Gobernantza krisia Eusko Ikaskuntzan

  • Eusko Ikaskuntzak adierazi du Ipar Euskal Herriko elkartean “gorabeherak” izan dituztela azken hilabeteetan. Bideratu bitartean marka eta egoitza erabiltzea ukatu diote. Lehendakaria ere aldatu dute.


2025eko otsailaren 24an - 10:52
Baionako udaletxean Euskararen Nazioarteko Egunaren 75. urteurrenean. Ezkerretik hirugarrena Claude Mehats Ipar Euskal Herriko egiturako lehendakari kargugabetua, alboan Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakaria duela. Eusko Ikaskuntza.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Naiz.eus hedabideak eman du albistearen berri. Ipar Euskal Herriko elkarteak ezohiko biltzar nagusia egin du otsailaren 22an, larunbatez, eta bilkura horretan azaleratu da azkenaldian Eusko Ikaskuntzaren barruan dagoen gobernantza krisia. Virgil Joseph-Alexandre Antropologiako ikaslea da gaur egun Ipar Euskal Herriko egiturako lehendakaria. Urtarrilaren 29an, administrazio kontseiluak egin zuen bilkuran, kargutik kendu zuten Claude Mehats, 2023an aukeratutako lehendakaria. Administrazio kontseiluko kideen erdiek eman zuten lehendakari berriaren aldeko bozka.

Eusko Ikaskuntzak adierazi du erakundearen marka eta Baionako egoitza ezingo dituztela erabili. Bigarren horren harira, salaketa jarri berri du, erakundeak aldatua zuen egoitzako sarraila bertako langileak ostiralean puskatu eta barrura sartu zelako.

Naiz.eus-ek dioenez, bi aldeen prentsa-oharrak kontuan hartuta, hilabetetako tira-birak izan dituzte erakundean, eta arazo nagusia gobernantza da, nahiz eta estrategian eta langileen kudeaketan ere iritzi desberdinak dituzten.

Larunbateko ezohiko biltzar nagusian zuzendaritza batzorde berria izendatu dute eta jakinarazi dute Hego Euskal Herriko zuzendaritzarekin batera lan egingo dutela, beti ere lehendakaria aukeratzeko autonomia aldarrikatuta.

Berria-k ere, Eusko Ikaskuntzako Ana Urkiza lehendakariak eta Iñaki Zabaleta idazkari nagusiak izenpetutako dokumentuari egin dio erreferentzia. Agiri horretan adierazi dutenez, Baionako elkarteak bere jardunean “noraezak” eduki ditu eta eragindako “ondoezek” elkartea “kinka larrian” utzi dute. Iragarri dute bilerak antolatuko dituztela, bi egituren arteko elkarlanerako hitzarmen berri bat adostu ahal izateko.


 


Irakurri gehiago: Eusko Ikaskuntza Zientzia
Eusko Ikaskuntza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...