GHK-k 160.000 euroko isuna ezarri dio Ekondakin-i, Arkaitzerrekako isuriagatik

  • ARGIAk astelehenean aurreratu zuen moduan, GHK partzuergoak isuna ezarri dio Ekondakin enpresari, Arkaitzerrekako isuriari erantzuteko Eusko Jaurlaritzak agindutakoa ez betetzeagatik. Bestela esanda, Zubietako erraustegiaren jabeak, GHK-k, isunez zigortu du erraustegiaren kudeaketa daraman konpainia. Asteartean, Santa Luzia egunez, GHK-k egin duen batzarrera eraman du proposamen hori José Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatu eta GHKren lehendakari denak.


2022ko abenduaren 11n - 11:30
Azken eguneraketa: 2022-12-13 17:31:34
2022ko uztailean detektatu zen bigarren aldiz (lehenbizikoa 2020ko maiatzean) kutsadura Arkaitzerrekan eta handik ia bi hilabetera agindu zion Jaurlaritzak GHKri neurri aringarri batzuk ezartzea.

Gipuzkoako hiri hondakin guztien ardura duen eta Zubietako erraustegiaren jabea den GHK partzuergoak 160.000 euroko isuna ezarri dio Ekondakin enpresa elkarteari, Arkaitzerrekan detektatutako isuria bideratzeko administrazioak emandako aginduak ez betetzeagatik. GHKren batzarrak asteartean, abenduak 13, erabaki hori hartu du José Ignacio Asensio lehendakariak proposatuta. ARGIAk ikusi ahal izan duen proposamenean, Asensiok dio Ekondakinek huts egite larria egin duela GHKrekin daukan kontratuan. Ekondakin enpresa elkartearen bazkideak dira: Meridiam Investsment funtsa, Urbaser multinazionala eta Euskal Herriko Altuna y Uria, Murias, Moyua eta LKS kooperatiba.

Agi denean, joan den irailaren 2an –herritarrek Arkaitzerrekan isuri kutsagarria gertatzen ari zela salatu eta hilabetetara– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak GHKri eskatu zion konpondu zezala erraustegi azpiko urak biltzen dituen drainatzeko hodian agertutako kutsatzea, eta honek Ekondakini jakinarazi zion agindua. Alabaina, egunak eta asteak pasa eta neurri zuzentzaileok hartu gabe jarraitzen zuten, eta, gainera, gauza bitxia dirudiena, Ekondakinek erantzun zion ez zeukala neurriok zertan ezarririk.

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatu eta GHK-ko lehendakariak asteartean proposatuko du Ekondakin 160.000 euroko isunez zigortzea, administrazioaren aginduei ez obeditze larria egiteagatik.

Administrazioaren eta kontratatzaileen aginduak ez betetze hori huts egite larritzat jo du orain GHK-ko zuzendaritzak, eta Ekondakini ezarri dio agindua betetzeke eduki zuen egun bakoitzeko 20.000 euroko isuna. Proposamenean ez da garbi azaltzen zertan oinarritzen den GHK ez obeditzea zortzi egunetara mugatzeko; zortzi eguneko epe horri esker isuna azkenean 160.000 eurokoa da eta ez handiagoa. Bestalde, deigarri egiten da GHK-k, Ekondakinen jokabide oztopatzailea huts egite larritzat salatu ostean –larritzat jo behar dira “administrazioaren ikuskapenari aurre egitea eta berori oztopatzea” eta administrazioak “idatziz emandako aginduak ez betetzea” –, hala ere kontratuan ezarritako zigorren artean arinena ezartzen diola egun bakoitzeko, hots, 20.000 eta 30.000 euro artean baxuena.

Asensiok sinatutako proposamenak frogatutzat ematen du Arkaitzerrekako ur zikinen iturburua datzala erraustegiak hondakinak pilatzen dituen bi biltegitan gertatutako suteetan; jakintzat ematen den bezala bi biltegiok ondo inpermeabilizatuta ez egoteaz gain ur zikinak ateratzeko punparik ez zeukatela erabilgarri agintariek ikuskatutako garaian. Era berean, jakintzat ematen du –horrekin zigorrik arinena ezartzea justifikatuz– isuri horiekin ez zaiola kalterik eragin Arkaitzerrekako uraren kalitateari.

GHK-k bere batzarkideei egindako proposamenean puntuok egia frogatutzat jotzen ditu, baina oraindik informazio publikorik ez die eman Arkaitzerrekaren kutsatzearekin asaldatutako herritarrei.

Ekondakineko enpresen ordezkariak (sinatzailea Urbaser multinazionalekoa) eta Jose Ignacio Asensio erraustegiaren kontratua sinatzen 2017an. Asensiok orduan agindu zuenez, "Zubietako erraustegiak isuriak kontrolatzeko edukiko duen sistema aitzindaria izango da Europan".

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoako erraustegia
Jaurlaritzak ez zuen Zubietatik Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioaren berri

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez zuen Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik; hala dio Eusko Legebiltzarrera igorritako dokumentazioan. Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakinek lixibiatuak bidaltzen jarraitu zuen, Ecofert enpresak... [+]


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


2023-11-17 | Irutxuloko Hitza
GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiaren ikuskaritza bat eskatu du batzar nagusietan

GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiarekiko duten jarrera ukatzailea aurpegiratu zieten foru agintariei asteazkenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian. GuraSOSen bozeramaile eta abokatu Joseba Belaustegik azaldu zuenez, egungo arazoen aurrean beste alde... [+]


Jose Ignacio Asensio ikerketapean dago, ingurumenaren aurkako ustezko delitu batengatik

Ingurumenaren aurkako ustezko delitu bat egin ote duen eta dokumentuak faltsutu dituen ala ez ikertzeko eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak, GuraSOS elkarteak jakinarazi duenez.


Sutea piztu da berriz Zubietako erraustegian

Donostiako suhiltzaileek jakinarazi dutenez, erraustegiko biolehortze-plantan gertatu da ezbeharra.


Eguneraketa berriak daude