrek ondo garatzen dituzte eguneroko bizitzarako trebetasun motor, kognitibo eta afektiboak. Hortaz, Gorputz Hezkuntzako ikasgaia balioesteko munduan larrienekotzat jotzen den haurren loditasun arazoa hezkuntzatik konpondu beharra dago hainbat ekintzen bidez.
Lehenik eta behin, Euskal Herrian dauden hiru hezkuntza sistemetako curriculumetan Gorputz Hezkuntzari eskaintzen zaion ordu kopurua eskasa da. Zeren Hegoaldean –Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean– Gorputz Hezkuntzari eskaintzen baitzaio eskola ordutegi osoaren %3 eta %4, eta astero bi ordu ematen dira. Iparraldean, ostera, irakasten den denboraren %14 da eta ikasmailaren arabera astean hiru edo lau ordu ematen dira. Edonola ere, aipatutako orduei gimnasiora joateko, arropa aldatzeko eta dutxatzeko denbora kentzen badiegu, ikasgaiari eskaintzen zaion astia nahikoa murrizten da. Hori dela eta, OMEren gomendioak aintzat hartuta, onena litzateke eskolatutako haurrak egunero gutxienez heziketa fisikoan ordubete jardutea. Izan ere, OMEk Jarduera fisikoari eta ohitura sedentarioei buruzko jarraibideak txostenean egiaztatzen du osasun fisikoa bermatzen dela egunero 60 minututik gorako jarduera fisikoa egiten bada. Ondorioz, haurraren garapenari laguntzeaz gain, loditasun arriskua gutxiagotuko da eta helduaroan izaten diren gaixotasun kardiobaskularrak, artikularrak, diabetesa edo hiperkolesterolemia ekidingo dira.
"Jarduera fisikoaren bitartez haurrak bere motrizitatea eta adimena garatzeaz gain pertsonen eta taldeen arteko harremanak hobetzea lortzen da"
Bigarrenik, Unescok Gorputz Hezkuntzaren zeharkakotasuna goraipatzen du curriculumeko beste ikasgai batzuetako edukiak lantzeko. Izan ere, oso ikasgai aproposa da kontzeptu teorikoak eta jarduera fisikoa uztartzeko. Horregatik, zehazten da proiektu ludiko-pedagogikoak antolatu behar direla etengabe, ikasgelan eta ikasgelatik kanpo garatzeko. Esate baterako, txangoak egitea Natura Zientziei lotutako ezagutzak jorratzeko edo Matematika gimnasioan lantzeko. Hortaz, Gorputz Hezkuntzako ikasgaiak, zehar lerroen bitartez, hezkuntza curriculumeko beste ikasgaietan ekintza fisiko erakargarriak gehitu beharko ditu ikasleen osasunerako eta garapen intelektual eta fisikorako funtsezko arlo bilakatzeko.
Bestalde, Euskal Herrian Gorputz Hezkuntza ikasgai bikaina izan daiteke ikasleen artean euskal kultura ezagutarazteko eta eskoletako aniztasun kulturala kudeatzeko. Adibidez, ikasleek herri kiroletako jarduera fisikoak egingo balituzte, kulturarteko hezkuntzan oinarritutako jarduera fisikoak egingo lituzkete. Horrenbestez, aukera egongo litzateke haur bakoitzak dituen nortasun kulturalak adierazteko eta besteenak ezagutzeko. Horrekin guztiarekin, eskoletan bizikidetza, errespetua eta tolerantzia ahalbidetuko litzateke.
Laburbilduz, Gorputz Hezkuntza ikasleen osasuna, heziketa eta garapen integralerako ezinbesteko ikasgaia da. Jarduera fisikoaren bitartez haurrak bere motrizitatea eta adimena garatzeaz gain pertsonen eta taldeen arteko harremanak hobetzea lortzen da. Beraz, osasun fisikoarekin batera oinarrizko garapen eta gaitasun psikologiko, sozial, emozional, afektibo eta kognitiboak bermatuko lirateke.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]
Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]
Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.
Eremu... [+]
Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.
Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]