Globalizazioaren ondorioak erakutsiko ditu Getxophotok

  • Datorren abuztuaren 30ean abiatuko da Getxophoto, izendapen berri bategaz: Nazioarteko Irudiaren Jaialdia izango da. Argazki-erakusketa, ibilbideak, laborategiak, jarduerak eta narrazio berriak urriaren 1era arte gozatu ahal izango dira, "Trantsizioak" goiburu pean.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2017ko uztailaren 18an - 17:15
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Getxophotoren XI. edizioak globalizazioaren ondorioak erakutsiko ditu, ingurunearen, teknologia berrien, elikagaien edo espaziorako bidaien inguruko hogei bat istorioen bitartez, "Trantsizioak" gaiaren barruan.

BegiHandi elkarte getxoztarrak antolatuta, Getxophoto Nazioarteko Irudiaren (argazkiarena izan beharrean) Jaialdia deituko da hemendik aurrera, lehenengoz narrazio mota berrietara eta transmedia plataformetara hurbilduko baita. Aurten, jaialdiak komisario edo zuzendari artistiko berria izango du: Mónica Allende bilbotarra, "Sunday Times Magazine" aldizkariaren editore grafiko ohia.

Aurreko edizioetan legez, Getxoko Udalak Jaialdia laguntzen du, beste erakunde batzuek bezala, hau da Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Aurkezpenean, Imanol Landa alkateak, ekimen horren aldeko apustu sendoa berretsi du eta oso positibotzat jo du BegiHandi elkarte getxoztarrak jaialdia antolatzeko egiten duen beharra eta ahalegina: "Nabarmendu nahi dut ekimen hau beste eragile pribatu eta sozial, kultural, merkatari, txoko, ostalaritzako establezimendu eta zaletu askoren arteko kolaborazioaren emaitza dela. Getxophoto nazioarteko eragina duen kultur ekitaldi bihurtu da, udalerriaren jarduera ekonomiko eta turistikoa sustatzen duena, eta horregatik herritarrak animatzen ditut horregaz gozatzera", adierazi du alkateak. 

Egitarauaren aurrerapena

Aurreko urteotan legez, Getxophotok ohikoak ez diren erakustoki eta formatutan hogei bat erakusketa aurkeztuko ditu, batez ere Ereagako hondartzatik Portu Zaharrera doan bidean, Algortako erdiguneko aretotan eta Begoña jauregian; abuztuaren 30etik urriaren 1era, jaialdiak plazaratuko ditu hainbat egile ospetsuren eta gazteen argazkiak: besteak beste, Italia, Mexiko, Ekuador, Japonia, Holanda, Belgika, Erresuma Batua, Iran edo Suitzakoak.

Aukeratutako gaia "Trantsizioak" izan da, bizi dugun aldaketa eta ziurgabetasun unea erakusteko, "globalizazioak hainbat esparruetan eragindakoari egindako begirada zabala ikustarazteko, eta horretarako ingurunea, teknologia berriak, elikagaia, edo espaziorako bidaiak erakutsiko dira”, azaldu du Jokin Aspuru jaialdiko zuzendariak. Gainera, aurten Getxophotok izena aldatu du, eta hemendik aurrera, Nazioarteko Irudiaren Jaialdia izango da, “komisario berriaren eskutik, narrazio mota berriak eta plataforma transmediak, ikus entzunezkoak erakutsiko dituelako”, adierazi du Aspuruk.

Gonbidatutako artisten artean, honakoak azpimarratu dituzte gaurkoan: Mandy Barkerrek mezu ekologista bat helaraziko du, mundu osoko hondartzetatik aurkitutako hondakin plastikoen irudien bitartez; Giulio Di Sturcok aertropolis, aireportu handien inguruan sortzen ari diren hiriei buruzko irudiak hurbilduko ditu, eta Edmund Clarkek gobernu britainiarraren kontrol modu berriak plazaratuko ditu. "In Flux" izeneko erakusketa ere nabarmendu dute; Mónica Allende eta Shoair Mavlian Londreseko Tate Modern aretoko komisarioek gidatuko dute.

Antolatutako jardueren artean, ibilbide, berbaldi, tailer eta abarrez gainera, lehenengo aldiz, esperimentazio tailer bi antolatuko dituzte, argitalpenen edizioa lantzeko. Of Bilbao (Aldama Fabre Gallery eta Vanguardia aretoakaz elkarlanean, hiri bietako jendea ibiltzea errazteko) eta Hamaiketako (Txelu Angoitia eta Vicente Paredes argazkilariakaz eta Conny Beyreuther editore grafikoagaz egindako hitzorduak)  jarduerak aurtengo berriak izango dira; bestalde, ohiko jarduerak mantenduko dira: Itxialdia, edalontzi-azpikoen ibilbidea, gaueko bisitak eta Oheak. Azken hori Begoña jauregian izango da, jaialdi osoaren gune nabarmena.

Albiste hau Hirukak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argazkilaritza
2024ko urtarrilaren 28
Isabel Azkarateren lana, tabkle
Kliska bakarreko argazkilaria

2023ko urriaren 11
Cristina Chiquín Rodríguez, argazkilari eta kazetari guatemaldarra
“Emakumeen kontrako bortizkeria da uzten ez den arma bakarra”

2023ko abuztuaren 29
Gabrielle Duplantier (argazkilaria):
"Argazkiekin ez nabil errealitatea harrapatzeko bilaketa batean"

2023ko abuztuaren 1
Klima larrialdi globala iruditan
Urtze Aroa

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!