Eskola segregazioari aurre egiteko itun soziala proposatu dute

  • Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eta Eusko Ikaskuntzak txostena aurkeztu dute eskola segregazioa amaitzeko helburuarekin. Nabarmendu dute beharrezkoa dela "gizarte osoaren inplikazioa". Gasteizen Hezkuntza Lege berriaren aurkako prozesioa egin dute.


2023ko martxoaren 06an - 10:09
Azken eguneraketa: 11:40
Beatriz Akizu Eusko Ikaskuntzako soziopolitika arloko koordinatzailea eta Idoia Fernandez EHUko ikerlari eta irakaslea, txostenaren aurkezpenean

Eskola segregazioari aurre egiteko itun soziala egin dute Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eta Eusko Ikaskuntzak. Hezkuntzako segregazioaren inguruko jardunaldiak egin dituzte larunbatean Bilbon, eta bertan aurkeztu dute Segregazioaren ezaugarritze eta ulermen partekatua, erronkak kudeatzeko proposamenak txostena.

Txostenak dio segregazioak "aukera berdintasuna hautsi eta desberdinkeria sortzen" duela, eta horri aurre egin behar zaiola "justizia sozialak eta ekitateak" ardazten duten gizarte bat lortzeko. Dioenez, hezkuntzak "bizitza egitasmoa garatzeko aukera" berdina bermatu behar die ikasleei. Bide horretan, euskara "ikasleen kidetasuna eta jendartearen kohesioa lortzeko ezinbesteko zutabe" izatea proposatu dute.

Duela bi urte irakasle, aditu, gizarte eragile eta instituzio ugari bildu ziren gaiaren inguruan eztabaitzeko. Ondoren, 2022an bi foro parte-hartzaile gauzatu zituzten, eta horietan jasotako ekarpenetatik sortu dute aurkeztu berri duten txostena. Eusko Ikaskuntzako Beatriz Akizu Eusko Ikaskuntzako soziopolitika arloko koordinatzaileak eta Idoia Fernandez EHUko irakasle eta ikerlariak aurkeztu dute, eta hainbat erronka nabarmendu dituzte.

Hasteko, gizarte osoa inplikatzea beharrezkoa dela azpimarratu dute: agintariak, udalak, arautu gabeko hezkuntzan aritzen diren eragileak, eta abar. Auzian zeresana duten eragileen arteko gobernantza eredu partekatua ere proposatu dute, eta erabakiak hartzerako orduan, "lidergo politiko partekatua". Azpimarratu dute erabakiak hartzen dituzten politikariak "ausartak" izan behar dutela. Horrez gain, "kulturartekotasuna" kontuan hartuta, "etorkizuneko ikasle euskalduna nola irudikatu" pentsatzea ere erronka dela nabarmendu dute. Formakuntzari dagokionez, berriz, irakasleen betekizunak berriro definitu behar direla dio txostenak.

Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuak ere hartu du hitza jardunaldian. Esan du gizartea azken urteetan asko aldatu dela eta hezkuntzak horretara moldatu behar duela. Dioenez, "egungo eskolatze eredua eraldatzeko eta ikasle zaurgarrien kontzentrazioak saihesteko neurriak" hartu dituzte.

Prozesioa Gasteizen, Hezkuntza Lege berriaren aurka

Txostena aurkeztu den egun berean Hezkuntza Lege berriaren aurkako performancea egin du Gasteizko Euskal Eskola Publikoaren Aldeko plataformak. Salatu du legearekin eliza katolikoaren ikastetxeek diru publiko gehiago jasoko dutela.

Prozesioan nabarmendu dute Hezkuntza Lege berriak antolatu nahi duen Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren bidez, ikastetxe pribatu-kontzertatuek, publikoek adinako laguntza ekonomikoa jasoko dutela baldintza batzuk betez gero. Baldintza horien artean laikotasuna dago, baina plataformak dio "ez dutela inoiz beteko, beren izaeraren kontra doalako".

Hezkuntza Akordioa sinatu duten alderdien egoitzetatik igaro da prozesioa, alderdiei "eskertzeko" Hezkuntza Lege berriarekin "denak berdin" jarraituko duela: "sistema dual publiko-pribatua, eskola-segregazioa eta doktrinamendua". EAJ, PSE, EHBildu eta Elkarrekin Podemos alderdiei eskatu diete legearen kontra "ausardia" izateko eta "denona eta denontzako den Hezkuntza Publikoa" erdigunean jartzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskola segregazioa
Ikastetxe segregatzaile bat sortzeko lanean ari dira Nafarroako Opus Deiko familia batzuk

Miravalles-Redin eta Irabia-Izaga ikastetxetako ikasleen guraso talde batek Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduarekin hitz egin du ikastetxe pribatua sortzeko prozedura ezagutzeko.


Eskola estigmatizaturik ez Judimendin: familia euskaradunek ere izena eman dute auzoko eskolan

A ereduko eskola D ereduko bihurtzea erabaki dute Gasteizko Judimendi auzoan, eta aurre-matrikulazioak emaitza nabarmena utzi du: orain arte profil erdalduna zuen eskolan, 2 urteko gelan izena eman duten 15 umeetatik erdia inguru familia euskaradunetakoak dira... [+]


Nerea Zubia Blazquez
"Erraz diogu ikastetxeen arteko lehia gainditu behar dela, baina errealitatean ez da hain sinplea"

Hezkuntza eskumenak deszentralizatu eta tokian tokiko eragileek erabakimen handiagoa izatea: aspaldiko aldarrikapena praktikara ekartzen ari dira herri ugaritan, eta bide horretan aholkulari dabil Elhuyar. Uneotan hamar bat prozesutan buru-belarri dabiltzala eta eskaera gero eta... [+]


Helburuetan kale eginda erditu da Hezkuntza Legea

Bilatzen zuen babes sozial eta politikoa lortu gabe argi berdea eman diote EAEko Hezkuntza Legeari, asteazken honetan Hezkuntza Batzordean. Hiru erronka zituen legeak: ikastetxe publiko eta kontzertatuen sistema duala gainditzea, ikasleen euskalduntzean jauzia ematea, eta... [+]


A eredutik D eredura igaroko da Gasteizko Judimendi eskola

A ereduko eskola D ereduko bihurtuko dute Gasteizko Judimendi auzoan, familia erdaldunen seme-alabei euskaraz ikasteko aukera emateko eta familia euskaradunak erakartzeko. "Estigmatizatuta dagoen eskola da eta buelta eman nahi diogu, auzo-eskolaren izaera berreskuratu nahi... [+]


Eguneraketa berriak daude